Argazkia: Foku
“Momentu batzuetan, gertatzen diren egoera batzuekiko zerbait esan ezin denean, tokatzen dena da egotea. Eta egon ezin denean, tokatzen dena da ez molestatzea”. Hori da internazionalismoa, herrien eta mugimenduen arteko elkartasuna eta lankidetza bideratzeko jarduera politikoa. Elkarrengandik gertu, ondoan, baina elkar nahasi gabe. Elkar zainduz, eta hurkoaren erabakiak errespetatuz.
Ezker abertzalearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan funtsezko zutoin bat izan da internazionalismoa azken hamarkada hauetan, betiere horren helburupean kokatua, Elena Beloki Sortuko Nazioarteko Harremanetarako arduradunak azpimarratzen duenez. Batez ere, 1960ko hamarkadatik aurrera hasi zen internazionalismoa indarra hartzen, eta 80ko hamarkadan iritsi zen bere adierazpen gorenera. Deskolonizazio prozesu betean, eta mundua kapitalismoak eta sozialismoak ordezkatzen zuten bi eredu antagonikoren arteko talkan zen unean, garrantzi handia hartu zuten nazio askapen mugimenduek, eredu eraldatzaile eta iraultzaileak oinarri hartuta.
Bazen mugimendu horiek guztiek partekatzen zuten elementu bat, Belokiren esanetan: mundu eta gizarte ikuskera bat, eredu sozioekonomiko bat, Sobietar Batasunak eta hartatik eratortzen ziren sozialismo eredu ezberdinek ordezkatzen zutena. Garai hartan jaio zen Askapena ere, euskal askapen mugimenduaren baitan internazionalismoa landuko zuen tresna. Internazionalismoa lekutua baita, eta horrek Euskal Herritik irakurketa espezifiko bat eskatzen baitu: “Herri ukatu bat da Euskal Herria, bere askapen sozial eta nazionalaren alde borrokan ari den herri bat”.
«Falta da amets edo utopia partekatu bat, proiektu eta bisio amankomun bat. Uste dut hori ez dagoela, ez dagoelako hegemonikoa den proiektu sozioekonomikoaren antagoniko amankomunik»
Ordurako baziren Euskal Herrian bertan ere internazionalismoa jorratzen zuten beste hainbat aktore, Komite Internazionalistak edo Emakume Internazionalistak, esaterako. Bazen Askapenaren eta haien artean partekatutako elementu bat: mundu ikuskera antiinperialista bat eta eredu sozioekonomiko (sozialismoa) jakin bat; baina baziren euren arteko ezberdintasunak ere, batez ere, aipatu eredu horrek Euskal Herrian hartzen duen formari zegokionez. “Guretzako garrantzia zeukan internazionalismoak Euskal Herriko askapen sozial eta nazionalaren estrategia politikoa elikatzeak. Ez genuen ulertzen internazionalismoa borroka isolatu baten moduan ”, nabarmendu du Belokik.
Izan ere, jarduera ez altruista bat da internazionalismoa Belokirentzat: “Internazionalismoa lotuta doa defendatzen den proiektu politiko nazional eta sozialari”. Bada, eremu horretan antzematen du Belokik azken urteotan internazionalismoaren baitan egin den aldaketa handiena. “Falta da amets edo utopia partekatu bat, proiektu eta bisio amankomun bat. Uste dut hori ez dagoela, ez dagoelako hegemonikoa den proiektu sozioekonomikoaren antagoniko amankomunik”
PARADIGMA ALDAKETA
Aldatu da mundua, eta aldatu da berarekin batera internazionalismoaren kontzepzioa bera ere. Erori dira urte luzez nazioarteko agertokian erreferentzia ziren hainbat helduleku politiko-ideologiko, eta erori da eredu antagonikoen arabera eraikitako logika. Mugitu da ardatz ekonomikoa Asiarantz, agertu dira aktore gehiago nazioarteko xake partida jokatzen ari direnak, eta multipolaritatea nagusitu da, hegemonia bakar baten kaltetan. “Fase oso bortitz batean gaude, kapitalismoaren gainbehera betean, potentzia nagusien eredu ekonomikoa ekoizpen eredu batetik finantziarizazio eta digitalizazio fase batera sartu den momentu batean”, dio Belokik.
Paradigma aldaketa horrek ekarri ditu berarekin batera bestelako sakoneko aldaketa batzuk ere, internazionalismoari zuzenean eragiten dietenak: “Falta da amets edo utopia partekatu bat, proiektu eta bisio amankomun bat. Uste dut -jarraitu du Belokik- hori ez dagoela, ez dagoelako hegemonikoa den proiektu sozioekonomikoaren antagoniko amankomunik”. Ondorioz, eta Belokiren ustez, gaur egun garatzen den internazionalismoak gehiago du aspektu batzuekiko aliantzak jostetik, proiektu gidatzaile edo integral baten aldeko borrokara atxikitzetik baino.
“Oso kuriosoa da, adibidez, Palestinarekin gertatzen ari dena. Uste dut inoiz egon den elkartasun uholderik handiena ari garela ikusten gaur egun; baina elkartasun hori ezaugarritzen duten faktoreak oso pluralak dira. Askok partekatuko dugu Palestinak estatu bat izateko daukan eskubidea, eta beraz, aldarrikatuko ditugu Palestinaren nazio eskubideak, autodeterminazio eskubidea ardatz. Baina, bereziki, genozidio baten aurkako jarrera izan da hainbeste pertsona Palestinaren aldeko kausara gerturatu dituen faktorea”, sostengatu du Belokik.
Horrek guztiak eraman du XXI. mendeko internazionalismoa oso oinarrizkoak diren elementuen inguruko aliantzetara mugatzera, puntualagoa izatera, espezifikoagoa; maila batean, orain arte internazionalismoaz, nazioartegintzaz eta diplomaziaz eginak ziren ulerkerak berak ere nahastera. Are, paradigma aldaketak ekarri du Belokiren iritziz denborari buruzko bestelako garapen eta ezaugarritze bat ere: “Prozesu eraldatzaileak beste denborazkotasun bat eskatzen du. Ez dago E egunik, eraldaketak epe ertain eta luzeko ibilbide bat egitea eskatzen du”.
Horretan guztian izan du euskal internazionalismoak birkokatzeko beharrik ere. “Badu arrisku bat gaur egun hedatzen ari den internazionalismo eredu berriak, eta hori da asistentzialismo baterako bideak zabaltzea. Kontua da ez dagoela modu bakar bat gaur nazioarteko elkartasunak hartu beharko lukeen formari buruz jardutean, baina beharrezkoa da hori ikuspegi asistentzial batetik beharrean, proiektu eraldatzailearen ikuspegi batetik lantzea”, aldarrikatu du Belokik. Zentzu horretan, garrantzia berezia eman dio testuinguru honetan aliantzak ehuntzeari, momentu bakoitzean norberaren tokia zein den ulertzeari, aliatuen ondoan egoteari, eta haiek egiten eta erabakitzen duten hori errespetatzeari.
Egokitzearen beharra Angela Davisen aipuari jarraiki, zalantzak ditu Belokik esperantza bera ere partekatzen ote den: “Niri gustatuko litzaidake benetako proiektu eraldatzaileak egotea, eta kapitalismoak ordezkatzen duen horren aurrean eredu eraldatzaileak azaleratzea. Burujabetzen errespetuan -jarraitu du- eta aberastasunaren banaketa justu batean oinarritutako mundu bat izatea. Baina hori horrela ez den bitartean, uste dut garrantzia berezia hartzen duela internazionalismoak, herrien arteko harremanak elkartasun eta lankidetza ikuspegi batetik garatzeak”.
Bada, marraztu ditu Belokik XXI. mendeko euskal internazionalismoak gidalerrotzat hartu beharko lituzkeen printzipioak: burujabetzekiko eta, beraz, autodeterminazio eskubidearekiko errespetuz jokatzea, besteen lurraldeetan egiten diren injerentziak arbuiatuz; eskubide ororen defentsa egitea; eta negoziazioa eta elkarrizketa gatazken konponbiderako erreminta nagusitzat aldarrikatzea.
«Hori da guk defendatzen dugun internazionalismoa. Besterik da herri batek erresistentziarako eskubidea aldarrikatzen badu, baina erabaki hori ez dagokigu guri»
Zentzu horretan, euskal internazionalismoaren antiinperialista dela nabarmendu du, gerraren aurkakoa: “Guretzako oinarri bat izan da NATOri eman zitzaion ezetza; ez dugu uste armak igortzeak eta mundu militarista eta beliko bat egiteak mundua bera toki seguruago batean bilakatzen duenik. Ez dugu ulertzen nola herrialde bat okupatuz norbere herrialdea seguruago egin daitekeen”. Horren aurrean, bestelako segurtasun eredu bat aldarrikatu du Belokik, segurtasun eredu integralago bat: “Lurralde orotan jendeak duinki bizitzeko adina izateak garamatza mundu seguruago batera, desarmeak garamatza mundu seguruago batera, eta ez klimaren suntsiketa, eta baliabideen ustiaketa eta lapurreta oinarri dituen eredu kapitalistak”.
Hori guztia, baina, Euskal Herritik behar da egin, herri ukatu batetik, estatu ez den baina izateko bokazioa duen nazio batetik. Horregatik uste du Belokik autodeterminazio eskubidearen eta demokraziaren aldeko aldarriek berebiziko garrantzia hartzen dutela euskal internazionalismo lekutu horretan, batez ere estaturik gabeko herri baten prismatik. Horrek askapen prozesuaren beharrak ase behar ditu, erritmoak eteteko eta bizitzeko gaitasuna izanez, eta bidean sortzen diren kontraesanak kudeatzeko prest egonez: “Autodeterminatzeak esan nahi du zure buruaren jabe izan, eta zure oraina eta etorkizuna definitzeko aukera izatea, zure jendeak dituen beharrei ahalik eta hobekien erantzutea. Hori da Euskal Herritik egin dezakegun ekarpena”.
Paradigma aldaketa guztietan gertatu legez, badira azken urte hauetan eragin positiboa izan duten mugarriak ere, feminismoa kasu: “Feminismoak erakutsi digu ezberdinen arteko aliantzak egiten; eta beraz, gogorarazi digu helburua dela, gutxiengo intentsuak eraikitzea bainoago, gehiengo zabalak erdiestea”.
Hala, Belokik aurreratu du zabalik dagoela ezker abertzalearen baitan gaur egun euskal internazionalismoak hartu beharko lukeen gorpuzkerari buruzko eztabaida. Zentzu horretan, aktore propio bat izatean baino gehiago, euskal askapen mugimenduaren baitako praktika integratzaile baten prismatik ulertzen du garaiko internazionalismoa: “Aldatu da mundua, eta aldatu dira horren aurrean izan ditugun posizionatzeko moduak ere”. Elkartasuna, lankidetza eta kooperazio ardatzak lantzen dituen internazionalismo poliedriko bat aldarrikatzen du. Proiektuak berak izan behar du internazionalista Belokiren ustez, eta beraz, askapen nazional eta sozialerako marraztutako estrategiek zehazten dituzten beharrak eta erritmoak lirateke euskal internazionalismoa bera gaur egun definitzen dutenak.
Hori horrela, eragileen arteko elkarrekintzaz dihardu Belokik, herri mugimendu askotariko batek garatzen duen praxiaz. Elkar elikatzen duen internazionalismoaz, finean, nork bere ekintza soziopolitikoaren erdigunean jartzen duen jardueraz, estrategia eta agenda bateratuez. Testuinguru konplexu eta belikoen aurrean jarrera eta posizioak hartzeaz, izan Palestina, Kuba, Sahara edo Kurdistango egoeren aurrean, esaterako. “Mundua oso konplexua eta iluna da. Baina txikitasunetik eta antolatutako hainbat herri sektoretatik badago esperientziarako eta esperantzarako tokia. Utopiarik gabe ez gara inor, eta utopia hori izateko esperantza izan behar dugu”, aldarrikatu du.