SINADURAK

Floren Aoiz

Tout va très bien, monsieur le lehendakari!

2020-03-31

Idatzi hau gustoko dudan kantu baten harira dator. Eta gure bizitzak astindu dituen koronabirusaz loturik ere badago. Nola bestela, konfinamenduan gaudelarik? Kantua Tout va très bien, madame la marquise! da, euskaraz, Dena oso ongi doa, markisa andrea! eta artikuluaren bukaeran duzue bertsio bat.


 

Dena oso ongi doa, markisa andrea!

 

 

1935ko kantua dugu. Musikari talde batek asmatu eta estreinatu omen zuen fox-tot humoristiko hau aipatu urtean, arrakasta handiz, Nimesen bira batean, jo behar zuten aretoan izandako lehen saioaren porrotaz kezkatuta zeudela. Estualdiak sormena pizten duela esaten da, eta honatx beste proba bat, kontatzen den historia egiazkoa bada, bederen. https://fr.wikipedia.org/wiki/Toutvatrèsbienmadamelamarquise(chanson)

Kantuan, bere gaztelutik at hamabost egun eman dituen markesa andre batek dei egiten dio telefonoz bere morroiari (morroiei, bertsio batzuetan), berrien eske. Morroiak dena ongi doala erantzuten dio behin eta berriro (hortik kantuaren izenburua), baina, tartean, garrantzia kenduz, gauzatxo batzuk aipatu behar dizkiola aitortzen dio. Honela, arian arian, eta beti ere ergelkeria besterik ez direla azpimarratuz, kateatutako kalamitateak azaltzen dizkio, txikienetik handienara, markesaren egoneza areagotuz. Behor grisa hil zela, hasieran, ikuiluak erretzen ari zirela gertatu zela gero, eta, bide beretik, sua gaztelutik iritsi zela, haizeak lagunduta, markes jaunak, arruinatuta zegoela jakinik, bere buruaz beste egin ondotik etxeko kandela guziak erori eta gaztelua bera erre eta gero. Ezuste guziak zerrendatuta ere, dena ongi doa, markesa andrea esanaz jarraitzen du morroiak, lasai asko.

Kantaren bertsio ugari aurkitzen ahal dira Interneten, ahalegin handirik gabe. Jatorriaz irakurketa ezberdinak kausitzea ere erraza da. Izan ere, aberats edota aristokratak eta beren morroien arteko harremanen inguruko parodia eta begirada ironikoak ugariak dira munduko bazter batetik bestera. Tradizio luze eta emankorrean uztartzen da kantua, honenbestez, egilea eta kantaren sortze urtea dena dela.

James C. Scottek Txalapartak gaztelaniaz argitaratu zuen Los dominados y al arte de la resistencia liburuan ilustratzen dira menpekoek egiten dituzten nagusien diskurtsoen erabilpenak… nagusien kontra! Ikerlari honen arabera, diskurtso publikoan, eliteek beren gustoko irakurketa ematen dute, eta diskurtso ezkutuan, subordinatuek lantzen eta hedatzen dute mezua boterearen begiradatik at. Bien arteko hirugarrenean, mozorro eta anonimatoaren diskurtsoan, hots, denen begibistan zabaldu arren, subordinatuek adierazi nahi dutena hedatzen dute, esanahi bikoitzaren bidez edo egilearen nortasuna estaliz. Ikuspegi honen arabera pentsatzen ahal dugu gure kantuan morroiak irri ederrak egiten dituela markisaren kontura, une berean galera guzien berri eman eta garrantzia kenduz. Kantaren hainbat antzezpenek hauxe iradokitzen digute, menpekoen mendeku baten modura. Irakurketa hau egitea badago, hortaz, eta oso emankorra izanen litzateke, halako isekena tradizio oparoa baita. Behekoek goikoei buruz eraiki duten diskurtsoarena gai interesgaria da. Gurean, esaterako, Enian uste erraiten ziela Aitunen semek gezürrik dio Beretxerretxen Kanthoriak kanta zaharrak dela ironia ala deitorapen inozoa (ala biak batera).

Nagusitu den kanta honen erabilera gaitzen banalizazioaren kritika parodikoa da. Ezbeharren katearen narrazioak, atzetik aurrera egina, gaitzen alderantzizko genealogia sinple baten forma hartzen du, parodia tonoaz batera, zirrara areagotzen duena. Finean, goiko posizioan dagoenari entzun nahi duena esatea da funtsa, entzun nahi ez duena ezkutatuz, edo, bederen, erlatibizatuz. Ziur asko dagoeneko burura etorri zaizue begirada zorrotz hau aferaren bati egokitzeko tentaldia, ezta?
Gure kanta biziki ezaguna da frankofonian nahiz beste esparruetan eta hamaika aldiz baliatu da krisien aurreko arduragabekeria ilustratzeko. Frantzian oso ezaguna izanik, nazien inbatsioaren aurreko arazoen inguruan erabili zen, baita okupazioan erresistentziaren aldeko mezuak zabaltzeko ere.

Bigarren Munduko Gerlan segituz, Britainia Handiko irrati batek erabili zuen 1943. urtean bertsio berezi bat (Tout va trés bien, mon führer) zeinean Hitlerrek Goebbelsi deitzen baitio, gerlako berriak eskatuz. Informazio eta Propaganda ministrariak, porrota izkutatuz, galera guziak aipatzen dizkio, alta. Gerla galtzear daude Afrikan eta Errusian, Musolinik Italia galdu du, aliatuak Berlin bonbardatzen ari dira, baina dena ongi doa, halarik ere.

Chansons de la BBC 1943

Publish at Calameo

 

Gaztelaniazko bertsiorik ere badago, Sin novedad señora baronesa. Hau da Los Xey Donostiako musikarien bertsioa, Mexikon grabatua. Honetan eta beste hainbat aldagaietan, markisaren papera gizonezko batek egiten du, eta honek ere irakurketa askorako beta ematen digu, gaurkoan garatuko ez baditugu ere. Misoginia puntu bat hautematen ahal da, izan ere, nagusiak emakume baten bidez ikurtzeak esanahia ere badu. Gogoeta bide hau ere irekirik gelditzen da, beraz, bukaeran une batez itzuliko bagara ere.

 

 

Los Xey - No hay novedad Sra. Baronesa from SINCRO Producción on Vimeo.

 

Ordudanik arazoei ihez egin eta errealitatea izkutatzeko joera salatzeko erreparatu zaio sarritan gure kantari. Baita kritika politiko edo ekonomikoa egiteko ere. Esaterako, Eric Toussaint pentsalari ezkertiarrak gogoeta bat argitaratu zuen 2017ko hazilan, kapitalismoaren krisia kari. Toussantek idazten zuen Draghi, Junker eta Trumpen adierazpenek gure kanta ekartzen zutela gogora, erreza zelarik irudikatzea pertsona hauek morroia eta markisa andrearen arteko elkarrizketan.

Gure gaurko bidaia honen bukatze aldera goaz, Euskal Herrian lurrartuz. Beharbada, dagoeneko asmatu duzue zeuek zuen bertsioa. Izan ere, ezinezkoa da koronabirus madarikatuaren erronkari erreparazean Urkullu ez aipatzea kanta honen mezu parodiko-kritikoaren bidetik. Hainbeste bertsio egin direlarik, nik ere, hasieran aipatu bezala, beste bat proposatu nahi dut. Nik ez dut nagusia emakume gisa irudikatuko, eta morroiaren ordez, nagusiaren menpeko bat jarriko dut, biak ala biak eliteetako partaideak izanik. Eta ez dut gaztelu baten inguruan eraikiko, euskal oasiaren fantasiaren gainean baizik.

Zuek forma eman beharko diozuen bertsio honetan Tapia Kontseilariari deitu dio Urkullu lehandakariak, Babian edo beste dimentsio arraru batean -zuek aukeratu- egun batzuk emanak dituelako, azken berrien eske. Tapiak dena ongi doala esan dio, hamaika aldiz, baina, tartean, zeharka, hainbat aipamen egiten ditu, Zaldibar, EAJk espainiar gobernuarekiko zuen bide pribilegiatuaren gorabehera, hauteskundeen dataren inguruko iskanbila, konfinamenduaren kudeaketan denon agerian gelditutako gaitasun eza eta kapitalarekiko menpekotasun itsusia, osasun publikoaren ahulezia, eta, finean, area ahotsan izanik inork ez duela jada oasian sinesten… Hori bai, hau guzia aipaturik ere, tout va très bien, monsiuer le lehendakari, dena ongi doa, lehendakari jauna esanaz bukatu du Tapiak.

Urkulluk, monsieur le lehendakari jaunak, pozik eskegi du telefonoa, elkarrizketa bukaturik, Tapiaren lasaitasun mezuak konbentzituta, dena ongi dagoela sinetsita, antzun dituenak aditua ere. Irriparrea aurpegian, izpiluari so egin dio, harro, ikusten? dena ongi doa, onena naiz, ni naiz lehendakari bakarra, LEHENDAKARIA bere buruari esanaz.

 

EUSKARAZKO BERTSIOA (itzulpen librea).
Kaixo, kaixo James! Zer albiste?
Bi astez kanpoan egonik, telefonoz deitu egiten dizut,
zer aurkituko dut itzultzen naizenean?
Dena oso ondo doa, Markisa Andrea,
Dena ondo dago, dena ondo dago.
Hala ere, esan behar dizugu:
gauzatxo bat deitoratu behar dugu.
Gorabehera bat, ergelkeria bat,
Zure behor grisaren heriotza,
Baina, horretaz aparte, Markisa Andrea,
dena ondo dago, dena ondo dago.

Kaixo, kaixo James! Zer albiste?
Gaur hil da nire behor grisa!
Azal iezadazu, morroi leiala,
nola gertatu zen!
Hau ez da ezer, Markisa Andrea,
hau ez da ezer, dena ondo dago.
Hala ere, esan behar da,
gauzatxo bat dugula deitoratzeko .
Hil egin zen, zure ukuiluak suntsitu zituen sutean.
Baina, horretaz aparte, Markisa Andrea,
dena ondo dago, dena ondo dago.

Kaixo, kaixo James! Zer albiste?
Nire ukuiluak erre al dira?
Azal iezadazu , morroi eredugarria,
nola izan zen?
Hau ez da ezer, Markisa Andrea,
hau ez da ezer, dena ondo dago.
Hala ere, esan behar da,
deitoratu behar dugula
ukuilua erretzen zela, andrea
gaztelua sutan zegoelako.
Baina, horretaz aparte, Markisa Andrea,
dena ondo dago, dena ondo dago.

Kaixo, kaixo James! Zer albiste?
Gure gaztelua, beraz, suntsituta dago!
Azal iezadazu, erortzear nago eta,
nola gertatu zen? Ea, ba!
Begira, Markisa Andrea,
arruinatuta zegoela jakinik,
ezusteak gaindituta
Markes jaunak bere buruaz beste egin zuen,
eta, desgraziak desgrazia gehiago ekarrita,
kandela guziak bota zituen
eta gaztelu osoak sua hartu zuen,