SINADURAK

Floren Aoiz

Iratzar Fundazioko kidea

Subiranismoak afektuak ekoiztu behar ditu garai sindemikotan

2021-01-18

Komiki ezagunaren arabera, Asterix eta bere lagun galiarren beldur bakarra zerua beren gainean erortzea zen. Nekez aurreikusten ahal genuen guk 2020ko otsailan halako zerbait zetorkigunik birus baten bidez. Aldaketa klimatikoa eta gaixotasun berrien arteko loturak ezagunak baziren ere, COVID 19ren zabalpenak izugarrizko astindua ekarri du, eta artikulu hau idatzi den unean, ziurgabetasuna nagusi da, oraindik ere, arazo larri horren bilakaeraz.


Argazkiak. Unsplash / Louis Cesar

 

Astinaldi sindemikoaz

Ezjakinaren aurrean, alta, badakigu birusaren hedapenetik haratago doala afera, horregatik sindemia[1] terminoa proposatua izan da, pandemia bat baino gehiago uztartzen direlako, egiturazko injustiziek eragin zuzena dutelarik. Birusa berdina den arren, Singapurreko emakume pobreak eta Londoneko finantzariak ez daude egoera berean gaixotasunaren aitzin, esperimentatzen ari garen astinaldi erraldoi honetan botere harremanak eta ezberdintasun guziak islatzen baitira. Sindemia luzatzen eta zabaltzen ari den heinean, bestalde, eragin handia dauka bizitza pertsonal eta kolektiboetan, dena baldintzatuz.

Mugimendu eraldatzaile orok etengabean gaurkotu behar du bere azterketa kritikoa, errealitatea deitzen dugun hori ahal bezain ongi arakatuz, joera nagusiak azpimarratu eta irakurketa sendoak eraikitzeko. Hau da mundua aldatzeko derrigorrezko pausua; begiak itxita ez dago aurrera joaterik, are guttiago aldaketak ugaltzen direnean. Ikuspegi materialistak begirada zorrotza eskatzen du, desira hutsen araberako idealizazioak uxatzeko. Horrenbestez, krisi honek dena aldatu duela pentsatzeko arrazoiak badaude ere, zorrotzago joz gero, azpimarratu beharko genuke gaixotasun horren inpaktu erraldoiak aurretik hautematen ziren hainbat joeren bizkortzea ekarri izana. Afera, beraz, testuinguruan kokatu behar dugu, astinduak gure ikuspegia nahas ez dezan. Izan ere, ugaltzen diren kontakizun apokaliptikoek gaitasun eraldatzailea kamusten dute, zein eta neoliberalismoaren mantra den alternatiba eza indartzen dutelako, nahi gabe bada ere. Begirada kritiko zorrotzak, alta, gaindimentsionatzearen zalapartetatik ihes eta diagnostiko gordinaz batera alternatibak eta harantz joateko bideak proposatu behar ditu. Eta, era berezian, eraldaketarako energien aktibazioaren erronkari egin behar dio aurre, desmobilizatzea ez delako mundua aldatzeko palanka ona.

 

«Ugaltzen diren kontakizun apokaliptikoek gaitasun eraldatzailea kamusten dute, zein eta neoliberalismoaren mantra den alternatiba eza indartzen dutelako.»

 

Bildutako esperientzien kontra, oso hedatuta dago determinismoa ezkerrean, zapalkuntzek beraiek askapen borroken garapena ekarriko dutelakoan. COVID19ren krisiaz berriro ere gertatu da, baten batek komunismoaren bezperetan gaudela sinetsi nahi izan duelarik. Krisiak iraultza dakar esaldi sinplistaren bidez formulatuz gero, irri eginen genuke, baina oso errotuta dago adierazpen horren funtsa, eta krisi guztietan itzultzen da. Nork bere buruari ipuintxoak kontatzea, hau da, sistemaren kolapsoa eta matxinada espontaneoak amestea, lasaigarria izan daiteke, baina estrategia gisa ergelkeria erraldoia da.

Neoliberalismoaren historiak ikasgai argiak eskaintzen ditu, ordea, krisiei esker indartu delako orain arte, elite neoliberalek beraiek eragindako shocken ondorioak baliatu dituztelako ardurak desitxuratu eta beren egitasmoa sakontzeko. 2008tik kapitalismoaren kalte eta hondamendiak bereziki agerikoak dira, Berlingo harresiaren erorketaren euforia liberal-kapitalista atzean utzita, baina kapitalak ez du gure lana eginen. Alternatiba eza irenstea bezain kaltegarria izan daiteke alternatiba emanik dagoela eta berez etorriko dela sinestea, egin beharrekotik urruntzen duelako gure arreta.

 

Ezkerraren gabeziak, eskuinaren abantailak

Tamalez, oraingoan ere, ezkerreko indarren lidergo eza oso kezkagarria da, maila orokorrean. Badirudi ezkerra harrapatuta dagoela negazionismoaren salaketa eta agintarien lidergoaren kritikaren artean, lekua ezin aurkituz. Bere burua ilustratu eta arrazional gisa ikusi nahi duen ezkerra zientziaren defentsa abstraktu batean murgilduta dago, lehertzen ari dena argiak eta iluntasunaren arteko lehia delakoan. Ezkerreko beste eragile batzuk, alta, boteretsuen erabakien salaketan gelditu dira, kudeaketa alternatibak ezin proposatuz eta behetik gorako jarduerarik abiatzeko irudimen edota gaitasunik gabe. Badira, halaber, afera alternatiba erabatekoen terminoetan ezarri nahi izan dutenak, arestian esan bezala, hondamendi ekologiko-klimatikoa begi-bistakotzat jo eta berez jendarteen aktibazioa ekarriko duelakoan. Aipatu kasu guzietan, diagnostiko zuzena eta estrategia eraginkorren gabezia nabarmena da, eta talka egiten du oso emankorra gertatzen ari dena beste batzuen determinazio demagogikoaz.

Begi-bistan dago neoliberalismoaren esparruko indarrak ari direla bideratzen, gehien bat, ziurgabetasunak dakartzan beldurra, haserre eta zapuzketa. Kasu batzuetan, ordenu desira baliatuz, beste batzuetan, itxura antisistemikoari emanaz sistemaren baloreetan oinarritzen diren eragile batzuei, eskuin autoritarioaren kasuan, esaterako. Oro har, politikaren kontra bideratu nahi dute haserrealdia, baita demokrazia liberalaren instituzio eta formen kontra ere, ez forma hauek herritarren boterea ahalbideratzen dutelako —ez dute hori egiten, ongi dakigunez— baizik eta errotiko demokraziaren bide guztiak ixteko. Horregatik eskuin muturra funtzionala bilakatzen zaio kapitalari konkista sozialen kontrako gurutzadan, dela lehen lerroan jartzeko, dela agendak baldintzatzeko. Hedonismo indibidualista eta autoritarismoa, kontrajarritako muturren itxuraz aurkeztu arren, subjektibitate neoliberal beraren bi aldarteak besterik ez dira. Diskurtso eta mobilizazio batzuetan ikusi dugu hilabeteotan, espantu handiz, erabateko askatasun indibidualaren aldarrikapena eta agenda autoritarioa erabat uztartuta.

 

«Alternatiba eza irenstea bezain kaltegarria izan daiteke alternatiba emanik dagoela eta berez etorriko dela sinestea.»

 

Bien bitartean, esan bezala, arazo handiak dituzte askapenaren indarrek sindemia honen aurreko erreakzioak termino eraldatzaileetan politizatzeko, noiz eta salatzen dutena inoiz baino “agerikoagoa” delarik! Kezka hau da testu honen funtsa eta erantzun borobilak alde batera utzirik, ekarpen bat egin nahiko nuke afektuen ikuspegitik, uste baitut lagungarria izaten ahal dela egungo zenbait erronkei hobeki erantzuteko.

Eskuinak[2] abantaila handiak ditu lehia honetan. Gure burua zigortzea lekuz kanpo dago maila horretan. Denok dakigu non dauden dirua, komunikabide nagusiak, armadak, epaile eta poliziak. Ezagutzen dugu nork dituen bere alde legeak eta ikasi dugu mendeetako zapalkuntzen sedimentazioak baldintzak desberdintzen dituela: materialki eskuina indartsuagoa da eta askapenaren indarrok baino tresna gehiago eta emankorragoak ditu. Eskuinak, bestalde, finantzari, estatu edo politikarien salaketa gordinaren itxura hartzen duenean ere, errotutako subjektibitatean dauka oinarria. VOXek musulmanen kontrako birkonkistaren ikurra altxatzen du luze eta bortizkeria handiaz sustraitu delako ikuspegi hori espainiar Estatuko belaunaldi askorengan. Finean, eskuin autoritarioak, irudiz antisistemikoa den narratiba hedatzean, subjektibitate nagusia baliatzen du, eta hori errotiko ikuspegien aldaketa baino askoz ere errazagoa da.

Halarik ere, ezkerraren desorientazioa ez da maila horretan agortzen. Eskuinak badu beste abantaila estrategiko bat: pasio politikoak sakonki ulertu eta, beraz, egoki kudeatzen ditu, botere harremanetako posizio gorenetan denbora asko eman baitu. Eskuinak badaki politika ez dela arrazionaltasun hutsa, emozioak eta arrazoiak korapilatzen direla eta, finean, mundua betaurreko zehatzen arabera ikusten dugula, denok berdinera so jarrita ere. Betaurreko horien hegemonizazioan mendeetako aurrea hartu digute, haiek ezarri dutelako zentzu komuna ia beti, eta odol isurketa ikaragarriak egin dituztelako nagusitasuna kolokan ikusi duten bakoitzean, espainiar Estatuko errepide bazterrek oroitarazten digutenez.

 

«Eskuin autoritarioak, irudiz antisistemikoa den narratiba hedatzean, subjektibitate nagusia baliatzen du, eta hori errotiko ikuspegien aldaketa baino askoz ere errazagoa da.»

 

Egoera horrela, haserrearazi egin naute ezkerreko hainbat esparrutan ikusi ditudan arrazionalismoaren defentsa sutsuek. Sindemia eta bizkortze orokorrean itotako jende askok jarrera edo diskurtso “negazionista” batzuk irentsi ditu, itxura alternatiboen gainetik nagusitutako subjektibitatean oinarritzen direlako, eta erreferentzia hobeen faltan, baina ezker horrek irri egin du beren kontura. Herritarrei errieta egiten dien ezkerraz nazkatuta dago jende asko, goitik behera pontifikatzea ez delako zubiak ireki eta atxekimenak lortzeko bide emankorra.

Etengabean entzuten edo irakurtzen dugu subiranistok afera materialak bigarren mailan jartzen ditugula nazioa, hizkuntza, erabakitzeko eskubidea edota independentzia bezalako afera “identitarioak” lehenetsiz. Bereizketa horrekin erakusten du ezker batek pentsamendu liberal eurozentrikoarekiko menpekotasuna, edo, bestela esanik, bere idealismoa, materialismoz mozorratzen badu ere. Arrazoiak eta pasioen arteko bereizketaren eskema islatzen da mailaketa horretan ere, nazioa eta nazio eskubideak pasioen esparru irrazional-identitarioan kokatzen direlarik, beren nazio eta beren eskubide eta pasioak ez direlarik, jakina! Ezker horrek ez du inolako iraultzarik eginen, hau gauza ziurra da.

Arrazoiak eta emozioak bereiziz, lehenbizikoak bigarrenen gainetik jarrita ez gara oso urrutira joanen askapenaren bidetik. Agian baten batek uste du Leninen liburuek ekarri zutela sobietar iraultza, baina ikuspegi materialistak politikan eta era berezian politika eraldatzaileak pasioek duten garrantziari erreparatzea gomendatzen digu. Aurkitu behar ditugu, beraz, arrazoiak eta pasioak bestela ulertu eta kudeatzeko formulak eta ahalegin honetan oso oparoa da Frederic Lordon[3] pentsalari frantziarrak Spinozaren ideien gainetik egiten duen teorizazioa.

 

Argazkiak. Unsplash / Mika Baumeister

 

Afektuak dikotomia sinplistetatik haratago

Has gaitezen, edonola ere, argipen batez: afektua ez da (soilik) zaletasuna. Ezta (soilik) maitasuna ere. Afektua, teorizazio honetan, zerbaiten potentziaren eragina da. Eragiteko gaitasuna da gakoa, beraz. Eragiten dugu eta eragiten dute guregan, bai pertsonek zein taldeek zein gauzek ere, hori da afektua. Eta eragin hauek, azkenean, indibiduoak murgilduta gauden egituren efektuak dira. Aketuez mintzo garelarik ez gaude emozioen ospakizun indibidualista batean, egiturei so egiten dien ikuspegi batean baizik. Afektuan emozioak eta arrazoiak korapilatuta daude, ezin bereiziz, ideiak, finean, afekzioen traman kokatzen baitira: ez dute inolako eraginik norbait afektatzen ez badute.

Lordonek esaten digu jendartea afektuen arabera ibiltzen dela, eta beraz, indar eraginkorrak aztertu nahi dituenak derrigorrez erreparatu behar diela. Ikuspegi honek arrazionalismoa-emozionalismoa dikotomia ergeletik ateratzen laguntzen gaitu, aipatu eskuinaren abantailaren nondik norakoak ezagutzeko pistak emanaz. Dinamika kritiko bat, beraz, potentzia kolektiboa jarduera eraldatzaile batera bideratzen denean gorpuzten ahal da soilik. Eta potentzia hori eratzeko afektu komun trinkoak behar dira, askitzat hartzen denaren mugak hurbiltzen edo zeharkatzen direnean agertzen direnak. Alferrikakoa da sinestea argudiatze huts batek lortzen ahal duela jende askoren hautuak aldatzea. Sindemiaren drama, berez, ez da aski jendarte matxinada aurrerakoiak pizteko, aipatu afektuak gorpuzten ez badira, bederen.

 

«Eskuinak badaki politika ez dela arrazionaltasun hutsa, emozioak eta arrazoiak korapilatzen direla eta, finean, mundua betaurreko zehatzen arabera ikusten dugula, denok berdinera so jarrita ere.»

 

Ezkerrak “egiak” maite ditu eta, materialismoa ahaztuta, bertute mirakulutsuak ematen dizkie. Pentsatzen dugu kapitalismoaren injustiziak biluzteak antikapitalismoa zabalduko duela, independentziaren onurak zerrendatzeak independentistak eginen dituela, edota EAJren kudeaketaren hutsak agerian uzteak derrigorrez ahulduko duela alderdi honen atxekimen elektorala, baina etengabean talka egiten dugu sinpletasun horretan agortzen ez den konplexutasun batekin. Afera ez baita (soilik) gure egitasmoa hitz ederren arabera idaztea edo argitaratzea, afektatzea baizik, hau da, eragitea, jendea zerbait egitera bultzatzea, dela ideiak kolokan jartzea, dela kalera ateratzea, dela hautu politikoa aldatzea… Eta hau ezinezkoa da emozioak ahaztuta, emozioak oso inportanteak baitira betaurrekoen metaforaz irudikatu ditugun pertzepzio patroietan. Are gehiago, emozioak funtsezkoak dira identifikazio eta des-identifikazio politikoetan.

Afektatzea da politika eraldatzailearen erronka, beraz. Jarrerak aldarazteko gaitasuna behar dugu, efektu mobilizatzaileak sortzeko, afektu partekatuak eraikiz. Ziurgabetasun eta haserre garai hauetan, egitasmo askatzaile batek, -gurean, subiranismo eraldatzaileak-, emozionatu behar du, afektuak eta emozioak mugiarazi behar ditu angustia eta zapuzketatik aktibazio eta mobilizaziora pasatzeko. Hau lortzeko, ideiak ongi azaldu behar dira, egitasmoa ongi garatu eta argitaratu behar da, baina ideiak afektu-ideiak bilakatu gabe, ez dago aurrera egiterik. Ideia edo proposamenek buruan nahiz bihotzean eragin behar dute une berean, nolabait esateko. Subiranismoa pasio kolektibo indartsuena bilakatu behar dugu Euskal Herrian, beraz. Hegemoniaz mintzo garenean, dimentsio afektiboa hil ala biziko afera da, zentzu komunaren eraikuntza ez da hautu arrazional hotzen emaitz hutsa, sentimen egituren hedapen eta irenspena baizik. Hegemonia subiranista, gure egitasmoa aurrera eramateko derrigorrezkoa dena -aski ez izan arren, bideko oztopoak gainditu behar direlako, gehiengoa izanik ere- ez da inoiz ere gorpuztuko pasioen mobilizazio erraldoirik gabe. Derrigorrezkoa izanen da trantsizio afektibo bat, afektuen desplazamendu bat, zeinaren arabera gaur egun beste afekzioen pean daudenak afektu subiranistara gehituko baitira. Urrats hori ez da sekula gertatuko ideien ustezko balio absolutuen arabera, argi esan dezagun, afektatzeko gaitasunari esker baizik.

 

Argazkiak. Unsplash / Marek Studzinski

 

Afektugintza subiranista

Erabili ditudan kontzeptualizazio eta ideiak ontzat hartu ala ez, argi dago orain arte aipatutakoan ez daudela afektatzeko gaitasunaren garapenaren gakoak. Aurreratu ditut, dena den, ene ekarpenaren mugak: ene txisteratik ez da untxirik jarioko. Halarik ere, uste dut kalitatezko urratsa litzatekeela pasioak eta arrazoiak bereizteko joera arazo eta oztopo gisa hartzea eta, beraz, herritarrei “egiak” erakusten dizkien mugimendu ilustratuaren ideia erabat baztertzea.

Spinoza eta Lordonen gainetik, feminismoaren eraginak errazten du ikuspegi aldaketa hau, mugimendu honek dagoeneko bidaia luze eta emankorra egin duelako, besteak beste, bereizketa horren deseraikuntzan. Feminismoak, bestalde, adierazi du afektuak sortu, zabaldu eta sakontzeko izugarrizko gaitasuna. Bada zer ondorioztatu arrakasta horretatik, jakina, eta nago subiranismoak arreta berezia egin beharko liokeela mugimendu honen ibilbideari, ikasteko. Betaurreko moreen metafora aski emankorra da baliatu ditugun kontzeptuak azaltzeko, esaterako, kolorea nahi duzuena haututa ere, moreez batera betaurreko subiranisten erabilpena sustatu behar dugularik.

 

«Herritarrei errieta egiten dien ezkerraz nazkatuta dago jende asko, goitik behera pontifikatzea ez delako zubiak ireki eta atxekimenak lortzeko bide emankorra.»

 

Afektugintza subiranistak afektu-ideien ekoizpen eta hedapen egokia eskatzen du: subiranismoak emozionatu behar du, pasioak elikatu behar ditu, aski den ustea zabaldu behar du, sakoneko aldaketarako desira piztuz. Eta pasio tristeak (haserrea, zapuzketa, beldurra) baztertu gabe, pasio alaiak garatu behar ditu: itxaropena, maitasuna, elkartasuna, elkar-zaintza, berdintasun zaletasuna, bizipoza… Era berezian, komunitate berri bat termino berrietan eraikitzeko bizipoza da, ene ustetan, behar dugun subiranismoaren erregai nagusia. Munduan egoteko beste modu bat, indibiduo eta herri gisa bizitzeko beste era bat, finean, zeinean oraingoarekiko asperdura eta haserrea eta berriaren ilusioak uztartuko baitira.

 


[1] Koronabirus gakoak. Sindemia: https://www.youtube.com/watch?v=cqGiD-HkZQs

[2] Eskuina esatean, gaurko honetan, zapalkuntza ezberdinak artikulatzen edota defendatzen dituzten indar ezberdinez ari naiz.

[3] Lordon, Frédéric; La sociedad de los afectos; Adriana Hidalgo Editora, Buenos Aires, 2018.