Sarrera
Gakotxo tartean jarri dut aldaketa hitza, izan ere, aurrez-aurretiko klaseak on-line bidezkoengatik ordezkatu baziren ere, kasu gehienetan ikasgeletan egin zen berdina etxetik etxera, ordenagailutik ordenagailura, egiteko agindua ematera mugatu ziren Hezkuntza Sailburu, Kontseilari eta Ministroak. Ez zen beraz, bat-batean, on-line bidezko hezkuntza sortu. Baizik eta on-line mekanismoekin ohiko hezkuntza moldatu.
Egun guzti hauek azken urteetan hainbatek eta hainbatek aipatu dugun diagnostikoa indartu besterik ez dute egin: egungo hezkuntza eredu hau agortua dago; ez du herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko balio.
Ikusten ari gara egungo eredu honek ez diela erantzuten ditugun beharrei, ezta sortu zaizkigunei ere. Espainiar eta Frantziar estatuen menpeko hezkuntza sistemek ez dute euskalduntzen eta euskal kulturaren transmisioan inoizko atzerakadarik handienaren aurrean gaude, curriculum androzentrista, binarista eta arrotzak inposatzen dizkigute, goitik beherako egitura piramidal hierarkikoek hezkuntza komunitatearen parte-hartzea oztopatu besterik ez dute egiten, abiadura ezberdinetako ibilbide akademikoak bultzatzen dira, ez dute ikaslea eskubidedun eta erabakitzeko gaitasundun subjektu politiko gisa aitortzen, segregazio ezberdinen bermatzaile izaten jarraitzen dute eta “ezberdinaren” baztertzaile, merkatuaren eta OCDEk markatutako interes kapitalistei erantzuten diete, eta luzatu nezakeen zerrenda amaigabe bat ere.
Beraz, jendarte eraldaketa burujabetzan oinarritutako parametro feminista eta ezkertiarretan bultzatu nahi duen orok esan lezake, egun duguna ez den beste hezkuntza eredu berri bat inoiz baino gehiago behar dugula.
Begirada atzera botata, kontutan izan behar dugu egun ezagutzen dugun hezkuntza interes konkretu batzuei erantzuteko asmatu zela. Industrializazioak lan mekaniko gehiago behar zuen unibertsitate graduatuak baino. Horrela, masa hezkuntza piramide baten gisara eraiki zen, oinarri zabal batez osatua, non oinarrizko hezkuntza guztientzako derrigorrezkoa zen; bigarren eremu estuago bat bigarren hezkuntzarako eta punta estu batekin goi mailako hezkuntzarako (Robinson, 2015).
Eta industrializazio garai hura urrun badugu ere, orduan sortutako hezkuntza paradigma antzerakoarekin jarraitzen dugu. Azken asteetan irakurri dudan liburu batetan jasotzen dena gogora ekarriz, errealitatea da XXI. mendeko gazteak, XX. Mendeko irakasleekin, XIX. mendeko ikasgeletan hezten ari garela (Olivé, 2020).
Eta honek, inoiz baino argiago, bada, galdera bat mahai gaineratzen digu: irailean, ikasturte berriarekin, orain arte izan dugun hezkuntza eredu berarekin jarraitzeko prest gaude ala bestelako paradigma bat bultzatuko dugu? Puntu eta segida egingo dugu, ala, puntu eta aparte?
Nik argi dut erantzuna. Eta gainera, mundua hankaz gora jarri zaigun honetan, hezkuntza ere errotik eraldatzeko aukera paregabea dugu aurretik. Ez dugu ezer asmatu behar, gainera; azken urteetako ekimen herritarrek zein hausnarketa kolektiboek norabideak zein izan behar duen erakutsi baitigute.
Hezkuntza paradigma berria: Euskal Herri Hezitzailea
Erronka zaharren gainean azaltzen dira erronka berriak, eta arriskuekin batera aukera berriak ere bai. Egoera eta galdera berriak sortu dira orain eta erantzunak ere berritu beharrean gaude (Plaza Hutsa, 2020). Hezkuntza paradigma berri bat behar dugu eta ezbairik gabe, horrek, Euskal Herria Hezitzailera eraman behar gaitu.
Haurra, gaztea, ikaslea, erdigunean kokatuko duen paradigma berri bat behar dugu. Eduki hutsez gainezka dauden curriculum hertsiekin bukatu beharra dago. “Ikasle bat = curriculum bat” filosofiari heldu beharko genioke eta edukien transmisio hutsean baino bizitza duinak garatzeko beharrezko gaitasunetan indarrak jarri.
Eta honek, ezinbestean, curriculumak birpentsatzeaz gain, ikastetxeen egiturak, antolaketak, ordutegiak, metodologiak eta sektore ezberdinen arteko lankidetza birformulatzera garamatza. Baina noski, baita jendartea bera ere, izan ere, hezkuntza ez da jendartetik at dagoen eremua.
Eta hau bizitzen jasangarritasuna eta zaintza pertsonal eta kolektiboa erdigunera ekarriz egin beharra dugu. Hori da Herri Hezitzailea. Urtarrilean atari digital batek Yayo Herrerori egindako elkarrizketa baten jasotzen dena nire eginez, “nik transbertsalizazioan sinesten dut. Beharrezkoa deritzot fisika ikastea, eta matematika, eta historia, edota lengoaia, baina bizitzaren jasangarritasunaren ikuspegitik”.
Eta hau, gainera, ikastetxeak edo heziguneak auzo eta herriarekin harreman iraunkorrean egongo den eredua bultzatuz garatu behar dugu, ikasleen beharrak modurik gertukoenean ase ditzakeen formula eraginkorrena delako. Ikastetxea-Herria-Komunitatea lotura behar beharrezkoa da. Azken finean, ez da ikastetxea edo hezkuntza sistema birpentsatu beharrekoa, soilik; auzoak, herriak, hirigintza, zaintza, segurtasuna, jendarte eredua… dira birpentsatu beharrekoak. “Haurrentzako ona den hiria, denontzako ona izango da” esan zuen Francesco Tonuccik. Ez dezagun ahaztu hori, orduan.
“Haurrentzako ona den hiria, denontzako ona izango da"
Ikusten ari gara, nola, gobernu ezberdinen interbentzio ezaren aurrean tokian tokiko ikastetxe, udal eta zaintza sareen artean ikaragarrizko laguntza eskaintzen ari zaizkiela behar duten familiei. Horra hor tokian tokiko komunitateen potentziala. Honek, gobernantza eredu berri baten beharra agerian uzten digu; eta berriz ere, Herri Hezitzaileen paradigma.
Gobernantza eredu berria
Madrilek eta Parisek erabaki, tarteko erkidegoetako gobernuek kudeatu, ikastetxeei agindua heldu, irakasleek betearazi eta ikasleek obeditu. Hori da egungo hezkuntza sistema zentralizatuak duen katea. Egitura erabat piramidala, eta goitik beherako hierarkian oinarritua.
Baina horrek ere funtzionatzen ez duela agerikoa da. Koronabirusaren egoera honek argi utzi digu piramideari buelta eman ezean, ez dagoela zer egiterik. Maila lokaleko borondate kolektiboak eta profesionalen saretzeak erakutsi du, egoera konplikatuenetan ere aurrera egin daitekeela.
Hezkuntza paradigma berri batek gobernantza eredu berria behar du, eta hori, nire ustez, hezkuntza komunitate osoaren parte hartze parekide eta horizontalean oinarritu behar da. Gainera, sistemak deszentralizatua izan behar du eta tokian tokiko behar eta nahiei egokitua.
Hau horrela, pentsatu beharrean gaude, Hik Hasik behin eta berriz azpimarratu duen bezala eta Europako puntako hezkuntza sistemek erakusten digutenari jarraituz, udalek hezkuntzan dituzten eskumen urriak handitu beharko genituzkeela. Herri txiki bat gara, auto-antolaketarako gaitasunak bereizten gaitu, eta hezkuntzaren antolaketa deszentralizatu batek izan dezakeen ahalmena ezagutzeke dugu oraindik.
Eta deszentralizazio hori sistemari berari zein ikastetxe barruei eragin diezaieke. Azken finean, egun erabat mugatua den komunitatearen parte hartzea eta ikastetxeen autonomian sakontzea izango litzateke, ‘alarma egoera’ honetan egiten ari denari jarraipena eman eta ofizialki aitortzeaz gain, modu sistematikoan segida ematea.
Hau guztia, noski, beharrezkoa dugun hezkuntza sistema publiko sendo baten baitan izan behar da. Eta agerikoa da, sistema publikoa indartsua eta eraginkorra izan dadin komunitateen parte hartze zuzena behar beharrezkoa dela. Alegia, sistema berriak publiko komunitarioa izan behar duela.
Sistema publiko komunitarioa
ERRiA aldizkarirako Nora Salbotxek (XXI. mendeko euskal hezkuntza; bizi ala iraun?) idatzitako hau “Bertze publikotasun bat jorratu beharrean gaude, komunitarioa izanen dena, oinarrian herritarrak eta euren interesak -sozialak, kulturalak, linguistikoak-, parte hartzea eta jabego komunala izanen dituenak hain zuzen ere” eta Fitok eta Txapasek esandako hau “Herriarena dena, publikoa da” (2019) kontutan izanda, hezkuntza administrazioak soilik araututako, diseinatutako eta kudeatutako eredu publikotik urrun, bestelako egituratze baten beharra nahitaezkoa da. Eredu publiko komunitario berri bat behar du gure herriak. Gurea, guk hausnartua, guk erabakia eta guk eraikia.
Gai honi begira, iruditzen zait azken hilabete luzeetan nahiko hausnarketa egin dela. Eta gehienetan egungo egoera jasanezina gainditzeko irtenbideak mahai gaineratu dira. Aipatu dudan Hik Hasik egindako “Euskal Hezkuntza sistema publiko bateratzaile, sozial eta inklusiboa” (2018) proposamenak islatu dezake arestian aipatutako ideia ezin hobeto.
Modu batean edo bestean, gako orokor horiek, nire ustez, Gonzalo Larruzeak La dialéctica público-privada en la educación vasca (2016) liburuan islatzen ditu ere. Edo hurbilpen bat egiten dio, behintzat. Larruzeak “la educación como bien común” aipatzen du eta “autonomia komunitarioa”rekin batera “zerbitzu publiko bateratuaz” mintzatu gintezkeela uste du, proposamen berritzaile gisara.
Hau da, hezkuntza sistema berri batez ari garenean, ikaslea erdigunean kokatu eta desorekak gainditzeko ikusmiran egiten badugu proposamena, ezinbestean, komunitarioa izango den sistema publiko berri batez hitz egin behar dugu, adibidez, hezkuntza sistema publiko komunitarioaz.
Hezkuntza sistema feminista
Ildo honetatik, bizitzak erdigunean kokatuko dituen hezkuntza behar dugu. Eta hori, ezinbestean, sistema feminista baten eskutik dator. Feminismoak pertsonak eta bizitzak erdigunean kokatzen dituen moduan, hezkuntza sistemak ikasleak eta komunitatea erdigunean kokatu behar ditu. Bide horretan, korronte hegemonikoak baztertzen dituen horiek guztiak hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzea ezinbestekoa izango da, adibidez, gorputzak, identitateak, klaseak, kulturak, eta euskara bera, besteak beste.
Orain arte hezkuntza hezkidetzaileaz hitz egiten genuen. Baina pausu bat aurrera emateko garaian bagaudela deritzot. Hezkuntza hezkidetzailea aldarrikatzetik, zenbait lekutan, jardun hezkidetzailea praktikan jartzera pasa. Baina paradigma berriak feminismoak sistema guztia bustitzea eskatzen du. Ez bakarrik curriculumean emakumeen ekarpen historikoa bermatzeko edota hezkidetza tailer batzuk antolatzeko; baizik eta errotik pedagogia feministak oinarri izango dituen hezkuntza sistema osoa egituratzeko. Produktibitateari beharrean zaintzari arreta jartzeko eta pertsona burujabe eta askeak hezteko.
Transfeminismoaren marko ideologikotik abiatuz, hezkuntzan binarismoa, esentzialismoa eta pedagogia bera zalantzan jartzea proposatzen da: ardatza normaltasunetik harago eramatea, nolabait eguneroko praktikan transgresioa, gatazka eta deserosotasuna txertatzeko helburaz. Beraz, praktika honen helburua ez da, soilik, arautik ateratzen diren sexualitateak aitortzea, ezpada segurtasuna ematen duten logika bitarretatik aldentzea, hezkuntzaren oinarri den normaltasun kontzeptua astintzea eta horren ondorio diren botere harreman anitzak kolokan jartzea: etnia, adina, genero, klase, sinesmena, kapazitismoa… (Iturriotz, 2019)
Kontuan izan behar dugu ere, heteroarauak, sexualitateari ez ezik, ekonomiari, politikari eta ideologiari ere eragiten diela (EHBF eta Emagin, 2017), horregatik, hezkuntza sistema feminista izatearen behar agerikoa.
Finean, eraldaketa soziala nahi badugu, gure eguneroko bizitzan aldaketa beharrezkoa da, gure erlazio pertsonaletan. Gure sexualitatea libreki erabakitzeko eskubidea dugu. Gure gorputzen gainean aske erabakitzeko eskubidea. Gure desiren inguruan erabakitzeko eskubidea. Biolentzia/zapalkuntza guztien kontra borrokatzeko eskubidea (Pomacusi eta Longo, 2006); eta hori hezkuntza feminista batetik egin ahalko dugu soilik.
Hezkuntza sistema burujabea
Egun, joera autoritario eta doktrinatzaileak hezkuntza kotatzen ari dira, mugatzen; eskolek irakatsi behar dutena zehatz-mehatz esaten, eta exijitutako maila lortu den edo ez kontrolatzeko, eta behar balitz, zigortzeko, azterketa sistemak inposatzen. Estatu batzuetan gobernuek paper erabakigarria izan dute hezkuntzan. Beste batzuetan, tradizioagatik, hezkuntza sistemaren arduradunek distantziak mantendu dituzte ikastetxeekin (Robinson, 2015). Lehenengo adibide inposatzaile horretan ari dira Frantziar eta Espainiar estatuak.
Beraz, argi dago herri gisa garatu eta jardungo badugu, hezkuntzari dagokionean ere burujabetza osoa izango dugulako izango dela. Burujabetza, gainera, ikuspegi bikoitzetik. Batetik merkatuen eta sistema kapitalista liberaletik burujabe izango den hezkuntza herritarra bultzatuko duelako. Logika merkantilistatik at egituratuko den sistema izan behar da. OCDEk eta bestelakoek markatzen dituzten helburu indibidualista, lehiakor eta baztertzaileak ekiditeko. Burujabetza beharrezkoa dugu justizia sozialean oinarritutako hezkuntza sistema eraikitzeko.
Ikusi berri dugu nola konfimanendu egoera honetan, adibidez, ustezko on-line ikasketak egin ahal izateko Vodafone, Google, Microsoft edota bestelako multinazionalek, berriro ere, egoera baliatu eta interes ekonomikoak lortzeko ikasle asko bazterrean utzi nahi izan dituzten, eta gainontzekoak kontrolpean izan. Gure datuekin, ikasleen datuekin, euren monopolioa ziurtatu eta euren etekin ekonomikoak handitzen ari dira.
Beraz, argi dago herri gisa garatu eta jardungo badugu, hezkuntzari dagokionean ere burujabetza osoa izango dugulako izango dela.
Teknologiei dagokionean, beraz, burujabetza behar dugu ere, termino sozial-komunitarioetan. Eta hori ondo erakutsi digu Izarkom-ek (izarkom.eus) interneterako konekzioa behar zuten ikasleei eskainiz. Norabide horretan, hezkuntza sistema berriak burujabetza teknologikoa behar du. Eta honetrako “Hezkuntzan ere Librezale”k egiten duen proposamena guztiz egokia dela deritzot.
Eta burujabetza, noski, herri gisa gure hezkuntza sistema propioa izateko dugun eskubidea bermatua izan dadin eta aipatzen ari naizen guztia demokratikoki garatu ahal izateko. Ezin dugulako Frantziar eta Espainiar estatuen hezkuntza sistemekin menpeko izaten jarraitu. Herri gisa galbidera garamatzate eta ez digu sozialki aurreratua izan behar den eredu berritzaile bat garatzen uzten.
Finean, eta bukatzeko, aipatu nahi dut agertoki berri honek hezkuntza estrategia ezberdin bat eskatzen digula. Egoera hau bukatutakoan ezin gara betiko akatsetan erori eta aurreko egoera “normalera” bueltatu. Hezkuntza eredu “normal” hori arazoa beraren parte baita. Sortu dezagun horrenbestetan imajinatu eta nahi dugun bestelako hezkuntza eredu bat. Hezkuntza paradigma berri batera egin behar dugu salto. Ari gara. Egin dezagun puntu eta aparte.
Eta bide batez, doakie iluntzeroko nire txalo zaparrada hezkuntzarako eskubidea ahal modu hoberenean bermatzen ahalegintzen diren hezkuntzako profesional guztiei, eta bereziki, martxoaren 13tik etxean zintzo-zintzo eta gobernu ezberdinen mezuetan isilaraziak dauden haur eta gazte guztiei.
Bibliografia
Robinson, Ken (2015) “Creative Schools”. Penguin Random House Group.
Olivé, Cristian (2020) “Profes rebels”. Grijalbo.
“Hezkuntza Plaza Hutsean”. (Plaza Hutsa, 2020)
Herrero, Yayo (2020) “Cómo se imagina la vida Yayo Herrero en 2030”. elasombrario.com.
Tonucci, Francesco (1991) “Haurren hiria” liburutik. (Txatxilipurdi, 2013)
Salbotx, Nora (2019) “XXI. mendeko euskal hezkuntza; bizi ala iraun?”. ERRiA aldizkaria.
Rodríguz, Fito eta Txapartegi, Josu (2019) “Eskola publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa”. Delta.
Hik Hasi (2018) “Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak”. Hik Hasi aldizkaria.
Larruzea, Gonzalo (2016) “La dialéctica púbico-privada en la educación vasca”. Beta.
Iturriotz, Nagore (2019) “Hezkidetzatik, pedagogia feministara”. Pikara magazine.
EHBF eta Emagin (2017) “Indar bat gara gu. EHBFk 15 urte”. Autoedizioa.
Pomacusi, María eta Longo, Roxana (2006) “Reflexionando sobre géneros y sexualidades” 6º Campamento Latinoamericano de Jóvenes.
hezkuntza.librezale.eus (Komunikatua, 2019)