Ilustrazioa: iab
Bi egun beranduago abiatuko den Korrikak aldarrikatzen duen bezala, euskara gara, euskarak egiten gaitu herri; eta herri gisa dugun garapen mailak aberastasuna nola sortu eta banatzen den determinatzen du, besteak beste.
2008tik hona patronalaren interesek oztopatu egin dute Euskal Herriaren garapen jasangarri eta justuagoa. Autogobernua bere mesedetan erabili du EAJk: pribilegio fiskalak aitortu dizkio, orotariko azpiegiturak eraiki eta zerbitzu publikoen kontura negozioa bermatu. Lan baldintzak arautzea, aldiz, estatuaren esku utzi du, Espainiako lan-legedia mesedegarriagoa delakoan etekinak metatzeko.
Euskal langileak pobretu ditu prekarietatearen eta mozkin azkarren aldeko apustu horrek: soldatek hiru puntu galdu dituzte Barne Produktu Gordinarekiko; duela hamabost urte baino 1.523 milioi euro gutxiago jasotzen ditugu langileok. Gainera, etxekalte izan da herri-proiektuarentzat: ikerkuntzan eta berrikuntzan atzean gelditu gara, industriak pisua galdu du, eta zerbitzu publikoak ahuldu egin dira.
«Euskal Herrian badugu aukera eta beharra beste norabide batean aurrera egiteko, ondasuna, enplegua eta zaintza lanak banatuz»
Martxoaren 17ko Greba Orokorrak, eta, oro har, euskal sindikalismoa pandemiatik hona garatzen ari den borroka zikloak anbizioa du sakoneko prozesu horri aurre egiteko. Krisi ekologikoak agerian utzi du planetako baliabideak mugatuak direla, eta egitate horri erantzunez indar erreakzionarioek ofentsiba abiatu dute langileak, emakumeak eta herri kolonizatuak desjabetzeko; hori horrela izanik, Euskal Herrian badugu aukera eta beharra beste norabide batean aurrera egiteko, ondasuna, enplegua eta zaintza lanak banatuz.
Are gehiago, Greba Orokor honek badu balio erantsia, izan ere, indar erakustaldia izango da soldaten aurkako erasoari eta pobretzeari muga jarriko dion neurri estrategiko baten alde: Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeak mesede egingo lieke, zuzen-zuzenean, 1.500 euro gordinetik beherako soldata duten 307.000 langileei, horietako gehienak emakumeak; honela, soldata-arrakala matxista murrizten lagunduko luke, baita arrakala arrazista ere.
«Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeak mesede egingo lieke, zuzen-zuzenean, 1.500 euro gordinetik beherako soldata duten 307.000 langileei, horietako gehienak emakumeak»
Gainera, gutxieneko soldata hobetzea akuilu izango litzateke langile guztien soldatak, pentsioak eta prestazioak hobetzeko. Azkenik, balio politiko handia izango luke, errenta baxuenak dituzten herritarren bizi baldintzak hobetzeko burujabetza ariketa bailitzateke, noiz eta estatus berriari buruzko eztabaida irekita dagoenean.
«Jakina denez, sindikatuok bi bide jorratu ditugu neurri estrategiko hori gauzatzeko: batetik, lanbidearteko akordio bat negoziatzea; bestetik, Langileen Estatutuaren 27. artikuluaren aldaketa eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea tramitatzea. Bada, patronalen eta gobernuen aldetik ezezko borobila jaso dugu»
Patronalak uko egin izana larria da, bereziki EAEn, sindikatu guzti-guztiok eskatu baitugu lanbidearteko akordioa negoziatzea; Nafarroan, berriz, UGT eta CCOO patronalarekin lerratu dira. Bistan da zergatik duen patronalak horren gustuko elkarrizketa sozialaren espainiar eredua: bake soziala irudikatzeko aukera ematen dio, langileen aldeko konpromisorik hartzeko beharrik gabe.
Are larriagoa da Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak 140.000 herritarren babesa duen Herri Ekimen Legegilearen tramitazioari jarritako betoa. Hauteskunde-emaitzak behartutako itxura aldaketa gora-behera, Pradalesek Urkulluren ildo berari eutsi dio: osasun mahaia akordio sindikalik gabe itxi du; aurrekontuetan 1.000 milioiko zorpetzea onartu du enpresarien mesedetan, eta uko egin dio gutxieneko pentsioa eta soldata eskatzen zuten bi Herri Ekimen Legegile eztabaidatzeari.
Ezezko bikoitz horrekin euskal sindikalismoa neutralizatu nahi dute, sistemaren baitako osagai funtzional bilakatu, ohiko negoziazio kolektibora mugatuko dena, baina, zorionez, Euskal Herrian badugu Greba Orokorrak deitzeko eta egiteko indarra.