SINADURAK

Intza Gurrutxaga Loidi eta Markel Adin Bidegain

EHEko kideak

2026a ere, borroka urtea izango da

2026-01-07

2025 urte emankorra izan da eta 2026an ere ez daukagu erlaxatzeko asmorik; kontrara, borroka bizkortzeko eta euskararen auzia lehen lerrora ekartzeko ahaleginean jarraituko dugu. Gaur egungo testuinguruan, ez dago beste aukerarik: esnatu ala hil. Horregatik, soka tenkatzeko garaia da!


Ilustrazioa: iab


Urtea amaitzearekin batera egin ohi den gisan, Euskal Herrian Euskarazetik egin dugu 2025aren errepasoa eta ohartu gara urtea egitasmoz josita izan dugula. Hamabi hilabetez, etenik gabe, euskararen aldeko borroka hauspotzen aritu gara.

Urtearen amaierara arte, jo eta ke egin dugu lan, eta abendua ere ekimen garrantzitsuz beteta izan dugu: abenduaren 3an,
Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaraz inprimatutako lehen liburua, Linguae Vasconum Primitiae, Euskal Herrian gera dadila eskatzeko, eserialdia egin genuen Baionako Euskal Museoan; 6an, Euskararen Errepublika aldarrikatu genuen ozen Durangon egindako manifestazio nazionalean; 27an, Pizkundea ekitalditik, beste milaka euskaltzale bezala, indarberrituta irten ginen Miribillatik.

2025 urte emankorra izan da eta 2026an ere ez daukagu erlaxatzeko asmorik; kontrara, borroka bizkortzeko eta euskararen auzia lehen lerrora ekartzeko ahaleginean jarraituko dugu. Gaur egungo testuinguruan, ez dago beste aukerarik: esnatu ala hil. Horregatik, soka tenkatzeko garaia da!

Urte emankorra izanagatik ere, hankak lurrean ditugu eta jakin badakigu larri gaudela. Euskalgintza sozialetik, urtebete baino gehiago daramagu euskara larrialdi egoeran dagoela ohartarazten eta urte berria, bestelakorik nahi bagenu ere, halaxe hasi dugu; hizkuntza-larrialdian.

Euskara minorizazio gorrian dago, osasun beteko egoeratik baino heriotzatik gertuago, eta horri aurre egiteko hitz politak ez dira aski, ekintza ausartak eta eraginkorrak behar ditugu. Zenbait ordezkari politikoren ahotik entzun dugu erdaldunak euskarara erakarri egin behar ditugula, maitemindu, baina hori ez da nahikoa.

 

«Euskararena auzi politikoa da eta, horrenbestez, normalizaziora bidean, lehentasunez, politika euskaltzaleak behar dira. Horregatik, ardurak hartzeko eta exijitzeko garaia da!»

 

Euskara ez dago arduradun politikoen lehentasunen artean eta, ondorioz, euskararen egiturazko zapalkuntza gainditzeko neurri esanguratsurik ez da hartzen. Izan ere, argi izan behar dugu euskaldunok kolektibo zapaldua garela. Euskarak egiturazko zapalkuntza jasaten du eta, ondorioz, euskaraz bizitzeko hautuan berresten garen aldiro, zigortu eta bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte.

Bazterketa sistematiko horren erantzule nagusiak frantziar eta espainiar estatuak dira, euren konstituzio linguiziden bitartez, urteetan zehar zapaldu izan gaituzte eta zapaltzen gaituzte. Horregatik, zapalkuntzaren kontzientzia hartzeko garaia da!

Gaur gaurkoz, aurkako indarrak intentsitate handiz dihardute gure kontra. Oldarraldi politiko-judizialarekin ikusten ari garenez, urteetan zehar borroka askori esker lortu ditugun eskubideak atzera botatzen ari dira. Euskarafoboak harrotasunez eta konplexurik gabe ari dira euskaldunon kontra.

Gainera, mundu mailako giroa aldeko dute; eskuin muturra eta jarrera erreakzionarioak ugaritzen ari dira eta eskubide sozial oro jo puntuan jarri nahi dituzte. Horiei guztiei murru bat jarri behar diegu gurean, Euskal Herrian; baina murru hori, euskaraz izango da edo ez da izango. Horregatik, euskaldunok harrotzeko garaia da! 

 

«Euskararen alde borrokatzea ez da, soilik, hizkuntza baten alde borrokatzea; herri baten, identitate baten, kultura baten, aniztasunaren alde borrokatzea da. Euskararen alde egitea egungo sistema bidegabe honen aurka egitea da; errebeldia ariketa bat da, askatasunaren  eta justiziaren aldeko ariketa, hain zuzen.»

 

Eta horretan guztian, ez dago neutraltasunik. Gure jarrerek euskararen normalizazioa edota zapalkuntza elikatuko dute; noski, intentsitate handiagoz edo txikiagoz, baina bi norantza horietan. Horregatik, euskararen aldeko hautua egiteko garaia da!

Egoera kezkaz bizi badugu ere, kezka horrek ez gaitu paralizatzen eta urte berria ilusioz eta asmo berri ugarirekin hasi dugu. Hala, urtarrilaren 31n dugu lehen hitzordu garrantzitsua Baionan. Bost egun beranduago, otsailaren 5ean, EHEko lau kide epaituko dituzte Lapurdiko hiriburuko epaitegian, pintada baten bitartez euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeagatik. Hala, lau kideei elkartasuna adierazteko eta euskaraz bizi nahi dugula berresteko, mobilizazioa egingo dugu. Euskaltzaleoi mobilizaziorako deia egiten dizuegu.

Horregatik guztiagatik, orain, euskaltzaleon garaia da!