SINADURAK

Ana Mezo Basaras

Oneka emakume pentsiodunen kidea

Pentsiodunak borrokan

2020-04-13

Pentsio publikoaren bermearen eta defentsaren alde, bi urtetik gora da pentsiodunok astelehenetan kalean kontzentrazioak egiten ari garela. Azken asteetan, gure etxeko balkoietatik jarraitzen dugu protestekin. 


Argazkia. Unsplash / Huy Phan

 

Pentsiodunok ditugun exijentzia gehienak ezagunak dira, eta jendartean oso zabalduta daude: 1080€ko gutxienezko pentsioa, 1200€-ko lanbide arteko gutxieneko soldata, prekaritatea areagotu zuten PSOE-ren eta PP-ren lan erreformak indargabetzea, gizon eta emakumeen soldata eta pentsio arrakalak gainditzea eta abar. Kolektibo honen parte garenok geure egiten ditugu eskakizun guztiak baina, emakumeoi, adin batetik gorakoei, bestelako arazoak ere planteatzen zaizkigu: pentsio baxuak, indarkeria psikikoa, ekonomikoa eta fisikoa jazatzea, askotan heriotzean amaitzen den indarkeria.

Biztanleriaren erdia izanik, adineko emakume askok egoera kaxkarrean bizi izan dugu lan produktiboa. Gure haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroan alderdi guztietatik saiakerak egon dira gu “emakume” ezaugarritzeko. Hezi egiten gaituzte eginkizun jakin batzuetarako. Sasoian sasoiko botere ekonomiko, politiko eta kasu askotan erlijiosoak “feminizatu” dituen lanak izan dira emakumeentzat. Balore eta prestigio gutxiko lanak baina boterearentzat ezinbestekoak. Gaur egun ere, ikasketa motaren aukeraketan zein lanean hasten garenean, oraindik, sexuaren araberako desberdintasun soziala agerikoa da. Prekaritateak bortitzago kolpatzen gaitu eta kategoria edo maila bereko lanetan soldata arrakala praktikatzen da gaur egun ere.

 

«1080€ko gutxienezko pentsioa, 1200€-ko lanbide arteko gutxieneko soldata, prekaritatea areagotu zuten PSOE-ren eta PP-ren lan erreformak indargabetzea, gizon eta emakumeen soldata eta pentsio arrakalak gainditzea»

 

Aurreko mendeko 70eko hamarkadan, Euskal Herrian eta Estatu Espainiarrean Frankismoak oraindik emakumearen emantzipazioa ukatzen zuenean, gazte eta ezkongai ziren emakumeak eta lan produktiboa egiten zeudenak, ezkontzen zirenean, “dotea” zeritzona hartu (izkutuko kalte-ordaina) eta etxeratu behar izaten zuten. Horren aitzakipean kaleratzen zituzten eta etxera bueltatzen ziren lan (erre)produktiboa egitera. Horrela, emakumeak ikustezinak bihurtzen ziren. Hala, etxeko lanak emakumeen kargu gelditzen ziren neurri handi batean, zaintzak barne. 

Honek guztiak kalte handia ekarri die pentsiodun bihurtzean. Izan ere, sistema honek daukan egituraren arabera, emakume hauen lana ez da aintzakotzat hartua izan eta ez zen kotizatzen Segurantza Sozialean, pentsio baxuak izatera kondenatuz. Aldi berean, esan beharra dago, lan erreproduktibo hau egiteagatik, sistemak dirutza aurreztu izan duela. EUSTAT-en arabera, 2013ko urtean ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa 21.342 milioi eurokoa izan zen, ekoiztutakoaren (BPGaren) %32,4.

 

«Lan erreproduktibo hau egiteagatik, sistemak dirutza aurreztu izan du»

 

Hego Euskal Herrian 670.000 pentsiodunak gara. Biztanle guztiaren % 25a, boto emaileen %28a. Ia 250.000 pentsiodunek kobratzen dute 700 euroaren azpitik, gehienak emakumeak dira. 150.000 pentsiodunak dependienteak dira, beste pertsona baten laguntza edo babesa behar dute. 16.000 dira RGIa delako diru-osagarria jasotzen dutenak. Alarguntza ere arazoetariko bat da emakumeen kasuan. Emakume alargunak %93 dira. Lautik bat dago 500€-ko pentsioaren azpitik. Gainontzekoen artean gehiengoa ez da 1000€-ko pentsiora heltzen.

Bestalde, egon dira borrokatu ondoren enplegua izan duten emakumeak eta eskubideak izan dituztenak, esaterako, amatasun baja, eta pentsio eskubidea dutenak gaur egun. Gehienek hezkuntzan, osasungintzan eta instituzio publikoetan lan egin dute edo enpresa txikietako autonomoak izan dira.

Edozelan ere, azken urteetan lortutakoa, egin diren mobilizazio eta ekimen desberdinei esker izan da. Kalean egotea, beste ekimen eta kolektibo batzuekin aliantzak sortzea eta borroka desberdinetan ditugun puntu komunak lantzea ezinbestekoa da aurrera egiteko eta jerdartearen eraldaketarako. Orain ere, astelehetan balkoietara aterako gara, besteak beste, zahar egoitzetan isolaturik daudenei elkartasuna adierazteko, eta osasun, prebentzio eta laguntza-baliabideak egon daitezen exijitzeko.

Pentsiodunok esaten dugun moduan: Jo Ta Ke Irabazi Arte.