SINADURAK

Floren Aoiz

Iratzar Fundazioko kidea

Mundua eraldatzen duen ezkerra behar dugu

2022-07-05

Nola ulertu bizi garen garaia? Jakin badakigu beste mundu bat eraikitzeko, ahal bezain ongien aztertu behar dugula oraingoa, baina gero eta zailagoa da ezagutze hori, dena oso bizkor baitoa, espero ez duguna gertatzen baita behin eta berriro eta etorkizuna aurreikustea ezinezkoa iruditzen zaigulako.


Argazkia: Ilse Orsel, Unsplash

 

Kezkatzen eta angustiatzen gaituen abiadura ero horrek lainotzen digu gogoa, sakoneko norabide aldaketen beharra inoiz baino larriagoa izan arren, mundua bera baitago arriskuan. Errotiko salaketarako arrazoiak ugaldu eta indartu dira, kapitalismoaren mutazio neoliberalak zibilizazio krisia bizkortu baitu eta gauzak horrela, larritasunaren sintomak nonahi atzematen ahal ditu itsuarena egin nahi ez duen orok.

 

Mezu eta ikuspegi apokaliptikoak ugaltzen dira, anartean: kritika zorrotzenak egiteko garaia da, baina une berean, oso erreza da katastrofismoaren aldapan behera egitea.

 

Egungo zibilizaziotik beste batera joan behar dugularik, “munduaren bukaeraren garaietan gaude”, “honek ez du konponbiderik”, “dena aldatu gabe ezin da ezer aldatu” bezalako diskurtsoek irekitzen dituzte bide alternatiboetarako ateak, ala ezintasun estrategikora kondenatzen gaituzte? Bestalde, zer esan tentaldi esentzialisten inguruan? Nonbaiteko jatorrira itzultzeko joera, dela “benetako ezkerra”ren oinarrietara, dela “benetako abertzaletasuna”ren erroetara, ez al da erantzunak ezin aurkituz, egungo galderak aspaldiko galderez ordezkatzeko atzeratze urrats bat? Nola kudeatu paradoxa hauek? Nola irakurri, mugak eta zailtasunak aitortuta, gure mundua eta gure garaia?

 

Nonbaiteko jatorrira itzultzeko joera, dela “benetako ezkerra”ren oinarrietara, dela “benetako abertzaletasuna”ren erroetara, ez al da erantzunak ezin aurkituz, egungo galderak aspaldiko galderez ordezkatzeko atzeratze urrats bat?

 

Zer egiten du zure teoriak? Zer eragiten du zure munduaren irakurketak? Zer dakar zure alternatibaren aldarrikapenak? Galdera hauek ezinbestekoak dira “zer egin?” afera estrategiko nagusiari aurre egitean. Hau ere beste paradoxa bat da: teoria batzuk, iraultza handienak aldarrikatzen dituzten bitartean, ez dira inolako eraldaketa errealik inspiratzeko gai. Beste guztien “erreformismoa” salatuz, talde txiki eta sektarioen eraikuntza besterik ez da egiten, botere banaketan eragin gabe, eta beraz, zapalkuntza harremanak urratu gabe. Eta, batez ere, gauzak sakonki aldatzeko ezinbesteko den jende kopurua biltzeko inolako gaitasunik gabe. Hori bai, ziurtasun handiak eskaintzen dituzte teorizazio horiek, inor baino iraultzaileago izateko gozamenaedo sentiarazten dutelako. Hori, jakina, ziurtasunik gabeko garaiari aurre egiteko estrategia bat da, erabat azalekoa, ez baitu errotiko eraldaketarik sustatzen, baina subjektibitate tentagarria elikatzen ahal duena.

 

Teoria batzuk, iraultza handienak aldarrikatzen dituzten bitartean, ez dira inolako eraldaketa errealik inspiratzeko gai.

 

Alta, ezintasun estrategikoa gainditzen duen teoria behar du gure garaiko ezkerrak. Eraldaketa dinamika errealak inspiratzen dituen teoria, bestela esanik. Gertatzen denaren irakurketa orokorra eskainiz, konplexutasunaren diagnostikoari heltzeko ardura hartzen duena, indar harremanen azterketa zintzo eta zorrotzetik abiatuta, estrategia bideragarri eta ausarta ekoizteko gai izanen dena, finean, indar harreman horiek aldarazteko. Norbaitek eginbehar hauen aurretik jatorrizko marxismoa berreskuratzea, balorearen legearen benetako irakurketa egitea edo antzeko ergelkeriak proposatzen badizkizu, hobe korrika ihes egitea, ez baduzu Brianen bizitza filmaren remake kutre batean bukatu nahi.

 

Ezintasun estrategikoa gainditzen duen teoria behar du gure garaiko ezkerrak. Eraldaketa dinamika errealak inspiratzen dituen teoria.

 

Apokalipsi ebitaezinaren diskurtso kaltegarritik ihes egiten duen teoria behar dugu, halaber, apokalipsiaren arriskuaren negazionismoari aurre egiten diogun une berean, mehatxua ez baita gehiegikeria bat, aukera bat baizik, norabidea aldatu ezean nagusituko den aukera, hots. Eta, batez ere, apokalipsiaren naturalizazioa baztertu behar dugu: gertatzen dena ez da munduaren ibilbide “naturala”, hartutako erabaki eta inposatutako hautu historikoen ondorioa baizik. Planeta haserretu zaigula, humanook gure desagertzea merezi dugula, naturak erabaki duela gu akabatzea… erakargarritasun lirikoetatik haratago, ez dira diskurtso eraldatzaileak, ez baitute eragiletza eraldatzailerik ahalbideratzen, hasperen lehiaketak baizik.

 

Gertatzen dena ez da munduaren ibilbide “naturala”, hartutako erabaki eta inposatutako hautu historikoen ondorioa baizik.

 

Ezberdintasunean oinarritutako botere harremanak nagusitzen dira gizakion artean, batzuek aberastasuna eta erabakiak hartzeko ahalmena bahituta dutelarik, eta botere eta aberastasun gehiago biltzeko taupadak eragin du zibilizazio krisia, ez naturak, ez klimak… Hor dago diagnostiko kritikoaren gakoa, hortik ondorioztatzen baita aberastasuna eta boterearen banaketa eraldatu behar dela, munduaren norabide aldatu eta zibilizazio berri bat eraiki ahal izateko. Botere eta aberastasun banaketa horren biktimen elkartasunetik etorriko da, etortzekotan, mundu berria, subjektu hori edo horien osaketa ez delarik etorriko inolako teoriari, inolako paturi esker, eraikuntza saio praktikoen arraskatatik baizik.

Erronka horretan gabiltza Euskal Herrian, ez da bide erreza izanen, inoiz ez da izan, baina biderik badugu, eta hori ez da edozer.