Historia amaitu bada
ez dago iraganik, ez eta
etorkizunerako zerumugarik
ere; oraina baizik ez.
Lana, harremanak, aisia, kontsumoa... Politika eraldatzailera ere iritsi da menpekotasun hau. Enzo Traversok dioenez1, neoliberalismoak gure bizitzak konprimatzen ditu orainaldi iraunkorrean, azelerazioak etengabeko aldaketaren itxura eskaintzen digularik, oinarri sozial eta ekonomikoak geldirik dauden bitartean. Bestalde, Laïdik orainaldi-gizakiaz mintzo da, ikuspegirik gabeko pertsonak alegia, orainaldiaren sakralizazioak jota, premialdiak itxaropenaren lekua hartuta2.
Garaietako ezaugarrietako bat besterik ez dela entzuten dugu, garapen teknologikoaren derrigorrezko ondorioa delakoan. “Normala” omen da, eta guk “normalak“ izan nahi badugu, berehalakotasuna eta abiadura normalizatu behar ditugu. Kontua da, alta, bizi garen munduan “normaltasuna” arrazionalitate neoliberalak ezartzen duela, kapitalaren nagusitasuna kolokan jartzen duen oro, finean, bizitzaren defentsak anormal gisa hartzen dutelarik. Ederki adierazi zuen Maya Iruñeko alkate berriak pertsona normalen gobernuaren itzuleraz mintzo zelarik, Asironek lideratutako legealdia ezabatu nahian. Politika askatzaileak deus gutxi egin dezake eskuin autoritarioak hainbeste maite duen normaltasun horren baitan, zapalkuntza eta subordinazioaren mozorroa baita.
Arnasa ere lapurtu nahi diguten tenporalitate bizkor hauek desnormalizatzea dugu erronka, ordea. Interesatuki eraiki direla agerian utzi eta arazo gisa hartuta, lehia zabaldu, bestelako erritmo eta ikuspegiak bultzatzeko. Honela ere neoliberalismoari aurre egiten diogu, oinarritzen den logika urratuz, beste munduak ez ezik, beste tenporalitateak ere badirela erakutsiz. Bestela bizi daitekeelako, eta batez ere, politika eraldatzailea logika hori gaindituz bideratu behar delako derrigorrez.
Duela hainbat urte arriskugarriagoa zen ezker
abertzaleko militantea izatea, orain zailagoa da,
ordea, aurrean ditugun erronken kudeaketaren
zailtasunak ugaltzen direlako.
Margaret Tatcherrek laburtu zituen subjektibitate neoliberalen oinarriak, ez dago alternatibarik eta jendartea ez da existitzen esaldi borobilen bidez, eta maila berean jarri beharko genuke Fukuyamak historiaren bukaeraz idatzi zuena. Historia amaitu bada, ez da ezer itxoin behar, itxaropenaren objektua buruturik, ez da ezer egin behar, beraz, dena eginik baitago1. Ikuspegi horren arabera, ez dago iraganik, ez eta etorkizunerako zerumugarik ere; oraina baizik ez. Tenporalitatea ere kolonizatu du kapitalak. Garai batean lan ordutegian inposatzen bazituen, orain gure erritmo guziak menperatu nahi dituelarik, merkatuaren arau eroak irentsiarazten. Izan ere, tenporalitate neoliberalean desagertu egiten da beste mundu bat eraikitzeko atzera kontaketa, injustiziak gainditzeko erlojua geldirik. Beti da kontsumitzeko tenorea, alta, beti erantzun behar zaio uneko azken erronkari…hurrengoak arreta eskatu arte!
Hartmur Rosak dioenez, gure garaiko jendarteak termino etikoetan artikulaturik ez dagoen tenporalitate erregimen zehatz eta zorrotzak menperatuta daude2. Mundua bizkor dabil, labainkorra da, nolabait, eta kostatzen zaigu sakonean aztertzea. Eta hau nahita bilatu dute, funtzionala zaielako. Izan ere, zaila da halako baldintzetan planifikazio politikorik egitea, nia eta munduaren arteko harremanaren distortsio tenporal orokorrean oinarritutako alienazioaren ondorioz. Bizkortze horren menpe bizi den orok arazo larriak ditu bere bizitzako zerumuga ezberdinak harmonizatzeko. Nola garatu, baldintza hauetan, errotiko eraldaketetarako estrategiarik? Eta, eginez gero, nondik atera emankorki jarduteko denborarik? Bifo pentsalari italiarrak GARAn berriki egindako elkarrizketan zionez, denbora behar da pentsamendu kritikoa garatzeko3, bizkortzearen espiralak ukatzen diguna, hots. Alternatiben tenporalitatea ez da berehalakotasunean ainguratzen, begirada luzeak eta urrats sendoak eskatzen dizkigu, aitzitik, etengabeko korrikak zailtzen dituenak, alegia.
Ezin uka diagnostiko horrek bete betean jotzen gaituela gu ere. Inmediatismoak eta ikuspegiaren mugapenek eragin kaltegarria dute garaiko egoeraren adimenean, baita gurean ere. Begi-bistakoa da Euskal Herrian ireki den bi borroka zikloen arteko trantsizioan, zeinean inertzia zahar batzuk ez diren guztiz desagertu forma berriak errotzen ez diren bitartean. Erronkak pilatzen dira, ardurak ugaltzen dira, borroka eremu berriak ireki dira eta erlojua beti zain dugu, eginbeharretara ezin iritsiz. Honek eragin zuzena du funtsezkoa dugun begirada kritikoan, nondik gatozen, nola geunden duela hainbat urte eta egindako gogoeta asko ez baititugu aintzat hartzen, korrika goazelako alde batetik bestera, premia duen lehia batetik premia handiagoko beste batera.
Gure borroka ibilbidean egoera zailagoak nozitu ditugu, nolabait esateko; ilegalizazioen uneetan edo errepresio eraso bortitzen artean, adibidez, baina gaur egun erronkak biderkartzen eta konplikatzen dira; duela hainbat urte arriskugarriagoa zen -orain baino- ezker abertzaleko militantea izatea, orain -orduan baino- zailagoa da, ordea, aurrean ditugun erronken kudeaketaren zailtasunak ugaltzen direlako eta behar inmediatoek inoiz baino eragin handiagoa dutelako, besteak beste. Eta, bestalde, erronka berriak gureganatu ditugun heinean, gure ziurtasunetatik atera behar izan dugu. Zapaltzen genekien lurraldeetatik beste batzuetara pasa gara, eta orain, ziurgabetasunean ibili beharra dago, bide berrietatik, erabakiak hartzean hauturik onena egiteko nahiko genituzkeen ziurtasunak inondik ere aurkitu gabe.
Inmediatoaren tirania bereziki kaltegarria da gure aro likido edo gaseoso honetan, zeinean berrienaren menpe bizi baikara, kontsumoaren bizkortasunaren logika antsietate sortzailea bizitzaren maila guzietara zabaldu delako, politikagintza barne, sare sozial birtualen abiadura eroak pizten duen gogoaren lainotzeak ongi adierazten duenez. Inmediatotasunak, halakoetan, begirada bera mugatzen dute, gaur egun ekaitz handiak lehertzen direlarik ur edalontzietan! Bizkortasunaren menpe, azterketa sakon eta zorrotzaren ordez uneko beroaldia nagusitzen da, dena arrapaladan interpretatu eta ziztu bizian baloratu behar da; batzuetan, ia gertatu baino lehen. Aitortu dugunez, gu ez gaude joera orokor horien aurrean txertoa hartuta, eta nahi baino gehiagotan gurpil horietan bukatzen dugu lasterka, kateatuta, arnasa ezin hartuz.
Atzera begiratzea
da egoera honetan
indartzen ahal den
joera, nostalgiak
eta iraganaren
mitifikazioek
utopien lekua
hartzen dutelarik.
Errealitatearen aniztasunaren ezagutzaren ordez, gertukoenen iritzia ahots orokorraren estadiora altxatzen dugu: jendeak dio… jendea nazkatuta dago…. jendeak nahi duena…., militante esparruetatik gure oinarri sozialetako beste esparruetara irekitzen diren lubakiei erreparatu gabe… (zer esan jendarteko beste esparruekiko?). Sprint moduan pentsatzeak sakon eta zorrotz pentsatzea zailtzen du, eta bidelaburrak bilatzen ditugu, konturatu gabe. Epaiketa moralista borobilak ordezkatzen du sakonera jotzen duen azterketa: inkisidoreak denbora gutxi behar du epaia diktatzeko. Hau ere logika neoliberalari funtzionala bilakatzen zaio, moralaren erregistroan kokatzen baitira lehia politikoak1.
Ohikoa da telefono mugikorra edo tableta eskuetan nahiz ordenagailuaren aurrean kotoiaren froga egitea edozein jarduera edota diskurtsori, hitza eta ekintzaren arteko orekaren beharra ahaztuta. Kritika zorrotza egiteko zilegitasuna ez dago norberaren konpromisoaren eta ekarpenaren baitan, bizkor, oldarkorki eta konplexurik gabe edozein gauza esateko gaitasunean baizik. Hiperkritizismo horrek, bestelako antza hartu arren, pentsamendu kritikoaren ahultzearen berri ematen digu eta pulpito ezberdinetatik zabaltzen diren mezuek azterketa argudiatuen lekua hartzen dute. Bizkorren edota forma borobilenean mintzo denak abantaila hartzen du eztabaidan, eztabaida bera baldintzatuz… Twitterren behintzat, beste esparruetan oraindik ere bestelako arauak nagusitzen direlarik, zorionez. Hau ere neoliberalismoaren suntsipenaren isla dugu, horrela ikustea zaila den arren.
Nonahi atzematen dira arrazionalite neoliberalak pentsamendu kritikoari egin dizkion kalteak, askotan ezkertiarkeria penagarrienaren formen bidez mozorratuta. Ipar Euskal Herrian edota Nafarroan emandako aldaketen ukapena (lehen bezala gaude, ez da ezer aldatu) dugu horren isla, urrutirago jo gabe: joera kritiko zorrotzaren ordez, brotxa lodiaren zakarkeria. Joera hauek, jendarte aldaketa zailtzen dute, erraztu beharrean, zapuzketa desmobilizatzailea eta pasotismoa bultzatzen dituztelako, benetako iraultzaren izenean, hori bai. Eta, batez ere, oso kutsakorrak dira, munduko gauzarik errezena baita botoi bat sakatzea: segundo batzuk besterik ez dira behar!
Egunoroko beharrek itota, aipatu nahasketaren menpe, hiperbentilaturen baten iraina eta aldaketaren aldeko oinarri sozialaren pertzeptzioa ezin bereiziz, ezin etorkizunerako plan ausartik egin, ezta iraganari so eta prozesuen dinamikotasunaz jabetu ere. Eta, jakina, tenporalitatearen ikuspegi integralik gabe, ezin norabide zuzenik aurkitu: nondik gatozen ahantzita, ezin jakin nora eta nola joan. Suak itzaltzea gure zeregin nagusia bilakatzen baldin bada, nondik aterako ditugu etorkizun berria errotik eraikitzeko denbora, indarra eta gogoak?
Gogoeta ariketa zintzoa merezi du honek. Denboraren kontrola berreskuratu eta inmediatoaren tiraniari aurre egin behar diogu, hori baita gaur egun hastapeneko hautu eraldatzailea. Izan ere, ezin estrategia eraldatzailerik aurrera eraman ikuspegi estrategikorik gabe, gertuen dugunak itsututa.
Duela 40 urte
Argalak erakutsi
zigun, helburu
estrategikoetara
unean uneko
apustu zehatzen
bidez iristen
dela, egoeraren
aukeren inguruko
fantasietan erori
gabe.
Finean, ikuspegi historikoaren galera da Bloke Sozialistaren erorketaren eta azken hamarkadetako beste hainbat aldaketaren ondorioetako bat. Emantzipazioaren erreferentzia hondoratu edo, bederen, bistatik galdu da jende askorendako mundu osoan zehar, eredu zehatz horrekiko atxikimendutik harago, gure garaia 1917ko iraultzaren bidearen itxiera gisa agertzen baita, indar eta egitasmo askatzaileen kalterako. Gaur egun hegemonikoa den arrazionalitate neoliberalaren arabera iragana, oraina eta geroa tenporalitate lauan batzen dira, edozein eraldaketa asmoren zerumugak ziren erreferente utopikoak alde batera utzirik. Kapitalismoa esparru bideragarri bakar gisa agertzen da hodeiertzean aurrerapen teknologikoa besterik ez dagoelarik. Progresoak hamaika bide har ditzake, hautatzeko inoiz baino aukera gehiago bide ditugu, baina ezin da kapitalismotik at deus ere hautatu, ez baitago ezer ere, edozein alternatiba totalitarismoaz edota porrotaz lotzen delarik. Etorkizunaren inguruko ideiek egituratzen baldin badute jendarte baten espektatiba zerumuga, etorkizun alternatiboaren ikuspegia baztertzeak dagoenaren ekoizpenaren esparruan kokatzen gaitu1.
Esanguratsuki, atzera begiratzea da egoera honetan indartzen ahal den joera, nostalgiak eta iraganaren mitifikazioek utopien lekua hartzen dutelarik2. Baumanek erakutsi zuenez, maila eta esparru askotan atzematen da nostalgia joera, korronte ideologiko-politiko ezberdinetan izan duelarik eragin nabarmena. Europako eskuin bortitzenaren hazkundeak honekin badu zerikusirik. VOXek asindu duen Espainiar Birkonkistaren mitoaren berpiztea ez da salbuespen bat, nonahi atzematen den fenomenoaren adierazpen zehatza baizik. Izan ere, orohar eskuineratze orokorra nagusitzen ari da3, eraldaketa onuragarrirako mundu mailako erreferentzia sendorik gabe gaudelako eta nagusitzen den haserre eta zapuzketaren aurrean batzuek badituztelako erantzunak, atzerakoiak, kaltegarriak, haserrea piztu duen bide beretik doazenak, ados, baina erakargarriak, finean.
Horrekin batera iraultza edo sozialismoa edota komunismoaren mitifikazioak ditugu, borroka moldeak helburu bilakatzen direlarik eta erretorika sasimarxistek estrategia eza edo, gurean, espainiar markoaren desproblematizazioa ezkutatzen dituztelarik. Badirudi beste batzuek gatazkaren fase politiko-militarra faltan botatzen dutela, agian ez zutelako zuzenean ezagutu. Hobe ezker abertzalea bere egitasmo estrategikoa kolokan zegoenean, makilkadak alde guzietatik jasoz, ia klandestinitatean, komunikabideen laguntzaz gorpuzten ari zen zatiketa baten aurrean, egoera kaxkarra izanik ere puruago sentiturik? Beste iragankeria bat dugu hau, azken asmakizun gisa aurkezten bada ere. Ezin etorkizunerako proposamenik egin, eraldaketa orokorra ezinezkotzat emanik eta purismoan egiten dituzte habiak, konfort esparruak eraikiz eta horietatik egia berdaderoak jaurtiz. Toxikotasun handia darie halako joera sektarioei, indar guziak ezker faltsuaren (gaur egun ezker abertzalearen) kontra baliatzen dituztelarik, ipar orratza eta tenporalitatearen kontrola galdurik.
Akats handia da
eraldaketa aukerak
gutxiestea, uneko
egoera mugiezin
gisa harturik.
Baina akats handia
litzateke, halaber,
adorez jardunez
gero edozer
lortzen ahal dela
pentsatzea.
Hauek (besteak beste) dira kapitalismoaren mutazio neoliberalak marraztu dituen subjektibitate kodeak eta nabarmena da espainiar estatuan duten eragina. Franco hil ondotiko trantsizioaren kulturak tenporalitate laua egituratu du, zeinean ez baitago alternatibarik: marko konstituzionala ala anabasa! Ez dago etorkizunik marko honetatik kanpo, eta horregatik Kataluniako matxinada demokratikoaz diskurtso apokaliptikoak zabaltzen dituzte: jendarte haustura, muturkeria, indarkeria, Europarekiko urruntzea, enpresak badoaz…
Aznarrek esan duenez, Katalunia da porrot egin duen komunitatea! Bestela esanik, gidoitik ateratzea katastrofikoa da beti; hau da mezu nagusia eta oso errotuta dago, tamalez.
Euskarri solido bakarra mitifikatutako trantsizioa da: hau da arrazionalitate neoliberalaren espainiar mutazioa, 78ko erregimenaren sustengu kultural-ideologikoak inspiratzen dituena eta krisia gainditzeko euskarriak eskaintzen dizkiona, edozein eraldaketa egitasmoren oinarriak usteltzen eta kutsatzen. Nabarmena da, esaterako, Podemosek berak gaur egun trantsizioaren ustezko onuren bidetik jarraitzea. Erregimena inoiz baino ahulago dagoenean erregimenaren barnean jarri du bere burua M15aren adierazpena izan nahi zuen esparruak: agerikoa da noraino iristen den aipatu arrazionalitatearen eragina, hainbat eragileren presioaz laguntzen denean.
Gaur egun, erregimenaren parametroetan kokatu nahi dute eztabaida, azken urteotan piztu zen nolabaiteko haustura demokratikoaren itxaropenaren tenporalitatea baztertuz. Nabarmena da espainiar eliteen kontra-ofentsiba joko arauak ardazten ari dela. Eta, zalantzarik ez, horren atzean egunerokotasunaren kudeaketa eredua baino askoz ere gehiago dago, hor antzematen baita ikuspegi ezberdinen arteko talka. Bestela esanda, nabarmena da emantzipazioaren aukera behin betirako itxi eta eliteen botere maila igotzeko asmoa, elite horiek badutelako historiaren irakurketa zorrotza.
Beraiek bai, baina eraldaketa nahi dugunoi horixe bera ukatu nahi digute. Horregatik da hain garrantzitsua ikuspegi estrategikoa (hau da, egiten dugunak edota gertatzen denak helburu estrategikoetara hurbiltzen edo urruntzen gaituen aztertzea) inposatu diguten arrazionalitate eta bere koordenada espazial-tenporalak hausten dituelako. Beste aukerak badaudela erakusten digu, dagoena ez baita egon daitekeen bakarra, indar harreman zehatz baten ondorioa baizik. Horregatik, egungo berehalakotasunetik eta ñabardura zehatzetatik haratago joan beharra dago, azterketa orokorra eta estrategikoa gorpuzteko. Bistan da ez dela gauza bera proposatzen dugun ikuspegiari eustea edo unean uneko hainbat gertaera modu isolatuan aztertzea.
Duela 40 urte Argalak erakutsi zigun, batzuek defendatzen zuten bide intsurrekzionalerako baldintzarik ez zegoela aipatuz, helburu estrategikoetara unean uneko apustu zehatzen bidez iristen dela, egoeraren aukeren inguruko fantasietan erori gabe. Horregatik egin zuen orduko ezker abertzaleak KAS alternatibaren aldeko hautua. Horregatik egin ditu ezker abertzaleak garaiko baldintza eta testuingurura egokitutako proposamen taktiko ezberdinak eta horregatik apostu sendoa egin dugu Nafarroan aldaketa, Euskal Elkargoa eta EAEko Estatus Berrirako Oinarri eta Printzipioen alde.
Gure esperientziak eta orohar, munduko ezkerren eta askapen mugimenduenak erakusten digute gerta daitekeela helburu estrategikoekiko leialtasunaren izenean errealitatearen irakurketa zorrotza baztertzea, gogoak eta errealitatea nahasiz, fase bakoitzeko erronkak desitxuratuz. Akats handia da eraldaketa aukerak gutxiestea, uneko egoera mugiezin gisa harturik, iraganean ezinezkotzat hartutako gauza asko lortu ditugulako. Baina akats handia litzateke, halaber, adorez jardunez gero edozer lortzen ahal dela pentsatzea. Gure helburua posiblearen mugak gainditzea da, baina oinak lurrean beti, ez baitago jauzi egiteko beste modurik.
Agendan jarri beharko dugu berehalakotasunaren kontrako matxinada, ez duzue uste?
1. Enzo Traversori elkarrizketa: https://nuso.org/articulo/traverso-izquierda-melancolia-luchas-memoria/ 2019ko abuztuaren 9ean kontsultatua.
2. Laïdi, Zaki; Le sacre du présent, Champs-Flamarion, 2002.
3. Tamayo, Juan José; ¿Ha muerto la utopía? ¿Triunfan las distopías?, Biblioteca Nueva, Madrid, 2018, 63. orrialdea.
4. Rosa, Hartmut; Alienación y aceleración, hacia una teoría crítica de la temporalidad en la modernidad tardía, Katz, Buenos Aires-Móstoles, 2016.
5. Franco Berandi, Bifori elkarrizketa: https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/7k/editions/7k_2019-07-14-07-00/hemeroteca_articles/la-mezcla-de-hiperinformacion-y-miseria-provoca-efectos-como-el-deseo-de-venganza-la-agresividad-o-el-suicidio-pero-tambien-es-una-de-las-causas-de-la-migracion 2019ko abuztuaren 9an kontsultatua.
6. Mouffle, Chantal; En torno a lo político; FCE, Buenos aires, 2007, 81. orrialdea eta hurrengoak.
7. Hölscher, Lucian; El descubrimiento del futuro, Siglo XXI, Madrid, 2014; 15. 109 eta 232. orrialdeak.
8. Bauman, Zygmunt; Retrotopía, Paidós, Barcelona, 2017.
9. Traverso, Enzo; Las nuevas caras de la derecha, Siglo XXI, Buenos Aires, 2018. Eatwell, Roger; Goodwin Matthew; Nacionalpopulismo, Península, Barcelona, 2019.