SINADURAK

Lide Hernando

Udalbiltzako kultur teknikaria eta musikaria

Kulturaren engranajeen olio falta

2021-01-20

Nire buruari euskal kultura gaur egun nora doan galdetzen diodan bakoitzean, erantzuna argia izan ohi da: “leku onera ez”. Sentsazio itsaskor hori egiaren seinale ala paranoia denik ezin dut argi esan; baina krisi batekin lotu ditzakedan hiru sintoma ikusten dizkiot nik kulturari.


Zaldi Urdina antzezlanaren une bat. Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainiek Euskal Herrian drogen erabilerari buruz idatzitako antzezlana da. Argazkiak / FOKU

 

Bata ekonomikoa da: lehen ere gauza zaila zen arren, 2008ko krisitik hona ezinezko bihurtu da ofizioz kulturgile soilik izatea, eta eskubide ordez, gutxi batzuen pribilegio izatera igaro da. Bigarren, euskara hutsean sortzen den artelan (liburu, disko, antzezlan, film) kopurua gero eta txikiagoa dela atzerriko hizkuntzetan (dela erdara hutsean, dela euskararekin nahastuta) sortzen direnak hartzen ari diren indarrarekin alderatuta. Eta hirugarrena: ez dagoela arte diziplinarik zeinetan kontsumitzaile kopurua eskaintzen den produktu kopurua baino handiagoa den.

Behin ezagun bati, kamioi-gidaria bera, kontatu nion zein lan zaila zen musika sektorearen sindikatu bat sortzea; besterik gabe, helburu ekonomikoei begirako batasun bat lortzea ezinezko ikusten nuelako. Berak ez zuen hori ondo ulertzen: “gure sektoreari ere asko kostatu zitzaion, gure arteko ezadostasunak zirela eta, baina azkenean tontakeriak albo batera utzi eta batu egin ginen!”, izan zen bere erantzuna. Noski, nik ez dakit berak aipatutako tontakeria horiek zeintzuk diren, eta ez naiz horretan sartuko; baina kulturaren sektorean, behintzat musikaren perspektibatik ikusita, tontakeria horiek ez dira ofizioa ulertzearen inguruko ezadostasunetara mugatzen. Arazoa eta, ondorioz, sektorearen zatiketa, estrukturalak dira.

 

«Arazoa eta, ondorioz, sektorearen zatiketa, estrukturalak dira.»

 

Hasteko, kultur sektorean ez dira soilik kulturgileak sartzen. Kulturgileen lana egingarri izateko beharrezkoak diren beste hainbat ofizio ere badaude bertan: ekitaldien antolatzaileak, argi/soinu/bideo teknikariak, erakusketetako komisariak, talde/konpainien management edo ordezkaritza enpresak, road managerrak, backliner-ak, jantzi/eszenatoki diseinatzaileak, zuzendariak, gidoilariak, makilatzaile eta ile apaintzaileak... eta abar luze heterogeneo bat. Horietako bakoitzak modu ezberdinean antolatzen du bere ofizioaren jarduna; izaera juridiko ezberdina du; epigrafe ezberdina du markatua Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, eta maila ezberdinean du aitortua bere jardunaren legezkotasuna. Nondik hasi sektorea batzen?

Ez dut nik alarmista izan nahi; baina pandemiaren eraginez sortu edo indartutako mugimenduek argi utzi dute borrokarako grina handia bai, baina batasunerako aukera gutxi dagoela. Apirileko Greba Digitalean lekurik topatu ez zutenek gero Teknikariok plataforma sortu dute; estatu mailan sortutako Alerta Roja mugimenduan, antolatzaile eta artista txikiek nazioartean ezagunak diren jaialdietako zuzendariekin besoz beso borrokatu behar dituzte euren aldarrikapenak, eta... zentzurik al du horrek?

 

«Pandemiaren eraginez sortu edo indartutako mugimenduek argi utzi dute borrokarako grina handia bai, baina batasunerako aukera gutxi dagoela.»

 

Ba noski ez duela, hein handi batean. Fabrika bateko langileak eta ugazabak lerro berean borrokatzea suposatuko luke horrek. Arazoa, azken batean, biek sabai bera partekatzetik dator: administrazioa eta hark kultura ulertzeko historikoki izan duen ezintasuna. Kultura eta entretenimendua zaku berean jartzea izan da gobernuaren praktika gogokoenetariko bat, eta pandemia garaian agerian geratu da hori. Nik beti borrokatuko dut binomio hori apurtzearen alde; baina egia da kulturaren sektorearen barruan sartzen diren praktika batzuk (jaialdi handiak tartean) entretenimendutik banantzea zaila egiten zaiola nire buruari.

Beharrezkoa da gobernuak, beste herrialde batzuetan bezala, kultura ondasun baliotsu gisa hartzea; horrek sektorea bera hobeto definitzea ekarriko luke, eta bakoitzaren beharrak eta eskubideak zeintzuk diren identifikatzea, denei erantzun bat ematen saiatzeko.

 

Erdaraz sortu, erdaraz kontsumitu

Saiatu arren, ezin dut burutik kendu euskararen presentzia kultur adierazpenetatik ihes egiten ari delako ideia. Pareta batean gaizki emandako margo kapa bat balitz bezala, hainbat urtez hor egon dena eta azken aldian azpiko zuria agerian uzten hasi dena. Musika, Zinema, Literatura eta Antzerkia bezalako diziplinetan sekulako garrantzia du hizkuntzaren hautuak, eta gauzak adierazteko intentziotik haratagoko tresna gisa jokatzen du: bai, lagunok, aspaldian goiko apalean gordetako eta hautsez estaltzen hasitako identitatea hitzaz ari naiz.

Badirudi hainbat eta hainbat hamarkadatan zehar euskal hiztun gehienon ahotan ibili dugun hitz horrek ez duela jada zentzurik gaur egungo gizartean. Eta hori gazteengan, egun euskal kultura kontsumitu eta etorkizunean kultura egingo duten horiengan, argi ikusten da: euskal identitatea pisua galtzen ari den erritmo berean ari dira gazteak euskararen erabilera bigarren plano batean uzten.

 

«Beharrezkoa da gobernuak, beste herrialde batzuetan bezala, kultura ondasun baliotsu gisa hartzea; horrek sektorea bera hobeto definitzea ekarriko luke.»

 

Gazteek euskararen inguruan zer ikuspegi duten aztertu zuen ikerketa kualitatibo batean Soziolinguistika Klusterrak orain gutxi, eta ondorioetako bat izan zen egun ez dutela politizatzen euskararen erabilera. “Badute diskurtso bat, baina gizartean dagoen diskurtsoa da, eurek jaso eta erreproduzitzen dutena. Esango nuke ez dutela ekarpen handirik egiten: betiko leloak topatu ditugu haien ahotan. Ematen du gazteek ez dutela tresnarik, edo ez dizkiegula eman, haiek ere zerbait gehitzeko diskurtso horri. Beraz, irentsi egin dute betiko leloa: euskara hizkuntza zaharra dela, zaindu beharra dagoela, galtzera doala...”, dio Berrian Jone Miren Hernandez ikerlariak.

Argi dago hizkuntza zahar bat biziberritzeko lelo zaharrak behin eta berriz erabiltzeak eraginkortasuna galdu duela. Eta praktika hori ere kultura kontsumitzerako orduan islatzen da. Baina kontua ez da egun erdaraz sortzen duten kulturgile gehiago daudela. Kontsumo ohituren aldaketak eragin du oraingo egoera; hau da, gaur egun artista horiek kultur sektorearen erdigunera eraman izanak. Eta, ez dezagun ahaztu, kontsumo ohituren atzean ez dagoela soilik gizarte baten joera natural bat: hedabideek aldaketa horren aurrean erantzukizun handia dute.

 

«Euskal identitatea pisua galtzen ari den erritmo berean ari dira gazteak euskararen erabilera bigarren plano batean uzten.»

 

Eskaintza eta eskariaz ari garenean, arrautza eta oiloaren galdera egiten amaitzen dugu gehienok: zer doa lehenago? Nik ez dakit zein momentutan pasa ziren euskal hedabide publikoak euskara horren alboratuta uztera; eta ez dakit eskariaren menpeko erabakia izan ote den. Egia esan, horrek ez dit batere axola, hedabide publiko batek ez lukeelako hori egin behar.

Gazteek ez badute hedabideen bidez euren herriaren hizkuntza lehen lerroko kultur adierazpenetan ikusten, ulertuko dute euskara familia eta ikastetxeetara mugatutako komunikazio-bide bat besterik ez dela; funtsean, hizkuntza hila. Ximun Fuchsek argi eta eder azaldu zuen Berriako artikulu batean: “Orain inoiz baino gehiago, gazteekin zorretan gaude. Hitzaren balioa bere lekuan ezartzea zor diegu, zeren eskaintzen diegun mundua ez da oso ederra. Izan gaitezen zintzoak gure artearekin, hitzarekin, errespetuarekin ekin dezagun. Gure komunitateak merezi du, eta bere bizi-iraupenaren giltzak 17 urte ditu”. Tendentziak euskara hutsean egindako kultura gutxiago egitera eta kontsumitzera eramaten bagaitu, inertzia horretan erortzen bagara, gure hizkuntzan idatzitako, abestutako eta interpretatutako kontakizuna historiako orrietara kondenatuko da. Koloretako orban bakanen bat edukitzen jarraitzen duen pareta zuri batera.

 

Izurri garaian Gernikako Astrak kultur programazioari eusteko planteamendua egin du, “Eutsi ederrenari” lelopean. Argazkiak / FOKU

 

Zer egin daiteke?

Xabi Iraola Sortuko Gipuzkoako herrigintza arduradunak etxe honetan bertan esan zuenak oihartzuna utzi du nire buruan: “Inoiz baino gehiago, komunikazio eta kultur-sistema sendoak izatea beharrezkoa izango da nazioek eta nazio identitateek iraungo badute. Are gehiago, estaturik ez dugun nazioen kasuan”. Bada, beraz, ze hobetua kultur sektorean: kultur eragileen praktika aldetik, kontsumitzaileen ohituren aldetik, hezkuntza aldetik eta, batez ere, guztiaren oinarriak jartzeko eskumena eta erantzukizuna duten gobernuaren eta hedabideen aldetik.

Mugimendurik badela ezin daiteke uka: pandemiak jendea berrantolatzeko beharra (lehendik ere bazegoena) berpiztu du, eta horri erantzuteko sortu dira Teknikariok mugimendua, Musikari elkartearen zuzendaritza batzorde berria edota arte eszenikoen Reset plataforma, batzuk aipatzearren. Bada grina gauzak aldatzeko, baita indar horri esker lortutako zenbait garaipen ere: dirulaguntza bereziak, zuzeneko arteen zirkuito berriak... Bingen Zupiria EAEko Kultur Sailburuak oraintsu kultur sektorea krisian dagoela eta neurriak behar dituela aitortzea bera ere bada garaipen txiki bat.

 

«Gazteek ez badute hedabideen bidez euren herriaren hizkuntza lehen lerroko kultur adierazpenetan ikusten, ulertuko dute euskara familia eta ikastetxeetara mugatutako komunikazio-bide bat besterik ez dela; funtsean, hizkuntza hila.»

 

Testuinguru guzti horren aurrean, euskal kulturari argi izpiren bat ematen saiatzeko sortu den beste tresna bat da Geuretik Sortuak proiektua. Euskal Herriko udal eta hautetsiak biltzen dituen Udalbiltza Partzuergoak eta proiektu horretan laguntzen ibili diren kulturgileek argi izan zuten COVID-19ak gure bizitza kolpatu zuenetik: gure hizkuntzan egiten den kulturak biziraun dezan zerbait egin behar bada, orain da unea.

Eta apustua handia da: 30 herri hautatu dira euskal geografia osotik, eta 30 zinegile, antzerki konpainia edota idazle hautatuko dira deialdi bidez. Artista bakoitzak esleitutako herrian egonaldia egingo du eta, herriaren historian egindako murgiltze horretatik, artelan bat sortuko du euskara hutsean, bakoitzak bere diziplinan: film labur bat, antzerki obra bat edota ipuin bat. Horiekin, ostera, parte hartu duten herrietan kultur zirkuitu bat egingo da, film labur, antzerki obra eta ipuin horien aurkezpenak egiteko.

Euskaraz idatz dadin gure historia. Euskararena eta herriarena, Euskal Herriarena. Geuretik sortu dadin etorkizunean guregatik egingo duten kontakizuna, baina geure herrian sortutako artista horien ofizioa duintasunez errespetatuz. Bestela, ez baita ez kultur sektorerik, ez hizkuntzarik, ez eta herririk izango.