SINADURAK

Andoni Olariaga

Krisian bizitzen ikasi

2020-04-01

Krisiak kapitalismoen mutazio eta egokitzapenerako esentzialak izan dira, historiak hala erakutsi digu. Fase desberdinetan krisiak kapitalismoak bere barne desorekei aurre egin eta bere burua berregiteko probestu ohi ditu. Mutazio fase horietan, ordea, aldaketa nabarmenena ez da espaziala edo fisikoa izaten, baizik eta pentsatzeko moduetan, subjektibazio moduetan, organizazio eta elkartze formetan, ohituren aldaketetan, eta abar ematen dira. Ordura arte mundua ulertzeko genuen era aldatzen dute. Zer gertatuko da, ordea, hemendik aurrera? Erabateko aldaketa izango da, orain arte ezagutzen genuenaren eta mundu berriaren artean, edo aldaketa eskalatu txikiak emango dira?


 

Nola iritsi gara krisi honetara?

Garrantzitsua da krisi honetara nola ailegatu garen gogoratzea. Krisi hau beste baten erdian jaio baita, 2008koa, hain zuzen. Ordukoa burbuila finantzieroaren apurketaren ondorioz etorri zen, eta komunaren eta demokraziaren pribatizazio eskalatu bat ekarri zuen, jendartearen prekarizazio prozesu gogor batekin batera. Gurean, ezin ahaztu espainiar estatuko enpresa publiko gehienak sozialdemokraziak pribatizatu zituela lehenik, Aznarrek ondoren: elektrizitatea, gasa, telekomunikazioak, petrolioa, metalurgia, garraioa, osasun sistemaren parte bat… Hego Euskal Herrian Kutxabank eta CANekin berdina egin zen, eta gastu publikoa, oro har, beherazko joeran egon da urtetik urtera. Frantziar estatuan ere estatua eliteen mekanismo bihurtu eta zerbitzu publikoak pribatizatu ziren, frantziar identitatearen zutabe diren hainbat kontratu sozial funtsezko puskatuz, hortik ere jaka horien erreakzioa. Dena den, aurreko bi prozesuetan, ongizate estatuaren pitzadura eta jendartearen prekarizazioaren azkartze bat eman zen. Krisi horrek perspektiba gogor bat ireki zuen: ondorengo belaunaldiek gurasoek baino bizi baldintza material okerragoak izango zituzten. 

 

Tendentziak eta determinismoa

Krisi finantziero, ekologiko eta territorial horren barruan geundela etorri zaigu pandemia mundiala. Mundua hankaz gora jarri du Covid-19 birusak eta orain arte ezagutzen genuen gizartea aldatuko dela inork ez du jada zalantza egiten. Jada zerbait aldatu dela esateko tenorean ote gaude? Badirudi, dagoeneko gertatzen ari ziren tendentzia bi, gutxienez, azkartu dituela: batetik, kapitalismoaren akumulazio fasea azkartu da; eta bestetik, neoestatismoaren berrindartze bat eman da, estatu bakoitzak fronterak itxiz eta krisiari modu desberdinean erantzunez, gurean de faktozko setio egoera ezarriz. Ideologia liberal eta teknokratikoak konbentzitu nahi izan zigun erabaki inportanteenak merkatu finantzieroen esku zeudela, baina ikusi dugu estatua kudeatzaile politiko nagusia izaten ari dela krisi honetan. Eta hain zuzen, krisietan ikusten da soberanoa nor izaten den.

Joerak joera, bada jada gaurko informazio saturazio eta inestabilitate honetatik ausartzen denik nolabaiteko futurologia determinista bat egitera. Irakurketa batzuk optimistak dira: optimistenentzart, krisi honek kapitalismoaren gainbehera dakar, beste batzuentzat, publikoaren balioaren pertzepzioa indartu eta instituzio publiko eta demokratikoei balio gehiago emango zaie hemendik aurrera. Eta bada ikuskera erabat pesimista ere, bizitza oro determinatzen duen neoliberalismoan itzal neurrigabe idealizatu bat eraikitzen duena (ez dago zereginik iraultza osoa egin ezean), eta beraz, krisitik kapitalismoaren transformazioa eta berrindartze totala etorriko dela sinetsita dago.

 

«Badirudi, dagoeneko gertatzen ari ziren tendentzia bi, gutxienez, azkartu dituela: batetik, kapitalismoaren akumulazio fasea azkartu da; eta bestetik, neoestatismoaren berrindartze bat eman da»

 

Iruditzen zait bi irakurketak alboratu behar ditugula. Batetik, ikuskera deterministek irakurketa politikoei egin behar diete leku: etorriko den gizartea politikaren ondorio izango da. Kontuz, ez borondatearen ondorio, ezta inongo determinismoren ondorio ere, politikaren ondorio baizik: indar korrelazio, herri bakoitzaren ehundura sozial eta ekonomiko, aktore politiko desberdinen jarrera eta estrategia, nazioarteko joeren garapena eta eragina, krisi honi ematen zaizkion erantzun ekonomiko, kultural eta sanitarioak… Herri bakoitzaren baldintza kultural, ekonomiko eta estrukturalek eta horiek kontuan hartuz hartzen diren erabaki kolektiboek norabide bat edo bestea indartuko dute, hortaz, zalantzarik gabe. Eta krisia ez da egun batetik bestera konponduko, goizetik gauera, egun batean, dekretuz, krisiaren bukaera iragarriz: prozesu luze bat izango da ziur aski. Agian krisietan bizitzen ikasi beharko dugu hemendik aurrera, krisi permanentean. Izan daiteke.

 

Zer egin?

Zer egin dezakegu egoera honetan eszenatoki hobe bat eraiki nahi dugunok, gure balio eta gizarte ereduetatik hurbilago egoteko? Ezkerrak ezin du norabidea galdu, egoera gogorrenean ere. Ezin du gorrotoak edo haserreak gidatzen utzi. Izan ere, haserrea eskuinaren erregaia da. Haserrea eta amorrua sentimendu zilegiak dira, ondo bideratuz gero, beharrezkoak ere. Baina ekinbide eta analisiak haserretik egiteak su horri erregai gehiago botatzen diote, eskuina indartuz. Ez da lehen aldia krisi humano eta ekonomiko batean haserrea motor nagusia izan delarik halakorik gertatu denik; historian badaude hainbat adibide, eta ez oso optimistak. Eta ezin du, ezta ere, printzipialismoan erori: ezkerrak akordioak egin beharko ditu ere, etorkizunean, gaur kritikatzen ari dituen horiekin. Kontua, lehen bezala orain, indar korrelazioa izango da.

Funtsean, ezker soberanistak, bere eredua, alternatiboa baino, eredu posible bakarra dela erakutsi behar du. Agian orain ireki zaio horretarako abagunea. Izan ere, Euskal Komunitate Autonomoko eliteek gero eta gehiago erakusten ari dira gorputz bakarra osatzen dutela, eta kapitalaren interesak lotsagabeki jartzen dituztela jendartearen interes komunen gainetik: Confebasketik hasi, telebista kate publikora pasa eta alderdi politiko nagusian buka. Auzia ez dago ekonomiaren eta osasunaren artean: gutxi batzuen ekonomiaren eta guztion bizitza eta ekonomien artekoa da. Argi dagoena zera da: herri honen zati bat gobernatzen duenak inkapazitatea erakusten baldin badu soluziobideak emateko krisi humano, sanitario eta ekonomiko honi, kapazitatea duela uste duenak aurrerapausu bat eman beharko du aurrera. Izan ere, elite ekonomikoak eta haien gizarte ereduak ez dira kapaz jendartearen osasuna eta baldintza materialak bermatzeko. Urte luzez gure lurraldean errotutako ereduak halako krisien efektuak areagotzen dituela agerian jartzen ari da, egunero. Urte luzez bultzatutako eredu pribatuak, esaterako, Zaldibarko bezalako kasuak posible egiten ditu. Eta hori aldatu beharra dago.

Jendarteak, beti bezala, aurrea hartu du, izugarrizko erakustaldia emanez: zaintza sare lokalak eratu dira, hainbat langile zahar-etxeetan itxi da helduen osasunez goiz eta gau arduratzeko, Izarkom telekomunikazio enpresak konexioa ahalbidetuko die internet konexioa etxean ez duten gazteei; Errenteriako udalak sarea eta ordenagailuak beren herritarrei… eta beste hainbat eta hainbat iniziatiba hartu dira dagoeneko.

Etorriko denari aurre egiteko, herri bezala pentsatu eta ekin beharko da, zalantza gabe.

 

Hemen artikulua entzungai.

Erria Aldizkaria · Krisian bizitzen ikasi [Andoni Olariaga]