SINADURAK

Andoni Olariaga

Iratzar Fundazioko kidea

Hipotesi estrategikoaren gaurkotzea Argalaren ekarpenetatik abiatuta

2019-04-01

ENAMen sorreran funtsezkoa den auzi bat testuingurua jartzeko asmoa du testu honek: hain zuzen, auzi nazionalaren eta klase borrokaren arteko harreman dialektikoari. 50eko hamarkada bukaeran Euskal Herriko errealitaterako eredu baten bila dabil belaunaldi gazte bat, ezkertiarra eta euskaltzalea: Krutwig, Txilardegi, Madariaga, Etxebarrieta anaiakā€¦


Telesforo Monzon eta Argala.

 

Euskal matxinadaren sorrera: intuizioak eta inspirazioak

Belaunaldi gazte horri hainbat galdera bururatzen zaizkio: Euskal Herriak aske izan nahi baldin badu, biolentzia iraultzailea beharrezkoa du, bai ala ez? Nola ulertu herria, nazioa, kultura, lan harremanak? Nola uztartzen dira klase borroka, herrien arteko elkartasuna eta emantzipazio nazionala? Kolonia bat al da Euskal Herria? Galdera potoloak, literatura ugari eta mundu mailako inspirazio iturri askotarikoak.

Batez ere, bi auzien (nazionala eta soziala) uztarketaren dialektikak du pisu handiena. Garaiko testuingurua kontuan hartu behar da: ordura arte sozialismoa sektore espainolistek (PSOE, UGT eta PCE) defendatzen zuten batez ere (ANVren salbuespena kontuan hartuz), eta, bestetik, euskal nazionalismoa, EAJ, izaera katoliko, klase borrokaren ukatzaile, sozialismoaren kontrako eta nazioaren iruditeria arrazista batean oinarritzen da (hizkuntzan edo borondatean oinarritu ordez). Testuinguru horretan, eta horri guztiari erantzunez, sortzen da ENAM. 60ko hamarkadan ebatziko da, ETAren V. asanbladan, emantzipazio nazionalaren eta klase borrokaren dialektikaren uztarketa modua.

 

ENAMek beste bide bat ireki zuen, marxismoaren influentziarekin baina beste korronte batzuei aterik itxi gabe.

 

Ezker europarraren zati handi bat marxismo sobietikoaren influentzia handiarekin gorpuzten ari zen. Izan ere, marxismoaren uholde handi bat sartu zen, ez Europan garaian zabalduago zeuden marxismo kritiko eredukoak, sobietarragoak baizik. “Gure artean bazebilen gutxienez dozena bat erakunde marxista, denak total zientifikoak eta denak elkarren arerio (…): PSOE (1979rarte marxista ofizialki), PCE, PCE (m-l), FLP, PCEr, PTE, ORT, MCE. ETAKo eszisioetatik eratorriak: V. Batzarretik, ETA-Berri, EHko Komunistak, EMK; VI. Batzarretik, LKI (Trotskista), Celulas Rojas (Saioak)” (Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. J. Azurmendiren hizaurrea. 2019. Jakin). Mugimendu marxista hauetako batzuetan, abertzaletasuna burgeskeri ttipitzat jotzen zen, langileriaren batasunerako oztopo edo distrakzioa.

ENAMek, beraz, beste bide bat ireki zuen, marxismoaren influentziarekin baina beste korronte batzuei aterik itxi gabe. Jarrairen 1992ko V. Biltzarrean (“Iragana irakasgai, oraina lanabes, etorkizuna ardatz”) ongi adierazten da bide horren izpiritua: askapen mugimendua ohitura marxistan sustraitua badago ere, ez duela marxismoaren “interpretazio hertsi eta mugiezina” egiten. Haren izaera dialektikoaren balioa azpimarratuz, irakurketa estatikoetatik urruntzen da. «Guri marxismoak ekarpen haundiak egin, egiten dizkigu. Baina ez gaude beste filosofia batzuetara itxiak. Guztiz alderantziz, marxismo bera berritu, eta baliagarriak diren beste filosofien ekarpenak Euskal herrira eta gure estrategiara egokitu eta jorratzen ditugu» (17-18.). Marxek berak marxismoa ikusteko zuen erarekin bat egiten du horrek.

Arrazoi desberdinak daude aurrekoa azaltzeko: batetik, euskal gizartearen superbibentzia lanetan instituzio euskaldunak exilioan egoteak –eta, beraz, belaunaldien arteko zubigintza ezin egiteak– nahikoa autonomia ahalbidetzen dio errenazimentu kultural euskaldunari. Bigarren, belaunaldi berriak laikoak, euskaltzaleak eta joera sozialekoak dira. Bada hirugarren faktore bat ere, garrantzitsua: eredu marxista dogmatiko bati jarraitu ordez, beste hainbat iturritatik edango du belaunaldi horrek. Hain zuzen, hirugarren munduko askapen mugimenduen eragina aipagarria da. 1949ko Txinako iraultza, Kubako hamarkada gerrillaria, 1954tik 1962ra Aljerreko independentzia gerra, Vietnameko gerra eta beste hainbat gertaera zein horiek utzitako literaturak inspirazio iturri nabarmenak izango dira euskal matxinadaren iruditeriaren konfiguraziorako. Horrez gain, aipatzekoa da 60ko hamarkadako mundu mailako loratze feministak ez zuela espero izatekoa den eragina izan ENAMen sorreran, baina bidea ireki zuen aurrerago feminismoaren ardatza kontuan hartua izan dadin.

Izaera heterodoxo horri esker, intuizio eta metafora ederrak sortuko ditu askapen mugimenduak. Eta bi zutabe nagusi: lehena, independentzia eta sozialismoa txanpon beraren bi aldeak direla dioen ideia. Bigarrena, euskal langile herriaren formulazioa.

 

Zergatik dira txanpon beraren bi aldeak independentzia eta sozialismoa?


Gazteluko abade etxea. V. asanbladaren lehen zatia bertan egin zuen ETAk.

 

Argalaren ustez, estatu mailako iraultza sozialista bat sekula ezin da izan zapalkuntza nazionalaren irtenbidea.

 

Zergatik da emantzipazio nazionala klase borrokaren konkrezioa Euskal Herrian? Azpimarratu behar da, nazio arazoa aldez aurretik emandako definizioak finkatuta baino, egoera konkretu batzuetatik abiatuta hartzen dute Marxek zein Leninek nazio auziarekiko jarrera bat edo bestea. Euskal Herrian, 60. Hamarkadan eztabaida bizienen motibo izango dira, 1970.ean zatiketak emango dira Eztabaida hori puri-purian dagoela egin zen 1966an V. asanblada, ETA IV.eko Ofizina Politikoaren posizioak argitzeko, Txillardegik hala eskatuta.

Asanbladaren lehen zatian, Informe Txatarra idatziko du Etxebarrieta nagusiak, ETA IV.aren Ofizina Politikoaren posizio estatalistak kritikatzen. Espainiako langile klaseko frontean sartu ordez, euskal herriko fronte propioa eratzearen alde mintzatuko da. Brankaren 7. zenbakian gogoratzen zenez, aljeriarrek ez zuten fronte aljeriar-frantsesa sortu liberaziorako; irlandarrek ere ez anglo-irlandarra, ezta finlandiarrek finlandiar-errusiarra ere: «los países que tenían y han resuelto su problema nacional, han creado un Frente Nacional de Liberación». Hain zuzen, ETA IV.ak defendatzen zuen Euskal Herrian langileria dela soilik zapaldua, eta burgesia, orokorrean, zapaltzailea. Jose Luis Zalbidek Hacia una estrategia revolucionaria vasca testuan aurrekoaren kontra egin zuen. Bere iritziz, horrek Euskal Iraultza ukatzen du; izan ere, ez badago klase arteko batasunerako beharrik, euskal ezaugarri nazionalak eta klase arteko aliantzen esperientzia historikoek ez dute inongo zentzurik. Baina orduan euskal iraultzaz hitz egitea zentzugabea litzateke, eta Euskal Herriko emantzipazio borroka iraultza espainolaren azpiatal bat litzateke (Euskadi eta askatasuna, 2.zk; Txalaparta, 1993: 65). Prozesu iraultzailea zapalduak dauden herri sektoreen hazkunde material eta izpiritualean datza, eta horretarako, estatu zapaltzailea garaitu beharra dago. Alegia, estatuaren aparailu politiko, burokratiko eta militarra zutik jarraitzen duen artean, klase dominanteak herria berdin zapalduko du. Beraz, esandakoak ez du zerikusirik klase batzuek besteen aldean boterea handitzearekin.

1970eko hamarkadaren hasieran zatiketa gertatu zen ETA VI. eta V. artean. ETA VI.aren helburua euskal estatua izanda ere, estatu-nazioaren baitako klase estrategia proposatzen zuen (Errusia Handiko eredua goitik behera aplikatuz, Argalak kritikatua), baita estatuko langileen batasuna ere, auzi nazionalak langile klasea zatitzen zuelako aitzakian. Argalaren ustez, estatu mailako iraultza sozialista bat sekula ezin da izan zapalkuntza nazionalaren irtenbidea. Independentziaren lorpenak estatu espainolaren porrota exigitzen du. Horrez gain, Espainiaren batasuna burgesia espainolarentzat bezain sakratua zen garaiko ezker espainiarrarentzat, eta Euskal Herriaren auzi nazionala enbarazua.

Askapen mugimenduaren inspirazio iturri handia izandako Frantz Fanonen arabera, eraikuntza nazionala balio unibertsalen deskubrimenduari lotuta dago (“Artista eta idazle beltzen bigarren kongresua”, 1959). Askapen nazionalek ez dute beste nazioekiko urruntzea ekartzen; aitzitik, herriak historiaren eszenatokian presente egiten ditu, kontzientzia internazionalista piztuz. Argalak zioen bezala, herrien arteko internazionalismoa sustatzeko modu onena baldintzak dauden lekuetan prozesu iraultzailea aurrera eramatea da. Gogoratu behar da prozesu iraultzaile handienek nazioa izan dutela ardatz: Kuban, Vietnamen, bigarren mundu gerrako emantzipazio borroketan eta beste hainbatetan. Alegia, ezkerrak iraultza sozialak emantzipazio prozesu nazionalekin lotu izan ditu historikoki.

Hortaz, nazionalismo iraultzailea aldarrikatuko du euskal askapen mugimenduak, non nazionalismoa internazionalismoaren forma bat den, eta independentzia, iraultzaren helburu estrategikoa. Klase borrokak, hortaz, nazio askapenaren forma hartzen du Euskal Herrian: txanpon beraren bi aldeak dira. Kontraesan nagusia hori bada, emantzipazio subjektua herritarra da. Txabi Etxebarrietak Zutik-en 44. zenbakian idatzitako “El socialismo vasco y el frente nacional” testuan, herri frontea egitearen kontra egon eta klase subjektua planteatzen dutenak gogor kritikatuko ditu, «se colocan en una postura de "izquierdismo infantil", desperdician inútilmente aliados provisionales y se crean gratuitamente enemigos definitivos desde ahora; así, al aumentar las divisiones en Euskadi, hacen el juego objetivamente (prescindiendo de intenciones) al imperialismo español y francés».

Hortaz, emantzipazio nazionala da korapilo ideologiko nagusia. Nazio askapen mugimenduaren helburu estrategikoa independentzia eta sozialismoa da: «luchamos por la construcción de un Estado socialista vasco, unificado, independiente y euskaldun. Esta es una lucha, o va a ser una lucha muy larga, va a ser una lucha dura». Emantzipazio nazionala eta klase borroka, hortaz, elkarrekin ulertu behar dira. Eta, beraz, «ETA opina que la lucha de clases en Euskadi, hoy día, cobra la forma de enfrentamiento entre la oligarquía monopolista (española) y el pueblo vasco, concepto este último que incluye a la clase trabajadora y al conjunto de capas o sectores sociales con intereses antimonopolistas de Euskadi» (Txikia Komandoaren informea, 1974). Klase borroka, hortaz, oligarkia monopolista espainolaren eta euskal herriaren arteko konfrontazioaren forma hartzen du, non zapalduen artean langile klasea eta sektore sozial burges antimonopolistak leudekeen.

 

Euskal Langile Herria


Telesforo Monzonek alderdi abertzaleen arteko elkarrizketak sustatu zituen Txibertan 1977an, trantsizioari modu bateratuan egiteko aurre.

 

Formulazio horrek (PTV) nolabait garaiko bi fenomenori erantzun nahi zien: nazionalismo tradizionalaren iruditeria etnizista gainditzea, eta, migrazio uholdeari herritartasuna aitortuz, borroka nazionalaren eta sozialaren subjektutzat hartzea Euskal Herrian bizi zen langileria.

 

Nazio arazoari, hortaz, klase ikuspegitik begiratu behar zaio, eta lehen kontraesana hau du: «oligarkia monopolista espainolaren eta euskal herriaren arteko konfrontazioaren forma hartzen du. Euskal herria kontzeptuak langile klasea eta interes antimonopolista duten Euskadiko sektore sozialak biltzen ditu» (Argala). Euskal burgesia nazionalak ez du gaitasunik independentziaren motorra izateko, eta autonomia eskatzera mugatzen da: hortaz, sektore herritarrak dira motorra. Baina helburuetara bidean, fronte nazionala eratu behar da. Aurrekoari erantzunez, nolabait, helduko da Pueblo Trabajador Vascoren (EHL) formulazioa. Horrela, bi borroken uztarketa horri gorputz politikoa emango dion subjektua definituko da. Formulazio horrek nolabait garaiko bi fenomenori erantzun nahi zien: nazionalismo tradizionalaren iruditeria etnizista gainditzea, eta, migrazio uholdeari herritartasuna aitortuz, borroka nazionalaren eta sozialaren subjektutzat hartzea euskal herrian bizi zen langileria.

1965ean idazten da “Carta abierta de ETA a los intelectuales vascos”, eta Zutik-en zenbaki berezi batean topa daiteke lehenengoz. Euskal Herrian edo kanpoan jaiotako langileak berdin kontsideratzen dira euskal herritar. Erakundeak nazioaren berresanahitze bat egiten du horrela: gu langileak, xumeak, herritarrak, gu gara herria, «abizen luzeko kapitalista horiek baino», beren burua abertzaletzat jo baina herriaren bizkar aberasten direnak bainoago.

1967an, V. asanbladako bigarren zatian definizio aberatsagoarekin egingo dugu topo, non hiru korapilo askatu nahiko diren: herritartasunaren kontzepzioa (nor da euskal herritarra), naziotasunaren oinarri objektiboak (kultura eta hizkuntzari pisua emanez) eta estrategiaren subjektua (euskal proletalgoa buru gehi klase antimonopolistak). Herritartasunari dagokionez, euskal herritartasunean oligarkikoak ez ziren euskal klase guztiak sartzen ziren, burgesia nazionalarekin dudak agertuz. Egitasmo askatzailearen buru euskal proletalgoa izango zen, eta euskal burgesia, aliatua. Aurrerago, V. asanbladaren bigarren zatian, 1967an jada, EHLk oligarkiak zapaldutako klase herrikoitzat definitzen zituen. Gogorarazi behar da, subjektuaren definizio horretan, Euskal Herriaren arerioa Espainiako eta Frantziako estatuak direla, ez espainiar langileria. «En la realidad actual es la clase burguesa quien representa la totalidad de España y la que encarna sus destinos» (Branka, 1. zk; 1966).

Urteen poderioz, herritartasun subjektua –erradikala eta demokratikoa– izan da ezker abertzalean nagusitu den EHLren adiera. EHL emantzipazio sozial eta nazionalaren subjektutzat hartzen da, nazionalismo tradizionalaren iruditeria etnizista gaindituz, horien parte kontsideratuz «euskal Herrian eta dependentzia nazionalaren egoeran lan-indarra saltzen duen jende oro» (ETA VI, Zutik 51. zk). Intuizio horrekin, abilezia estrategiko handia erakutsi zuen testuinguru horretako erronkei erantzuna emanez. Mugimendu historiko baten zutabea bilakatu zen, klase borrokaren eta emantzipazio nazionalaren uztarketa emateaz gain, subjektuaren definizio irekia egiten baitzuen.

 

Argalaren analisia trantsizio garaian: herri frontearen beharra


Juan Carlos de Bonbón erregearen kargu-hartzea.

 

Argalak zioen bezala, iraultza egitea -eta ez iraultzaile izatea- momentuko estruktura politiko, kultural, sozial eta ekonomikoak aldatzeko efikazena den hori egitea da.

 

Erregimen frankistaren trantsizio bidean jarriko da Espainiako estatua 1970eko hamarkadatik aurrera. 1973an trantsizio orkestratua zailduko duen ekintza historiko garrantzitsuenetako bat Carrero Blancoren aurkako ekintza armatua izango da. Horren kontrako kritikak aztertuko zituen Argalak: batetik, EAJren ustez (Leizaola exilioko Euskal Gobernuaren presidentearen ahotik), ekintza horiek egiten dituztenak ezin dira euskaldunak izan. Argalak gogoraraziko du Euskal Herria ez dela animalia espezie berez bakezalea: munduko beste herri guztiak bezalakoa da, pazifikoa horretarako baldintzak daudenean, eta alderantziz. Bestetik, PCEren kritika dago, ekintza hori masa borrokarentzako kaltegarria dela, langile klasearentzako kaltegarria; errepresioa areagotuko duela, eta abar. Argalak egiten duen irakurketa politikoa, berriz, hau da: momentu iraultzailea sortzeko ezinbestekoa da klase dominantearen barne kontraesanak azaleratzea, bere botere aparailuaz gain. Carreroren aurkako ekintzak (erregimenaren kontrako ekintza, finean), «aurreikusi bezala, errepresio anker eta basati bat eragingo du; batez ere, argi eta garbi kontrajarriko ditu Euskal Herri osoa eta gobernu zapaltzailea» (Sartre, Burgosko prozesua). Argalarentzat ez dago zalantzarik: Carreroren exekuzioa kolpe handia izan zen, eta Estatuan lo zeuden elementu kontraesankorrak piztu zituen. Elementu horien pizkundeak efektu erradikalizatzailea izango du –eta, beraz, konfrontazioa–, eta polarizazioa areagotuko du.

Erregimenaren usteltze prozesu horretan, Argalak egiten duen aurreikuspena argia da: oligarkia espainolak erregimen faxista bat forma (eta ez eduki) demokratikoz jantzi nahi du, Europan eta Espainiako estatuan legitimitatea irabazi aldera. Horrez gain, Euskal Herria herri industrializatua izanik, krisi ekonomiko estatala gogorra izanik ere, Argalak aurreikusten du ezinezkoa dela inongo garaipenik lortzea datorren markoan posizio ilegal bat hartuz; alegia, «será preciso ocupar un lugar en las instituciones democráticas: partidos políticos, sindicatos…». Izan ere, demokrazia burgesak legitimitatea lortuko du, Europan zein jendartean, hauteskundeen bidez. Hortaz, matxinada armatuaren posibilitatea baztertua geratzen da: indar harremana ez da aldekoa, %60 inguru dagoelako independentziaren kontra, eta alde dagoen ehuneko handiena ez dago prest prozesu iraultzaile batek dakartzan ondorioak (politiko-humanoak) asumitzeko, Argalaren esanetan.

Helburu estrategikoa, hortaz, momentuko irakurketa politikoari dagokion mugimendu taktikoren bati lotu beharra dago. Helburu horrekin sortuko da 1976an Koordinadora Abertzale Sozialista (euskal alderdien koordinadora tekniko bat izatetik, ezker abertzale osoa bilduko duen alternatiba izatera pasa zen, maila taktiko zein estrategikoan hartu beharreko erabakiak hartzeko). KASen helburu estrategikoa Euskal Estatu aske, sozialista, bateratu eta euskalduna lortzea izanik, minimoen proposamen taktiko bat proposatuko da. Horren helburua, independentzia eta sozialismora bidean, «supone un paso muy importante por cuanto también a partir de él se puede pensar en un camino un poco más suave, en un camino en que los enfrentamientos sean menos brutales, de que la violencia sea menos necesaria» (Argala).

1978an ETAk KAS alternatiba eguneratuko du, bost puntutan, elementu berritzaile bat sartuz:, Estatuarekin akordio bat egiteko posibilitatea; alegia, su-etena ez da bere azken helburuekin lotzen, baizik eta helburu horiek bitarteko pazifikoekin lortzeko baldintza minimo batzuekin. Azken finean, helburua argia da: herriaren gehiengoari alternatiba taktiko asimilagarri bat proposatzea, «que nos permita agrupar en torno a él un número de fuerzas suficientes como para obligar a la oligarquía a quedar definitivamente aislada y enfrentada al pueblo, abriendo el camino de una revolución popular o aceptar que la democracia burguesa se implante sobre unas bases que nos permitan consolidar un poder efectivo suficiente como para garantizarnos la posibilidad de dar nuevos e irreversibles (en la medida en que tal palabra tiene validez) pasos hacia el logro de una democracia popular» (Argala).

Helburu estrategikoetara bidean eta pauso taktikoak lagun, bi mailatan organizatu behar da herria, Argalaren iritziz: batetik, auzo, lantoki eta herri mugimenduetan, oro har; eta, bestetik, masa erakunde eta alderdietan. Lehenean soilik geratzea ez da aski: «este nivel de organización plantearlo a nivel inmediato y general puede resultar un poco utópico por ello creo que la gente que sea mas consciente del problema tiene que organizarse en los partidos o en los organismos de masas que defienden ese tipo de organización y que defienden esos objeticos que antes he dicho de independencia, reunificación, socialismo y euskaldunización dentro de Euskadi» (Aizpurua, 2018: 467). Alderdi horrek, momentu bakoitzean, bere orientazio estrategikoa galdu gabe, taktika egokia aplikatzen jakin beharko du. «Es decir, que sepa mantenerse unido al pueblo sin sacrificar sus objetivos estratégicos (…) Nuestra opción es crear a partir de KAS un frente popular independentista…» (Aizpurua, 2018: 432).

Testuinguru horretan emango dira Xibertako elkarrizketak; zehazki, 1977an, Angelun, eta Monzon eta Argalaren papera garrantzitsua izango da. Hain zuzen, herri fronte bat osatzen saiatuko dira, herri fronte komun bat artikulatzen, zabala eta interklasista. Argalak argi izango du, bide horretan, egoera ondo interpretatu eta helburua ondo zehaztu ondoren, hori lortzeko modu efikazena lortu behar dela. «Lo primero que tenemos que tener claro es qué es lo que buscamos, el objetivo, y después, la manera más eficiente de conseguirlo. No se trata de dar la chapa, sino de hacer pensar al interlocutor. Al pensar es cuando avanzamos; cuando te das cuenta de que retroceder no significa siempre marcha atrás. Si retroceder supone corregir, eso es avanzar. Ya ves que casi todas las palabras tienen varias vertientes. El problema está en acertar donde nos situamos» (ibid. 260).

 

 

Hipotesi estrategikoaren eta subjektuaren gaurkotzea


KAS Alternatiba izan zen ENAMek frankismoarekiko hausturarako landu zuen minimoen programa.

 

Hasierara bueltatuz: posible ote da nazioa (identitatea, kultura...) eta lan-harremanak (klase borroka) bietako batera erreduzitzea? Herriak eta pertsonak beren lanaren produktu soiltzat jotzea absurdoa da, identitatea ere auzi materiala delako.

 

Hasierara bueltatuz: posible ote da nazioa (identitatea, kultura…) eta lan-harremanak (klase borroka) bietako batera erreduzitzea? Herriak eta pertsonak beren lanaren produktu soiltzat jotzea absurdoa da, identitatea ere auzi materiala delako. Ezin da, hortaz, harreman sozialen subjektua (gizakia) aurresuposatu gabe klase arteko borrokaz hitz egin. Lotura duen dialektika bat dago bien artean: hau da, gizakia ez du soilik lanak egiten, gizarteak, komunitateak ere egiten baitu: herriari, hizkuntzari, lanari, kulturari, generoari, tradizioei lotuta bizi da, guztiak ditu baldintzatzaile materialak.

Euskal auzia klase borrokaren eta herri zapalkuntzaren kointzidentziak azaltzen du. Izan ere, Espainiaren zein Frantziaren batasuna da euskal herriaren dominazio sistema zehatzaren giltzarrapoa, opresio mota desberdinak (patriarkala, gazteekikoa, nazionala, kulturala…) inposatzen diren markoa. Elite eta oligarkia finantzarioen klase proiektua aurrera eramateko ezinbesteko orubea da bi estatu-nazioen batasuna. Elite finantzarioen markoa estatu-nazioa izanik, marko horretan errotuta inposatzen du bere proiektu politiko nazional, patriarkal eta antidemokratikoa.

Hori dela eta, askotariko emantzipazio borrokek beste eszenatoki bat izan dezaten, ezinbestekoa dute orube hori haustea. Leninek esan bezala (Eneko Compains, Gaztetxes y lucha obrera. Sobre el naciente izquierdismo en la Euskal Herria de hoy), iraganera lotzen gaituen katea begi ahulenetik hautsi behar baita: 78ko erregimenera lotzen gaituen katebegi ahulena nazio auzia da, eta erregimena hausteko bide eraginkorrena horixe da. Horregatik da emantzipazio nazionala askatu beharreko kontraesan nagusia. Gaur egungo testuinguruan, aldaketa estruktural hori posibilitatzen duen egitasmoa 78ko erregimenaren haustura da, independentzia nazionala. Kataluniako prozesuari begiratzea baino ez dago aurrekoaz jabetzeko, bi zentzutan: bat, eliteen mugimenduak Espainiaren batasunari guztiz lotuta daude; eta bi, hala espainiar ezkerrarentzat nola eskuinarentzat, espainiar batasuna sakrosantua da. «Antes una España roja, que rota», esaten zuen Calvo Sotelok lehen, eta «Podemos es la mejor garantía para la unidad de España» dio Pablo Iglesiasek egun.

Kontraesan printzipala nazionala izanik, subjektuak ere tamainakoa behar du. Eta auzi horretan askatu beharreko korapiloak askatzeko, Euskal Langile Herriaren kontzeptua, eta praktika, birpentsatu egin behar da. Batetik, burgesia nazionalaren auzia mahai gainean jarriz; bestetik, langile klasearen eta klaseen azterketa eguneratuz. Izan ere, lan mundua eta langileria aldatu egin dira XX. mende erdialdetik XXI.era: langile klase pertenentzia ekoizpen eta ekonomia modu jakin bati lotuta zegoenean, klase borroka klasikoak definitzen zuen gatazka soziala, eta erraz antzematen ziren antagonismoaren lekuak. Paradigma post-fordistak langile-klasea eraldatu eta fragmentatu du, flexibilizazio eta prekarizazioarekin. Prekariatua, hain zuzen, langile klasearen desestrukturazioaren ondorio da. Subjektu berria ez da hain organikoa egun, baizik eta territorialagoa, ideologikoagoa eta tematikoagoa. Hortik abiatuta pentsatu behar da subjektua, naziotasunaren, klasearen eta generoaren ardatzak kontuan hartuz, naziotasunaren, herritartasunaren eta askapen subjektuaren auziak txirikordatuz, desberdinak izan arren elkarri eragiten dioten auzi bezala. Euskal Herriko mugimendu feministak erakutsi du, bikain erakutsi ere, praktikan artikulazio hori posible dela.

Ezker abertzalearen hipotesi estrategikoak (independentzia, sozialismoa eta feminismoa) zera bilatzen du: botere ahalmena –formala eta materiala– herritarren esku izatea; eta hori oztopatzen duten baldintzatzaile material eta formalak deuseztatzea. Hortaz, hipotesi estrategikoaren bihotzean alde anitzeko burujabetza material eta formala egonik, txanpon beraren bi aldeak baino, forma poliedrikoa duen borroka elkarlotuak daude: lurraldea, generoa, demokrazia, bizitza, kultura, zaintza, gorputza… Batak besteari eragiten eta baldintzatzen dioten elementuak izanik, elkar inplikatuta ulertu behar dira, gure kasuan, askatu beharreko korapilo nagusi bat dutelarik galga.

Egungo testuinguruan, Argalak egiten zuen azterketaren puzzlea oso baliagarria zaigu, gauden koiuntura politikoa kontuan hartuz eszenatoki posibleak aurreikusteko eta hegemonia kulturalaren azterketa zorrotza egiteko, indar harremanen analisi zintzoarekin batera: aurreko analisitik mugimendu taktikoa pentsatzea, helburu estrategikoak beti iparrorratz zein bidaide izanik. Alvaro García Linerak dioen bezala, politika ez da soilik indar harreman edo mobilizazio ahalmenaren kontua; konbentzimendua ere bada, artikulazioa, zentzu komunaren garaipena, garaiko ortzimuga komunitario baten borroka, azken finean. Horrekin batera, Argalak zioen bezala, iraultza egitea —eta ez iraultzaile izatea— momentuko estruktura politiko, kultural, sozial eta ekonomikoak aldatzeko efikazena den hori egitea da.

Statu quo-a aldatzeko, ortzimuga berri hori marrazteko begiratzen dugu iraganera. Erronka berriei heltzeko, nondik gatozen argitu, iparrorratza buruan eta bihotzean dugula, aldatu dena kontuan hartuz, non gauden zintzoki analizatuz, nora eta nola joan nahi dugun argi izanik, inor engainatu gabe. Borroka moldeen uztarketa hori ez delako kapritxozko kontu bat, ezta auzi teoriko hutsa ere. Independentzia, sozialismoa eta feminismoa helburu duen abertzaletasuna, herritar askez osaturiko herri aske bat nahi duena, politikoki defendatzen eta egikaritzen asmatuko duguna, horixe delako gure erregaia.

 

 

Emakumearen emantzipazioa ENAMen 50-60ko hamarkadetako idatzietan


ETAko militanteak trenbide batean ekintza prestatzen.

 

Nazionalismo askatzailearen teoria hegemoniko gehienek ez dituzte kontuan hartu genero harremanak (Onintza Odriozola, Erakunde bat baino gehiago: ETA herri mugimendu gisa (1958-1968); EHU, 2016: 36). Euskal Herrian, Ekinen eta ETAren 50eko hamarkadako dokumentutan ez dago hausnarketa espliziturik emakumeen jardun abertzaleari buruz (217). Abiapuntua Ekinek ateratako Moral de resistencia nacional koadernoan legoke, euskal etxeari buruzko gogoeta batean. 1960-1961 urteetan koaderno bera berrargitaratu zen Liburu Zurian, eta «euskaldunek emakumeari buruz izan duten ikuspegia» azaltzen da. Modu esplizituan aipatzen ditu emakumeak, eta beren rola espazio pribatura eta amatasunera mugatzen du berriro (Odriozola, 2016: 218). Beraz, EAJren emakumeen irudi berbera erreproduzitzen du haserako ETAk: genero rol banaketa, eta genero estereotipo bereizketa.

Urte batzuk geroago, 60ko hamarkadaren hasieran, emakumeen eskubide eta borroken inguruko diskurtsoa ENAMen txertatzen da, pixkana eta modu apalean. 1964-1965ean Carta a los intelectuales vascos delakoan modu esplizituan aipatzen da, lehen aldiz (Etxebarrieta & Rodriguez, Borroka armatua eta kartzelak; Lisipe, 2016). Horrek polemika handiak piztuko zituen. Eskubide eta aukera berdintasuna aipatzen ziren, baina etxeko paperaren betebeharra azpimarratzen zen. Aipatzekoa da lan erreproduktiboa ordaindua beharko litzatekeela esaten dela. Horrez gain, rol soziala berbera egozten die emazte eta ama gisa, baina, Odriozolak azpimarratzen duenez, «beste ikuspegi bat ematen die: etxeko esparrua lan esparru gisa definitzen baitu, balio ekonomikoa duen esparru gisa» (222). Marxismoaren eragina nabari da familiaren zentzu politiko eta ekonomikoa azpimarratzean.

1965ean argitaratu zen La liberación de la mujer artikulua, eta inflexio puntutzat jo daiteke (ibid.). «Lehen aldiz egin zuen ETAk emakumeen askapenari buruzko hausnarketa eta, besteak beste zera dio: ETAren helburu sozialistetan emakumeen askapena eta sustapen soziala premiazko helburua dela (Zutik, 29; Hordago, 1979, 3, 493)» (ibid. 223). Zapalketaren ondorioz jendarteak emakumea arazo politiko, ekonomiko eta sozialetatik kanpo utzi izana salatuko du ETAk. Horrela, genero diskurtso berri baten agerpena emango da, apala izan arren, kontuan hartu beharrekoa.

«70eko hamarkadara arte itxaron behar dugu Europa Mendebaldeko mugimendu feministaren eraginez emakume aktibista batzuek ETA mugimenduaren barruan (gero ENAMen) erakunde feministak sortzen ikusteko. Eta, ildo berean, abertzale feministak Mujeres Trabajadoras Vascas kontzeptuarekin zapalketa hirukoitzaren (klase, genero eta nazio menderakuntzaren) identitate politikoa eraikitzera iristeko (1998, 173 or.)» (Odriozola, 2016: 225).