Argitxu Etxandik Ipar Euskal Herriko hauteskundeen harira ERRIA aldizkariko 5. zenbakirako idatzitako artikulua ekartzen dugu webgunera, alearen aurrerapen bezala. Bertan, hauteskundeetako emaitzak abiapuntu hartuz, biharko udalgintza baldintzatuko duen Frantziako estatuko administrazioak bizi dituen aldaketei buruz aritu zaigu.
Argazkia: FOKU
Herriko Etxeen egoera
Egia da hainbat eskuduntza Hirigune Elkargoari tranferituak izan direla —garapen ekonomikoa, hirigintza, ura, zaborren kudeaketa— baina horrek ez du kentzen Herriko Etxeek oinarrizko funtzio bat betetzen dutela. Lehenik eta behin, Herriko Etxeak dira demokraziaren berme, Hirigune Elkargoko ordezkariak ez direlako oraindik sufragio zuzenaren bidez hautatuak —hortxe dugu, hain justu, biharko erronketariko bat—. Horrez gain, Herriko Etxe batek oraindik hainbat erronka ditu bere gain, besteak beste arlo sozialean eta tokiko bizitzaren kudeaketari begira.
Herriko hauteskundeen parte bat joan den martxoan iragan zenez, aipatu beharra da Frantses estatuaren barneko hauteskunde sistema, araudi elektoralak gauza asko baldintzatzen baititu. Lehenik, azpimarratzekoa da hautetsiak norbanakoen izenean aukeratuak direla, hots, alderdiek ez dute berezko tokirik herrietako hauteskundeetan. Noski, nahi duena familia politiko baten izenean joan daiteke baina finean, hautesleek pertsonak dituzte hautatzen. Horren ondorioz, zerrenda anitzak garatzen dira herri gehienetan, tendentzia politiko asko elkar batuz. Horrek eztabaida konplexuak sortzen ditu jakina, eta kontsentsuak bilatzeko beharrezkoa den kultura politikoa eskatzen du; ideologiaz gain kudeaketarako gaitasuna, zilegitasuna irabazi ahal izateko.
«Herriko hauteskundeak joan den martxoan iragan zirenez, aipatu beharra da Frantses estatuaren barneko hauteskunde sistema, araudi elektoralak gauza asko baldintzatzen baititu.»
Krisi sanitarioa dela eta, hauteskundeen bigarren itzulia atzeratu behar izan zuten, bi itzulien artean larrialdi egoera aldarrikatua izan zelako. Azken finean, pasa den ekainaren 28an egin zen bigarren itzulia, gehiengo bat lortu ez zuten herrietan. Baina krisi honen eragina ez da horretara mugatzen. Izan ere, pentsa daikete Estatuak lurralde erakundeei banatzen dizkien baliabideak murriztuak izanen direla, austeritate egoera bat eraginez.
Begira ditzagun, halere, hauteskundeen emaitzak, orokorrean gutxienez. Azpimarragarria da abstentzio tasa herri handietan, dudarik gabe krisi sanitarioak izan duen eraginagatik. Oro har, barnealdeko herri txikietan, burujabetzaren aldeko zerrendek emaitza onak lortu dituztela erran daiteke, Ortzaizen, adibidez. Herri ertainei begiratuz gero, abertzaleek sustatutako zerrendek emaitza onak berretsi dituzte, Baigorri, Itsasu eta Uztaritzen gehiengoa lortuz. Era berean, deigarria da Donapaleuko zerrenda irekiak ere gehiengoa lortu izana. Herri handiagoetara begiratuz, zerrenda abertzaleak nagusitu berri dira Urruña eta Ziburun[1]. Baionan berriz, aurreko legegintzaldiko gehiengo politiko bera mantentzen da, Jean-René Etchegaray-ek gidaturik.
«Estatu mailan lurralde erreforma sakon bat abiatu zen 2015ean, ondotik Notre legearen bidez osoki gauzatu zena. Erreforma horren ondorioz, Herriko Etxeek hainbat eskuduntza elkargoen esku utzi zituzten, hara nola turismoa.»
Emaitza horiek ikusirik, toki gehienetan hautetsi abertzaleen posizioa aldatzen dela erran daiteke. Horrek hainbat galdera sortzen ditu. Nolako hautetsiak nahi ditugu biharko udaletan? Ez baita gauza bera oposizioan «epailearen» papela jokatzea edota herria bera kudeatzea. Haratago, biharko Herriko Etxeen konfigurazioak Euskal Herriko udalgintzaren eredu berria baldintzatuko du. Eta asko dira arlo horretan finkatzekoak diren norabideak: auzapeza eta kontseilarien arteko rolen banaketa, herri mailako parte hartze politikak, ekonomia sozial eraildatzailearen aldeko apustuak, etab.
Argazkia: FOKU
Bilakaera administratiboak
Hauteskundeen emaitzetatik harago, Frantziako estatuak bizi dituen bilakaera administratiboei so egitea merezi du. Estatu mailan lurralde erreforma sakon bat abiatu zen 2015ean, ondotik Notre legearen bidez osoki gauzatu zena. Erreforma horren ondorioz, Herriko Etxeek hainbat eskuduntza elkargoen esku utzi zituzten, hara nola turismoa. Interes turistiko berezia duten herriek ordea, gaitasun hori mantendu ahal izan dute (Angelu, Bidarte, Miarritze, Kanbo eta Hendaia kasu). Hirigintza planoak ere elkargoaren esku uzten ari dira, eta ez da gutxi.
Aurten berriz, Parisko legebiltzarra araubide berri horren lehen balantzea egiten hasi da. Diputatuek joan den abendoan onetsitako ebazpen batean, lurralde erreformari kritika zorrotza egiten diote, eta hobekuntzarako hainbat gomendio ematen dituzte. Analisia honen eramaleen iritziz, erreforma horrek sortu zituen ilusio guztiak galdu egin dira. Kritika nagusienetariko bat, erreformak herritarren eta erakundeen arten sortutako distantzia da, dudarik gabe. Era berean, Herriko Etxea eta Elkargoen artean nolabaiteko distantzia bat sortu da, eta ebazpenaren arabera, Herriko Etxeen eragin ahala murrizten joan da. Herriko Etxea eta Elkargoaren arteko zubia segurtatu behar zuten Lurralde Poloak ez dira berehala martxan jarri, eta oraindik badute bidea egiteko. Halere, kritikaz gain, ebazpen horretan hobekuntzarako gomendioak ere ematen dira: udala berriz balioan jartzea, departamentuak zuten funtzio batzuk berreskuratzea (batez ere enpresak laguntzeari begira), edo erabaki guneean perimetro batzuk berrikustea.
«Gaur egun, Euskal Hirigune Elkargoa oraindik egituratze bidean da, araubide berri hori kontuan hartu behar duelako alde batetik, eta hauteskundeen arabera berrosatuko delako bestetik.»
Ebazpen hori onartu bezain azkar, herritarren eta erakundeen arteko lotura indartzeko “Engagement et proximité” deitutako legea onartu da. Lege horren lehen xedea: Herriko Etxeak eta Elkargoen arteko harremanak kudeatzeko tresnak ezartzea. Horretarako, “gobernantza ituna” egitea berresten da, hots, harreman horiek kudeatzeko araubide juridikoa. Ondotik, itun hori oinarri gisa erabiliko da Lurralde Proiektua —hots, lurraldearen inguruko arloz arloko plan estrategikoa— egikaritzeko.
Hori dela eta, gaur egun, Euskal Hirigune Elkargoa oraindik egituratze bidean da, araubide berri hori kontutan hartu behar duelako alde batetik, eta hauteskundeen arabera berrosatuko delako bestetik. Behin herrietako hauteskundeak itxi ondoren, Hirigune Elkargoko lehendakaria aukeratuko da, eta horren ondoren exekutibo berria.
«Diferentziazio eskubidea oinarritzat hartuz, lurraldearen premia eta bilakaerei egokia izanen litzatekeen estatus bereziaren gogoeta pil pilean izanen da ondoko hilabeteetan, are gehiago Alsazian ematen ari diren urratsak ikusiz.»
Lurralde gobernantzari doakionez, Hirigune Elkargoaren figura juridikoaren bilakaerari buruz gogoeta berriz irekiko da, dudarik gabe. Izan ere, gure lurraldeak bilakera bizkor eta nabarmenak bizi ditu: biztanleriaren emendatzea, aro numerikoaren zabalkundea, trantsizio energetikoa… Era berean, lurralde honek funtsezko berezitasunak ditu, hara nola mugaz haraindiko izaera berezia, Akitania mailan pisu berezia duen nekazaritza, edo euskararen normalizazio prozesuak suposatzen dituen erronkak. Horiek horrela, diferentziazio eskubidea oinarritzat hartuz, lurraldearen premia eta bilakaerei egokia izanen litzatekeen estatus bereziaren gogoeta pil-pilean izanen da ondoko hilabeteetan, are gehiago Alsazian ematen ari diren urratsak ikusiz.
[1] https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20200628/ziburu-urruna-uztaritze-eta-itsasuko-auzapezak-abertzaleak-izanen-dira