Fito Rodriguez Bornaetxea, Komiki Films 2025
Turismo hutsala. Hiri eta landa paisaiaz antipodetatik liburua argitaratu du Fito Rodriguezek, Zeelanda Berritik bueltatu zenean bizitakoaz hausnartu ondoren. Saiakera hau ez da mezu politiko bat, edo ikerketa sakon bat, edo kritika bat, agerian gelditzen dira turismoak zenbat gauza ezkutatzen dituen.
Turismoa dagoeneko mundu osoko arazo bihurtu da, arazo objektiboa eta subjektiboa. Ondorio kaltegarri objektibo asko ekartzen ditu turismoak, hala nola karbonizazioa, gentrifikazioa... Jende multzo bat leku batean sartu ahal izateko bertako jende multzo batek alde egin behar du, eta horrela ari zaizkigu hiriak eta kulturak aldatzen.
Rodriguezen iritziz "kultura funtsezko sustrai eta euskarria da herri gisa bizi ahal izateko".
Giza espezieak bere sorreratik bidaiatu egin du. Areago, bidaiak eboluzioa ekarri dio espezie gisa, bidaiatzeak ikasteko aukerak irekitzen baititu. Turismoa, aldiz, esperientzia hutsala bezain txatxua izaten da, edozein ikasgairi ateak ixten dizkiona, eta gizadiarentzat gero eta arazo handiago bihurtu da. Hona antipodetara egindako bidaia, Euskal Herritik Zeelanda Berrira, literatura lagun, aurreratzen du "Turismo hutsala. Hiri eta landa paisaiaz antipodetatik" lanaren sinopsiak.
Fito Rodriguez idazle bidalaria da. Finlandiara bidaian prestatu zuen Faustoren itzala, 2004an. Kasandra leihoan Islamabadera bidaiatzean sortu zen, 2006an. Palestinara bisitaren emaitza Jerusalem, Xalimen hiria izan zen 2008an. Norvegiara joan ondoren idatzi zuen Mort aux roix narrazioa 2005an. Arabako txangoek Izendegi hutsa ekarri zuten 2018an. Vietnamdik itzultzean kaleratu zuen 2021ean Kuoi ipuina. Pirinioetako ibilaldiak Auña liburuaren oinarria izan ziren 2022an. Polloetik abiatutako txangoek Polloekoak nobela beltza ekarri zuten 2023ean. Orain, 2025ean, Zelanda Berritik dakar Turismo Hutsala.