Irudia: Arte E
Argi dugu euskara, katalana eta galiziera ofizial egitearen aurka eman diren arrazoi “teknikoek” gehiago dutela argudio eta oztopo politikotik egiazko ezintasunetatik baino. Besteak beste, politikaren funtsetako bat delako baliabide ekonomikoak eta bestelakoak nola bideratu eta nola banatu erabakitzea helburu egokiak lortzeko.
Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko. Funtsean, bide bat da herritarren berdintasunean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Balio horiei arrazoi “teknikoak” kontrajartzea hautu politiko bat da. Horren adierazgarri argia dira Espainiako Alderdi Popularrak egindako adierazpen eta mugimendu politikoak, Europako eskuineko eta eskuin-muturreko gobernuei presioa eginez botazioa oztopa dezaten. Hala, alderdi honen jarrera euskarafoboa eta atzerakoia gogor salatu genituen.
«Euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna aitortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gutxituei ere aitortza bera egiteko»
Izan ere, hiru hizkuntza gutxituen ofizialtasuna onartuko balitz, aurrerapauso garrantzitsua litzateke hauen normalizazio eta biziberritze prozesuan. Produktuen etiketak, sendagaien erabilera-orriak, edota hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskaraz ere egin beharra ahalbidetuko luke; Europako Komisiotik bideratzen diren hezkuntza eta kultura programa desberdinetan euskarazko proiektuak bultzatu ahalko lirateke, honen irakaskuntza bultzatuz, esaterako; edota administrazio eta erakunde desberdinen arteko harremana euskaraz izatea ahalbidetuko luke, bai Euskal Herri mailan, baita Europako Batasuneko erakunde desberdinekin ere.
Horrez gain, maila politikoan, euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke, agerian utziz euskara oraindik ofiziala ez den eremuetako hainbat kontraesan. Esaterako, edozein herritar, erakunde zein enpresak euskaraz jardun ahalko lukeen Europako instituzioekin, baina ez ordea bere herriko udalarekin.
Gainera, Europak gero eta pisu handiagoa dauka hizkuntza-politiketan. Dagoeneko 500 baino gehiago dira Europako Batasunean ofizialak diren hizkuntzak bultzatu eta indartzen dituzten erregelamendu eta zuzentarauak. Hala, ofizialtasun ezak, neurri horietatik eta etorriko direnetatik kanpo utziko luke euskara. Ondorio praktikoetan, euskarak duen estatusa balioa galduz doa egunez egun, “desofizializazio” prozesu bat eraginez.
«Lehentasunezko neurri bat: Espainiako Estatuaren menpe dagoen justizia administrazioan euskararen erabilera baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea»
Hala eta guztiz ere, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko badira bestelako lehentasunezko neurri batzuk, hauen eguneroko bizitzan eragin zuzena izango luketenak. Esaterako, Espainiako Estatuaren menpe dagoen justizia administrazioan euskararen erabilera baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota martxan den oldarraldi judizialari etena jartzeko lege aldaketa bideratzea.
Ildo beretik, Europako Kontseiluak Espainiar Estatuari eta Nafarroako Gobernuari behin baino gehiagotan agindu die Nafarroako zonifikazio linguistikoarekin amaitu eta euskararen ofizialtasuna eremu osora zabaltzeko, hori delako nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra.
Honi guztiari gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak, hiru foru aldundiek zein udal eta herriko etxeek, dituzten eskumenen baitan eta borondate politikoa izanez gero, asko egin dezaketela euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko. Zeregin ugari ditugu gurean ere.
Euskalgintzaren Kontseiluak 2021an aurkeztu genuen Batuz Aldatu adostasun sozial zabala, askotariko ehundik gora gizarte eragilek sinatu zutena, etorkizuneko hizkuntza-politiketan jauzia emateko helburu eta norabidetzeak zehaztuz: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, eta erabilera erosorako eremuen sustapena eta garapena. Azken urtean zehar, dinamikaren baitatik sortutako Talde Eragilea lagun hartuta, bi norabidetzeak mami zehatzagoz bete eta akordio sozio-politiko berri baten oinarriak lantzen aritu gara. Laster aurkeztuko dugu lanketa horren emaitza.
«Erakunde, agintari, eragile sozial eta politiko guztiei dei egiten diegu euskararen normalizazioa agenda politikoaren ardatzera ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko»
Horrexegatik, euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistiko betean gauden honetan, erakunde, agintari, eragile sozial eta politiko guztiei dei egiten diegu euskararen normalizazioa agenda politikoaren ardatzera ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko.
Bestetik, herritarrak gonbidatzen ditugu euskararen biziberritzeak behar duen arnasa berri baten bultzatzaile izatera. Sinetsita gaude Pizkunde berri hau, gure historia sozial garaikideko beste kinka larrietan bezala, herritarren konpromiso eta bultzadatik etorriko dela.
Horregatik, 2025eko abenduaren 27an milaka euskaltzale batuko dituen ekitaldia egingo dugu Bilbon, Bilbao Arenan, euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa, etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiaburu. Euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz biziko gara. Etorkizuna, euskaraz!