SINADURAK

Maialen Uribe Martinez eta Haizea Kortaberria Garetxana

Ernaiko kideak

Gorputzak, bizitzak, herria askatzeko

2020-12-08

Lotuta ditugu gorputzak, bizitzak eta Herria. Egunetik egunera neska* gazteok jasaten ditugun zapalkuntzak geroz eta agerikoagoak dira, zer esanik ez pandemiak azaleratu eta azeleratu dituen krisi anitzekin.


Argazkia. Unsplash / Markus Spiske

 

Prekaritateak gurutzatuta ditugu gorputzak, eta zapalkuntzak egunetik egunera ageriagoak dira. Emakumeon Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da azaroaren 25a, eta aurtengoan inoiz baino indarkeria handiagoz, inoiz baino modu anitzagoetan jasaten ari gara geure gorputzetan.

Covid-19ak geratze asmotan ezarritako azken neurrien ondorioz, gure sozializazio prozesua erabat mugatuta dago. Harreman pertsonalak deshumanizatu eta desegiten ahalegindu dira, eta gure espazioetatik desjabetzen. Espazioen pribatizazioa ari dira bultzatzen, gure kaleak, hezkuntza, osasungintza… pribatizatzen dituzte. Ezinbestekoak dira ordea espazio hauek guretzat, neska* gazte belaunaldi berriok feminismotik ari gara ahalduntzen, gure artean saretzeko eta boteretzeko ezinbestekoa da biltzea, elkarrekin hausnartu, eztabaidatu eta ekitea. Gure bizitzak erdigunean jarri ahal izateko beharrezkoak ditugu espazio horiek, baita harreman pertsonalak eta saretzeak ere.

 

«Espazioen pribatizazioa ari dira bultzatzen, gure kaleak, hezkuntza, osasungintza… pribatizatzen dituzte.»

 

Azken asteetan jasandako kriminalizazioa izugarria izan da. Kontrol soziala areagotu da, indar poliziala handitu, horrek dakarren guztiarekin. Beste behin, agerian geratu zaigu nolakoa den egun daukagun polizia eredua: maskulinoa, autoritarioa. Jardun politikoarekin etetea da haien helburuetako bat, gu geldiarazi eta isilaraztea, eta horregatik kriminalizatu dute gure jardun feminista, elkar zaintza kriminalizatu duten bezalaxe.

Pandemiak berriro ere agerian utzi du burujabetza faltak zer dakarren. Gure buruen gain erabakitzeko beharra dugu, komunitatean erabakitzekoa. Izan ere, pandemia honen harira hartutako neurriak ez dira modu komunitario eta norantza eraikitzailean hartutakoak izan, aurkakoa baizik.

 

«Kriminalizatu dute gure jandun feminista, elkar zaintza kriminalizatu duten bezalaxe»

 

Gainera, ez osasunari eta ezta zaintzari ere, ez zaio ulerkera integral bat eman; eta ondorioz, ez dira modu osatuan tratatuak izan. Osasun mentala ere kontutan hartu behar dugu eta horri ere erantzun behar zaio zaintza ikuspegi batetik. Gure herritarren zaintza eta gure herriaren zaintzak egon behar duelako erdigunean.

Ez da ordea, guri eta orain gertatzen zaiguna. Ez da guk eta orain jasaten duguna soilik. Ez dira norbanakoan eragin soila duten zapalkuntzak. Sisteman beran dago arazoa, sistema kapitalista heteropatriarkarrean. Egiteko eta eragiteko sistema honetan, zaintza ez da modu integralean ulertzen, izan ere, ez digu osasuna zaindu eta bizitzak sostengatzea ahalbidetzen. Sistema kapitalista heteropatriarkalari eusteko erantzun dute egungo estatu eta gobernuek, eta horrek zaurgarritasuna, prekarietatea, biolentzia eta bazterketan sakontzea ekarri du.

Ongizate kolektiboa garatzeko baliabideak kapitalaren araberakoak izan dira. Kapitalaren dependentzia handiagotu da hartu diren neurriekin. Norbanakoaren ardura pertsonala jarri da erdigunean, instituzioek eurek duten ardura hartzen ez duten bitartean.

 

«Badugu gaitasuna alternatiba komunitarioak eraikitzeko, herri bezala pentsatu eta jarduteko, eta horretarako ezinbestekoa da autodefentsa feminista eta neska* gazteon lana»

 

Bizitzaren sostengagarritasuna jarri da zalantzan, emakumeok sostengatzen ditugun bizitzak hain zuzen ere. Interdependenteak gara ordea, eta elkar zaintza eta lan komunitarioari duen balioa eman behar diogu. Pandemia honek zerbait agerian utzi badu, eraikitzen ari garen bizitza ereduak geroz eta independenteagoak, eta beraz, indibidualagoak direla da. Eta hori, zaintza lan indibidualizatuek sustengatzen dute; eta ez guk defendatzen dugun elkar zaintzak.

Erabaki eta neurriak gainera zentralizatuak izan dira. Madrildik edota Parisetik etorri zaizkigu muga eta gomendioak. Gaur egun estatu egiturek ez dute ahalbidetzen tokian tokiko errealitatea kontutan hartu eta horren baitako erabakiak hartzera. Behar konkretuak identifikatu behar ditugu, eta hauei konponbide bat eman, eta hori ezinezkoa da erabaki zentralizatuekin.

 

Argazkiak. Unsplash / Greta Farnedi

 

Neska* gazteok argi dugu, burujabetza feministak eraiki behar ditugu Euskal Herria feministara bidean. Eta horretarako eguneroko lanean jarraitzea da bermea. Orainean egiten dugunak baldintzatzen du etorkizuna. Horregatik, orain dagokiguna ez da egoera pandemikoari erantzutea soilik, erantzun hauek eta orain zabaltzen den abagunea politika eraldatzaileen norantzan kokatu behar dugu.

Bizitza bizigarriak nahi eta behar ditugu, eta guztion bizitzak kontutan hartzea. Bizitzak erdigunean diogunean, guztion bitzitzak sostengagarri egitearen inguruan hitz egiten ari gara; eta horretarako alternatiba bakarra burujabetza feminista da. Espazioz espazio, burujabetza feministak lortzen eta gure egiten jarraitu behar dugu. Estatu autoritarioen aurrean Mugimendu Feministak duen legitimitatea interlokutore gisa ematea exijitzen dugu, botere espazioetan ere badaukagulako zer esana eta zer egina.

Boterea berreskuratzea dagokigu neska* gazteoi eta boteretze hau autodefentsa feministaren bidez emango dugu. Denon bizitzak erdigunean jartzeko, neurri integralagoekin erantzuteko, osasuna eta zaintza pandemia egoeran edota pandemia egoeraz haratago herritar ororentzat bermatua izan dadin politikak hartzeko, Euskal Herriaren burujabetza prozesuan, burujabetzak feministak izan daitezen.

 

«Burujabetza feministak eraiki behar ditugu Euskal Herria feministara bidean»

 

Guzti hau eraiki eta lortzeko ordea, kolektiboa, taldea, indartu eta zentroan jarri behar dugu. Sinesten dugu, eta frogatu dugu behin baino gehiagotan antolatzeko beste eredu bat posible dela. Erantzukizun kolektiboak hartu behar ditugu eta ongizate kolektiboetarako mekanismoak behar ditugu; erantzukizunez jokatzea ez delako bakarrik neurriak bete eta etxera joatea inbertsio publikoak eta osasungintza indartzea ere badelako gure ardura.

Egoera honetan horregatik da beharrezkoa kaleak hartzea, gure herri eta herritarrak bizigarri egitea. Badugu gaitasuna alternatiba komunitarioak eraikitzeko, herri bezala pentsatu eta jarduteko, eta horretarako ezinbestekoa da autodefentsa feminista eta neska* gazteon lana. Guk egunez egun, auzoz auzo lanean jarraituko dugu.