Atentzioa ere, gure aisialdi denbora, merkantzia bihurtu du kapitalismoak. Beste gauza asko bezala, hor kokatu daitezke azken urteotako turismoa, mugikorreko sare sozialak, kirol indibiduala edo telesailen kontsumoaren gorakada. Telesailen kontsumoa gainera gero eta zentralizatuagoa da, garai batean telebista bitartez jartzen zigutena, modu zatikatuan ikusten bagenuen, ikus-entzunezkoen digitalizazioak 4-5 plataformetan metatu du. Horrela, gure aisialdi denbora gero eta zabalagoa betetzen duen fikzioa, telesailen bitartez jasotzeko ohitura erabat zabaldu da, oso modu akritikoan gure denbora plataforma kapitalismoari eman diogularik (edukien inguruko iritzia beste baterako). Telesailen deskarga eta kontsumo elkarbanatuaren garai oparoa ere izan genuen, oraindik posible da, baina gutxiengoaren aukera bihurtu da. Pena, digitalizazioak eskaintzen duen oparotasun kolektiboa hor dago, baina ez dugu ikusi nahi.
Baina telesailak gomendatzera nator! Bai, telesailak tresna kultural interesgarriak dira, ederrak batzuetan, eta istorioen garapenerako aukera ematen dute, batzuetan istorioa bera txiklea bezala luzatzen bada ere, aipatutako atentzioaren ekonomiaren mesedetan. Esango nuke, telesailak ere geopolitikarekin oso lotuta daudela; edukietan noski, plataforma zentralizatuen jabetza aztertzen hasten bagara, eta ez da kasualitatea erreferentzia gehienak anglosaxoiak izatea. Ikuspegi geopolitikoarekin, gaur egun inperialismo kulturalaren tresna nagusietako bat izan daitezke, zinemari posizioa irabaziz funtzio horretan, baina badira telesailak geopolitika bera gai bezala landu dutenak.
Geopolitika, «estatuen eta kontinenteen estrategia territorialak, haien arteko konfrontazioak, erlazio sozialak, aztertzen dituen jakintza» gai bezala lantzen duten lau telesail ikustea proposatzen dizuet, modu ezberdinetan lantzen dutenak gainera, eta ikuspegia modu kritikoan garatzeko baliagarriak izan daitezkeenak. Ez naiz estetikan eta irudian aditua, beraz istorioa bera eta entretenimendu maila izan dira aukeraketaren filtroa. Nik ere bat edo beste ikusi gabea dut oraindik, eta egun arraro hauek probestuko ditut, nire arretaren ordu batzuk telesailei eskaintzeko.
Geopolitikak momentu goren bat izan badu Gerra Handia izan da, kontzeptua bera erabiltzen hasi eta ondorengo urteetan, geopolitikaren jolasean zebiltzan inperioen arteko talka, gure jendartearen kultura eta pentsatzeko modua ere eraldatu zuena. Gerra Handiaren hasiera kontatzen du telesail britainiarrak, Sarajevon Franz Ferdinand hil zuten egunetik, gerra hasi zen egunera pasa ziren 37 egunak zehazki, eta Europako inperioen aparatu diplomatikoen mezu jarioen artean gertatutakoak.
Utopia zaleontzat tranpa izan daiteke izenburua, baina bizi dugun garai arraro hauetarako egina dirudi, aurrerapenez. Geopolitika malthusiarra etengabe azaleratzen duelarik, Gerra Hotzaren ondorengo erakunde bat eta informazio asko duen komiki baten bilaketan dabiltzan herritar ezberdinak lotzen dira, ibilbide eroan. Kontrolaren gizartea, osasunaren espekulazioa egiten duten interes ekonomikoak, eta kapitala eta bizitzaren arteko talkaren inguruan zer pentsatu aurkituko duzue.
Karbonoan oinarritutako energiaren inguruko geopolitikaz asko ikusi eta irakurri dugu denok, hor kokatu ditzakegu azken urteetako gerra gehienak, baina beti urrunak dira, herrialde arabiarren inguruetan gertatzen dira. Baina zer gertatuko litzake Errusia eta herrialde europarrek Norvegian kokatuko balute petrolio eta gas eskasiaren ondorioz beraien interesen lupa. Hori kontatzen du telesail norvegiarrak. Kritikak ere jaso ditu, errusiarrak “gaizto inperialista” rola jokatzen baitu. Hor ere telesailen gaur egungo funtzioetako bat, herritarron pentsamendu geopolitikoa determinatzea.
Humanitatea eguzki sisteman zehar zabaldu da, kapital metaketak jarraitzen du bere bidea, betiko kontradikzioak hor daude, eta emantzipaziorako pultsioak ere bizirik jarraitzen du. Zabalpen hori da telesail honen abiapuntua. Eta geopolitika eguzki sistemara zabaltzen bada zein izen jarriko diogu? Exopolitika izan daiteke telesail honen gai nagusia, exopolitika, jendarte eredu ezberdinak, eta klaseen arteko gatazka, etorkizunean ere historiaren motorra izaten jarraituko duena. Zi-fi utopiazaleontzat motz geratzen den telesail benetan gozagarria, baina posiblearen markoa puskatu baino zabaltzen duena. Izan ere distopiarekin gozatzen dugu. Errazagoa iruditzen zaigu humanitatearen zabalpen mugarik gabea, soldatapeko lanik gabeko astelehen bat baino. Gelditu makinak!
Deskargatu, lagunei eskatu plataformetako kodeak, elkarbanatu... eta ahal baduzu sortzaileen bizitza proiektuak sustengatzeko kanal zuzenak erabili. Eta gozatu ondoren, elkarbanatu eta eztabaida kritikoak sustatu. Eta noski ildo honekin jarraitzeko eskertuko dut zuen gomendioak jasotzea.
Osasuna eta oparotasuna denontzat!