Argazkia. Unsplash / Kristin Snippe
Gazteok ez dugu etxebizitza duin baterako sarbiderako aukerarik eta gurasoen etxean bizirautera edota modu prekarioenean emantzipatzera kondenatuta gaude. Hamar urte atzera eginik ere, ez genuke bestelako titularrik lortuko.
Alta, hori izan daiteke ordura arte teklatua zakarren jotzen idatzi den testua. Eta etzi beste bat idaztea egokitzen zaion horrek are bortitzago zanpatuko ditu. Izan ere, egunez egun geroz eta larriagoa da egoera, eta hala izanik ere, urrun sumatzen da, eta somarazi nahi digute, irtenbidea.
Hego Euskal Herrian, zenbait datuek egoeraren larritasuna errez kokatzen dute: urterikik urtera, geroz eta altuago da emantzipazioaren bataz besteko adina, egun 30 urteetan kokatzen da. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen %35a baino ez dago emantzipatua. 18 eta 24 urte bitartekoak aldiz, %4a baino ez.
«Etxebizitza krisiari aurre egiteko estrategia integrala ezinbestekoa zaigu»
Gazteriaren euskal behatokiaren arabera EAEn, gazteok gure soldataren %64 baino gehiago bideratzen dugu etxebizitza ordaintzera, Fotocasa higiezinen atariak, berriz, %86,8an kokatzen du. Nafarroa Garaian 2023an %70a bideratzen da. Datu horiek ez dituzte emantzipazioaren bestelako elementuak aintzat hartzen. Eta hori guztia gutxi balitz, Hego Euskal Herrian 115.740 etxebizitza huts inguru daude.
Zalantzarik gabe, egoera larria da eta joerari eutsiz gero, urte baten buruan datuei berriz erreparatuta, are kezkarriagoak lirateke. Beraz, etxebizitza krisiari aurre egiteko estrategia integrala ezinbestekoa zaigu. Izan ere, orain arte zenbait erakunde publikoek auziari irtenbide bat emateko garatutako proposamenak ez dira eraginkorrak suertatzen ari. Horien logikak ura galdu ez ezik, ura behar ez den lorategian izurtzen ari da.
«Politika publiko horiek etxebizitza eskubidea bermatzera bideratuta egongo dira, edo, aldiz, negozioaren engranajeak biratzen jarraitzera?»
Politika horiek, ez dituzte gure aburuz ezinbestekoa den premisa kontuan hartzen ari, etxebizitza eskubidea da eta ez negozioa. Horrexegatik, politika publikoen diseinua garatzerako garaian, lerratu beharra dago. Politika publiko horiek etxebizitza eskubidea bermatzera bideratuta egongo dira, edo, aldiz, negozioaren engranajeak biratzen jarraitzera? Ez dago erdibiderik, herri sektoreen mesedetan kokatu edota espekulatzaile eta jabe handienetan.
Esan gabe doa, gu herri sektore eta gazteon bizi baldintza duinen aldeko barrikadan kokatzen garela. Norabide horretan, logika aldaketa oso bat behar dugu. Alegia, estrategia integral bat diseinatu beharra dugu, bi ideiek hezurmamitu behar dutena: Burujabetza eta merkatuaren esku-hartzea.
Burujabetza, Euskal Herrian edozein auziri aurre egiteko ezinbesteko osagaia da. Izan ere, burujabetza gabeziak gure egunerokotasuna zeharkatzen du eta jaikitzen garenetik, oheratu arte baldintzatzen gaitu. Etxebizitza ez dago horretatik salbu eta, krisi honen testuinguruan, are premia handiagoa du. Burujabetza handiagoa eskuratu ezean, nekez lortuko dugu Euskal Herria, eta egun gure herria osatzen duten hiru eremu administratibo desberdinen, ezaugarri sozial, sindikal, ekonomiko eta politiko propioei egokitutako etxebizitza proposamena martxan jartzen.
«Estrategia integral bat diseinatu beharra dugu, bi ideiek hezurmamitu behar dutena: Burujabetza eta merkatuaren esku-hartzea»
Hots, Euskal Herriak marko propio bat osatzen du, besteak beste indar harreman eta ezaugarri sozial, politiko, sindikal eta ekonomiko propioek osatzen dutena. Horregatik, politika publikoak eraginkorrak suertatu daitezen, perspektiba hura aintzat hartu beharra dute. Beraz, markoa ondo finkatuta egon behar da.
Merkatuaren interbentzioa ezinbesteko osagaia da. Etxebizitza krisiaren erroko arrazoia, aurretik esan bezala etxebizitza eskubide izatetik urrun negoziorako bitartekoa izatea da. Alegia, badirela etxebizitzaz aberasteko baliatzen diren batzuk, euren poltsikoak bete asmoz, gure eskubideak ukatzen dizkigutenak. Hori horrela den bitartean, ez da aterabide eraginkorrik aurkezteko aukerarik egongo. Egoera irauliko duen bidea abiarazteko lehenengo urratsa, beraz, etxebizitza merkatutik ateratzea izan behar da.
Horretarako, merkatuan esku-hartu beharra dago; besteak beste, alokairuei mugak ezarri, etxebizitza parke publikoa handitu, etxebizitza hutsak (Hego Euskal Herrian 115.742) mobilizatu eta jabe handien etxebizitzak desjabetzeko ahalmena izango genuke. Era berean, merkatuan esku-hartu ahal izateko, berriz ere burujabetzaren beharra dugu. Alegia, ez dago bi premisa horiek banatuta ulertzerik, biak ala ezer ez.
«Garaia da, etxebizitza negozioarekin amaitu eta eskubide bilaka dadin bidea egiteko»
Bide horretan aurrera egiteko, ezinbestekoak dira mobilizazio soziala, sindikalgintza eta instituzioetako lana. Mobilizazio soziala ezinbestekoa dugu, etxebizitza arazo izatetik gatazka izatera igaro behar baita. Eztabaidaren erdigunera ekarri, erantzuleak interpelatu eta egoera etengabe problematizatu. Horretarako, kaleko mobilizazioa, auzo eta herrietako asanbladak eta beste hainbat bide arakatu behar ditugu.
Hala ere, gure aburuz, mobilizazio soziala ezin da edonolakoa izan. Ahalik eta modu zabalenean egin behar dugu, ahalik eta herritar gehien borrokara batuz eta perspektiba desberdinak artikulatuz. Hori da, esate baterako, Ipar Euskal Herrian urrats esanguratsuak ematen ari dituen etxebizitzaren aldeko mugimenduaren logika. Eta, baita ere, berriki Madrilen eta Bartzelonan egin diren mobilazioen eskema.
Beraz, sinestarazi nahi digutenaren aurka alternatiba existitzen da. Garaia da, etxebizitza negozioarekin amaitu eta eskubide bilaka dadin bidea egiteko. Horretarako, gure esku ditugun aukera guztiak baliatu eta bide oro harakatu beharra dugu.