Argakiak: FOKU
Ariketa hori are irristakorragoa da, aztertu beharreko garaia gertuan badago; oraindik borrokan diharduen gazte belaunaldiaren parte bazara. Perspektibaz aztertzeko beste denbora ez delako igaro oraindik; bizipenak, eztabaidak eta zauriak oraindik oso presente daudelako gugan.
Ia hutsetik; hutsune batetik abiatu zuen bidea gure belaunaldiak. Hamarkada bateko ilegalizazioaren itzala oraindik gainean genuela. Ezker Abertzalean hain garrantzitsua izan den transmisioa ia erabat apurtu ziguten garaian, hain zuzen. Transmisio falta diot, bai aurreko belaunaldiekiko apurketa handia eman zelako; bai errepresioaren ondorioz momentuko antolakundeen arteko harremanak oso ahulak zirelako. Bidea beraz ia bakardadean hasi genuen, umezurtz.
Baina, garai hartan bertan Euskal Herriaren askapen prozesuan etapa berri bat irekitzeko ametsa piztu zen ezker abertzalean. Urte horietan olatu bat altxatu baitzen: ETAk borroka armatua behin betiko utziko zuela adierazi zuen, Bildu koalizioa sortu eta hauteskunde emaitza ikaragarriak lortu zituen, preso eta iheslari politikoen defentsan eta konponbidearen alde kalera atera ginen, krisi ekonomikoari aurre egiteko greba orokorrak egin genituen... Horrek guztiak sortutako ilusio eta bultzadaren erdian borrokara batu ginen belaunaldia gara.
Lehen eztabaidak egokitzapen estrategikoaren garaian bizi izan genituen. Ernai sortu zenerako egokitzapen hau egitea erabakita bazegoen ere, praktikan urte luzez luzatu ziren gurean egokitzapenari loturiko eztabaidak, kezkak eta kontraesanak. Gazte Antolakundeko kideok genuen sentsazioa zen dinamika politikoa sortzera baino gehiago egon ginela etxe barruko trapu zikinak garbitzera; egoerak hori eskatzen baitzuen Eztabaiden zurrunbiloak itota.
Egokitzapen estrategikoak, ertz ugari izan zituen arren, zurrunbilo horren erdian gure belaunaldiak sutsuki bizi izan zuen borroka moldeen inguruko eztabaida. Ordura arte egin izan zenaren eta ordutik aurrera asma genezakenaren arteko tentsioan eman zen borroka moldeen auzia. Eztabaidak, sarri, borroka molde batek edo beste batek izan zezakeen zilegitasunaren inguruan korapilatzen ziren, molde horrek estrategiari edota ildo politikoari egiten zion ekarpenaren inguruan jardun beharrean. Epaiketa politikoen auziari Herri Harresiak sortuz emandako erantzunak lagundu zuen askatzen hein batean korapilo hau, diskurtsoa eta praktika modu koherentean uztartuta.
Transmisioa ia erabat apurtu zen, bai aurreko belaunaldiekiko apurketa eman zelako; bai errepresioaren ondorioz momentuko antolakundeen arteko harremanak oso ahulak zirelako.
Feminismoa proiektu politikoan eta gure egunerokoan lehen lerrora ekartzea izan zen Ernairen hastapenetako erabaki garrantzitsuenetakoa. Oraindik martxan dagoen barne prozesua egitea erabaki genuen, gure militantziak eta bizitzak ikuspegi feminista batetik aztertu eta eraldatzeko asmoz. Baina, zerbait aipatzekotan, gure emakumezko burkideek mugimendu feministan egindako lan oparoa aipatuko nuke. Mugimendu feminista indartu eta euskal feminismoa berritzeko beraien indar osoa jarri baitute. Hori nahikoa ez eta gazte antolakundearen baitan erosoak ez diren hainbat eremu konkistatu eta gizonezkoongan eragiteko erantzunkizuna izan dute. Beraien lanaren ondorio da, beraz, gazte antolakundean egindako barne iraultza.
Ernaik garaiko errealitate eta beharren araberako militantzia kultura sortzea ere badu erronka. Konpromiso maila ezberdinen inguruan asko teorizatu genuen. Aitortu behar dugu, oraindik eguneroko tentsioan bizi dugula norbanakoaren eta kolektiboaren beharrak uztartu nahi eta ezina. Dena dela, militante gisa hezi gara urte hauetan eta esan dezakegu Ernaiko militante guztiok barneratu dugula 24 orduz militante izatearen ideia. Gure bizitzako esparru guztietan egiten dugun orok asko duela politikotik eta beraz, horietan guztietan balore eraldatzailez jardun eta eragiteko ardura dugula.
Gazte problematika lantzea izan du xede beti ezker abertzaleko gazte antolakundeak. Garai bakoitzean modu eta molde ezberdinez. Gure apustu nagusia gazte problematikari bizi eredu berrien eraikuntzaren bidez erantzutea izan zen: gune autogestionatuak eraikiz, neska gazteok antolatu eta espazio askeak saiatuz, euskal kultura sustatzeko eremuak sortuz... Gazte mugimenduetan txinaurri bat gehiago izan gara. Horrela, guretzat esperientzia hauek guztiak, bizi guztian gure izatearen parte izango den herrigintza senaren sua pizteko lehen txinparta izan dira. Halaber, Ernaik dinamika propioak jarri ditu martxan gazte problematika jorratzeko. Burujabe/Burugabe kanpaina edota orain gutxi martxan jarri dugun Euskal Herrian Bizi dinamika. Azken honen bidez, konkretuki prekarietatearen aurkako borroka piztu asmoz.
Nazio ikuspegia izan da gazte antolakundearen historia zeharkatu duen beste korapilo bat. Baita gure garaian ere. Lurralde bakoitzeko errealitateak onartuta bi antolakunde sortu genituen, hasieratik harreman estua izan dugu eta elkarrekin hainbat dinamika eta barne bilkura egin ditugu. Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko gazteok elkarlanean jarraitzen dugu eta horrela jarraituko dugu estrategia nazionala eta antolakunde nazionala elkarri eskutik emanda joan arte.
ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostean, ezker abertzaleak bizitako garai gora beheratsuetan tokatu zaigu garena eta izan nahi duguna eraikitzea. Gazte antolakundearentzat ez da erraza izan testuinguru horretan sortzea. Behin eta berrio jarri baita zalantzan gure izatea. Zer garen eta zer ez garen beste batzuek definitu ahalko balute bezala.
Kolpez kolpe zitzelkatzen da harria. Eta gu ere egin gara. Kanpotik esandakoetatik; baina, batez ere gure baitan zegoen guztian arakatuta. Gaur badakigu gazte antolakundeko militanteok zer garen eta zer egin nahi dugun. Ezker abertzalearen hipotesi estrategikoa gure egiten dugun gazteak gara. Akats eta garaipen guztiekin, ezker abertzalearen ondare historikoa gure egiten dugunak. Argi dugu Euskal Herrian klase borrokak nazio askapen forma hartzen duela eta askapen prozesuari egin diezaiokegun ekarpenik handiena, gure Herriari independentziaren ateak parez pare zabaltzea dela.
Herentzia hori guztia, ordea, garai eta errealitate honetara itzultzea dagokigu. Gazte bulkada berri eta sortzaileak izatea. Iraganetik baliagarria zaiguna gure egin eta sortu beharrekoak sortzea.
Oinordekotzan jaso ditugu horretarako izan genitzakeen armarik indartsuenak. 60 urte luzetan ezker abertzaleko militantziak landu eta bere egin dituen baloreak: eskuzabaltasuna, konpromisoa, erantzunkizuna eta maitasuna. Horietatik guztietatik egiten dugu borroka.
Herentzia hori guztia, ordea, garai eta errealitate honetara itzultzea dagokigu. Gazte bulkada berri eta sortzaileak izatea. Iraganetik baliagarria zaiguna gure egin eta sortu beharrekoak sortzea. Askapen prozesua zabaldu eta aniztu behar dugu. Gazte belaunaldi berriekin konektatuko duten ikuspegi, borroka eta diskurtso berriak herri prozesu batean integratuz.
Amaitzeko, gazte antolakundeak betetzen duen funtzioa ongi deskribatzen duen ideia bat utzi nahi nuke. Duela aste gutxi, horrela zion Joseba Sarrionandiak NAIZi eskainitako elkarrizketa batean: “Oso beharrezkoa da pultsio utopikoa gurea lako kultura baztertu eta herri txiki zatituan.” Horixe da, hain zuzen ere, gazte antolatuon egiteko behinena: ezker abertzaleari, eta oro har Euskal Herriari, behin eta berriz utopiaz bustitako ortzimugak margotzen laguntzea.
Horretarako jaio ginen. 40 urteren ostean bagara. Ari gara. Eta bidean jarraitzen dugu.