SINADURAK

Joana Garmendia

Filosofian doktorea.

Eztabaidaren minimoak. Pandemia, negazionismoa eta fake news

2021-01-11

Osasun-pandemia hau hasi zenetik, olatuez hitz egitera ohitu gara. Bigarrenean omen gaude orain, baina dagoeneko abisu dugu hirugarrena, urte hasieran indar betez etorriko omen dena. Birusaren oldarraldi-olatu horietan baino, beste uholde batean jarri nahi dut nik arreta: gaitzaren inguruko informazioa iristen zaigu gure eguneroko bizitzaren zirrikitu guztietatik.


Argazkiak. Unsplash / Charles Deluvio

 

Birusaz ari zaizkigu etengabe politikariak, birusaz hedabideak; birusaz Whatsapp, Twitter eta Facebookeko lagunak; eta birusaz hitz egiten digu igogailuan, dendan, ile-apaindegian lehen eguraldiaz hitz egiten zigunak. Neurririk hartzen ez badiogu, itoko gaitu informazio-olatuak.

Informazioa jasotzea beti dela ona pentsatuko dugu akaso. Alegia, aspertzeaz gaindi, ez digula kalterik egingo pandemiari buruzko informazio asko izateak. Ez da horren sinplea, ordea. Informaziotzat jasotzen dugun horretan, nahasirik datoz datuak, iritziak, kritikak, hipotesiak eta argudioak. Eta, txarrena da, kasu askotan datutzat saldu nahi dizkigutela iritziak, argudiotzat baliatu hipotesiak, kritikatzat erasoak. Eta hemen ez du denak balio.

 

Fake news

Azkenaldian oso maiz entzuten ari garen terminoa da fake news delakoa. Ingelesez zuzenean mailegatu dugu hizkuntza askotan, eta ez da harritzekoa, ez baita erraza ordain zuzenik aurkitzea. “Berri faltsu” esan izan zaie euskaraz, baina itzulpena ez da egoki-egokia. Informazio bat faltsua da, egia ez denean. Fake den berria hori baino aldrebesagoa da: maiz nahasi egiten ditu erdi-egiak eta erdi-gezurrak; datu zuzenak erabili ohi ditu, bana haien gainean interpretazio makurrak egin; eta emozioak erabiltzen ditu argudio gisara, datu objektiboen pare. Egiarekiko ardura handirik ez duen informazioa izan ohi da, azken finean; egia-osteko deritzon aro honi bereizgarri zaion zerbait da. Ezaugarri horiek oso arriskutsu bihurtzen dituzte berri hauek: zerbait faltsua dela erakusteko, egiarekin kontrastatu besterik ez dago –ez da beti erraza, baina halere—. Zerbait fake denean, ordea, korapiloa aldrebesagoa da; izan ere, eztabaidan elkarri lotuta datoz usteak, emozioak, interpretazio subjektiboak, eta zer ez.

Fake news-ak ez dira kontu berria. Historian zehar, informazio faltsutua erabiltzea ohikoa izan da botere-borrokak edo gerrateak izan direnean. Informazioa hedabide modernoen bidez eta, bereziki, internet sarearen bidez zabaltzen hasi denetik, ordea, berri horien indarra nabarmen hazi da. Bi arrazoi behintzat badira hori azaltzeko: batetik, informazioa oso azkar eta edonora iristen da, sareari esker; bestetik, orain edonork zabal dezake informazio faltsutua, denon eskura baitago sarea.

 

«Kasu askotan datutzat saldu nahi dizkigute iritziak, argudiotzat baliatu hipotesiak, kritikatzat erasoak. Eta hemen ez du denak balio.»

 

Une jakinetan goraldi nabarmena izaten dute fake news-ek. Normalean, izaten da gizartea zalantzati (AEBko hauteskundeetan ohiko dira fake-kanpainak), haserre (Hong Kongeko protestetan, esaterako) edo beldurtuta (klima-aldaketari edo 5G teknologiari buruzkoak, kasu) dagoenean. Horrek azal dezake, neurri handian, zergatik izan den osasun-pandemia garai hau horren bazka erraza haientzat.

Hasteko, egoera hau oso berria da guretzat. Ez dugu gaurdaino ezagutu gure eguneroko bizitzan horren zuzen eta halako indarrez jo duen gaitzik. Jendea gaixotzen ari da, elkar aise kutsatzen, eta hiltzen. Beldurtuta gaude, nola ez ba.

Beldur horri zalantza gehitu zaio bizkor. Pandemiak sorturiko gizarte-egoera kudeatu behar dutenak ez dira batere fin ibili; aholku zalantzatiak eman dizkigute, neurri batzuk gaitzetsi eta gero neurri horiexek agindu dituzte, eta autoritatez ezarri nahi izan digute taxuz azaltzeko gai izan ez direna. Bi ondorio behintzat izan ditu horrek: ziurtasunik gabe sentiarazi gaituzte, nola jokatu ondo ez genekiela, dena zalantza eta dena duda. Baina, horretaz gain, mesfidantzaz bete gaituzte: ez digute erakutsi hau kudeatzeko gai direnik, eta jada ez gara batere fio.

 

«Zerbait fake denean, korapiloa aldrebesagoa da; izan ere, eztabaidan elkarri lotuta datoz usteak, emozioak, interpretazio subjektiboak, eta zer ez.»

 

Mesfidantzatik haserrera ez dago tarte handiegirik, agi denean. Beldurtuta geunden, nahastu gintuzten, eta haserre gaude. Zail da irudikatzen lur emankorragorik fake diren berri horientzat.

 

Emozioak eta ilunkeria

Fake news-ei bereizgarri zaie irakurlearen emozioak erabiltzea sinesgarri plantak egiteko. Adibidez, normalean, jendeari entzun nahi duena esaten diote. Maskara erabiltzeaz kokoteraino dagoenak, gustura irakurriko du maskarak ez duela ezertarako balio; sinetsi egingo du, sinetsi egin nahi baitu. Gizakioi berezko zaigu hori: prestago gaude gure iritzi eta nahiekin bat datorrena sinesteko; horrela funtzionatzen du gure gogoak. Horrek ez du esan nahi kritiko izateko gaitasunik ez dugunik, edo arrazoitzen ez dakigunik, jakina. Baina arrazoitzeak eta kritikoki aztertzeak ahalegin eta denbora gehiago eskatzen dio gure buruari; gaur egungo informazio-sareak, ordea, zerbait badira, azkarrak eta erraz itxurakoak dira. Ez dio horrek asko laguntzen hausnarketa pausatuari.

Beste maila batean ere erabiltzen dituzte emozioak. Irakurlearengan beldurra, amorrua, ezinegona, errukia, asaldura eta gisakoak eragiten dituzte fake berriek, emozio horien bidez esaten zaigunarekiko atxikimendu nolabaitekoa senti dezagun. Hori nahiko nabarmena da erabiltzen duten hizkuntzari erreparatzen badiogu: hitz potoloak eta izenlagun puztuak erabili ohi dituzte (neurri diktatorial, osasunaren aitzakian eginiko estatu-kolpe, izuaren pandemia, mundu mailako konspirazio, otzanen gaineko tirania, eta zer ez). Termino puztu horiekin, irakurlearen emozioak astintzea lortzen dute, eta horren bidez falazia-argudioak erraztea: diktadurak, estatu-kolpeak edo tirania gaitzesgarri diren neurrian izango dira neurri hauek gaitzesgarri, baldinbaitere. Gure sentiberatasuna astindu nahi dute, esaten dutena egiatzat har dezagun.

 

«Maskara erabiltzeaz kokoteraino dagoenak, gustura irakurriko du maskarak ez duela ezertarako balio; sinetsi egingo du, sinetsi egin nahi baitu.»

 

Emozioen erabileraz gain, badute beste bereizgarri bat fake news-ek: argi-ilunetan moldatzen dira ondoen, ilunbistan. Pandemiaren inguruan zabaltzen ari diren ikuspegi negazionistetan oso nabarmena da hori; badakigu zerbait ukatzen dutela, baina zer, zehazki? Birusa existitzen dela ukatzen dute? Edo birusa erraz kutsatzen dela eta hil egiten duela? Edo, birusa existitzen den arren, eta erraz kutsatzen den eta hil egiten duen arren, hori eragozteko neurririk hartu behar denik ukatu nahi dute? Askotan, ez dago oso argi. Izan ere, hitz-erdika, adjektibo harroz jantzita, ozen eta ahotsa altxatuta esaten dena, errazago sinetsiko dugu, akaso; baina ulertu, zail da ulertzen.

 

Argazkiak. Unsplash / Rachit Tank

 

Arriskuak

Fake news-en arrisku nagusia nahiko ebidentea da: jendeak sinetsi egin dezake horiek esaten dutena. Ebidentea bai, baina ez da kontu hutsala, dagoeneko milaka pertsona hil dituen birus batez ari baikara. Ikuskizun dago nola eragingo dioten ikuspegi negazionistek pandemia honen kudeaketari, baina badugu eskarmentua gai honetan. Izan ere, ez dira berriak pandemiak, ez ikuspegi negazionistak, ez berri faltsutuak.

Orain bizi dugun egoeraren oso antzekoa izan zen 1980-1990 urteetan, HIESaren gaitzaren bueltan. Teoria negazionistak antzekoak ziren orduan ere: ez dago benetan halako gaitzik; edo gaitza bada, baina ez da dioten bezain hilgarria; edo bai, hilgarria da benetan, baina artifizialki sortua izan da, berariaz, laborategiren batean. Gizon homosexualen eta drogazaleen kontra ondo orkestraturiko plana omen zen dena. HIESa geldiarazteko lehen prebentzio-neurriak eta botikak agertzen hasi zirenean, horien aurkako teoria andana agertu zen: ez zutela funtzionatzen, edo ez zela haien premiarik, edo funtzionatu bai baina kalteak ere larriak eragingo zituztela.

 

«Irakurlearengan beldurra, amorrua, ezinegona, errukia, asaldura eta gisakoak eragiten dituzte fake berriek, emozio horien bidez esaten zaigunarekiko atxikimendu nolabaitekoa senti dezagun.»

 

HIESaren gaineko ikerketak bide luzea egina du, eta ez dira honetara ezkero zalantzan jartzen ez haren hilgarritasuna, ez prebentzio-neurrien eragina, ez botiken efikazia. Bide horretan geltoki ilunik ere izan da, ordea: teoria negazionistak sinetsita, Hegoafrikako gobernuak muzin egin zion HIESaren aurkako politikak ezartzeari, esaterako. Ondorioak ondo ezagunak dira, baina ez ditut hona ekarriko, ez bainituzke irakurlearen emozioak hauspotu nahi adierazi nahi dudana sinetsarazteko.

Fake news bidez zabalduriko teoria negazionistek badituzte beste ondorio kaltegarri batzuk ere. Funtsezkoa, nire ustez, zera da: eztabaidarik merezi ez duenean korapilatuta, ez diogu merezi duen indarra eskaintzen benetan eztabaidagarri denari. Izan ere, hori da informazioa hedatzeko sistema azkar-erraz honek sinetsarazi digun beste gauza oker bat: badirudi hemen edonork izan dezakeela edozeri buruzko iritzia. Bada, barkatuko didazue, baina ez.

Iritziaren lurraldean dena libre delako ideia oso zabaldua dago. Alegia, txartzat eman ohi dugu gezurra esatea, egia ez den zerbait zabaltzea; baina, iritziez ari garela, badirudi hor ez dagoela ez egiarik ez gezurrik, ez onik ez txarrik. Hori zuzena izan daiteke, jakina, kontu oso subjektiboez ari garenean. Aitzitik, frogagarriak diren datuei buruz ez dago zer iritzi handirik: aurreko urteekin alderatuta aurten heriotzak ugaritu egin direla zenbakitan konta badaiteke, eta hil den jendearen kopuru handia birus batek eraginda hil bada, birusak ez duela jenderik hil edo ez dela besteetan baino jende gehiago hil uste izatea ez da iritzi bat, ezpada uste oker bat. Pertsonen arteko distantziak handituta, garbitasuna areagotuta eta maskarak erabilita kutsatuen kopurua jaitsi egin dela erakusten badute datuek, neurri horiek ez dutela ezertarako balio uste izatea ez da iritzi bat. Iritziak, eztabaidagarri denari buruz izan ditzakegu; baina ez da dena eztabaidagarri.

 

«HIESaren gaitzaren bueltan, teoria negazionistak antzekoak ziren orduan ere.»

 

Egia da ez dakigula oraindik asko gaitz honi buruz. Baina zerbait badakigu[1]. Badaude datu batzuk dagoeneko frogatu direnak, eta egiaztatu. Eztabaidaren maila minimoa ezarri beharko lukete horiek, eztabaidak zentzurik izango badu.

Izan ere, iritzi-usteko horiek ez dute soilik enbarazu egiten. Arriskutsuak ere badira, eta ez soilik pandemiari aurre egiteko ezagutzen ditugun neurri bakarrak zalantzan jartzea lortzen dutelako. Horretaz gain, kaltegarri dira, eztabaida ustel horietan galduta benetan eztabaidagarri denari arreta nahikoa jartzen ez diogulako. Egoera honetan salatu eta kritikatu beharko genukeen kontu ugari dago. Neurriak ezartzearen aitzakian, poliziaren erabilera nabarmenki autoritarioa egiten ari direla, adibidez. Edo osasun-larrialdi honek agerian utzi duela zein zabarki zaindu diren azken hamarkadetan gure osasun-, hezkuntza- eta zaintza-sare publikoak. Egoera prekarioan zeudenak are larriago daudela orain. Horietan eta beste auzi askotan jarri beharko genuke arreta, horiek kritikatu eta salatu, eta erantzuleei ardurak exigitu; baina ez du horretan batere laguntzen gaitza bera zalantzan jartzeak, neurriak gaitzesteak, edo distantzia soziala eskatzea diktadura-neurria dela esateak.

 

Erantzukizuna eta argitasuna

Gaur egun nagusi diren informazio-bideek ez diote mesederik egiten pentsamendu kritikoari, hausnarketari eta egiari zor zaion errespetuari: informazioak azkarra izan behar du, besteak baino lehen iritsiko bazara irakurlearengana; formatu laburrak nekez uzten dio tartea argudioak zorrotz azaltzeari; eta, zuk esandakoak ikusgarritasunik lortuko badu, hartzaileari nolabait eragiten saiatu behar duzu (merkea da Twitterren bihotza). Esango nuke, ordea, ez gaudela kontuak azkar, labur eta erraz kitatzeko abeleran.

Zientziaren eskutik etorriko da gaitzaren sendabidea, horren zalantzarik ez da. Zientziari berezko zaizkion objektibotasuna, zorroztasuna eta zehaztasuna ez dira ondo ezkontzen gaur egungo erritmoekin, hortxe arazoa. Arrapaladan nahi dugu dena eta ezin da dena arrapaladan egin. Ez ondo behintzat.

 

«Gaur egun nagusi diren informaziobideek ez diote mesederik egiten pentsamendu kritikoari, hausnarketari eta egiari zor zaion errespetuari.»

 

Erantzukizunez jokatzea dagokigu. Denoi, maila guztietan. Esaten dugunarekiko erantzukizuna hartu behar dugu, eta argi jokatu. Entzuten eta irakurtzen duguna kritikoki ulertzen saiatu behar dugu, errazkeriatan erori gabe. Ardurak dituztenei erantzukizunak eskatu. Eta ez gaitezen saia gerok, aldi berean, zientzialari, aditu, politikari, polizia eta filosofo izaten. Dena egin nahiak, dena azkar, erraz eta merke egitera ekarri baikaitu. Denean abilak omen direnen estatu-kolpe diktatorial tiranikoa jasaten ari garela esan nezake, baina ez dut esango.

 


[1] 2020ko urrian The Lancet aldizkarian “The John Snow Memorandum” argitaratu zen –Elhuyarrek ekarri du euskarara abenduan—. 7000 aditu inguruk sinatu duten adierazpena da; gaitzaren inguruan gaurdaino frogatu dena biltzen du, eta pandemiaren gaineko irakurketa adostua egiten. Datu horiek hartu ditut nik minimotzat hemen.