SINADURAK

Pello Zabarte eta Iker Alcedo

Ernaiko kideak

Ezin isilik egon

2021-03-10

Efemeride eta gertaera betez joan zaizkigu atzean utzi berri ditugun asteak. Horietako gehien-gehienek, gainera, lotura zuzena dute ondorengo lerroetan aipatuko dugun gaiarekin. Otsailaren 13ra atzera eginez, Torturaren Aurkako Egunean, Euskal Herrian izandako 5.657 tortura kasuak, beste behin, salatu eta erantzukizunak eskatzen ari ginela heldu zitzaigun Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral eta torturatzaile ezagunaren heriotza.


Negu Gorriak Iruñean 1992an. Argazkia. Wikipedia Commons / Aterpeirum

 

Lerroburuz eta iritziz josi ziren hango eta hemengo sareak; torturaren aurkako aldarriz, poztasun esplizituz eta autozentsura mezuz, baina baita Intxaurrondoko kuartela goraipatzen zuen idatziz ere. Astebete beranduago, otsailaren 20an, 18 urte bete ziren Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria ixtea agindu eta Galindoren gorputz polizial berak Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea setiatu, langileak atxilotu, torturatu eta egunkaria isilarazi zuela.

Bestalde, sare sozialetan gogorarazi zigun @negugorriak kontuak 2001eko otsailaren 24an, hau da, duela 20 urte, garaipenak ospatzearen garrantzia azpimarratu zigula Negu Gorriak taldeak. Eta, oraingoan ere, Galindo lerro artean. Izan ere, ‘Ustelkeria’ kantan aipatzen zirenengatik salatu zuen jeneralak musika taldea, 1993an; epaia irabazita, taldea berriro ere batu, eta Baiona eta Donostia dantzan jarri zituen Negu Gorriakek, ‘Geurea da garaipena!’ oihukatuz.

Azken gertakari aipagarriak Euskal Herritik kanpora garamatza, Herrialde Katalanetara hain zuzen ere. Otsailaren 16an atxilotu baitzuten Mossoek Pablo Hasél rap abeslaria Lleidako Unibertsitatean, monarkiaren kontrako mezuak abesteagatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra bete dezan. Duela urte batzuetako gertaerak dira batzuk, orain aste batzuetakoak besteak, baina, denborak aurrera egin arren, guztiek dituzte hainbat elementu komunean: polizia, epaileak, torturatzaileak eta torturatuak; justizia poetikoa edota abeslariak jazartzen dituen justizia; jende uholdeak, protesta eta adierazpena. Eta adierazteko askatasun eza.

 

«Euskal Herrian izandako 5.657 tortura kasuak salatu eta erantzukizunak eskatzen ari ginela heldu zitzaigun Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral eta torturatzaile ezagunaren heriotza»

 

Adierazteko askatasun ezari erreparatuko diogu sakonago, agenda eta eztabaida publikoaren lehen lerroan ageri zaigun honetan. Abagune hau baliatuz, gure ekarpena egiteko asmoz jaso ditugu hurrengo lerroak; batetik, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaidaren markoaren eta gakoen inguruan arituko gara, bestetik, 78ko erregimenaren baitan kokatuko dugu gaia.

Lehenengoarekin, eztabaida nola planteatzen den aztertzea garrantzitsua dela deritzogu. Sistema kapitalista heteropatriarkalean, neoliberalismoaren eraginez, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida eskubide unibertsal “neutro” batzuen baitan kokatzen baita; korporazio handiek, erakundeek eta komunikabideek ezartzen duten markoan, hain justu.

Mark Bray-ren arabera (2017) merkatuaren metaforak ezin hobeto ezaugarritzen du gizarte kapitalista batean adierazpen askatasunaren atzean dagoen botere dinamika: enpresa multinazionalek kapitalaren eta informazioaren monopolioa eskuratzeko nahia dute, eta gizarteko pertsona gehienoi diskurtsoa eraikitzeko markoa eta mugak ezartzen dizkigute. Horrela, logika neoliberalean, kontsumo-ondasunen merkatua ideien merkatutik banezina da. Ikuspegi neoliberal horretatik, herritar guztiok dugu hitzerako eskubidea, baina diskurtso horren zabalpenerako tresna eta entzuna izateko aukeren inguruan jardungo bagenu, orduan, auzi zeharo ezberdin batean aurrean geundeke, estratifikatuta baitaude eskubide, aukera eta baliabide horiek.

 

«Logika neoliberalean, kontsumo-ondasunen merkatua ideien merkatutik banezina da»

 

Aipatutako markoan, adierazpen askatasuna ez da ezbaian jartzen musikari bat espetxeratzen dutenean, “ideien merkatu askea” zalantzan jartzen denean baizik. Esate baterako, antifaxistek faxistei aurre egiten dietenean, adierazpen askatasunaren aitzakiapean defendatzen dute faxisten hitzerako eskubidea. Iazko ekainean, Sestaon, herritarrek VOXi aurre egin ziotenean ikusi ahal izan genuen adibide paregabea, Carlos Iturgaitzek zein Iñigo Urkulluk adierazpen askatasunaren izenean faxismoa zuritu baitzuten; azken horrek, gainera, “manifestari antifaxistak tolerantziaren eta pluraltasunaren aurka” zeudela adierazita.

Faxismoari kalean aurre egiten diogun bakoitzean, neoliberalismoak adierazpen askatasuna urratzea leporatzen digu ezkerrari eta antifaxistoi, sistemak berak -erakunde, politikari eta komunikabideen boterearen bidez- mugatu eta ezarritako marko horren baitan ulertzen baitute. Neoliberalismoak adierazpen askatasuna bere ideologiaren oinarrizko printzipio lez planteatzen du, printzipio neutro edo apolitikoa balitz bezala. Gauzak horrela, ikuspegi eraldatzaile eta emantzipatzailetik ezin dugu liberalismoaren eremua geure egin. Era berean, honek adierazpen askatasunaren mugak onartzera garamatza, adierazpen askatasun absolutu eta neutrorik ezin baita egon.

 

«Neoliberalismoak adierazpen askatasuna bere ideologiaren oinarrizko printzipio lez planteatzen du, printzipio neutro edo apolitikoa balitz bezala»

 

Argazkiak. Flickr / Ahdieh Ashrafi CC BY-NC-ND 2.0

 

Kontua, baina, mugak non ezartzean datza, eta hor, faxismoaren auzia parez pare daukagu berriz. Faxismoak pertsona eta gorputzak suntsitzea du xede, euren izate propioagatik soilik; babesgabe eta zaurgarriak diren sektoreak erasotuz, batez ere. Hori ahalbidetu nahi duten diskurtsoak ez dira perspektiba askatzaile batetik eraiki beharreko logikaren barruan sartzen, pertsona zaurgarriak suntsitzeko erabiltzen den hitza indarkeria hutsa baita, ez beste ezer.

Kapitalak eta Estatuak dira diskurtsoa mugatzeko baliabideak eta boterea dutenak, indarkeria barne. Diskurtsoa sortu eta eraiki ahal izateko merkatu askearen lehia ontzat jo, eta adierazpen askatasunaren mugak eurak ezartzen dituztelako. Kontuan hartu gabe sistema kapitalista heteropatriarkalak eragindako zapalkuntza orok estratifikatu eta mailakatzen dituztela diskurtsoa sortzeko ditugun baliabide eta aukerak. Gizon zuri heterosexualok horretarako beste hainbat herritarrek ez dituzten aukera eta pribilegioak ditugu, beraz.

Ezker iraultzailetik, adierazpen askatasunaren inguruan eztabaidatzeko bestelako marko bat eraikitzea dugu erronka. Multinazionalek, komunikabideek eta Estatu espainiar eta frantziarrak ezartzen dituzten joko-arauei aurre egin, eta optika eraldatzaile batetik heldu behar diogu auziari: finean, eskubide eta aukera guztiak pertsona guztientzat, kapitala eta botere ekonomikoa ekuaziotik atera eta ikuspegi antifaxista duen adierazteko askatasuna aldarrikatuz.

 

«Ezker iraultzailetik, adierazpen askatasunaren inguruan eztabaidatzeko bestelako marko bat eraikitzea dugu erronka»

 

Azkenik, adierazpen askatasunaren auziak forma propioa hartzen du Hego Euskal Herrian, 78ko erregimenak inposatutako eszenatoki antidemokratikoaren baitan. Eskubide izatetik urrun, sistematikoki dago ukatua, Espainiaren batasuna, oligarkia eta monarkiaren defentsari leialtasuna agindu baitzitzaion 1978 urte hartan, 40 urteko frankismoari aurpegia zuritzearekin batera.

Horra hor, beraz, egun ere indarrean -eta indarrez- dagoen markoa: “adierazteko eskubidea bai, nire interes ekonomiko eta politikoak ukitzen ez dituzun bitartean”. Ikusi besterik ez baitago zer nolako lasaitasunez aritu daitezkeen faxista eta naziak sare eta kaleetatik Galindo bezalako torturatzaileak txalotuz edota Madrilen Dibisio Urdina omenduz. Kontrara, zenbat euskal herritarrek jasoko genuke Audientzia Nazionalaren deia Herri honen azken 60 urteetako historiaren inguruan iritzia emanez gero?

Ehunka izan dira Espainiako Estatuan “terrorismoari gorazarre egitea” edota “Koroaren aurkako delitua” leporatuta epaitu edo espetxeratutakoak: Alfredo Remirez militante eta txiolariaren kasua duela urte batzuk, Francoren oinordekoaren ondorengo den Felipe VI.aren estatua eraisteagatik Nafarroako 12 gazteen epaiketa edota, lehen ere aipatu bezala, Pablo Hasélen kartzelaratzea, adibide batzuk ekartzearren. Estatu-izaeran bertan adierazpen askatasunaren ukazioa duen 78ko erregimenaren ondorio dira horiek guztiak, batzuk eta besteak libreki adierazteko eskubiderako ezarri zuten mugaren barruan edo kanpoan kokatzen gaituztenak.

 

«Adierazpen askatasunaren auziak forma propioa hartzen du Hego Euskal Herrian, 78ko erregimenak inposatutako eszenatoki antidemokratikoaren baitan»

 

Euskal Herrian duela 20 urte inguru gertaturiko batzuk ekarri nahi izan ditugu gogora, Negu Gorriak edota Euskaldunon Egunkariari mozala jarri nahi izan zieten horien hari errepresiboak -neoliberalismoan oinarritutako 78ko erregimena- bere horretan dirauela azpimarratzeko, baina, gehienbat, faxismoari ateak itxiko dizkion adierazpen askatasunerako markoa eraikitzearen beharra mahai gaineratzeko. 

Hori dela eta, ezinbestekoa izango da herri gisa erantzuteko gaitasuna izan, eta injustizia hauen guztiek aurrean lerratzea. Esan bezala, adierazpen askatasunaren auzia estuki lotuta baitago 78ko erregimenari, eta berau eusten duen katebegitzat du adierazpen askatasun eza.

Hitz batez, adierazpen askatasuna ikuspegi emantzipatzaile batetik eraiki nahi dugunok gaurko Euskal Herrian dugun erronka nagusia praktika horren defentsa irmoa da. Euskal Errepublika egikaritzeko gizarte sozialista eta feminista eraikitzen jarraitzea baita Espainiaren batasuna eta kapitalismoa bermatzen duen erregimena arrakalatzeko biderik zuzenena.