SINADURAK

Larraitz Ugarte

Abokatua eta EH Bilduko komunikazio arduraduna

Euskal Errepublikaren beharra inoiz baino agerikoago

2020-07-03

Proiektu independentista urtetotan nagusiki modu emozionalean garatu dugun mugimendua gara ezker independentista. Eta hori askok modu mespretxagarrian eta baztergarrian berau gutxiesteko erabiltzen badute ere (baita independentismoaren baitan) uste dut elementu emozionala berreskuratzeko momentua dela, estatuaren zentralismo entseguen atzean dagoenaren inguruko irakurketa zorroztuz; ze izan gintezkeen Zeelenda Berria edo Danimarka eta Espainia izatea tokatu zaigu, hein haindi batean  egungo instituzioetako arduradunen lidergo gabeziagatik.


 

2020-05-26, Gasteiz. Osasun eta gizarte arloan inbertitzeko eskatzeko agerraldia hainbat eragilek, “Orain ardura” ekimena, elkarretaratza eta agerraldia Txagorritxu aurrean. Argazkiak: FOKU

 

Azken hilabete hauetan COVID 19aren pandemiak arlo askotariko pentsatzeko bideak zabaldu dizkigu. Krisi honetara ekarri gaituen sistemaren miseriak, hemendik ateratzean beharko genukeen gure baliabide naturalen ustiaketa nola garatu, kontsumo, bizimolde eta mugikortasun ereduen inguruko gogoetak, lanaren eta bizitzaren arteko talka, sistema produktiboaren eta osasunaren artekoa, sistema publiko indartsuen beharraz, gure herritarren zaintzaren gaineko eztabaidaz...

Krisi honek ezkerreko independentismoarentzat hain ebidentea zen hori ere erakutsi digu: estatu baten beharra. Espainiar nazionalismoak, diskurtso naif mundutiarrek, europeistek eta are Urkulluren interdependentziaren aldarrikapenak edo Ortuzarren ia-estatu bat izatearen salmentak ezerezean geratu dira azken hilabete hauetan. Europar proiektuaren handitasunaren defendatzaileak larrugorritan utzi ditu egoerak.

 

Espainia eta nazio-estatu deritzonaren sendotzeaz

UME eta Guardia zibilaren presentzia gure kaleetan ikusteak sinbolizatu du agian modurik garbienean hego Euskal Herria Espainiaren parte dela. Hasierako asteroko Madrilgo prentsaurreko militar-polizial horiek bezala, Espainiaren autoritatearen espresiorik gorenena erakutsi digute. “Todos unidos”, espainiar guztiok batuta esan nahi duela itzultzea erraza suertatu zaigu. Eta Urkullu eta Chiviteren aginte autonomikoen ahuldade guzti guztiak nabarmen agertu dira.

Pandemia honetan estatua izan da autoritate gune bat eta bakarra. Konstituzio Espainiarraren 116. artikuluaren aplikazioak urteetako “Europako autogobernu maila altuenaren mitoa” hankaz gora utzi du, Katalunian 155. artikuluarenak norbaiti oraindik zalantzak utzi bazizkion. Eta nago, ez dela trantsizio fase batean geratuko den eredua izango, (nahiz eta deseskaladan eskuduntzen bueltatze bat iragarri den). Behin autoritate eta boterearen ontasunak frogatuta eta salbuespen egoerak eragindako herritarron otzantasuna ikusirik, aurrerantzean Espainiar Estatuak formula honen edo antzekoen erabilerarako tentaldiak izango dituela iragartzea erraza da. Estatu nazioa eredu  zaharkitua zela ziotenentzat zaplazteko gordina. Estatu nazioa ez doa iraganaren besoetara, gaurkotasun eta etorkizun handiko antolakuntza eta gobernantza modua da. Eta euskaldunok ez ginateke formula horrekin baino gutxiagorekin konformatu behar.

 

«Estatuak konplexurik gabe gure urteetako eskuduntzak xurgatu dituenean eroso ikusi dira gure lurraldeetako agintariak.»

 

78ko erregimenaren krisitik pandemiaren krisira

Estatuko sektore independentistok izenburu horretatik abiatutako analisia egiten geniharduen pandemia gainera erori zitzaigunean. Kataluniako prozesua, korrupzio kasuak nonnahi, bipartidismoaren krisia, demokrazia errealaren gabezia... 78ko erregimena agortzen ari zenaren analisia Euskal Herrian ere  geroz eta partekatuagoa zela esatera ausartuko naiz eta hortik eratorri zen EAE eta Nafarroak estatuarekin beste harreman mota bat eraiki beharraren ideia, berdinen artekoa eta baskongado eta nafarron erabakitze eskubidean oinarrituta. EAEn azken hiru urte hauetan legebiltzarreko autogobernu ponentziak landutakoa tesi horren zabalkundearen adibide garbia delarik.

Txinatik etorritako birus bat nahikoa izan da guzti hori hankaz gora utzi eta mundu guztiaren berkokatze politiko bat behar izateko. Gutako inork inoiz ezagutu ez zuen tamainako krisi sanitario honek gure askatasunak autoerregulatu eta goizetik gauera inoizko modu basatienean inposatu zaigun estatu arrotz baten menpe jartzea eragin du. Salbuespenean salbuespen neurriak, ados, lehena osasuna. Baina salbuespen hori aurrekari arriskutsu bat izan daitekeela ezin ukatu eta honetan ere, beste ezer egin ezean lehengo normalitate autonomikora bueltatuko garela itsuan pentsatzea inuzentekeria da.

 

«Kudeaketa zentralizatu baten gabeziak nabarmen geratu dira eta  mandu bakarrarena eraginkortasunaren izenean errore bat.»

 

Estatu bat izatearen garrantzia eta autogobernazio horrek ematen dituen ahalmen mugagabeen inguruko diskurtsoa, arrazoi ulergarriengatik bada ere, faltan bota dira azken hilabeteotan. Estatuak konplexurik gabe gure urteetako eskuduntzak xurgatu dituenean eroso ikusi dira gure lurraldeetako agintariak horrelako larrialdi baten erantzukizuna gauzak gaizki egitekotan Madrili leporatzeko kalkulu politikoak eginda.

Kudeaketa sanitarioaren ikuspegi batetik, eskuduntzen xurgatzea hankasartzea izan da: osasun alorrean jarduteko gaitasunik gabe maskarillak zentralizatzen ikusi dugu Madril; deseskaladaren lehen faseak arte neurri berdin edo homogeneoak aplikatzen espainiar territorio guztian, egoera guztiz ezberdinei erremedio berdinak eman nahian; baliabide publikoen banaketa beharrizan lokaletara egokitzeke... Kudeaketa zentralizatu baten gabeziak nabarmen geratu dira eta mandu bakarrarena eraginkortasunaren izenean errore bat. Lurraldearen tamaina handia izateak dituen desabantailez ere jabetu ahal izan gara.

Datorren krisi ekonomikoa kudeatzeko orduan ere, formula espainiar zentralistaren desegokitasuna agerian utziko digu eta honi aurre egiteko ditugun tresna politiko-juridikoen ahuleziak inoizko nabarmenen.

 

Autogobernu autonomikoaren ahuldadea: kontzertuaren eta kupoaren mitoaren erorketa

Iñigo Urkullu Lehendakaria martxoaren 11n terrorismoaren biktimei Gasteizen egindako omenaldian. Pandemia EAEra iritsi zenean, herritarrek, dendariek eta baita Espainiako Gobernuak ere etengabe aurrea hartu zioten erabakietan. Erreakziorako gaitasun falta eta iniziatiba gaitasun falta nabariak izan dira. Apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea ere izugarri kosta zitzaion, pandemiari neurria hartu ezinda. Argazkia: FOKU

 

Pandemiak eragin duen krisi ekonomikoaren hasieran baino ez gauden honetan, BPGaren eboluzioaz haratago herritarren kezketan lehentasun bilakatzen ari da komertzioaren itxiera, taberna eta ostalaritza negozioena, turismo sektorearena baina baita lehen sektore edota industrialena ere. Familiek etxera ogia nola ekarri ahalko duten eta estatuak edo gobernuak nola babestuko dituen jakin nahi du gutako bakoitzak. Ez da gutxiagorako.

Espainiak “berreraikitze” proiektua jarri du abian horretarako, Espainiar eskalan krisialditik ateratzeko plan osatu bat egiteko asmoz. Euskal eskalan ere ari dira alderdi politiko ezberdinak eta erakunde publikoak euren planak aurkezten. Batzuk berriro lehengo normalitatera azkar itzultzea bilatu nahian, non betikoen interesak gehiengoen interesen gainetik lehenetsiko diren eta beste batzuk ezkerretik eta aldaketa gosetik burututakoak, krisi honen zergaitiak ondo kokatu eta planteamendu eraldaitzaile interesgarriak eginez. Alderdien planez gain, mugimendu sozial ezberdinek ere euren proposamenak mahai gaineratu dituzte krisi honetatik balioen eskala aldatu eta hainbat arlo lehen lerroan jartzeko beharra azpimarratu dutenak (mugimendu feministak zaintzaren inguruan egindakoak, kasu).

 

«Jeltzaleei hainbeste gustatzen zaien Europako autogobernurik handienaren muga: datorrenari aurre egiteko eta etorkizuna hemen diseinatzeko Madrilera bilkuretara joan beharko duen gobernantza ereduarena.»

 

Halere, euskal eskalan egindako plan guzti-guztiek dituzten mugak agerian uzteko momentua da. Hezkuntzaren etorkizuna kasu. Kurrikulumean eta ebaluaketa sistemetan aldaketak egitea baldintzatuta daukagun hezkuntza sistema bat badugu, digitalizazioan aurrera egingo dugu, ikasleen konpetentziak handituko ditugu, irakasleen osasun baldintzak hobetu ahalko ditugu baina herri honen etorkizuneko profesionalak eta jakintzadun pertsonak ez dira hemen erabakitako parametroetan formatuko. Zaintzari dagokionean espainiar dependentzia legearen parametroetan mugituko gara eta jende gehiago edo gutxiago izango dugu kontratatuta, sistema publikoa indartsuagoa izan daiteke baina oinarria Madrilek markatuko du. Zer esanik ez esparru ekonomikoan eta batipat lan arloan eta oinarrizko eskubide subjektiboen eremuan, errenta bital minimoa, ERTEak, pentsioak edota etor daitezkeen lan erreforma berriak.

Datorren guztiari hemendik pentsatu, sortu, legeztatu eta exekutatutako  planteamendua komeni zaio. Eraginkortasun eta zentzu komun kontu bat da. Gure baliabideak guk erabaki behar dugu nola kudeatu, hemen dauden industriaren berraktibaziorako beharrak estaltzeko, trantsizio energetikorako pausuak sendotzeko, osasun publikoa indartzeko edota gure milaka familien erreskaterako.

 

«Iragarri dituzten Europar funtsak Madrilen eskuetatik pasako dira eta guri funts horietatik zenbat dagokigun han erabakiko da.»

 

Honela, likidezia beharko dute gure erakunde publikoek etorriko diren behar guzti horiei aurre egiteko eta  dirusarrerak handitzeko arautze ahalmena behar dugu (ez zerga kontzertatuena soilik, egun dugun bezala, baita BEZarena ere). Egun dugun modeloaren arabera gure dirusarrerak mugatuta daude. Iragarri dituzten Europar funtsak Madrilen eskuetatik pasako dira eta guri funts horietatik zenbat dagokigun han erabakiko da. Hemen erabaki beharko da ditugun aurrekontuak nola antolatu eta aurreikusita edota abiatuta dauden hainbat proiektu faraoniko geratzea  (AHT eta HTS bezalakoak).  Estatuari ere esan beharko zaio ez dugula nahi herri honetan egin beharreko inbertsioak han erabaki eta guk modu batera edo bestera ordaintzea. Zergatik ez AHTren Araba eta Bizkaiako zatiak geratu eta EAEko erakundeei kupoaren ordainketatik gutxiago kendu?

Adibide hauek guztiek erakusten dute besteren artean jeltzaleei hainbeste gustatzen zaien Europako  autogobernurik handienaren muga: datorrenari aurre egiteko eta etorkizuna hemen diseinatzeko Madrilera bilkuretara joan beharko duen gobernantza ereduarena. Besterik da aukera hau, herri honen determinazioa erakusteko den. Zentzu horretan, Kupoaren ordainketaren negoziazioa, BEZarena, gizarte segurantzarena edota europar funtsena eta orohar gure lurraldean Estatuaren eskuhartzeari mugak jartzea Estatuarekin konfrontatzeko esparru interesgarri bilakatu daitezke horretarako borondate politikorik badago.

 

Independentismo emozionala eta arrazionala

Aberri Eguna konfinatuta ospatu behar izan dugu aurten. Euskal Herria Batera ekimenak dei eginda, herri gisa koronabirusari aurre egiten lehen lerroan ibili diren langileak omendu ditugu eta dolua adierazi hildakoen senideei. Argazkia: FOKU

 

Proiektu independentista urtetotan nagusiki modu emozionalean garatu dugun mugimendua gara ezker independentista. Eta hori askok modu mespretxagarrian eta baztergarrian berau gutxiesteko erabiltzen badute ere (baita independentismoaren baitan) uste dut elementu emozionala berreskuratzeko momentua dela, estatuaren zentralismo entseguen atzean dagoenaren inguruko irakurketa zorroztuz; ze izan gintezkeen Zeelenda Berria edo Danimarka eta Espainia izatea tokatu zaigu, hein haindi batean  egungo instituzioetako arduradunen lidergo gabeziagatik.

Baina honekin batera independentismoaren arrazionalizazioaren defendetzaileek ere badute datozen hilabeteetan espainiar Estatuaren menpekotasunak ekartzen dizkigun mugetan barrena nabigatzeko aukera: gure bizitzak eta herria antolatu eta aurrera bideratzeko behar ditugun tresnak ez dira nagusiki alter-tasunetik egingo; besteek dituzten  mekanismo juridiko, ekonomiko eta politikoak berberak izatea lortzea da  herri honentzako berme bakarra. Erori da, behin betiko, hilzorian zegoen  estatutuaren mitoa. Hil da jainkoa.

 

«Gure bizitzak eta herria antolatu eta aurrera bideratzeko behar ditugun tresnak ez dira nagusiki alter-tasunetik egingo; besteek dituzten  mekanismo juridiko, ekonomiko eta politikoak berberak izatea lortzea da  herri honentzako berme bakarra.»

 

Argumentazio praktikoaren bilduma on bat egin eta Espainian jarraitzearen lastrea pedagogizatzeko aukera zabaltzen zaigu, muga horiek ikustarazteko konfrontazio politiko sendoa egingo duen mugimendu bilakatzen asmatzen badugu: dagoenarekin zer egin dezakegun soilik pentsatzeko hartu dugun joera arriskutsu hori beste mota bateko pentsamenduarekin konbinazio egokian baino ez dela eraginkor kontziente bagara. Epe motzak luzea kamustu ez dezan. Posible dena egin baina egin nahi dena posible bilakatzea sakrifikatu gabe. Balia dezagun geldialdi hau posible egin nahi dena nola egin pentsatzeko.