SINADURAK

Itsasne Fernandez, Kizkitza Gil de San Vicente eta Arkaitz Rodriguez

Sortuko kideak

Eraldaketarako justizia feminista: aldarrikapenetik praktikara

2022-11-23

Azaroaren 25ean indarkeria sexistaren aurkako kontsentsu sozial eta politiko zabala irudikatu da. Afera da: hainbestekoa bada adostasuna, zergatik ez gara indarkeria sexista erauzteko borrokan nahi eta behar bezainbeste aurreratzen ari?


Argazkia. Unsplash / Mika Baumeister

 

Lan handia egiten ari denik ezin uka. Lehenik eta behin, mugimendu feministaren aldetik, zeinak justizia feministaren inguruko aldarrikapena erdigunean jarri duen. Halaber, badira lantokietan, jai gunetan edota erakundetan indarkeria sexistaren aurkako protokoloak proposatu eta abian jartzeko ekimenak. Ezker abertzaleak duela bi urte berritu zuen eta orain aplikatzen ari den protokoloa da horren adibide. Bere esku hartze eremua mugatua izanda ere, proposatzen duen ildoa aitzindaria dela esan dezakegu.

Konstatazio batetik abiatzen da ezker abertzalearen protokoloa: indarkeria matxista jendartearen esparru guztietan gertatzen da, baita gure erakundeen baitan ere. Ez gara soilik muturreko indarkeria fisikoaz ari, intentsitate maila desberdinetako ekintzez baizik: espaziorik ez aitortzea, iritzia aintzat ez hartzea, gutxiestea, zalantzan jartzea, objektutzat hartzea, iraintzea, jazartzea. Ez dira kasu isolatuak, dominazio sistema baten adierazpenak baizik.

 

«Emakumeen aurkako indarkeria maila desberdinak identifikatu eta horien araberako esku hartzea planteatzen du ezker abertzalearen protokoloak»

 

Honela, erasotzaile jakin batzuk hala-moduz zigortu, erasotutako emakumeak babesgabe utzi eta emakumeen aurkako egiturazko indarkeria ontzat ematen duen punitibismoari uko egin eta, horren ordez, indarkeriaren ondorioei ez ezik indarkeria horren kausei aurre egitea da erronka. Punitibismoak egiturazko zanpaketa iraunarazten du; indarkeriaren aurkako esku hartze feministak, berriz, jendarte harremanak eta egiturak eraldatzea bilatzen du.

Emakumeen aurkako indarkeria maila desberdinak identifikatu eta horien araberako esku hartzea planteatzen du ezker abertzalearen protokoloak, eremu honetan adituak eta arituak diren kideek diseinatu eta gidatutako prozesu ordenatu baten bidez. “Nik sinisten dizut” aldarriarekin bat, erasoa jasan duenaren hitzari eta bizipenari balioa ematen dio, eta bere lekukotza jasotzeko eremu segurua sortzen du, sistema judizialak eragin ohi duen birbiktimazioa ekiditen saiatuz.

Erasoa egin duenarekiko neurriak ez ezik, eraldaketaren zentzuan prozesuak planteatzen ditu, eragindako minaren aitortzatik abiatuz, erreparazioa nahiz erasorik gabeko eremuak helburu. Eta komunitate osoa interpelatzen du, erasoaren eta erasoa posible egiten duen testuinguruaren kontzientzia hartu eta testuinguru horretan eragiteko asmoz. Izan ere, kasu bakoitzari aurre egitea, betebehar bat izateaz gain eraldaketarako aukera bat ere bada. Protokoloak bestalde lengoaia berri bat erabiltzen du, marko narratiboaren aldaketa ere helburu, hori ere baita prozesu feministaren urrats inportante eta oinarri bat, baita jendartearen eraldaketan eragiteko ere.

 

Argazkia. Unsplash / Ahmad Odeh. Dance of Soul

 

Hartu dugun bidea ez da errazena. Gure gertuko militante eta lagunak eraso bat eragin dezakeela aintzat hartzea; erasoaren aurrean aktibatzen den prozedurarengan eta prozedura hori gidatzen duen lan-taldearengan konfiantza izatea; eta kasutik harago egiturazko indarkeriaren kontzientzia hartzea, norberaren nahiz taldearen jokabidea kritikoki aztertzea, eskatzen du. Eta baldintza hauek guztiak ez dira berez ematen, etengabe landu beharreko oinarriak dira.

Protokoloa aplikatu den dozenaka prozesuetan milaka ordu inbertitu dira. Eta lan horrek bere emaitzak eman ditu: ezker abertzaleko emakumeak ahalduntzen lagundu du, eraso mota desberdinak identifikatzen, egiturazko menderakuntza sistemaren kontzientzia hartzen. Baina erresistentziak ere egon dira: erasoa egin duena gertukoa denean bere hitzari erasotutako emakumeenari baino balio handiagoa ematea, gertatutako erasoari garrantzia kentzea edota protokoloaren egokitasuna zalantzan jartzea, esaterako.

 

«Indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bati baietza ematea erreza da eta ongi ikusia dago, baina protokoloa aplikatzeak praktika konplexu eta mingarri batgaratzea eskatzen du»

 

Agerian geratu denez, indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bati baietza ematea erreza da eta ongi ikusia dago. Baina protokoloa aplikatzeak praktika konplexu eta mingarri bat (osatzailea eta iraultzailea aldi berean) garatzea eskatzen du. Eta hor hasten dira zalantzak, aitzakiak, atzera urratsak, erresistentziak (“edozein izan liteke, baina gure gertukoa ez”, “hau egin duela esan bazenidan bai, baina hori? Ezinezkoa”, “nik beti sinistu izan dut emakumearen hitza baina honetan seguru nago ezetz”, edota “argi dut kasu honetan oker zabiltzala, nik betidanik ezagutzen dut” beste batzuen artean).

Esan bezala, protokoloarekin hartutakoa ez da bide errazena, baina jendartea eraldatu nahi duen ezker abertzalea bezalako mugimendu batentzat bide koherente eta eraginkor bakarra da, ez baitu alternatibarik. Egon badiren zailtasunen aurrean, indarkeria orori ikuspegi eraldatzailez aurre egiteko hartutako erabaki politikoan berresten gara.

Eta urteotan kudeatutako kasuek emandako esperientzian oinarrituta, honako gako hauetan arreta jartzera goaz: batetik, egiturak nahiz oinarri militanteak indarkeria matxista identifikatu eta horren aurrean esku hartzeko irizpideen inguruko trebakuntza indartzea; bestetik, esku hartze prozesu kolektiboei balioa eman eta babestea. Eta hauxe da azaroaren 25aren harira hartzen dugun konpromisoa. Gai honi dagokionez ere, sinisten duguna esan eta esaten dugun hori egin nahi dugu.