Maitasun pentsamendua erregimen emozional bat da, eta bere antolaketa sinboloen, irudikapenaren eta arau multzo baten bidez egiten du.
Adrienne Richen irakaspena begien parean izatea ere oso garrantzitsua da aipatuko dugun honetan guztian. Bera amatasunaz ari zen, baina maitasun pentsamenduaz aritzeko ere baliagarria izango zaigu bere hausnarketa: esperientzia indibiduala eta erakundea bereizi behar dugu. Nekez lortuko ditugu amatasunaren (irakurri maitasunaren) praktika iraultzaileak, baldin eta gure planteamendu indibidualak ez badoaz lotuta amatasuna (maitasuna) erakunde gisa eta patriarkatuaren bizkarrezurra den heinean higatzera eramango duen estrategia kolektibo batekin (Basabe 2019).
Feminismoarentzako ezinbestekoa den maitasun pentsamenduaren gaineko eztabaida, Crítica del pensamiento amoroso liburuan laburbildu zuen Mari Luz Estebanek eta inoizko gaurkotasun handiena izan beharko luke Koronabirusaren krisia kudeatzeko emandako urratsen (edo eman gabekoen) ondorioz. Ez soilik feminismoan, antolakunde ezkertiarretan ere. Noren bizkar jarri dute instituzioek norbanakoen ongizatea? Nork sostengatzen ditu emozionalki, sozialki, ekonomikoki... jarritako neurrien ondorioak? Nork pairatzen ditu ondorioak eta nork leuntzen saiatu? Eta zergatik?
Maitasun pentsamendu hori gure jardun instituzionalaren barruraino sartua dugula erakusten digute besteak beste, orain arte Gizarte Politiketan hartutako norabideek. Etxean, “familia giroan”, zaindu nahi duenari soilik begiratu dioten politikek, ideia bat indartzen dute: Zaintza onenak maitasunez egindakoak dira. Eta ez, zaintza lan onenak, profesionalki edo ez, baina baldintza onetan egiten direnak eta aukeratuak direnak dira. Baina maitasun pentsamendu honekin antolatu dira Koronabirusari aurre egiteko neurri guztiak. Estatuak familietan kokatu ditu neurri gutxi eta ardura handi batzuk, familia nuklearrekin noski, eta tarteko komunitatea ezabatu egin du erantzun dinamikatik. Are okerrago, komunitatearen auto-antolakuntza zigortu du, bai sozialki (hauen desprestigioa komunikabide publikoetatik eginez) zein polizialki (isunen bidez). Eta garrantzitsua da gogoratzea familia dela (bikote heterosexuala eta etxe pribatua bezala kontsideratuz), emakumeontzako espaziorik hilkorrenetarikoa. Oihane Ruizek (2019) indarkeria matxistagatik eraildako emakumeak nork eta non erail zituen aztertu zuen, eta ondorioak (sinplifikatuz) bi izen ditu bere hitzetan alde batetik, senarra edo bikotea; eta beste alde batetik, etxea. Eta non daude egun indarkeria harremanetan kateatuta dauden emakumeak eta haurrak? Erantzunak ileak puntan jarri beharko lizkiguke gutxienez.
Izenburuan, maitasunagatik eta prekarioki egiten diren lanez hitz egin dugu, maitasun pentsamendu honek, lan banaketa sexuala sustatzen duela azpimarratuz. Familia giroan batez ere erresolbitzen diren zaintza beharrak, bertatik ateratzerakoan merkatuak asebetetzen dituelako, prekarizatutako emakumeen lanari esker. Beraz edo doan, edo prekarioki, baina emakumeok bermatuko dugu jendartearen ongizatea. Bota dezagun begirada atzera eta gogoratu ditzagun Koronabirusaren krisiaren aurretik non zeuden lan gatazka garrantzitsuenetarikoak. Adinekoen egoitzetako Gipuzkoako langileetan, Etxez etxeko arreta zerbitzuetan, Etxeko langileetan, Garbiketa sektorean... kasualitatez dena feminizatua, kasualitatez dena prekarizatua. Baina nork utzi dio greba egiteari ezinbesteko lanak berrartzeko? Adinekoen egoitzetako langileak. Prekarietate maila berean, baina krisi batek suposatzen duen zama erantsiarekin.
Confebaskeko lehendakariak buru gaixotasunak edo ezgaitasun ezberdinak Espainiar estatuko gobernua prime timean gutxiesteko erabiltzen zituen bitartean, ez dute Teleberriko zuzenekorik merezi izan besteon bizitza haien bizi prekarioen gainetik jartzeko erabakia hartu duten langile emakumeek. Bide batez, zaintza sektorean lanean ari direnenak ezinbesteko lanak direla aspalditik aldarrikatu ditugu batzuek, baina orain argiago ikusi ahal izan da. Zeintzuk dira egiteari utzi ezin diogun lan ezinbesteko horiek? Kapitalaren logikaren aurrean, lehentasuna bizitza da. Hori bai, baldintza kaxkarretan, etekinak ateratzeko helburua daukaten makro-enpresen jabetzapean lan egiten jarraitu behar izan dute ezinbesteko langile hauek.
Desfamiliarizazioaren eta desmerkantilizazioaren bidea hartu behar dugula diosku Jule Goikoetxeak. Eta zaintzaren alorrari begiratuz, zaintza sistema publiko eta duina herritar guztientzako eta zaintza enpleguan ari direnen lan baldintza egokiak bermatzea litzateke urrats garrantzitsu bat. Bestalde, pertsonon eta bereziki emakumeen askatasuna babestu behar dugu, zaintzeko edo ez zaintzeko erabakia hartu dezaten, erabaki librea. Eta hori ez da bermatu izan krisi honetan, are gehiago, horren kontra eraiki da baliabideen eta ardura banaketen arautegi guztia. Komunitatea ere aintzat hartuz, maitasunagatik baino, giza eskubideak bermatzeko elkartasun herritarra bultzatu beharko genuke, etxeen kontzeptu pribatua hautsiz. Balio diezagun, momentu honek, birpentsatzeko, zeintzuk sustengatzen duten benetan gure ongizatea, eta biharko egunean, hemendik aterako garenean, zaintza alorreko langile (profesional edo ez profesional) feminizatu eta prekarizatuez ahaztu baino, gure lan politikoaren erdigunean egoteko ardura har dezagun. Txaloak bihotzez, haientzat eta osasuneko langileentzat, baina baita konpromiso politikoa, epe ertain eta luzean, haien lan baldintzen borrokan alboan izango gara.
Basabe, Zaloa (2019) Amatasunaren politizazioa: atzo, gaur eta bihar. (Maitasuna politikoa da, 233-234) 67-78 Jakin aldizkaria.
Esteban, Mari Luz (2019) Maitasuna erdigunetik kanpo. Maitasun-ideologia arrozteko dekalogoa. Jakin aldizkaria (Maitasuna politikoa da, 233-234) 35-66 -- (2011) Crítica del pensamiento amoroso, Ed. Bellaterra.
Goikoetxea, Jule (2019) EAEko demokrazia patriarkala, Emakunde.
Pateman, Carole (2018 [1988]) Kontratu sexuala, Elkar.
Rich, Adrienne (2019 [1986]) Nacemos de mujer, Traficantes de sueños.
Ruiz, Oihane (2019) Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak. (Maitasuna politikoa da, 233-234) 79-94 Jakin aldizkaria.