Argazkia. FOKU / 2023-10-20, Bergara. Emakume pentsiodunen III. Batzarra.
Euskal Herriko Pentsiodunok zaintza erdigunean jarri dugu. Gutariko asko zaintzaileak gara oraindik baina, zainduak izateko beharrizana ere badugu, besterik ezean, adinean aurrera egiteak dakarren desgasteagatik. Beraz, zaintza zergatik? Batetik, bizimodu duina eta kalitatezkoa izateko ezinbestekoa dugulako, eta bestetik, gure kasuan, kolektiborik zaurgarrienetako bat garelako.
Hego Euskal Herrian 200.000tik gora dira 1080€ baino gutxiagoko pentsioa kobratzen duten pentsiodunak, gehienak emakumeak dira. Hona hemen ere genero arrakala. Hauek oinarrizko beharrizanak asetzen duen etxebizitza duina eta elikadura osasuntsua izateko aukera edota behar dituzten botikak erosteko ahalmen ekonomikoa murritza dute. Osasuntsu egon arren ez dute zaintzarako aukera handirik. Zer esanik ez gaixotasunik izanez gero. Horregatik diogu zaintza aukera duinak ezin duela egon pertsonaren ahalmen ekonomikoaren menpe.
Arestian esandakoagatik, Euskal Herriko emakume pentsiodunok urtebete baino gehiago egin dugu zaintzaren gainean eztabaidatzen. Gure eztabaida honek bat egin du bete betean Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin. Hausnartzen hasteko geure buruari galdera egin genion: gutariko bakoitzak, nola nahi du zaindua izatea? Baina baita nola zaindu nahi dugun ere galdetu genion geure buruari, banaka batzuk zaintzailea ez izateko eskubidea aldarrikatzen dutelako.
«Gizarte patriarkal honetan emakumeei aitortu behar zaie dohainik eta familia-esparruan egin duten zaintzaile-lana. Zor historiko-patriarkala argia da»
Eztabaida amaieran dekalogo batean laburbildu dugu egindako lana eta 2023ko urriaren 20an Bergaran egin genuen Mugimenduko Emakumeen III. Batzarrean onartua izan zen. Bertan aurkeztu zen behin behineko dekalogoari, ekarpenak egin zitzaizkion. Beraz, jarraipena emango diogu egindakoari. Hona hemen dekalogoa esaldi handietan laburbilduz:
Gizarte patriarkal honetan emakumeei aitortu behar zaie dohainik eta familia-esparruan egin duten zaintzaile-lana. Zor historiko-patriarkala argia da. Emakumea bigarren lerroan egon da, lan produktiboa erreproduktiboaren gainetik egon delako. Baina zaintza lan hau izan da bizitza sostengatu duena. Lan honek emakumeei ekarri die bizitza personala baztertzea, ikustezinak bihurtzea. Oraindik ere merkatuaren ekonomiak, kapitalismoak, emakumeak behar ditu zaintzaren zama nagusia har dezaten. Zaintza maitasunaren diskurtsuarekin lotu eta disfrazatu da sarritan, txantaje emozionala ere egon da. Edozelan ere, gu, zaintza físikoari eta emozionalari buruz ari gara.
Ez dugu esaldi handietan gelditu nahi. Euskal Herriko biztanle askok argi dugu gaur egungo zaintza eredua irauli egin nahi eta behar dugula. Horregatik, azaroaren 30ean kaleak bete egingo ditugu. Urjentziazkoa izan arren, ezin dugu itxaron eredu berria zehaztu arte. Bitartean hobekuntzak lortu behar ditugu. Etxe barruko zein egoitzetako zerbitzua hobetzen joan behar dugu, egoiliarrari begira eta bertan lanean ari den pentsonei begira. Abenduaren 1etik aurrera lanean jarraitu behar dugu zalantza barik.
Gu azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean parte izango gara. Beste eragileekin batera, zaintzarako eskubide kolektiboa exijitzera goaz.