SINADURAK

Aiora Epelde Agirre

Sortuko Plan Feministaren arduraduna

Demokraziaz eta aukera berdintasunaz

2021-11-18

Ezagutzen nauzuenok badakizue esposizio publikoa ez zaidala batere gustatzen. Eta halere, nik nahi baino askozaz ere gehiagotan azaldu naiz plaza publikoan, iritzi kolektiboari aurpegia jartzea egokitu baitzait. Gaurkoan ez zait erreza egingo, beraz, plazaren erdira bakarka salto egitea, baina azken aste hauetan Kongresuaren harira bizitzen ari garenak tripak mugitu dizkidala ezin uka dezaket.


Argazkia. Unsplash / Shelagh Murphy

 

Ni neu ere aspalditik naiz ezker abertzaleko militantea eta askotan sentitu dut prozesu feminista abian jarri eta garatu izana izan dela kolektibo honi orain artean egin diodan ekarpenik handiena, onena, kualitatiboena. Ibilbide feminista horren parte sentitzen naizelako sentitu dut gaurkoan hitza hartzeko beharra. Askotan gertatu izan zaigun moduan, feministak garela esatearekin batera, praktika feministekin zerikusirik ez duten egiteko forma eta moduak antzematen ari naizelako; sozialismo-feminista baten aldeko diskurtsoa egitea nahikoa izango balitz bezala, egiteko moduetan gizonkeriek, esamolde matxistek, demagogiak edota egoek erdigunea hartzen duten bitartean.

Gauza asko entzun eta irakurri ditut azken aste hauetan, Sorturen oraingo zuzendaritza desakreditatu eta barne egiteko moduak demokratikoak ote diren zalantzan jartzen duten iritziak, besteak beste. Horrelakoak entzunda, ondorengo galdera egin izan diot nire buruari: kritika hauek egiten dituzten pertsona gehienak ezker abertzaleko zuzendaritza ezberdinetakoak izandakoak badira, eta ezker abertzaleak duen egiteko/erabakiak hartzeko moduak aspalditik baldin badatoz, zer da benetan lagun hauek kritikatzen ari direna?

 

«Ibilbide feminista horren parte sentitzen naizelako sentitu dut gaurkoan hitza hartzeko beharra»

 

Ezker abertzale historikoari begiratuta, arrazoi mordoa izan ditugu bere ADNan eredu matxista eta androzentrikoa txertatua duela baieztatzeko. Horixe mahai gaineratu zigun orain dela bi urte pasatxo eginiko diagnostikoak ere. Horri aurre egiten saiatzen ari gara Sorturen baitan 2019. urtean martxan jarritako Plan Feministaren bidez ere. Ni naiz lehenengoa aitortzen Sortuk feminismoarekiko, bere burua feministatzeko eta beraz despatriarkalizatzeko izugarrizko ibilbidea egiteke duela oraindik. Baina aizue! aitortu nahi diot, bere proiektu politikoan feminismoa ardatz gisa kokatzeko egiten ari den ahalegina eta baita bere burua despatriarkalizatzeko hartu duen konpromisoa ere.

Kongresu honi dagokionez, gutxitan ezagutu dut jende ezberdinaren iritzia biltzea helburu zuen ahalegin kolektibo nabarmenagorik. Buruz burukoen ariketatik hasi, ekaineko nazio batzarretik segi, udako nazio topaketekin jarraitu eta orain herrietako herri batzarrekin osatuko dugun prozesua gauza asko izan daitezke, baina ez dut uste gardentasun eta demokraziarik gabeko prozesu hertsi gisa saldu daitekeenik.

 

«Kongresu honi dagokionez, gutxitan ezagutu dut jende ezberdinaren iritzia biltzea helburu zuen ahalegin kolektibo nabarmenagorik»

 

Ez dut esango, egiteko modu “historikoak” hobetu behar ez ditugunik, barne bizitza demokratizatze horretan ibilbide pendienterik ez dugunik. Beste nolabait kokatuko nituzke baina aurrera begira ditugun erronka nagusiak: parte hartze parekiderako mekanismoetan sakontzea (ez maskulinoak diren identitateek ere hitza lasai hartu ahal izan dezaten); gure diskurtsoen eraikuntzan ezarria dugun eredu andozentrista gainditzeko zeharlerrotasuna integratzea; indarkeria matxista gure erraietatik erauzten jarraitzea; egitura eta funtzionamendu eredu maskulinoak gainditzea; eta batipat, gure ibilbide historikotik nik behintzat jaso dudan ikaspenik handiena: bizitza bizigarriak aldarrikatzetik harago, bizitza erdigunean jartzera eramango gaituen militantziaren zaintza eta militantzia eredu berri bat. Eta nik argi daukat, hau guztia ezin dugu gizon txuri maskulino hegemonikoen egiteko moduetatik egin, justuki hori deseraikitzea dagokigu.

Hasitako bidean, eztabaidan sakondu dezagun beraz, hobetu dezagun hobetu beharrekoa, horretarako aukera izango dugu hurrengo asteetan zuzenketa partzialen bidez eta baita aurrerantzean ere, hasitako ibilbide horrekin konprometituz, baina tranpa txiki handiak egin gabe. “Betidanik” pendiente ditugun ariketei kolektiboki eta zintzotasunez helduz, norberak egin gabe dituen ariketak besteei egin gabe dituztela leporatu ordez. Ni behintzat horretan saiatuko naiz, bizitzaren zaintza erdigunean jarriz Euskal Herria independiente, sozialista, feminista eta euskaldun baten eraikuntzan urratsak ematen. Horren alde lanean dihardut Sorturen baitan ere.

 

  • Gora borroka feminista!