SINADURAK

Alaitz Ajuriagerra

Jauzi Ekosoziala mugimenduko kidea

COP28, trantsizioa disputan

2023-12-15

Bukatu berri den NBEren klimari buruzko 28. goi bilerak bi titular utzi ditu komunikabideetan: akordioa historikoa izan da batzuentzat, lehenengoz erregai fosilak alboratzen joateko jasotzen duelako balantze globalak; baina, beste batzuentzat, ordea, anbizio gutxikoa, eskasa eta zirrikituz josia larrialdi klimatikoak eskatzen duen urgentziazko akordioa lortzeko interes gehiegi daudelako jokoan.


Argazkia. Unsplash / Roxanne Desgagnés 

 

Batez ere, erregai fosilen lobbyen interesak. Zer esanik ez bilkurako lehendakaria, Ahmed Al Yaber, emiratí Adnoc petroleraren zuzendaria ere badenean, eta bereziki oraingo honetan industria fosilari lotutako inoiz baino ordezkari gehiago izan direnean gonbidatuak. Argi dago bizitzak erdigunean jartzearen alde egiten ez den bitartean, nekez adostuko dela akordio eraldatzaile eta itxaropentsua.

Herrialdeek sinatutako akordioak hiru puntu garrantzitsu jasotzen ditu -beste neurri batzuen artean- hurrengo hamarkadan gurean ere eragin handia izango dutenak: 1) trantsizio bat abiatzea erregai fosilak atzean uzteko, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko helburuarekin. 2) energia berriztagarriaren munduko ahalmena hirukoiztea eta 3)energia-eraginkortasuna bikoiztea 2030erako.

Parisko akordioari jarraiki, lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko mende amaieran,—industria aurreko garaiarekin alderatuta— eraldaketa sakonak egin beharko dira sektore askotan, batez ere energia fosilean oinarritutako industrian eta garraioan.

 

«Beraz, nahitaez sortu beharko ditugu eztabaida sozial, ekonomiko eta ekologikoak uztartzen dituzten gaiak jorratzeko guneak, global zein lokal mailan.»

 

Eta, horrek, zuzenean interpelatzen gaituela esan genezake, energia iturri horrekiko gure mendekotasuna ia erabatekoa dela kontuan hartzen badugu eta azken helburu hori erdiesteko berandu gabiltzala dakigunean.

Batez ere, erregai horien eskaera handiena duten sektoreen trantsizio justua nola antolatu eztabaidatzeko, zer jarduera ekonomiko alde batera utzi behar ditugun bizitzaren aurka egiten dutelako edo funtsezkoak ez direlako, eta aldaketa sozioekonomiko handia ekar dezaketen bestelako jarduerak nola bultzatu pentsatzeko; esate baterako, zaintza-lan guztiak nola antolatu eta banatu, greba feminista orokor bat egin berritan gauden honetan kontuan hartzekoa.

 

«Beti ere, justizia sozialean eta klimatikoan oinarrituta, eta horrek halabeharrez langile guztien ongizatea bermatzea dakar»

 

Eraldaketa hori gauzatzeko ezinbestean adostu behar da trantsizio energetikoa nola egineta energia berriztagarrien inplementazio nolakoa izango den. Horretarako, zenbat energia behar dugun aztertu behar dugu pertsona guztien bizitzak duintasunez eusteko planetaren mugen barruan; eta hori zuzenean lotuta doa gure eredu soziekonomikoaren aldaketa gauzatzeko behar energetikoekin.

Ezin uler baitaiteke energia fosilarekin aberasten dabiltzanak berriztagarriekin negozioa egitea. Gaia konplexua den arren, kontraesanez josia, azkar askatu beharrean gaude. Inori eta ezeri itxaron baino, guri dagokigu pausoak ematea etorkizun bizigarriago baten alde bide orri bat adostea. Bakoitzak bere lekutik eta
erantzunkizunetik, gizarte zibiletik, sindikatuetatik zein instituzioetatik.