Argazkiak. Unsplash / Adrian Korte
Gazte arruntaren koplak bideoklipak sortu zuen txinparta, Xabier Leteren abestian oinarritzen dena. Baina, gizarte honetan fenomenoak azkar (des)eraikitzen dira eta, egun batetik bestera, euskal kulturaren salbatzaile izatetik etsai izatera pasa ziren. Epe laburrean, erreakzio gehiegi. Interesgarria da, ordea, hika-mika honek irudikatzen duen horretan arreta ipintzea, alegia, sorburua arakatzea; neurri batean, bederen, Twitterretik aldendu eta pausa egitea.
Korapilo konplexu hau askatzen saiatuko gara kultura popularrari so eginez, zehazki, trap musikari. Egia da dagoeneko, gehienok (azpi)genero hau ezaguna dugula, trap musikaren doinua nonahi baitago; hain zuzen ere, musika underground bai mainstreamaren panorama astindu duen mugimendua izaki, azken urteetan aise hedatuz, hamaika jarraitzaile eskuratu ditu, bereziki, gazteon artean. Funtsean, askoren ustez, gure garaiko musika bihurtu da.
«Musika underground bai mainstreamaren panorama astindu duen mugimendua izaki, azken urteetan aise hedatuz, hamaika jarraitzaile eskuratu ditu»
Gauzak horrela, ezaugarri azpikultural nabariak eta zenbaitetan kutsu nihilista duten abestiek ez dute inor axolagabe utzi. Izan ere, bi muturreko errealitate mihiztatu dira: batetik, jarrera zirikatzaile bat, gazteen bizitza molde prekarioa mahaigaineratzen duena, gizarte ordena eta normaltasuna kolokan jarriz; eta bestetik, kontsumismoan eta aisialdi etengabean oinarritutako eredua. Dudarik gabe, bi polo kontrajarri, elkar elikatzen dutenak.
Balio kontrajarri horien ondorioz, ez dira gutxi gai honen inguruan sortu diren eztabaidak eta hainbat ikuspuntuk eta iritzik egiten dute talka. Trapak sistemaren erreprodukzioa ahalbidetzen du? Edo, kontrara, trapak irudikatzen dituen balio kontraesankorrek, azelerazionismoa bultzatzen dute?
Euskal Herrian ere, tankera bereko galderak mahaigaineratzea egokitu zaigu, Gorpuzkingz edo Chill Mafia bezalako taldeek auzia lehen lerroan kokatu baitute, euskal musika #hastagh edo retweet askorekin apainduz. Eta zalantzarik ez, arrakasta handia izan dute.
«Bi muturreko errealitate mihiztatu dira: batetik, jarrera zirikatzaile bat, gazteen bizitza molde prekarioa mahaigaineratzen duena, gizarte ordena eta normaltasuna kolokan jarriz; eta bestetik, kontsumismoan eta aisialdi etengabean oinarritutako eredua»
Honek guztiak, ezinbestean, zenbait ondorio ateratzera eramaten gaitu. Besteak beste, askotariko aldaketek, euskal kultura edota identifikazio kolektiboa bestelako moduan sentitzera bultzatu gaituzte. Ildo honetatik, badirudi euskal gazteriak fase pop bat bizi duela, non (neurri batean) dibertsioa eta malgutasuna gero eta garrantzitsuagoak bilakatzen diren.
Honek, ordea, ez gaitu etsipenera eraman behar. Gramscirentzat, kultura popularrak herriak bere burua adierazteko moldeak ziren, eta hauetan abaniko oso bat aurki daiteke: errefusa baina eraldatzeko proposamen eza egiten dutenak, herri klaseen baloreei loturiko logikak, genero zapalkuntza oinarri hartuta patriarkatuari aurre egiten diotenak, sistemaren logika birsortzen dutenak, etab.
Beraz, analisia gurera ekarrita, euskal kultura dugu hizkuntza zentroan duela eta kultura etniko bezala sailkatzen duguna. Baina, euskal kultura kultura popular gisa ere antzematen dugu. Izan ere, indarrean dagoen sistema hegemonikoari aurre egiten dio, eta, era berean, herri ekimenak sustatzen duen kultura da. Bestalde, aipatu bezala, gainontzeko kultura moldeak daude, kontraesan gehiago izan ditzaketenak.
Argazkiak. Unsplashy / Christian Lue
Funtsean, herritarren praktiketan logika eta adierazpide ugari dituzten, baina elkar elikatzen diren kultura popular askotarikoak egon daitezke bizikidetzan. Hain zuzen ere, gure esperientzia oinarri hartuta eta atzera begiratuz gero, behin baino gehiagotan kultura popular eta euskal kulturaren arteko dialektikaren lekuko izan gara; besteak beste, adibide moduan punka jarri daiteke adibide gisa, sortu ziren tentsioak tentsio, euskal kontrakulturaren erreferentzia nagusienetako bat bilakatu dena. Orain, antzeko problematika dugu esku artean, baina punkaren ordez, traparen doinuak dauzkagu.
Hain zuzen ere, testuinguruaren aldaketak gorpuzten ditugu eta, zinez, gazteen praktiketan antzematen da hori. Baina aldaketetarako mugak sumatzen dira oraindik ere, hala nola, trap musikan drogen apologia, balio kontsumistak eta mezu matxistak azpimarratzen baitira; denak ez omen du balio. Erresistentziak eta kritikak, ostera, sarritan nahastu ohi dira. Ondo ez deritzogun horretan fokua jartzea beharrezkoa da, diskurtsoak kolokan jarri eta norabide propioa seinalatzea. Hori dela eta, twitterretik ematen diren hartu emanekin tentuz jokatu beharko genuke, kritikak erresistentziarekin nahastu ez ditzagun. Chill Mafiakoarekin gertatutakoa, hanka sartze gehiago saihesteko izan dadila, eta ez euskal kultura trapetik aldentzeko.
Izan ere, eta hemen dago gakoa, kulturen arteko dialektikak alternatiba oso bat eraiki lezake, eredu propio bat. Tentsioak eta gatazkak interesgarriak dira, ezbairik gabe, sortzaileak bihurtu ditzakegulako; bide berriak urratzen dituztelako. Horrexegatik, euskal komunitateren eta traparen arteko tentsioek ere, aukera fresko bat eskaini diezaioke belaunaldi berri bati, testuinguru jakin honetan hezi den gazteari. Beharbada, hedonismo kutsu bat izango duena, baina statu quoaren errefusean ere oinarritzen dena; haserrea onartu eta eraldatzailea izango dena, baita euskalduna, feminista eta herrikoia ere. Finean, Euskal Herriko gazte arruntekin konektatuko duena. Denak ez du balio, ez; baina, gure identifikazio markoak malgutu ditzagun. Berandu baino lehen.
Bibliografia
AMEZAGA, J. (1994). Herri kultura: Euskal Kultura eta Kultura Popularrak. Leioa: UPV-EHU.
CASTRO, C. (2019). El Trap: Filosofía millennial para la crisis en España. Madrid: Errata Naturae.
DEL AMO, I. A. (2014). Party & Borroka. Jóvenes, música(s) y conflicto(s) en Euskal Herria. Transformaciones identitarias a comienzos del siglo XXI. Leioa: UPV/EHU.
KALÛZA, J. (2018). “Reality of Trap: Trap Music and its Emancipatory Potential”.IAFOR: Journal of Media, Communication & Film.
SETARO, S. (2018). “How trap music came to rule the world”. Complex : Music, Sneakers, Pop Culture, News HYPERLINK "https://www.complex.com/"&HYPERLINK "https://www.complex.com/" Original Shows.