SINADURAK

Izaskun Soto Lopez

Hiritik At Koop. Elk. Txikia

Bizitzeko arteak sortzen duen espazioa

2024-02-03

Etxebizitzaren auziaz hitz egiten dugunean metro koadrotan neurtzen den espazioan jarri ohi dugu arreta, edo hobe esanda, metro koadro bakoitzak duen prezioan. Ez gara konturatzen, ordea, etxebizitzaz ari garenean etxe-bizitzaz ari garela. MunduanĀ eta, beraz, etxean, egoteko modu ezberdinak egon arren, patroi beraren arabera eraiki dira etxeak urte luzetan: hiru logela, bi komun, egongela eta sukaldea. Zergatik? Zertarako? Zer ekarri digu horrek?


Argazkia. FOKU. Usurbilgo Egurtzegi bizikidetza etxegunea, pertsona helduen zaintzarako egoitza eredu berritzailea.

 

«Arkitekto modernoak altxatzen duen planoen araberako espazioa – esaten digu Ivan Illichek –, eta bizitzeko arteak sortzen duen espazioa, bi espazio mota diferente dira.» 

Pablo Sastre. Gauzen presentzia

 

Argi dago espazioa ez dela neutroa, eta gure egunerokoan ondorioak dituela. Baina eman diezaiogun buelta. Posible al da bizitza etxeari egokitu beharrean, etxea gure bizitzaren neurrira eraikitzea? Eta posible al da hori modu kolektiboan egitea? Atzerriko herrietan ibilbide luzeagoa dute beste molde bateko etxebizitza ereduek. Euskal Herrian fenomeno berria da, baina berria izanagatik, ez da geldi dagoen mugimendua, eta zenbait herritar talde eta erakunde publiko alternatibak plazaratzen hasiak dira.

Bizitzeko bestelako moduak sustatzeko orduan, herritarrak izan dira proiektu kooperatiboak egikaritzen aitzindariak, eta erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak sortu dituzte. Eredu horrekin, espazio kolektiboari garrantzia ematea eta espekulazioa saihestea bilatzen dute. Oinarria sinplea da: etxebizitzaren jabegoa kooperatibaren esku dago, eta kooperatibako bazkideek berau erabiltzeko eskubidea dute. Nabarmentzekoa da bizitza komunitarioa bultzatuko duten espazio komun partekatuak direla proiektu hauen indarguneetako bat: sukaldea, jangela, garbiketa gela, edota bestelako topaguneak.

Euskal Herrian hainbat taldek jarri dute abian goian aipatutakoa: Ametxek eta Ankurkuluk Bizkaian, Abaraskak eta Elkarbideanek Gipuzkoan, Etxekonakek eta Etxekidek Nafarroan, Bizikoponek Araban… Horietako batzuk etxebizitza eraikitzeko lurzoru bila ari dira, beste batzuk eraikitzeko fasean daude, eta badaude bizitzen hasiak direnak ere. Ildo beretik, orain dela bi urte inguru sortu zen Koobizitza foroa, proiektu horietako asko elkarrekin harremanetan jartzeko eta saretzeko. Eragile horrek Euskal Herrian eta Errioxan dauden erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak batzen ditu.

 

«Bizitza komunitarioa bultzatuko duten espazio komun partekatuak dira etxebizitza proiektu kooperatiboen indarguneetako bat»

 

 

Sustapen pribatuko eredua interesgarria bada ere, ez du denontzat balio. Baliabide murritzak dituenak nekez egin dezake horrelako proiektu batek eskatzen duen inbertsioa. Horren aurrean, Kataluniako La Dinamok erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiba popularrak sustatu izan ditu. Horrela definitzen dituzten proiektuek, alde batetik, sarrera murritzak eta merkatuko alokairuetan baino hileko kuota txikiagoak dituzte, eta bestetik, bazkide erabiltzaileek errenta eta ondare baldintza jakin batzuk bete behar dituzte. Aztertzeko eredu interesgarria izan daiteke hori.

Zenbait udal ere norabide horretan aritu dira azken urteotan. Etxebizitza publiko-komunitarioaren ereduari jarraituz bizitzeko aukera berriak sortu dituzte. Errenteriako Gazte Etxebizitza komunitarioa izan zen Euskal Herrian lehendabiziko ereduetako bat. Ondoren, Zerainen eta Usurbilen ere egin izan dira. Bi udalerrietan kolektiboki landu zuten gazteentzako eta adinekoentzako proposamena, herriko gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta adinekoen bakardadeari aurre egiteko, besteak beste.

 

«Baliabideak dituzten herritarrek beren bizi proiektua era kolektiboan garatzeko aukerak dituzte, baina denon esku egon eta hedatu daitezen, administrazio publikoen bultzada beharrezkoa da»

 

Definizio prozesu baten ostean, 2020an sartu ziren Zeraingo etxebizitza sozial eta ekologikoko lehen bizilagunak. Aipatzekoa da proiektu horrek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eta Ihoberen babesa izan zuela. Bestalde, Usurbilgo belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda, jada eraikitzeko azken fasean dago, eta etxebizitzak esleituta daude. Beraz, hau ere laster ikusiko dugu funtzionamenduan. Eredu honek norberaren beharrak asetzeko etxebizitza pribatuak eta espazio komunitarioak barnebiltzen ditu, behar kolektiboak eta belaunaldiarteko elkarbizitza bultzatzeko asmotan. Bi proiektuak egingarri bilakatu dituzten faktore garrantzitsuak izan dira udalaren jabetzakoa den lursail bat egotea, eta noski, apustua egiteko gogoa..
 

Hitz gutxitan esanda, aukerak egon badaude etxebizitzaren auziari erantzuteko eta merkatuaren barnean diseinatutako etxebizitza politika iraultzeko. Baliabideak dituzten herritarrek beren bizi proiektua era kolektiboan garatzeko aukerak dituzte, baina denon esku egon eta hedatu daitezen, administrazio publikoen bultzada beharrezkoa da. Bultzada horrekin eta herritarron elkarlanarekin, bizitzeko arteak sortzen duen espazioari jarriko diogu arreta, eta ez planoen araberako espazioari.