Argazkia. Unsplash / Kenny Eliason
Urte luzez ohartarazi gaituzte zientzialariek sistema naturalek eta sozioekonomikoek kolapsoa izan dezaketela, bero jasanezina, muturreko fenomeno meteorologiko ugariak, elikagaien eta ur gezaren eskasia, itsas mailaren igoera, gaixotasun berri gehiago eta gizarte-ondoeza eta gatazka geopolitikoak areagotuko dituen mundu honetan.
Baina, aurten, 15.000 zientzialariren lanak barnebiltzen dituen urteroko The State of the Climate 2023 (Klimaren egoera 2023) txostenaren idazleek pausotxo bat gehiago eman dute eta honako hau adierazi: “Denbora amaitu da. Zientzialari garen aldetik, gero eta gehiago eskatzen zaigu jendeari egia esateko termino sinple eta zuzenetan, aurre egiten diegun krisiei buruz. Egia esan, shockegoeran gaude 2023ko muturreko fenomeno meteorologikoen tamainarekin. Sartu garen dimentsio ezezagunaren beldur gara”.
Badakigu hamar urte barru arazo nagusia izango dela, baina gaur gaurkoz beste hamaika arazo lehenesten ditugu
Sartu garen dimentsio ezezagunaren beldur dira zientzialariak. Eta gu? Non kokatzen gara euskaldunak gure eta datozen belaunaldien bizi baldintzak erabat baldintzatuko dituen gai honetan? Azken inkestei eta txostenei erreparatu eta gero, bi datu ekarriko ditut gogora. Antza, populazioaren %40 inguruk uste du hamar urte barru larrialdi klimatikoa hiru arazo nagusien artean egongo dela. Esan daiteke euskal jendarteak etorkizuneko krisi ekologikoari buruzko kezka badarabilela buruan, baina gaurko arazoez galdetuz gero, kezka hori hamahirugarren postura jaisten da. Hau da, badakigu hamar urte barru arazo nagusia izango dela, baina gaur gaurkoz beste hamaika arazo lehenesten ditugu.
Eta horrela, urgentziek ez digute uzten etorkizuneko arazo nagusiei aurre hartzen, irtenbideak beti biharko uzten ditugu. Jendartearen izaerari leporatu diezaiokegu, noski, baina bi kontutxo gogoraraziz amaituko dut. Ingurumen gehiegikerien bestondoa ez da hamar urte barru azaleratuko, dagoeneko azaleratzen ari delako. Bestalde, gutxienez hamar urteko esfortzu bateratu eta jarraitua behar dugu hamar urte barruko eszenatoki latzenak egikaritu ez daitezen. Beldurrik ez?