SINADURAK

GarbiƱe Aranburu

LABeko idazkari nagusia

Banaketa Hirukoitza posible egin dezagun

2022-05-02

Prezioen gorakada dugu azken hilabeteotako albiste. 2008ko finantza krisiarekin edota pandemiarekin bezala, diskurtso ofizialak identifikatu du arazoaren jatorria: Ukrainako inbasioa. Horra hor langileon pobretzea justifikatzeko aitzakia berria. Alabaina, iraunkor bilakatu den krisiaren kapitulu berria da bizitzen ari garena.


Argazkia. Unsplash / Moises Gonzalez

 

Krisiaren muina hauxe da: bidegabea den sistema bideraezin bilakatzen ari da. Ez dago nahikoa baliabiderik makineria kapitalista, orain arte ezagutu dugun moduan behintzat, elikatzeko. Etengabeko hazkundearen ameskeria amaitu da, energia iturrien eta materialen mugak agerian geratzearekin batera. 

Badira bi modu errealitate honi aurre egiteko. Kapitalaren logikari erantzuten dio lehenak: baliabideak mugatuak izanda, baliabide horiek eskuratzeko lehia areagotzea, hala estatuen artean, Ukrainako gerraren harira nabarmendu den bezala, nola estatu bakoitzaren baitan langile jendea desjabetuz, desberdintasun sozialetan sakonduz. Bide batez, larrialdi ekologikoa areagotuz. Bigarrena: planetaren muga biofisikoak aintzat hartu eta langileen aldeko birbanaketa politikak ezartzea. Pultsu honetan jokatuko da denon etorkizuna. Eta tiraldia globala bada ere, bere emaitza lurralde eta herri bakoitzean determinatuko da.

Euskal Herriari dagokionez, patronala eta bere aldeko instituzioak langileak pobretzeko presioa egiten ari dira. Madrilen PPren lan erreformaren atal nagusiak blindatu ondoren, pentsio publikoen aurkako murrizketa berriak ekarriko dituen erreformaren aukerak hor darrai, eta errenten gaineko itun baten beharraz mintzo zaizkigu orain, langileok erosahalmenaren galera onar dezagun, LABek ez du horrelakorik onartuko. Parisen, berriz, pentsioetan eta bestelako eremuetan murrizketak egitea dago Macron berrautatu berriaren asmoen artean.

 

«Etengabeko hazkundearen ameskeria amaitu da, energia iturrien eta materialen mugak agerian geratzearekin batera»

 

Testuinguru honetan, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa (Banaketa Hirukoitza) agendaren erdigunean kokatzea da kontrabotere sindikalismoaren erronka. Banaketa Hirukoitzaren funtsa hauxe da: herritar guztiok enpleguaren nahiz zaintza lanen bidez sortutako ondasuna herritar guztion artean banatzea, elkar gurutzatzen diren diskriminazio oro ezabatuz (matxismoa, arrazakeria, kapazitismoa, LGTBIfobia...).

Honela, enpleguari dagokion asteko lanaldia 30 ordura murriztuz, enplegua banatzea ez ezik, zaintza lanek aitortza eta espazio handiagoa hartu dezaten eta era parekidean banatu daitezen lortu beharra dago. Ildo honetan, zaintza lanak banatzeko formulen inguruko eztabaida soziala proposatzen dugu, besteak beste gutxieneko eta gehieneko lanaldia izan behar duten aztertuz, edota zaintza lanen banaketa gauzatzen dela bermatzeko neurriak jorratuz.

Horrekin batera, ondasuna banatzeko beste hiru neurri proposatzen ditugu. Lehenik eta behin, batez besteko soldataren %60ren baliokidea izango den gutxieneko soldata ezarri (Hego Euskal Herrian 1.400 euro gordin x 14 hilabete, Ipar Euskal Herrian 1.633 euro x 12 hilabete), emakumeen aurkako soldata arrakala ezabatu eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea, baita dibidendu banaketari muga jarri eta, lantokiz lantoki, gehienezko soldata lantoki bakoitzeko gutxieneko soldataren halako hirutan finkatzea.

 

«Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa (Banaketa Hirukoitza) agendaren erdigunean kokatzea da kontrabotere sindikalismoaren erronka»

 

Bigarrenik, zerbitzu eta politika publikoen garatzearen alde egin beharra dago herritarren oinarrizko behar eta eskubideak bermatzeko, hala nola osasuna, zaintza, hezkuntza, etxebizitza, elikadura eta energia. Eremu horietan guztietan kontrol publiko eta soziala bermatu beharra dago, pribatizazio politikak alboratuz eta energiarena bezalako oligopolio espekulatzaileei aurre eginez.

Hirugarrenik, kapital errenten nahiz enpresa-mozkinen gaineko zergak igo eta zerga horiek biltzen direla bermatuko duen erreforma fiskala abian jartzea aldarrikatzen dugu.

 

«Enpleguari dagokion asteko lanaldia 30 ordura murriztuz, enplegua banatzea ez ezik, zaintza lanek aitortza eta espazio handiagoa hartu dezaten eta era parekidean banatu daitezen lortu beharra dago»

 

Argazkia. Unsplash / Kelly Sikkema

 

Bistan da Euskal Herriko patronal eta instituzioen aldetik ez dagoela inolako asmorik mota horretako neurriak ezartzeko. LABek proposatutako enplegua duintzeko sektore arteko akordioari entzungor egin diote patronalek. Lan erreformaren edota aurrekontuen harira Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egindako interpelazioek erantzunik gabe jarraitzen dute. Ipar Euskal Herrian negoziazio kolektiboko eremu propioa sortzeko bidea ez da aurrera egiten ari. Gauzak horrela, borroka ziklo oso bat martxan jartzea dagokio euskal sindikalismoari.

Zorionez, enpresa nahiz sektore mailako borrokak areagotzen ari dira. Herrialdez herrialde grebak deituak daude edo deitzear dira adineko egoitzetan, garbiketan, osasungintzan edota metalgintzan. Borroka sozialetan ere ekarpena egitera goaz, hala nola borroka feministan, ekosozialistan edota antirrazistan. Lantokiko eta kaleko borrokarik gabe ez dago langileon aldeko aldaketa sozial eta politikoak eragiteko aukera askorik.

 

«Borroka ziklo oso bat martxan jartzea dagokio euskal sindikalismoari»

 

Baina, era berean, aipatu aldaketak eragiteko, Euskal Herrian botere politikoa eskuratu eta botere hori birbanaketa politikak sustatzeko erabiltzea ezinbestekoa da. Egun hiru lurraldeetako bakoitzean egon badiren tresna eta eskumenak baliatzearekin batera, burujabetza eskuratzeko estrategia garatzea eskatzen du horrek. Euskal Errepublika aldarrikatu ez ezik, egun ukatzen zaizkigun estatu tresnak eskuratzeko borroka egitea, hala nola Euskal Lan Kodea eta Euskal Gizarte Segurantza eskuratzeko.

Hauxe da, hain zuzen ere, LABek Maiatzaren Lehen honetan aldarrikatuko duena: Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko borroka aroa hauspotzea.