Argazkiak. Unsplash
«Ideien munduaz jabetu behar gara, gureak munduaren ideiak izan daitezen»
Antonio Gramsci
XX. mendeko ajeak
Eskema horretan historiak bere indarra galdu du eta fenomenoak lehenaldiaren dimentsioa kontuan hartu gabe aztertzen dira. Memoria lausotu eta testuinguru, lurralde edota iraganarekiko lotura oro puskatu dira. Bitartean, izate askeak garelako sinesmena sendotu da, horrela lortzen baitu neoliberalismoak bere burua zilegiztatzea, jendarteak atxikimendu ustez librea daukala sinestaraziz.
1989. urtearen ondoren mundua interpretatu eta eraldatzeko modu oso bat jarri zen ezbaian. Eta hamarkada bat geroago, ezkerra beste mundu bat posible zela irudikatzen hasi zenean, bere ohiko postulatuak, bere identitate politikoa, berdefinitu behar izan zituen (Europan, batik bat). Noiz eta etorkizunik gabeko mundu bat, alternatibarik gabeko mundu baten pertzepzioa, areagotu egin baitzen. XXI. mendeko ezaugarri orokorrak aurreko bataila galduek markatzen dute ordutik: metarrelatoen bukaera, historiaren bukaera, jendartearen bukaera… Utopia askatzaileek statu quoaren distopia deslegitimatzaileei egin diete leku. Izan ere, amesgaiztoko etorkizun baten distopiak, zientzia fikziotik hasi eta ekologiara pasa (katastrofe ekologikoetan oinarrituz), gizadiaren askatasunaren ametsa ordeztu dute, imaginazio soziala orainaren mugetan kateatuz. Emantzipazio kolektiboen ametsak pultsio indibidualetan, merkatu kontsumo aseezinean, bilatu dute erosotasuna.
«Utopia askatzaileek statu quoaren distopia deslegitimatzaileei egin diete leku»
Horregatik esan ohi da, indibidualismoaren garaian bizi garela. Ahantzi egiten da, agian ez garela gai kolektibotasun forma berriak ulertzeko. Alegia, ezin dugula kolektibotasun zahar indartsuen iruditegiekin epaitzen jarraitu gaurko indibidualtasun eta kolektibotasun espresio berriak.
Eraldaketa horien guztien aurrean, ezkerrean hainbat mekanismo piztu dira azken hamarkadatan: melankolia, nostalgia baina baita aurrera egiteko gogoa ere. Eta bi joera nagusi atzeman daitezke: garaiko markoetan politizatzen diren belaunaldi berriak agertu zaizkigu, baina baita marko zaharrak berreskuratu nahi dituzten sektore popularrak ere. Eta noski, bien arteko talka.
Arrakala zahar-berriak
Eta honek guztiak, halabeharrez, belaunaldi berriei begiratzera garamatza. Askotan esaten baita gazteak etortzekoak diren inertzia sozial eta politikoen ispilu direla, beraz, aipatu sintomak nabarmenago hautemandaitezkeela horiengan.
Izan ere, gazteek iraganaren eta orainaren zubi-lana egiten dute, jasotzen duten ondare historiko eta kolektiboa etengabean jasoz, eraldatuz eta norberera moldatuz, edo bestela esanda, haien testuingurura egokituz. Baina hori baino gehiago da, oinordekotza horren baitan izaten baikara nor, komunitateko kide. Bestelako kontu bat izaten da, ordea, ondarea bera arriskuan ikusten denean, biziraupenaren continuuma kinka larrian dagoenean. Horrelakoetan, balioen transmisioaren etenaz edo, are, belaunaldien arteko talkaz hitz egiten da.
Talka, etena, arrakala edota paradoxa; hainbat hitz erabili daitezke. Baina funtsean, sentimendu bera adierazten dute guztiek oinarrian: beldurra eta gazteen portaerarekiko kezka. Are gehiago, azaleratzen diren joera berriak, oro har, ilogiko edo irrazionaltzat hartzen dira. Nihilismoaz hitz egiten da, balioen krisiaz, indibidualismo gordinaz, etab.
«gazteek iraganaren eta orainaren zubi-lana egiten dute, jasotzen duten ondare historiko eta kolektiboa etengabean jasoz, eraldatuz eta norberera moldatuz, edo bestela esanda, haien testuingurura egokituz»
Azken boladan Euskal Herrian ere susmo hori areagotu eta gazteak mesfidantzaz aztertzen direla begibistakoa da. Horrela, gero eta ohikoagoa da indibidualismoaren gorakada, euskal misioarekiko interes galera, despolitizazio zantzuak edota ideologien ahultzea bezalako irakurketak ikustea, gazteen azken joera politiko, kultural, soziologiko eta antropologikoei lotuta. Askotan, horiek ulertu ezinik, belaunaldien arteko urruntze areagotuak irakurketa sakon eta pausatu bat behar duela ahaztu egiten da.
Argiago esateko, iragana eta orainaldia deslotzearekin batera, euskal gazteriari euskal proiektu politikoarekiko engaiamendu falta leporatzen zaio. Eta, zaharrak berri. Aritz Galarragak ziklikoki errepikatzen den modernoeta antimodernoen arteko bataila gisa irudikatzen duena da, hain zuzen, gaur hizpide dugun auzia. Izan ere, noizean behin historiaren bilakaeran inflexio puntu izaten diren gertakariak daude, bereziki gizarteratze eta sozializazio prozesuetan eragin handia dutenak. Hala, aurreko arau eta balioak zeharo desitxuratzen dira, bestelako begirada eta eskemak gailentzen diren neurrian. Eta arestian azaldu bezala, egiturazko aldaketak egon diren gisan, Euskal Herrian lurreratuz, badira kontuan hartu beharreko bestelako elementu partikularrak ere, besteak beste, ziklo armatuaren amaiera, prekarizazio bortitza, politika konbentzionalaren krisia, edota, esaterako, neoliberalismoaren gailetasun kulturala.
Gatazka armatuaren zikloak askapen mugimenduari identitate errotu bat eman dio urteetan zehar; baina estrategia horren agorpena eta aldaketarekin batera, belaunaldi askoren norgintzan oinarrizkoak izandako zutabeak ere kolokan jarri dira; ez euskal askapen mugimenduaren izpiritua edo balioak bidean zehar galdu direlako, baizik eta haren mundu ikuskerari lotutako hainbat printzipio eta eskema politiko bidean eraldatu direlako baizik.
Eta hemen dugu paradoxa, bi gizarte ezberdinen arteko kontraesana: azken urteetan eskema zaharretatik askatu nahi gabe, berrien etorreraren artean gabiltza dantzan, malabaristak nola, oreka mantendu nahian.
Argazkia. Unsplash / Vipul Uthaiah
Ura baretu da
Hortaz, mundu mailan bai Euskal Herrian bizitako joerek euskal iruditegiaren ezaugarritzea baldintzatu dute: belaunaldi helduenak mundu globalizatu eta teknologikoaren ondorioak gazteek adina gorpuzten ez dituzten moduan, belaunaldi berrienak ez du gatazka politikoaren alderdi bortitz eta krudelena bizi izan. Eta, beraz, bi esperientzia eta agertoki desberdinen inguruan ari gara; bata gordinagoa, erresistentzia zuzenean oinarritua; bestea, bide ezezagunak urratzeari lotuta, akaso, sotilagoa. Baina inondik inora ez, ardura politikorik gabekoa.
Izan ere, 60ko hamarkadatik aurrera askapen mugimendua borborka ibili da, eztanda egingo zuen lapiko baten antzera, etengabeko mobilizazio zikloan, olatuen gainean eta aparretan. Orain, lapikoa hoztu eta hainbeste urteren ondoren trantsizio batean sartuta gaudela dirudi; neurri batean, ura baretu egin da. Alta, soziologoek gizarte mugimenduek goraka eta beherakadak izaten dituztela aipatzen dute; hau da, olatuen antzera ibiltzen direla, gora eta behera, mugimendu politiko bat ezin dela beti olatuaren gailurrean egon. Batzuetan, arnasa hartu eta lortutako garaipenak sedimentatzeko momentua izaten da. Ziklo berri batera bidean, oraindik aurrekoan gaudela dirudi.
Baina adi ibili behar gara egiten ditugun irakurketa borobiletan. Aldarri bat lehen lerroan ez egoteak ez du desagertu edo galdua dagoela zertan adierazi. Michael Billigen nazionalismo banalaren teoria jarraituz, identitate nazionalak egunero operatzen du ezkutuan, diskurtso, ohitura eta instituzioen bidez, balio eta izaera partekatu bat jendartearen zentzu onean txertatuz, era naturalean. Hartara, zerbait naturaltzat ematen denean, jendeak ez du zalantzan jartzen. Esan nahi da, gurean ere urte askotan emandako borrokek bere fruitua eman dutela, eta egun, horiek etengabean problematizatzeko beharrik ez dutela ikusten belaunaldi berriek. Nazioa eta bere sinbolo nagusiak eta horien arteko eztabaida, horren lekuko.
«Gero eta ohikoagoa da indibidualismoren gorakada, euskal misioarekiko interes galera, despolitizazio zantzuak edota ideologien ahultzea bezalako irakurketak ikustea, gazteen azken joera politiko, kultural, soziologiko eta antropologikoei lotuta»
Funtsean, zenbait garaipenen ondoren, lasaitasun estrategikoa bertutea bilakatzen ari da ziklo historiko honetan. Baina antagonismo politikoa lausotu izanak ez du esan nahi gatazka-guneak desagertu direnik.Alderantziz, belaunaldi bakoitzaren errealitate eta testuingurua kontuan hartuta, borrokak identitatearen fronte eta forma ezberdinetara lekualdatu dira. Gure herrian feminismoak eta ekologismoak izan duten zabalpenari baino ez zaio erreparatu behar, tokian toki dauden askotariko egitasmo askatzaileez gain; edota sare sozialetan dauden eztabaidak eta ikus-entzunezko euskarri ezberdinek euskaraz egiten duten askotariko lana. Herria bizirik dago.
Posible da aurreko zikloan hezitutako belaunaldiek zenbaitetan gure tradizio politikotik urrun sentitzea praktika kultural eta politiko berriak. Baina konponbidea ezin da izan atzera begiratu eta iragana erromantizatzea. Hurrengo urteetan erronka gazteen behar eta nahiak XXI. mendeko euskal askapen proiektura lotzea izango da. Horretarako, ezin ditugu aurreko joko arauak, aurreko betaurreko erosoak, erabili. Utopia eta baikortasuna eraikitzea gure eskuetan dago, euskal independentziaren aldeko borroka emozioz eta epikaz jantziz. Baina gazteei bide berriak urratzen utziz, betiere.
Mugimendua(n) gara
Tentsioak aldaketaren marka izaten dira; alta, izate batek bere osotasunean hartuta, dinamika kontraesankorrak behar ditu existitzeko eta, beraz, behar beharrezkoak dira. Are gehiago, tentsio kontrajarriak erabat osagarriak izaten dira eta, hortaz, paradoxak une erabakigarrien eta aldaketa historikoen adierazle gisa ulertu behar ditugu.
Gauzak horrela, belaunaldien arteko arrakala bi ziklo politiko ezberdinen talkaren sintesi gisa ulertzen hasi beharko ginateke. Aurrera begirako potentzialitatea askatzeko, gaur gertatzen zaiguna ulertzea gakoa izango baita.