Argazkia: Unsplash, Marek Studzinski
Europa eta mundu mailako joerari jarraituz, Alemaniak eskubirutz jo du nabarmen azken urteetan eta emaitzek hori baieztatu dute. 2021etik gobernuan zeuden alderdiek babesa argiki galdu dute:SPDk porrot historikoa jaso du, Berdeek indarra eta norabidea galdu dute eta FDPk (Liberalak) ez du lortu %5eko langa gainditzea Bundestagean sartzeko.
Duela aste batzuk zalantza handiak zeuden %5eko muga gaindituko ote zuen. Hauteskunde kanpaina eta dinamika sozial ikaragarria jarraituz erabat indarberritu da. BSW alderdia, Die Linke-tik zatitutako ezker “konserbadorea” gutxigatik ez da Bundestagean sartu. Alderdi berri honek proeiktu argirik ez du eta migrazioaren inguruan izan duen jarrerak zigorra jaso du.
Emaitzak eta zenbakiak kontuan harturik CDU/SPDren arteko koalizio gobernu bat aurreikus daiteke. Gobernu eraketak asteak edo hilabeteak eman dezake baina Merz-ek gidatuko duen gobernuak Alemaniak bizi duen egoera nahasiari egin beharko dio aurre.
«Die Linkek sekulako emaitzak lortu ditu(%8,8) batez ere bozka antifaxista eta gaztea bereganatuz. Horrez gain, partehartzea ikaragarri handia izan da, %80tik gorakoa, eta azken hilabeteetan eman den polarirazio sozial zein politikoaren ondorio garbia»
Duela hiru urte Errusiak eragindako Ukrainako gerrak askotariko ondorioak izan ditu Alemanian. Paradigma politiko eta ekonomikoak hankaz gora jarri ditu. Harreman geoestrategikoen aldaketaz gain, Ukrainako gerrak eta bere finantzaketak alemaniar ekonomiaren krisia eta bizimoduaren garestitzea ekarri du. Orohar bizi baldintzen okertze nabaria eman da eta etorkizunarekiko ezkortasuna eta beldurra zabaldu dira. Ukrainatik milioi bat inguru etorkinen etorrerak egoera are gehiago zaildu du.
Ezinegon hori eskuin muturraren indartzea ekarri du: migrazioaren kontrako diskurtso arrazista, antifeminismoa eta larrialdi klimatikoaren ukapena zabaldu dira jendartean eta eztabaida publikoan. SPDko Schlozek buru izan duen hiruko gobernua izan da eskuin muturraren erasoen jopuntu nagusia.
Eskuinaren bultzada politiko eta sozial honek erantzuna izan du ere. 2024ko udaberrian AfDeko kide eta enpresari batzuen arteko izkutuko bilera baten berri eman zen. Bertan, etorkinen “re-migrazioa” proposatzen zen Alemaniatik “kanpotarrak” kaleratzeko.
«Oposizioan egon den CDUk eskuin muturrak sortutako giroa erabili du gobernua egurtzeko»
Berri hau jakin zenean milaka eta milaka lagun atara ziren kalera eskuin muturra eta arrazismoaren kontra. Manifestazio masibo hauek mugimendu handi bat sortu zuten eta AfDren ofentsiba neurri batean oztopatu: Ekialdeko Lander batzuetako hauteskundeetan (Saxonia, Brandenburgo eta Thuringia) inkestek aurreikusitako baino babes txikiagoa lortu zuten.
2021tik-2024ra ezkerraren erreferente nagusia den Die Linke alderdiak barne krisi larria bizi izan du eta azkenik zatiketa eman da. BSW (Sarah Wagenknecht Bateragunea) sortu zen ezkerrarekiko posizio politiko ezberdinak finkatuz: Migrazioa gelditu behar da, Ukrainako gerra berehala amaitu, klima babesteko politikak mugatu, alemaniar langileria babestu etab. Egitura oso txiki eta hierarkiko honek arrakasta handia izan zuen ekialdeko landerretan egon ziren hauteskundeetan. Ematen zuen Die Linkeren amaiera zetorrela.
Paradoxikoki, Sara Wagenknecht eta BSWko bere jarraitzaileen irteerarekin batera, milaka eta milaka kide berri lortu ditu azken hilabeteetan Die Linkek. Kide berri hauek mugimendu sozialetatik datoz: ikasle mugimendutik, arrazismoaren kontrako mugimendutik, etxebizitza duinen aldeko mugimendutik, osasungintzako langile mugimendutikik... gehienak oso gazteak. Indar berri hauek giltza izan dira hauteskundeetan lortutako arraskasta ulertzeko.
«Sara Wagenknecht eta BSWko bere jarraitzaileen irteerarekin batera, milaka eta milaka kide berri lortu ditu azken hilabeteetan Die Linkek»
Hauteskunde kanpaina eskuin muturrak eta eskuinak bultzatutako markoan mugitu da: Migrazioa, ekonomia eta seguridadea. Alemanian egon diren eraso terroristak aitzakipean harturik, CDUk migranteak kanporatzeko, mugak ixteko eta asilo eskubidea gogortzeko lege proposamen bat aurkeztu zuen, gobernuko hirukoarekin negoziatu gabe eta AfDren babesari irekia.
Ekimen honek sekulako lurrikara politikoa sortu du. AfD, FDPren zati batek eta BSWk ekimen legegile hori babestu dute baina ez da nahikoa izan gehiengo osoa lortzeko. Berdeek eta SPDk CDUren ekimena kritikatu dute baina migrazioa mugatzeko plan propioak aurkeztu dituzte. Die Linkek ekimenaren kontra egin du eta migrazioa arazo larri bat denik ukatu, denentzat (etorkin edo ez) babes soziala indartzearen alde eginez. Kalean, bitartean, mobilizazio erraldoiak egin dira eskuin muturraren kontra eta Merzen CDUren bidearen aurka.
«Zorionez, ezkerrak, aurrerapausu itzela egin du fase politiko malkartsu honi begira»
Hauteskundeen emaitzak ikusirik ez dirudi polarizazio politikoa etengo denik. Merzek orain arte erakutsi duen norabideak (migrazioarekiko jarrera arrazistak, eredu ekonomiko neoliberal gordinak eta diskurtso militaristak) are gehiago tenka dezake egoera. Zorionez, ezkerrak, aurrerapausu itzela egin du fase politiko malkartsu honi begira.