Argazkia. Unsplash / Anna Jiménez Calaf
Foro horietatik ingeniariak, geografoak, hirigileak, biologoak, ekonomialariak… denetik pasatzen ari dira. Futbolean gertatu ohi den moduan, guztiok dugu entrenatzaile bat gure baitan, zer arraio!
Saiatzen naiz eztabaida horiei jarraipena egiten, izan presentzialki, izan ostean eskegitzen diren bideoak ikusita. Eta aitortu behar dut harridura ere sortzen didala foro gehienetan zein gutxi hitz egiten den euskal sistema energetikoaren inguruan: kanpo menpekotasunaren (>%85), fosilen pisuaren (>%80) edo CO2 isurien inguruan. Energiari buruz gauzak entzun bai, baina zalantzak ditut ea saio horietara joaten ari den herritar mordoak (asko joaten baitira), gure egoera eta erronka energetikoen inguruko taxuzko informaziorik jasotzen ote duten. Brotxa lodi asko azterketa finak behar diren lekuan.
Ez da hori duela gutxi Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak Gasteizen antolatu zuen saioaren kasua. Bi azterketa zientifiko aurkeztu ziren bertan, bata Gasteizko estalkien potentzial fotovoltaikoarena, eta bestea gure aztarna energetikoaren ingurukoa. Horrez gain, beste hitzaldi bat, ongizatearen eta horri loturiko behar energetikoaren ingurukoa.
«Gure estalki urbano-industrial guztiak energetikoki aprobetxatuko bagenitu, erabiltzen dugun energiaren %5 ere ez genuke lortuko. Zerbitzu publikoak mantentzeko ere ez»
Lehen azterketak honakoa ondorioztatzen zuen: Gasteizko estalki urbano-industrial guztiak muturreraino aprobetxatuta, gasteiztar bakoitzeko 2 MWh inguru lortu daitezke urtean. Bigarrenak, aldiz, erabiltzen dugun energia kopurua aztertzen du, eta emaitzak dio euskaldun bakoitzeko 40 MWh-tik gora erabiltzen dugula urtean. Berdin(tsu) gizon-emakume, hiritar-herritar, gazte-adindu. Gutxiago behartsua edo atzerritarra bazara. Beste modu batean esanda, gure estalki guztiak energetikoki aprobetxatuko bagenitu, erabiltzen dugun energiaren %5 ere ez genuke lortuko. Zerbitzu publikoak mantentzeko ere ez. Zer esanik ez industria edo garraioa.
Agian horregatik, giza garapen maila altua mantentzeko zenbat energia behar den aztertzeko ikerketen berri eman zenean, entzuleriatik norbaitek hitz hartu eta, ironia ezkutatu ezinik, egoeraren laburpen ezin hobea egin zuen esaldi bakar batean: “Agian, giza garapen indizea neurtu ordez, hipokrisia indizea neurtzen hasi beharko genuke”. To!