SINADURAK

Iratxe Delgado

Ernaiko kidea

0,45 mL-ko vialetan

2021-02-03

2021eko urtarrila Covid19aren aurkako txertoaren hilabetea izan da, eta 0,45 mL-ko vialetan hainbat gauza ikusteko gai izan gara. Prozesua azkartzearen aldeko jarrera izan behar dugu, ezkerretik denontzat bizigarria den bizitza baten alde bagaude.


Argazkia. Unsplash / Hakan Nural

 

Ikusi dugu txertoaren aurkako kanpainarik. Txertoak Bill Gatez, George Soros eta abarrak aberastuko dituela eta, txertoaren aurkako mesfidantza elikatzen duten posizio ustez erradikalak edo kritikoak azaldu dira (bestelako konspirazioen teorietan sartu gabe).

Zoritxarrez Bill Gates, George Soros eta abarren plan bat baino, bizi gaituen sistema beraren isla da txertoarekin gertatzen ari dena; eta horregatik, txertatzeari buruzko posizioak erlatibizatzea arrazoiak eta ondorioak nahastea da. Txertoa produzitzeko prozeduren azkartzeak sor ditzakeen kezkak aintzat hartuta, zaila iruditzen zait txerto bat merkaturatzeko erabakia hartzea laborategi batek munduko populazioaren zati handi bat kaltetzeko arriskua esanguratsua bada; eta ez naiz etikaz ari, ez deritzot negozio ona izango luketenik.

Gaur gaurkoz, txertoa da pandemia honi aurre egiteko dugun aukera, eta aukera hau kolektiboa izan behar da. Honek garrantzi berezia hartzen du klase sozial apaleko pertsonon kasuan, gu baikara kutsatze tasa altuenak ditugunak, eta isolamendu neurriak betetzeko baldintza okerrenak ditugunak: etxe txikiak, lan prekarioak, babes ekonomiko eza, zaintza lanak erosteko ezintasuna, guzti honi loturiko kezka eta estresa…

 

«Gaur gaurkoz, txertoa da pandemia honi aurre egiteko dugun aukera, eta aukera hau kolektiboa izan behar da»

 

Baita egoera honen luzatzearen ondorio ekonomiko eta sozialak gogorren pairatuko ditugunak, bereziki gazteak.

Horregatik, txertoa jasotzen azkenak izango garen arren, prozesu hau azkartzearen aldeko jarrera argia izan behar dugu gazteok. Gure burua ezkerrekotzat baldin badugu eta denontzat bizigarria den bizitza baten alde bagaude bederen. Eta horrek ez du esan nahi txertoaren produkzio eta txertaketa prozesuen defentsa itsua egiterik. Izan ere munduko populazioaren osasuna enpresa pribatu batzuen esku egoteak ez dirudi  entzuduna, eta ez dirudi eztabaida honek oihartzunik duenik. 2020ko urte amaieran munduko herrialde aberatsenek uko egin zioten pandemiak irauten duen bitartea txertoaren gaineko pantenteak deuseztatzeari.

Jakin berri dugu Pfizerrek vial gutxiago banatuko dizkiela EBko herrialdeei prezio berean, vial bakoitzetik dosi gehiago (5 beharrean 6) ateratzeko gai izan beharko ginatekeelako; hori bai, badezpada euren etekinak bermatuta. Urte luzez ikerketa zientifiko eta ekoizpen farmazeutiko pribatua bultzatzeak eta garapen publiko eskasak pandemia honi aurre egiteko tresna nagusia ekoizteko tresna gabe utzi gaitu. Aipatu gabe ikusten ari garen txertoaren kudeaketa txantxulleroa: jauntxokeriaz dagokiena baino lehen txertatzen ari direnak, eta baliabide faltagatik txertaketa atzeratzen ari diren ospitaleak.

 

«Horregatik, txertoa jasotzen azkenak izango garen arren, prozesu hau azkartzearen aldeko jarrera argia izan behar dugu gazteok»

 

0,45 mL-ko vialetan gauza asko ikusi ditugu, baina beste hainbat ezkutuan geratu dira. Begiratu diezaiogun vialetan dagoenari, gordetzen denari eta kanpo geratzen denari.