GOMENDIOAK

Erria

Tipularen sehaska kanta

2022-09-10

Zuzendaria: Lander Garro

 

Lander Garrok zuzendutako film-dokumentala, espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azaleratzen du. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren baten bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da "Tipularen sehaska kanta", lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren "Nana de la cebolla" olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?

Patxi Rey Urmenetak anaia bikiaren azken elkarrizketa falta du: Cadizeko Puerto III kartzelan bere buruaz beste egin zuen Xabier Rey Urmenetak 2018an; haren anaiaren eta gurasoen testigantzek barrua inarrosten dizute; eta, aldi berean, duintasun erabatekoaren eredu gertatzen da beren jarduna eta jarrera. Izan ere, ez dakit nola lortu duen Garrok izatez hain gogorrak diren gai, egoera eta gertaerak halako modu gizatiar eta sinesgarrian transmititzea, edertasunari ere tokia emanez. Esaterako, ama batek eta haren bi mutikoek Pirinioetan zehar egiten duten ibilia, senar/aita ezindua —kartzelan gaixotutako Ibon Fernandez Iradi— etxean utzi behar izanda. Edota Kepa Etxebarria preso ohiaren telefonozko elkarrizketa Aita Menni ospitalean dagoen Kepa Arronategi lagunarekin, preso ohia hura ere. Ana Lizarralderen adibidea lazgarria da ere: «Nire umetokiaren eta nire artean hautatu behar nuela ikusi nuen, jakinda kalean izan banintz biak salbatzeko aukera izango nukeela».

Maritxu Jimenez sikologoaren aburuz, zeldan bizitza eta heriotzaren arteko senak borrokan daude. «Jasangaitza denean sufrimendua, bai fisikoa bai sikologikoa, amaiera atsedena da. Kartzelan heriotza presente dago bai beldur moduan, baita irtenbide moduan ere», aipatzen du. Isolamenduak uzten duen arrastoa jorratzen du baita ere Garrok.

Halako testigantza gordinen artean, urpekaritzako eszenak tartekatzen dira, arnasa emanez kontakizunari. Izan ere, filmaren alderdi estetikoa izugarri zaindu du zuzendariak, eta estetika horrek protagonisten duintasuna azpimarratzen du, 83 minutan.

Film dokumental honen osaketan Sare Herritar Sarea elkartea eta Gastibeltza ekoiztetxea ekoizle gisa bildu dira.