GOMENDIOAK

Xabier Landabidea

Deustuko unibertsitateko irakaslea

Patria Country

2020-12-02

Ausardia -edo inkontzientzia- behar da -irakurri ez dudan liburu batean oinarritutako- ikusi ez dudan telesail baten izenburua lapurtzeko, baina zer nahi duzue esatea, inoiz baino gauza gehiago dago irakurri eta ikus-entzuteko, eta astia beti bezain urria da.

Barre eta negar batzuk egin ditut Arambururen liburuaren karietara idatzitako review batzuekin, baina kontua da jatorrizkoak sekulako alperkeria, desinteres aktiboa eragiten didala. Harrotasunik eta konplexurik gabe aitortzen dut.

Lan eratorrien aroan bizi gara. Moldaketak, remakeak, rebootak. Istorio zaharrak berriro entzun nahi ditugu antza, aktore eta efektu, erritmo eta estetika garaikideekin. Ez dakit Spidermanen zenbat film dauden (Into the Spider-Verse animaziozko lana adibidez zoragarria da: ikusi), duela gutxi estreinatu dute Utopia telesail britainiar perfektuaren berregin amerikar ez-hain-perfektua, Disney bere animaziozko lanen bertsio hiper errealistak egiten ari da “haran aztoragarri” edo “uncanny valley” hipotesiaren esperimentatze garesti batean buru belarri sartuta balego bezala… Historia ezezik istorioak ere errepikatzen ari garela dirudi.

Edozelan ere, ezer benetan orijinalik ez dagoela jakinik ere, batzuetan jatorrizko lana berregitea, berriro egitea, moldaketa lana bera bihurtzen da sormen ariketa. Jatorrizko testua hain gelditzen da atzean ezen haren oihartzuna bera apenas entzun daitekeen testu berriaren doinuan, edo are hobeto: jatorrizkoaren doinuek osatzen dute melodia berriaren oinarria, antzeman daitekeen baina adiera berriak hartu dituen abesti baten gisan.

Hori da nire ustez HBOk Lovecraft Countryrekin egin duena. Matt Ruff New Yorkdarraren eleberria “telebistara” moldatu hamar ataleko salaketa-fikzio saiakera ahaltsu, magnetiko eta sexy bat sortzeko “pulp” eta “weird” ingelesezko berbak erabili gabe definitzeko gaitza zaidana. Lan irregularra baina diztiratsua, garai eta gizarte sakonki arrazista batean ere bereziki arrazista zen H.P. Lovecrafti zuzendutako omenaldi militanteki antiarrazista. Maitasun eta gorrotozko kanta zoragarria, hamar atal Negu Gorriaken Radio Rahimen ukabil odoleztatu baten hatz koskoetan tatuaturik.

Behar bada halako zerbait behar genuke guk ere, moldaketen eta moldaketen moldaketen aro arraro eta jenial honetan. Patria Country bat. Jatorrizkoaren intentzioari erabateko buelta ematen dion amodio eta gorrotozko kanta bat. Pulp klabean. Weid klabean. Zuri eta beltzekin. Munstro eta heroiekin. Baina alderantziz.

They still haven’t learned, eta bada garaia.