GOMENDIOAK

Erria

Nik sinisten dizut. Bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua

2019-11-18

Samara Velte. Elkar, Jakin eta Berria, 2019


Zenbat aurpegi dauzka indarkeria matxistak? Zenbat espazio, hitz, harreman eta testutan topa daitezke patriarkatuak bere burua mantentzeko behar duen biolentzia horren arrastoak? 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketa ezaguna aitzakiatzat hartuta, indarkeriaren poliedrikotasuna ulertzen laguntzen duen lana da Nik sinesten dizut: bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua liburua.

Elkar, Jakin eta Berria-ren eskutik euskaraz argitaratu berri da, eta Txalapartaren eskutik, gaztelaniaz, Yo sí te creo: la cultura de la violación y el caso de sanfermines izenburupean. Hizkera periodistiko irakurterrazean, kasu hari begiratzeko perspektiba feminista bat eskaintzen du, hedabide nagusi gehienetan zabaldutako narratiba morboso eta patriarkalen aurka, jarrera kritikoa ahalbidetuko duen irakurketa zabala eskainiz. Baina kasu zehatzetik askoz harago ere badoa Nik sinesten dizut: indarkeria matxistak kasu bakar batean har ditzakeen forma anitzak ikusarazten ditu, haren adierazpen bistakoenetik hasi eta inplizitueneraino. Bortxaketaz beraz gain, hura naturalizatzen eta justifikatzen duten iruditeria eta diskurtso mediatiko eta judizial nagusietan barneratzen du irakurlea, eta haiek identifikatzen laguntzen dio. Horregatik, Nik sinesten dizut ez da Manadaren kasuari buruzko liburu bat: indarkeria matxistari buruzko liburu bat da. Kasu zehatz hura ez zelako salbuespena izan, alderantziz baizik: indarkeria matxistak gure bizitza sozialeko geruza guztietan, egunero-egunero, nola operatzen duen erakutsi zigun kasu bat izan zen.

Hartara, liburua testuinguru soziopolitikotik abiatzen da, kasu hark eragindako protesta eta mobilizazio historikoen jatorria eta izaera ulertzeko asmoz. Bigarren atalean, hainbat iturriren bidez, bortxaketaren kultura maila teorikoan zein praktikoan deszifratzen laguntzen duten tresnak eskaintzen ditu. Hirugarren eta laugarren atalak epaiketari eta haren jarraipen mediatikoari eskainiak dira; bertan, xeheki aztertzen dira auzitegi barruan zein handik kanpo haizatutako argudio eta diskurtsoak, eta haien eduki matxista. Eta, amaitzeko, kasuak gizartean zabaldutako galderetako batzuk planteatzen ditu, aurrerantzean, antzeko gertaera hipermediatiko baten aurrean gaudenean, jarrera kritiko eta feminista bat hartzeko tresnak izan ditzagun.