Karanbola Hirukoitza. Emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan.
Eneritz Artetxe [2019, EHAZE-Antzerkizale elkartea]
Eneritz Artetxek euskal emakume aktoreen egoera aztertu du Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan izeneko saiakeran. Bertan azaltzen du, nolatan emakume sortzaile euskaldunak, hiru bider jasaten duten zapalkuntza egoera.
Ikerketa lan sendo baten emaitza da Eneritz Artetxe aktoreak idatzitakoa. Eusko Jaurlaritzak arte eszenikoetan generoaren egoera ezagutzeko enkargua egin zion Gernikako aktoreari eta eskariari erantzuteko euskarazko antzerkian lanean dabiltzan 22 sortzaileri elkarrizketa egin eta haien ikusgarritasunaz, erronkei eta aldarriei buruzko datuak bildu zituen.
Artetxek Hego Euskal Herriko antzerkiaren munduari ikuspegi feministatik begiratu dio, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek euskarari, Eider Rodriguezek euskal emakume idazleei eta Uxue Alberdik emakume bertsolariei egin bezala. Silvia Federici eta Angela Davisen laguntzarekin ezarri du markoa: heteropatriarkatu kapitalistan bizi gara eta horren isla topa dezakegu arte eszenikoetan. Bizi garen gizarte honetan, euskal emakume sortzaileek zapalkuntza hirukoitza jasaten dute. Lehenik eta behin, emakume bezala sailkatzeagatik, beren sortzaile ibilbidea erabat baldintzatuta dagoelako. Bigarrenik, kultur langile izateak, baldintza prekarioetan lan egitea berekin dakarrelako. Eta hirugarrenik, hizkuntza gutxitu batean aritzeak erabat baldintzatzen duelako edozein jarduera. Beraz, zailtasunen kopurua berehala hirukoizten zaie. Emakume izanik, aipatutako zapalkuntzak pilatzen doaz, zailtasunen karanbola hirukoitza osatuz.
Proposatzen dituen hausnarketen artean, kantitatea berdintasun neurgailu gisa erabiltzearen arriskuaz ohartarazten digu. Izan ere, berdintasun egoera batera iristeko ez da nahikoa emakumeen sorkuntza kuota jakin batzuetara iristea. Badira beste elementu batzuk, sektoreak erabat barneratuak dituenak, eta emakumea bigarren maila batean jartzen dutenak.
Baldintzapen horietaz ohartaraztea, eta aldaketa kualitatibo bat egitea ezinbestekoa da Eneritz Artetxeren iritziz, berdintasunean aurrera egingo bada. Argi dago dramaturgia berriak daudela, autoretza kolektibodunak, autore, zuzendari zein interprete izateko modu garaikideagoak daudela eta haiek zerikusi handia dutela lan egiteko modu saretuagoekin, ardurak gehiago banatzearekin, prozesuei eta horietan sortzen diren harremanei garrantzia ematearekin,...
Emakumeek euskal eszenan duten presentzia aztertzea ez delako soilik zenbakiez eta kupoez hitz egitea, teatroa bera ulertzeko eta zabaltzeko moduari eragiten dioten sakoneko aldaketez baizik.
Beraz, kaka asko euskal emakume antzerkilarientzat!