Uma Ulazia, saiakera Lisipe 15, Susa 2024
Euskal Herriko Greba Feministak ditu aztergai saiakerak, hauetan norabidea zehazteko ibilitako dosierren analisia eginez, “sexua, zaintza eta estatua hizpide izanik”. Diskurtsoak errealitatea sortzen duen heinean, diskurtsoaren gaineko kontrola boterea dela dio Ulaziak, “horregatik, liburuak hitzak bere inpaktu politikoekin lotuko ditu. Diskurtso feminista fintzeko gakoak biltzeko asmoan eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko helburuz dago egina. Militante gisa, guretik eta guretzat idatzia”.
Liburu hau autokritikatik egindako lana da, debate feministetan sakontzeko gauzatua: “Diskurtso feminista fintzeko gakoak bildu asmoan eta barne eztabaida politikoak hauspotzeko helburuz egina. Militante gisa, guretik eta guretzat idatzia”. Militantzia kokatuak eskaintzen duen begirada zorrotz eta sakonetik ikusarazten dizkigu idealismoaren eta esentzialismoaren tranpak. Horiek zehaztasunez antzemateko eta estrategikoki borrokatzeko.
Martxoaren 8ko eta azaroaren 30eko greben ardatz nagusiak zaintza lanak izan ziren. Bi grebetan gatazka heteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak azaleratu eta gizarteratu ditugu eta zapalkuntza horiekin bukatzeko zaintza lanen feminizazio, arrazializazio eta prekarizazioa desagerrarazteko beharra azpimarratu. Baina zaintzaren inguruko ulerkera esentzialista eta idealistak ez ditugu sakontasunez irauli. Horretan gabiltza. Helburu hori garatzeko ezinbestekoa dugu zaintza lanen definizio feminista materialista garatzea eta fintzea. Zaintza kontzeptuaren ulerkera ahistoriko eta idealistak muinetik haustea.
Saiakera hau feminismoa klase borroka modura pentsatzeko testua da, zaintza lanen definizio feminista-materialista ulertzeko eta Euskal Herriko greba feministen eztabaida nagusietan sakontzeko ezinbestekoa. Lan honetan hurrengo grebak eta borrokak pentsatzen eta antolatzen jarraitzeko pizgarriak aurkituko dituzue. Idealismo eta esentzialismo patriarkalaren aurkako antidotoak jasoko dituzue. Gizon eta emakumeekin bukatzeko estrategiak.
Liburua salgai HEMEN