Argazkia: Christophe Simon | AFP
Epaiak feministen kexua piztu du, beste behin Justizia agertu zaigulako bortxaketaren kulturaren zutabe. Alta, kasu pertsonaletik harago, fokua zabaldu nahi izan du Gisèlek, oinarrian eta osotasunean dagoen osagaiari begiratzeko: bortxaketaren kultura.
Historian geldituko da Gisèlek irekitako epaiketa. Auzitegiko ateak zabaldu eta problema plazaren erdian jarri digu, bere hitzetan "bortxaketa gauza arrunta bihurtzen duen jendarte matxista eta patriarkal honek begiak irekitzeko". Duela 46 urte hautu bera egin zuten Gisèle Halimi abokatu ezagunak sostengaturiko Anne Tonglet eta Araceli Castellanok ere –kanpatzen zebiltzala, hiru gizonek bost orduz bortxatu zituzten–. Isilean atxikitako errealitate bat argiratu zuten: bortxaketarena.
Bazterrak eta mentalitateak azkarki inarrosi zituen bi emakumeen urratsak, legedian aldaketak ekartzeraino –urte horretan aurkeztu zuten bortxaketa krimen gisa sailkatzeko eta zigortzeko lege proiektua, hortik bi urtera bozkatu zutena–. Kasik 50 urtera, bortxaketaz harago, bortxaketaren kultura argiratu izanak ditu bazterrak eta mentalitateak astindu: bai, gizonek bortxatzen dute bortxatzeko posibilitatea dutela pentsatzen dutelako eta emakumea bortxagarria dela iruditzen zaielako. Arraildura bat gehiago, beraz, heteropatriarkatuaren gotorlekuan.
Estereotipoak hautsi
Bortxaketari loturiko estereotipoak bistarazi eta deseraiki izana litzateke Mazango auziaren ekarpenetariko bat. Alde batetik, bortxatutakoa fermu eta ahalkerik gabe agertu izanak biktimaren ohiko iruditegiarekin talka egin du: ez da suntsituriko pertsona gaixo –gizajoaren zentzuan– bat, ezta histeriko kontrolaezin bat ere. Gisèlen "duintasuna" azpimarratu dute kasik komunikabide guziek. Erran gabe doa duina dela, baina Martine Delvaux idazle feminista quebectarraren oharpena ekarri nahiko nuke hona: "Geldi gaitezen Gisèle Pelicoten duintasunaz hitz egitetik, ez delako biktima onik eta biktima txarrik. Indarkeria sexuala jasan duen pertsona oro da duina. (…)
Maleruski, hedabideetako deskribapenek aipatzen ez diren guztiei buruz hitz egiten digute, ikusezin bihurtu ditugun edo 'biktima onaren' irudiarekin bat ez zetozelako sinetsi ez diren erasoa jasandakoak. (…) Nola hitz eginen genuen, hasteko, ez bazen zuria izan? Gaztea balitz? Tatuajeak eta piercingak balitu? Gona motzak, leotardoak, kamiseta motz eta estuak bazeramatzan? Sexu langilea, fabrikako langilea edo langabea izan balitz? Buruko gaitzen bat balu, edo ageriko ezgaitasun batekin bizi balitz? Burua makurtuta, oinak arrastaka edota bizkarra okertuta egonen balitz?".
Munstroaren figura gezurtaturik
Are nabarmenagoa izan da bortxatzailearen irudia gezurtatzearena. Epaituriko 51 gizonen profilak ikusirik, argi gelditu da erasotzailea ez dela "munstro" bat, ezta bat-batean gainera salto egiten digun ezezagun bat ere. Bai, nahi edo ez –edo hobeki erran: nahiz eta nahi ez ukan–, bortxatzailea gizon arrunta da, egunerokoa zintzoki daramana, bere inguruan ongi integraturikoa.
Arazoa sistemikoa da
Bortxaketaren arazoa marko orokorragoan jartzeko balio izan digu epaiketak: bortxaketaren kulturaren auzia izan da. Kultura bat delako bortxaketarena, antolaketa sistemiko batek bideraturikoa. Bestela, nola esplikatu dezakegu Mazango auzia bere baitan duen Frantziako Estatuan urtero 210.000 bortxaketa edo bortxaketa saiakera zenbatzea, eta bortxaketa salaketen % 94ari segidarik ez ematea Justiziak? Ondokoa zehaztu zion Gisèlen abokatu Stéphane Babonneauk epaileari: "Emakumearen gorputza konkista-objektu den ideiarekin bukatu behar dugu. Inork ez du erraten gizonak berez toxikoak direnik, baina anitzez aukera handiagoa dute bortxaketan egoteko, neurri handi batean haien eraikuntzan jaso dituzten errepresentazioengatik".
Ahizpatasunaren garrantzia
Auziaren lehen egunetik azkenera arte, dozenaka elkarte feministak eta milaka feministak elkartasuna erakutsi izan diote Gisèlei. Bere aldetik, Gisèlek ere eskertu eta babestu nahi izan ditu: “Zuei guztiei esker indartsu nabil borroka hori bururaino eramateko. Sexu erasoen biktima diren pertsona guztiei –emakume eta gizon– bideratzen diet borroka hori”. Irakurketa feministaz jositako salaketa izan da. Gisèlek hiru hilabetez entzun behar izan ditu defentsaren argumentu eta azalpen bortitzak, eta berean tinko eta zut segitu du, hurbilekoez inguraturik, baita sendotu eta masifikatu den babes feministaren indarrari esker ere. Ahizpatasunaren eta sare feministaren indarra nabarmena izan da lehen egunetik azkenera arte.
Parean, defentsaren alegatua argumentu antifeministaz josia izateak frogatu digu min egiten diela feminismoak. Epaiaren egunean, Dominique Pelicoten abokatuetariko batek auzitegi aitzinean elkarturiko feministak zikinki iraindu izana dugu beste froga bat.
Justizia eraldatu beharra
1978ko auziak 1980ko legea ondorioztatu zuen, eta 2024ko auziak ere legediaren egokitzapena ondorioztatzea espero du herritar andanak. Gaur egungo Frantziako zigor kodeak finkaturiko bortxaketaren definizioan ez da oniritziaren edo baiezkoaren aipamenik, eta definizioan biktimaren oniritzi faltaren osagaia sartzeko hainbat lege proposamen dira bidean.
Mazango auzian argi gelditu dira bortxatuak babesteko Justiziak dituen ezintasunak ere. Edonorentzat lirateke jasangaitzak Gisèlek hiru hilabetez entzundako adierazpen lizun, zikin, bortitz eta suntsitzaileak. Ondokoa idatzi du abokatu Carine Durrieu Dieboltek: "Badira justifika ezinak diren defentsaren estrategiak –bizitza pribatuan edo sexualean bidegabeki sartzea eta irainak–, finean, suntsitzea dutenak helburu. (…)
Trauma gainkarga hori saihesteko, abokatuek neurritasunez eta gizatasunez defendatu beharko lukete, eta epaileek bigarren mailako biktimizazioaren auziari heldu beharko liokete. Kontua ez da, bistan da, errugabetasun-presuntzioa eta defentsaren eskubideak gutxiestea, baizik eta gure zigor-prozeduraren oreka galdekatzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aholkatu bezala, beste printzipio konbentzional bat gehituta: biktimaren babesa".
Zer erranik ez biktimaren hitza kontuan hartzeaz eta errespetatzeaz. Bortxaketaren kulturak bereganaturik dauka Justizia, ezin da bestela ulertu nolatan bortxaketa salaketen % 6a bakarrik doan Frantziako auzitegietara. Bestela erranik, nolatan bortxaketa salaketen % 94etan ondorioztatzen duten bortxaketa kasua ikertzeak ere ez duela merezi! Mazango auziak azaleratu dituen hutsune eta gabeziak aitortu, eta Justizia erreformatzeko ardura daukate legegileek. Epaia jakin ondoren Gisèlek erran bezala: “Aitortuak ez diren edota itzalean dauden biktima” gehiegi eragiten dituelako bortxaketa kulturak.