Argazkia. FOKU / 2024-05-01, Bilbo. Maiatzaren 1a. Kontseilu Sozialistaren manifestazioa.
Goazen puntuz puntu. Zein da aldaketa sozialerako eskala edo markoa? Euskal Herria ote da? Nazioartea? GKSren ustez, eskala nazionala “tranpa” burges bat da eta eskala nazionalek “eskaera nazional burges” bati (askapen nazionalari, ulertzen dugu) erantzuten diote. Eskala nazionala tranpa bat denez, hori indargabetzeko antolatzera dei egiten du: “proletalgoa ikuspegi nazionalaren kontra eta internazionalismo proletarioaren alde etengabe hezteko eginbeharra dauka kontseilu nazionalak; proletalgoa, politikoki, ezin baitaiteke inola ere klase nazional bat izan”. Askatu behar dena ez da Euskal Herria; “langileen autodeterminazioa” baizik, EHKSko bozeramaleek elkarrizketa batean berriki esan bezala, Euskal Herriaren askapena “kolore aldaketa edo izen edo lurralde aldaketa huts” bat baino ez bailitzateke izango. "Gaur egun nahitaez eskala supraestatalean antolatu beharra dago ofentsiba-alderdi bateratu gisa. Gizarte burgesa erabat garatuta dagoen bloke horietan, egun ez dago nazio-estatu mailako iraultza politikoetarako inolako aukerarik". Boterearen eskalak birkonfiguratu diren honetan, eskala handietan eragiteko, eskala txikia eraldatuz hasi behar da, ordea, internazionalismoaren tradizio eraldatzaileak beti erakutsi digun bezala. Izan ere, botere neoliberal, patriarkal, arrazial eta nazio zapaltzailea lurraldetua eta konkretua da, eta lekuan leku forma desberdinak hartzen ditu; horri aurre egiteko errezetak ere, hortaz, ezaugarri berekoa behar du izan. “Mugimendu sozialistak” egindako aliantza guztiak (publiko egin berri duten Espainiar estatu mailako webgunea barne), gainera, ez al dira estatu mailakoak izaten ari?
Aurrekoak bigarren puntura narama. Nork du bere burua autodeterminatzeko eskubidea? Zein da askapen subjektua? Herriak? Pertsonak? Langileria? EHKSren testuak autodeterminazio eskubidearen inguruko gogoeta berri bat dakar, herrien autodeterminazio eskubidea desitxuratu eta esanahiz hustu egiten duena. Izan ere, herria beharrean, eskubidearen subjektu langile klasea bihurtzen da. Herrien nazio eskubidea aitortzen da, bai, baina nazioarteko ordena sozialista lortu orduko egoera batera baldintzatuta. De facto, beraz, herrien autodeterminazioa eskubidea ukatzen da, programa politiko baten gauzapenera baldintzatzen baita.
Hirugarren puntua zapalkuntzen ezaugarritzearekin lotua dago; nola ulertzen ditu GKSk Euskal Herrian sufritzen ditugun zapalkuntzak? Hierarkia bat ote dago horien artean? Ba ote daude egiturazko eta bigarren mailako zapalkuntzak? GKSrentzat, bai, nabarmen gainera. Askapen nazioalaren aldeko borroka (edo feminismoa) “identitate fragmentarioen politikak” dira, eta “identitate-politikek klase subjektu proletarioa desegin dute”. Ez hori bakarrik, “zapalkuntza-forma horiek, modu konplexuan, burgesiaren boterea indartzeko balio dute”. Halaber, burgesiak “identitate politiko artifizial eta interklasistetan zatikatzen dute” langileria, “borroka horiek erreforma antzuari eta programa burgesari” lotuz. Zapalkuntzen erroa bat eta bakarra da GKSren ustez, “klase-gizartea eta ekoizpen burgesa, zeinei oraindik ere zapalkuntza horiek funtzionalak zaizkien”.
«De facto, herrien autodeterminazioa eskubidea ukatu egiten da, programa politiko baten gauzapenera baldintzatzen baita»
Laburbilduz: erro edo egiturazko zapalkuntza bat eta bakarra dago. Horren azpitik edo ondoren, zapalkuntza “identitarioak” (nazioari, generoari, arrazari… lotuak). Identitate politika “artifizialak” albo batera utzi eta erroko benetako borrokara (langile askapenera) batzeko deia egiten du testuak. Finean, hegemonia bilatzen duten mugimendu feministaren eta nazio askapen mugimenduaren kontrako erlauntza teorikoa aurkezten da, burgestzat, interklasistatzat eta identitariotzat jotzen baitira horiek. Esplizituki esaten da, “programa feministari, nazionalistari eta abarri, finean, programa interklasistari eta politika erreformistei, fronte guztietan aurre” egin behar zaiela. Izan ere, GKSrentzat ideologia “burgesarekin lotzen dituen kontzientzia faltsua [feminismoak, nazionalismoak… hauspotuak? -nire iruzkina] apurtu beharra dago”. Ez al dira, beraz, finean, abertzaletasunaren eta feminismoaren kontra egin behar dela esaten ari?
Laugarrenik: zein da proposatzen duten estrategia politikoa edo bideorria? Boterea hartu, eraldatu, gainezkatu ala “suntsitu”? Eskuin muturrak higatzen ari dituen instituzio publikoak borrokatu? Politikaren lehen lerroan jendartearen eskubideak defendatu? GKSren ustez, boterearen forma guztiak “burgesiarenak” dira; berak eraikitzen dituen espazio “autonomoak” izan ezik. Hori hala izanik, ez da harritzekoa dokumentu birfundazionalak eraldaketa prozesu, egitura komunitario zein instituzional oro (eskolak, ikastolak, Osakidetza, garraioa, unibertsitateak… ulertu behar dugunez) suntsitzera dei egitea: “burgesiaren botere politikoa suntsitu beharra” baitago. “Ez dago komunismo zantzurik estatu burgesaren neutraltasuna defendatzen dutenen artean, ezta langile-klaseen interesak dinamika instituzionaletara bideratzeko beharra babesten dutenen artean ere.” Hori dela eta, aurre egin behar zaio “kapitalaren alderdiari, eta bereziki bere ezkerreko hegal sozialdemokratari”. Instituzio guztiak burgesiarenak badira, ordea, eta sistema bera goitik behera burgesa, ez ote dira ustezko instituzio libre horiek ere burgesiarenak? Halaber, boterea hartu gabe boterea eraldatzea ote da planteamendua?
«Politikaren baino erlijioaren antza handiagoa duen mundu ikuskera batean goxo. Nire galdera da: ba ote dago aurreko mundu ikuskera hori baino ikuspegi anti-marxistagorik?»
Bukatzeko, testuan zehar EHKSren (edo GKSren) mundu ikuskeraren gakoak azaltzen dira, txuribeltzean, beste mundu bati erabat oposatuta. Izan ere, dokumentuan aurkezten duen programari zimendu ideologiko itxia eta indartsua emateko, txuribeltzean pentsatutako mundu ikuskera erabat hertsia proposatzen du. Zer ikuspegi du klaseaz? Zer arrazoiez eta emozioez? Nola ulertzen ditu euskal gizarteko mugimendu politikoak? Alde batean, mugimendu sozialista iraultzailea dago. Bere begirada arrazionala da, eta programa iraultzailea du oinarri. Hala, "zentralismo demokratikoz" (goitik beherako lidergotza, finean) antolatutako alderdi komunista da langileria antolatzen duena ("klase unibertsal" bakarra). Helburua, egiturazko zapalkuntza benetakoarekin bukatzea da (“klase sistemaren zapalkuntza”). Horretarako, nazioarteko eskalan (“eskala supra-estatala") antolatzera deitzen du, eskala nazionalaren kontra ("egun ez dago nazio-estatu mailako iraultza politikoetarako inolako aukerarik").
Txuribeltzeko munduaren beste aldean, noski, sozialdemokrazia legoke. Ez du begirada arrazionala, "irrazionala" eta are emozionala baizik. Programa iraultzailearen ordez, programa erabat erreformista (“eskematismo taktikoa”) planteatzen du. Bozka gehiengo instituzionala bilatzen duen “alderdi hegemonista masazkoa” da, finean, “burgesiaren alderdia” (EH Bilduk). Langileria baino, “interklasismo burgesa” proposatuko luke, egiturazko zapalkuntzak eta klasea baino “identitate politiko artifizialak” (feminismoa, nazio askapen borroka) artikulatu eta askatzeko. Horretarako, "agortua dagoen" “eskala nazionalean” (Euskal Herrian) eragitea proposatzen du, bere programa “burges” antzua (prozesu independentista) aurrera eramateko asmoz.
«Ez al dira, finean, abertzaletasunaren eta feminismoaren kontra egin behar dela esaten ari?»
Horrela, bata bestearen kontra, dialektikaren arrastorik gabe, politikaren baino erlijioaren antza handiagoa duen mundu ikuskera baten aurrean aurkitzen gara. Nire galdera da: ba ote dago aurreko mundu ikuskera hori baino ikuspegi anti-marxistagorik?
Irudipena daukat, bere burua berritzaile eta apurtzailetzat daukan mugimendu batek, komunismoaren eskema eta ideia zaharrak errepikatu baino ez dituela egiten. Izan ere, burujabetzaren terminotan planteatzen ez diren borrokak, neoliberalismoaren aurrean antzuak dira. Halaber, emantzipazio egitasmo ororen (nazio, klase, genero, langileria...) abiapuntua egoera konkretuaren analisi eta praktika konkretua da. Marxismoen, feminismoen, askapen mugimenduen zein teoria dekolonialen artean elkarrizketa da behar dena, ez goitik beherako teologia kristaua. Emantzipazio borrokak elkar elikatzeko eta artikulatzeko baitaude, ez elkarri zangotrabatzeko.