Rafael Poch-de-Feliu. Akal, 2018
Rafael Poch-de-Feliu kazetaria nazioarteko korrespontsala izan da 35 urtez. Horietatik 14 Errusian eman ditu eta ondoren beste sei Txinan. Sobiet Batasunaren azken urteak eta 90eko hamarkadako aldaketa guztia lehen eskutik bizi izan zituen. Esperientzia horretan oinarritutako ezagutzatik hainbat liburu idatzi ditu. 2018an kaleratutako liburu honek gaur gertatzen ari dena ulertzeko gako asko ematen ditu.
Putinen erregimena, bere nazionalismoa, mendebaldearekiko mesfidantza eta Errusiako gizartean guzti horrek duen kontsentsua ezin dira ulertu 90. hamarkadan milioika herritarren kontzientzian iltzatuta geratu zen humilazio sentsaziorik gabe: SEBSen disolbatuta, eliteek ondasunak harpilatu ostean, Errusian zein nazioartean prestigioa berreskuratzeko lanari ekin zioten.
Putin misio horretarako ezaugarriak dituen pertsona da: leihala eta obedienta, ez ustela, Estatu ikuspegiduna eta aldi berean, sobietar esperientziaren ideologiarekin erabat desengainatua eta Errusian desberdintasun sozial handiak eragin dituen pribatizazio prozesua zalantzan jarriko ez zuena. Horrez gain, Errusiako kultura politikoa eta azken bi mendeetako bilakaera ulertzeko gakoak ere ematen ditu liburuak: erlijioak, zarismoak zein lurraldearen beraren estentsioak determinatutako bilakaera.