GOMENDIOAK

Erria

Baginen

2020-07-17

Cira Crespo & Elena Ciordia Txalaparta, 2020 Saiakera literario ilustratua.

Kobazuloetako margoetan pentsatzen dugunean, nor irudikatzen dugu eskuak zikintzen? Nor Erdi Aroko elizak eraikitzen? Ezagutzen al dugu XVIII. mendeko tabernari emakumezkorik? Zein izan zen lehen inprimatzailea, ba al dakigu frontean kazetari ibilitako norbaiten izena?

Bistan denez, gaur egunean bezala, garaiotan ere baziren emakumeak, eta ez geldi. Nor izan ginen eta zer egin genuen jakitea falta, beraz; hain zuzen galdera horiei erantzun nahi izan diote Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia ilustratzaileak liburu eder honetan. Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume baino gehiago aurkezten dizkigute, norbanakoak eta taldeak, betiere bizirik ez daudenak, bizi direnak beren historia idazten ari baitira oraindik. Haien izenen bitartez, historiari identifikazio bat jartzen diote, irakurlearentzat lagungarri dena; akuarelei esker, berriz, emakumeok presentzia fisikoa hartzen dute, eta garai jakin batekin lotzen ahal ditugu. Ordena kronologikoan aurkezten zaizkigu horrela baronesak, iheslariak, bertsolariak, lesbianak, kontrabandistak, medikuak, salatuak, artistak, grebalariak, bai eta senide, alaba, alargun eta amak ere.

Kutsu literarioko azterlana da, artxibo lan zorrotzari jarraitu diona. Dibulgaziozko lana izanik, tonu hotzagoa estilo narratiboagoarekin nahasten da, kronika lirikarekin, zer kontatzen den arabera, irakurketa atsegina eginez. Horrela, zenbait emakumeren bizitza ezagutarazte hutsetik harago, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jartzen dituzte, Euskal Herriko iruditeria zimenduetatik eraberritzeko asmoz. Hala bedi!