ERREPORTAJEAK

Andoni Olariaga Azkarate

Filosofoa

Zer da prozesu konstituziogile bat?

2022-12-23

Azken hamarkadatan hego hemisferio globalean gertatu dira prozesu konstituziogile esanguratsuenak, esperientzia aberats eta desberdinetan; batzuk arrakastatsuagoak, beste batzuk ez hainbeste. Baina guztietatik, irakaspenak atera daitezke. Dosier honetan prozesu konstituziogile bat zer den aztertzeaz gain, bi kasu aztertuko ditugu. Lehenik, Espainiar trantsizioaren eta 1978ko konstituzioaren sorrerari begiratuko diogu, prozesu konstituziogile demokratiko eta partehartzaile baten kontraadibide bat zer den ikusteko. Zeintzuk dira oraindik indarrean dagoen espainiar konstituzioaren genealogia eta barrunbeak? Bigarrenik, Txilek azken urteetan bizi izan duen prozesuaren nondik norakoei begiratuko diegu, bertako prozesu konstituziogilearen ezaugarri nagusiak, zailtasunak, korapiloak eta bestelakoak xehetzeko. Azkenik eta labur, Euskal Herrian historikoki egon den prozesu konstituziogilearen taupadaren errepaso arina egingo dugu, hurrengo ale baterako sakonago aztertze aldera. Azterketa horietan sartu aurretik, ordea, oinarrizkoena den galderatik hasi behar gara, bada: zer da prozesu konstituziogile bat? Ze ezaugarri ditu? Ze eredu daude?


Argazkia: Anthony Garand, Unsplash

 

Gizarte baten/k arauak idaztea

“Every age and generation must be as free to act for itself in all cases as the ages and generations which preceded it. The vanity of governing beyond the grave is the most ridiculous and insolent of all tyrannies” – Thomas Paine (1791)

 

Azken boladan hedabideetan sarri entzun ditugu “prozesu konstituziogile” eta antzeko terminoak. Hitz potoloa, panpoxoa dirudi, adituen kontuak edo. Alderantziz, ordea, prozesu konstituziogileak konstituzio bat osatzea dute helburu, baina helburu hori gainditzen duten prozesuak dira. Sinpleki esateko, prozesu konstituziogileek jendarte batek bere burua juridikoki, instituzionalki, ekonomikoki zein gainontzeko esparruetan nola antolatuko duen erabakitzeko ariketak dira. Kolektiboagoak edo elite txiki batek zuzenduak izan daitezke, baina konstituziogileak dira, gizarte osoarentzako arauak ezartzen dituztelako. Gizarte baten arauak idazteko prozesu bezala definitu daiteke, beraz: gizarte horren balioak, mundu ikuskera eta arauak definitzen dituen prozesu bezala. Hori dela eta, prozesu konstituziogile bat soberania ariketa goren bezala definitu daiteke. Izan ere, gramatika hizkuntza batekiko, halaxe da konstituzioa burujabetzarekiko; askatasunaren eta loturaren eremu guztiak definitzen ditu, eta baita aurrekoen sintaxia ere.

Esan bezala, ez dago prozesu konstituziogile eredu bat eta bakarra. Badaude erabat gidatutako prozesuak, aurretik gutxi-asko determinatuak, ardatz parlamentario soil eta hertsietan kokatzen direnak edo gutxi batzuen eskutan uzten dituztenak. Espainiar estatuko 1978ko Konstituzioa aurrekoaren adibide izan daiteke. Prozesu konstituziogile bat: finean, hurrengo gizartearen arauak zehaztuko baitzituen, metodo antidemokratiko eta autoritarioekin egin bazuen ere. Badaude, ordea, prozesu konstituziogile demokratikoak, non herritarren ahalduntzea, parte hartzea eta erabakimena sustatzen diren, prozesuan bertan. Ez hori bakarrik, prozesu konstituziogile ireki eta demokratiko batean, estatu egitura guztiak, estatuaren aniztasunaren ordenamendu territoriala (nazio auziak), estatuaren izaera (errepublika, monarkia…), arau nagusiak (konstituzionalak) aldatzeko prozedura eta botereak… Guztiaz eztabaidatu eta guztiaz erabakitzeko ahalmena egon beharko luke. Azken urteetan Txilen emandako prozesu konstituziogilea aurrekora hurbiltzen da, bere muga eta bertute guztiekin.

Egia da partehartze herritarrak prozesuei konplexutasuna gehitzen diela, baina emaitzaren legitimitatea substantzialki igotzen dute ere. Zein da gaur eguneko joera? Prozesu desberdinen artikulazioa egitea da joera nagusia, non ordezkaritzako demokrazia (herriak hautatutako ordezkariak), demokrazia partehartzailea (herritarrek arau batzuen barruan parte hartzeko mekanismoak sortuz) eta demokrazia zuzena (herritarren partehartze zuzena) nahasten diren, berdin konstituzio erreformetarako zein konstituzio berrien idazketarako. Hirurak artikulatzen dira, eta hirurek dituzte deliberazio, negoziazio eta bozketa momentuak. Baina joan gaitezen dosierraren lehen galderara; zertarako idatzi konstituzio bat?

 

ZER DA KONSTITUZIO BAT?

Prozesu konstituziogilearen auzi nagusia ondokoa da: nork eta ze mekanismo eta baldintzen bidez du arauak sortzeko ahalmena? Alegia, nork eta nola erabakiko du konstituzioa idatziko duen Asanblada Konstituziogilea? Zein da, beraz, konstituzioa idatzi dezakeen botere konstituziogilea? Baina ze konstituzio idatzi eta norentzako? Zertarako eta zer arautzeko? Zeri bide emateko? Ze balio oinarritzeko?

Konstituzio bat, ordenamendu juridikoaren arau goren bezala, ez da soilik printzipio normatibo formal baten multzoa, ezpada gizarte baten oinarriak inspiratzen dituen balio multzoa baizik. Alegia, konstituzioek ideologia dute, bizitza ordenatzeko balio jakin batzuk eramaten dituzte legera, lurraldea ordenatzeko bisio bat, demokrazia ulertzeko modu bat. Bakoitzak berea, bere indar harreman historikoekin, beren fobia eta ideologiekin, beren justizia ulertzeko manerekin, beren aniztasuna kudeatzeko moduekin… Herrialde baten kultura eta biolentziak konstituzio batean sedimentatzen dira, indar harremanen arabera.

Bi tradizio nagusi daude mendebaldeko gizarteetan arauak idazterako orduan, zuzenbide erromatarra eta anglosaxoia. Eskubide erromatarra corpus iuris civilis testu juridikoan oinarritua dago, Justiniano bizantziar enperadoreak egina. Britania Handiko common law, aldiz, influentzia horren pean sortu bazen ere, eskubideen karta bat da, ez Magna karta bat. Alegia, aurrekarietan oinarritzen den zuzenbidea da, denboran zehar osatzen joan den doktrina juridikoa, ebazpen eta epaien bidez egina.

 

PROZESU KONSTITUZIOGILEAREN FASEAK

Teoria ezaguna da, praktika zailagoa, ordea. Prozesu konstituziogilearen lehen fasea partehartzearena da. Fase honetan, demokratikoki pentsatuko bagenu, norabidetze instituzionalik gabeko iniziatiba herritarra legoke; instituzioek babestua baina ez haiek tutelatua. Herrietan, auzoetan eta hirietan eztabaida konstituziogileak egitea da, espontaneoak, entitate publikoek organizatuak, lokalak, behetik gorakoak. Nork parte hartu dezake? Mundu guztiari irekiak dira, eta norbere herria nolakoa izan beharko litzatekeen eztabaidatzea izan behar du helburu: inongo mugarik gabe, guztia eztabaidatzea posible izan beharko litzateke, eredu ekonomotik hasita, egitura instituzionaletara pasata.

 

«Konstituzio bat, ordenamendu juridikoaren arau goren bezala, ez da soilik printzipio normatibo formal baten multzoa, ezpada gizarte baten oinarriak inspiratzen dituen balio multzoa baizik.»

 

Bigarren fase batean, instituzioek eztabaidak ere abiatu dezakete, herritar guztiei irekiak, herritarren nahiak eta asmoak jasotzeko, etorkizuneko konstituzioa moldatzeko. Noski, fase honen artikulazioa aurrekoak baldintzatua dator erabat. Hirugarren fase batean, berdin parlamentuan edo herritarrek aukeratutako herritarren koordinazio gune batean, testu artikulatua idatzi behar dute, lan horiek transparientziaz eta herritarren nahiak bilduz eta sintetizatuz saiatzen.

Azkenik, demokrazia zuzenaren fasea etorriko litzateke, non erreferendum batean bozkatuko litzatekeen prozesuaren emaitzaren aurrean. Askotan aipatzen ez den aurretiko elementu bat ere eztabaidatu beharko litzateke, hain zuzen, galderaren nolakotasunaren inguruan. Bai ala ez gisako galdera egin behar ote da? Galdera bakarra izan behar ote da? Zenbateko portzentajeari emango diogu zilegitasuna? Kezka guzti horiek prozesuan zehar adosten joan beharko dira, noski.

Zein da esperientzia historiko desberdinek jarraitu duten prozedura? Aurreko ezaugarriak nola eramaten dira praktikara?

 

1949an Francok Eibarrera egindako bisita. Argazkia: Indalecio Ojanguren. Wikimedia Commons

 

Espainiar erregimenaren trantsizioa (1975-1978); frankismoak diseinatutako prozesu konstituziogilea

“Todo ha quedado atado y bien atado con la designación como mi sucesor a título de rey del príncipe Don Juan Carlos de Borbón” – Francisco Franco (1969)

 

Prozesu konstituziogile bat Estatu demokratiko bat sortzeko prozesu fundatzailea da, non nolabaiteko partehartze prozesu baten bitartez momentuko indar harremanen araberako konstituzio bat eratzen baiten. 1978ko Espainiar kasua prozesu konstituziogile ireki eta demokratiko baten antiadibidetzat jo dezakegu. Frankismoak isilean prestatua eta egosia, dena lotua eta ongi lotua utzi zuen prozesu hark. Prozesuaren alde historikoari erreparatzen zaio normalean, langile errepresioari, frankismoaren jarraipenari, euskaldunon kontrako jazarpenari, eta abar. Gutxiago erreparatu zaio, ordea, trantsizio horren atzean egon zen ariketa instituzional eta juridiko orkestratuari. Javier Perez Royo Zuzenbide Konstituzionalean katedradunak dioen bezala, 1978an sortu zen konstituzioa naturaz monarkikoa, bipartidista eta anti-federala da eta bere egitura osoa ongi diseinatua eta egina izan zen frankismoaren egituretatik bertatik.

Nola hautatu zen erregimen berriaren lurralde eredua? Zergatik ezarri zen monarkia bat? Zergatik lurralde eredu jakin batean oinarritutako sistema elektoral bat? Zergatik 350 diputatu kongresuan? Horiek guztiak, noski, ez dira kasualitatea. Kasualitatea ez denez, guzti horietan erregimenaren Funtsezko Legeen aztarna nabarmena; alderdien sisteman eta monarkiaren errestaurazioan inprimatuak. Frankismoak sortu zuen erreforma politikorako legea izan zen frankismoaren Oinarrizko Legeetatik 1978ko konstituziorako trantsizioa ahalbidetu zuena. Alegia, funtsean, Frankismoko oinarrizko legeak izan ziren trantsizioa egiteko oinarria eta zutabea.

 

MONARKIA PARLAMENTARIOA

Trantsizioaren “botere konstituziogilearen” ariketan partehartze eskubidearen definizioa eta hori betetzeko baldintzak aurre-konstituzionalak izan ziren. Hori da lehenik aipatu beharrekoa. Kamera bikameralaren hautapena, Gorte Nagusiak (kongresua eta senatua), diputatu kopurua eta senatari kopurua lurraldeko, probintzia barruti elektorala izatea, kongresurako D’Hondt formula, Senaturako gehiengo mugatuaren formula… Gaur arte oraindik aldatu ez den bloke arautzaile aurre-konstituzional hau frankismoak pentsatu eta exekutatu zuen, prozesu konstituziogilean eztabaidarako eta partehartzerako inongo irekitasunik gabe. 

Juan Carlos erregearen proklamazioa lege aurrekonstituzional baten bidez egin zen, erregimen frankistaren Erresumaren Funtsezko Legeetan oinarrituta. Alegia, altxamendu nazionalaren ondorioz sortutako erregimenaren legearen bitartez hala ondorioz sortu eta legitimatu zen erregearen figura konstituzionalizatua: 1947ko Ley de Sucesión en la Jefatura del Estado-ren legearen bidez. Horrela, bateraezinak diren monarkia (forma politiko hereditarioa) eta estatu konstituzionala (forma politiko hautazkoa) batu ziren, contradictio in termini bat estatu forma bilakatuz.

 

«Frankismoak sortu zuen erreforma politikorako legea izan zen frankismoaren Oinarrizko Legeetatik 1978ko konstituziorako trantsizioa ahalbidetu zuena.»

 

Hortaz, 1978ko konstituzioan monarkia botere konstituzioaren aurretiko errealitatea bilakatu zen. Espainiar estatua konstitutiboki eta naturaz monarkikoa da, konstituzioaren 1.3. dioen bezala, “la forma política del pueblo español”. Izan ere, erregimen frankistarentzat Errepublika Espainola izan zen nazio espainolaren “berezko” naturaz urrundu zena (Cadizeko Konstituzio proiektuak, esaterako, “adoptar la forma de gobierno que más le convenga” esaten zuen 3. artikuluaren bukaeran haserako eztabaidetan, ondoren ezabatua izango zena); hura monarkikoa baino ezin baita izan. Horregatik deitu zioten “altxamendu Nazionala” faxistek, errepublikak desbideratu zuen nazio espainolaren “berezko” forma politikoa errestauratzea baitzuen xede. Horregatik da, egun, erregearen figura garrantzitsua: Espainiaren “berezko” naturaren zutabea delako.

1978ko konstituzioak monarkiaren eta “demokrazia nazionalaren” batura egin zuen lehenengoz, hortaz, “la soberanía nacional reside en el pueblo español del que emanan los poderes del Estado” konstituzioaren 1.2 artikulua eta “la forma política del Estado español es la monarquía parlamentaria” konstituzioaren 1.3. artikuluak batuz. Printzipio monarkikoa eta soberania nazionalarena batuz, monarkia parlamentarioa sortu zuen. Erregeari, indar armatuen buru izateaz gain, beste hainbat botere ere esleitu zitzaizkion: korteak disolbatu ditzake, legeak egin, gobernuko presidentea hautatu, Estatu gaien jakitun izan, eta beste hainbat. Hori da, hortaz, prozesu konstituziogile horrek ondarean utzi zuen lehen zutabea, monarkia parlamentarioa.

 

Juan Carlos espainiar erregea Mugimendu Frankistaren printzipioei zin egiten. Argazkia: Álvaro Vera. Wikimedia Commons

 

DESBIDERATZE KALKULATUA

Zer esan konstituzioaren idazketari buruz? 1977ko hauteskundeetatik atera ziren Gorte Nagusiek osatu eta idatzi zuten konstituzioa. Trantsizioan 1977an izandako hauteskundeetan parte hartu zuten alderdiek ez zuten parte hartu eskubide baten onarpenagatik, baizik eta gobernuak alderdien erregistroan onartu zituelako. Garrantzitsua da hau azpimarratzea, ezinbestekoa baita ulertzeko Konstituzioaren nolakotasuna eta baita alderdien sistemaren konfigurazioa. Garrantzitsua oroitzea, nola ez, Herri Batasunak ez zuela prozesuan parte hartu, konstituzioaren kontra egin baitzuen, hark Euskal Herriren autodeterminazio eskubidea ukatu, euskara bigarren plano batean utzi, eredu kapitalista indartu eta Francoren borondatez ezarritako monarkia bat errestauratzen zuelako.

Konstituzioa onartu aurreko prozesua, ordea, egin egin zen, modu berezi batean. Sufragio unibertsala, esaterako, instituzio monarkikoaren jarraipena bermatuko zuen berdintasun printzipioaren desbideratze kalkulatu baten bidez onartu zen. Hau da, trantsizioa, funtsean, berdintasun printzipioaren desbideratze kalkulatu baten ondorio da, edo bestela esanda, legitimazio demokratikoaren printzipioaren aitortza ezaren ondorio. Zertan datza desbideratze kalkulatu horrek? Trantsizioa bideratzeko erregeak aukeratutako presidentearen lehen ardura Erreforma Politikoaren Legeak aurreikusitako hauteskunde parlamentarioak irabaztea garantizatzea izan zen. Gorteetarako hauteskundeak konbokatzen zituen gobernuak berak irabazi behar zituen, bestela operazio honek ez zuen aurrera egingo.

Garaipena ziurtatzeko trantsizioa oinarritzen den sufragio eskubideari begiratu behar zaio. Emaitzak nahieran ateratzeko, berdintasun printzipioan eskua sartu behar izan zuten, sufragioaren emaitza bideratzeko; berdintasun printzipioa konstituzioaren 68.1 artikuluan sartuko zen ondoren, ez ordea, aurretik. Gobernuak eta prokuradore frankistek bigarren errepublikaren esperientzia kontuan hartu zuten, non probintzia bakoitzari zegozkien eserlekuek herritar kopuruarekin proportzionalak ziren. Horrek estatu ikuspegitik, herritar bakoitzaren bozkak proportzionalki balio antzekoa izateak, hautesbarrutia edozein zelarik eta berdintasun printzipioa prozesu elektoralari berdintzen zion. Horrela ezin zen, ordea, emaitza elektorala bideratu. Hori dela eta, desbideratze kalkulatua diseinatu zuten.

 

PROZESU KONSTITUZIOGILEA BAI, FRANKISTA

Aurrekoa ezin zen erabatekoa izan, emaitzak erabat deslegimitatuko baitzituen. Horrela, hautesbarruti bakoitzaren eserleku kopurua bertako herritarren kopurutik estatistikoki dezente banandu zen, baina mugak “zainduz”. Hautesbarruti bakoitzaren barruan bozka berdina izango zen, ez ordea hautesbarruti desberdinetan; probintzia errepresentatuegiak eta azpi-errepresentatuak sortzen ziren horrela. Baziren, batetik, 24.000 bozkako eserleku bat zutenak; eta bestetik, 91.000 bozkako eserleku bat zutenak. Desbideratze horretatik, prokuradore frankistek irabazteko garantiak lotu zituzten. Ondoren, senatuarekin erabat puskatu zen berdintasun printzipioa, probintzia bakoitzeko lau senatari jarriz.

Esan beharrik ez dago, desbideratze horren inguruan eman zen eztabaida apenas egin zela, eta Erreforma Politikoaren Legeak erabat bideratua egon zela. Azkenean, 350 diputatu (kongresura sartzeko hautesbarrutiko %3en bozka…), 207 senatari gei bosgarren bat (41) errege designazioz (frankistak, testaferroak… Rodolfo Martin Villa, tartean), probintzia hautesbarruti elektoral gisa… Hori dena, “lurralde oreka”ren aitzakiapean. Arau horiekin 1977an ospatu ziren hauteskundeak erabat konstituziogileak izango ziren: eskuinak ezkerrak baino bozka gutxiago izan arren 195 eserleku lortu zituen, 144ren ezkerraren aldean. Senatuan, UCDk 207 eserlekutatik 106 lortuko zituen. Horrekin, erregimen frankistak gehiengo parlamentario konstituziogile bat bermatu zuen, Erreforma Konstituzionalerako Legea egin eta konstituzio berri bat artikulatzeko.

Ondorioa argia da: materialki, Frankoren korteetan egon zen eztabaida konstituziogileagoa urte batzuk lehenago, Erreforma Politikorako Lege Proiektuaren inguruan eztabaidatu zenean, Konstituzio Aurreproiektuak Korte Konstituziogileetan eztabaidatu zuenean baino. Izan ere, bigarren horiek, lehenaren arau multzoa onartu eta aplikatu baino ez baitzuen egin.

 

«Konstituzioa eztabaidatu zenean baino, Frankoren korteetan Erreforma Politikorako Lege Proiektuaren inguruan eztabaidatu zenean egon zen eztabaida konstituziogileagoa. Izan ere, lehen horretan, bigarrenaren arau multzoa onartu eta aplikatu baino ez zen egin.»

 

«DENA LOTUA ETA ONGI LOTUA»

Zer gertatu zen estatu barneko nazioen aldarrikapenekin? Azken finean, juridikoki, espainiar estatuaren 1978ko konstituzioak “espainiarrak” berdindu zituen. Espainiar estatuaren estatu eraikuntza legitimitate printzipioaren eta lurralde artikulazioaren ikuspegitik erabat antidemokratikoa izan zen, hortaz. Ezin baita ahaztu Errepublika demokratiko baten kontrako altxamendu militar batetik sortutako erregimen batek berrezarritako monarkia batez ari garela. Monarkia horretako erregea, “dinastia historikoaren oinordeko legitimoa” da (Konstituzio espainolaren 57.1 artikulua), eta horrez gain, estatuburua. Trantsizioa “altxamendu nazionalean” parte hartu zuten eta Frankoren erregimenaren zutabe izan ziren Indar Armatuen mando nagusien gidaritzapean egin zen. Hala nola, Espainiar gizartean eta egitura politikoetan Elizak zuen pribilegio boterea ukitu gabe ere abiatuko zen. Ezin ahaztu, halaber, erregimenaren botere zentroak -Mugimenduaren Kontseilu Nazionala, Erreinuaren kontseilua eta Korte Organikoak ez zirela ukitu ere egin. Eliza katolikoaren eta ejerzituaren boterea (konstituzioaren 8. artikuluan lurralde auziari erantzuteko) zein lurralde aniztasunaren ukoek ezaugarritzen dute trantsizio hori eta ondoren onartuko zen konstituzioa. Baldintza horietan egin zen Espainiar estatuaren “Trantsizioa”, estatu uninazional eta anti-federal ez demokratiko bat sortuz, non bipartidismo kultural eta sistemiko batek erabakitzen duen behin eta berriz konstituzioa noiz eta zertarako aldatu.

Hortaz, 40 urte ondotik oraindik erreforma konstituzionalik egin ez duen estatu bat da espainiarra, frankismoak diseinatutako egitura mantentzen duena. Europako beste estatuetan konstituzioa aldatzea eta herritarren beharretara egokitzea normala den bitartean, Espainiar estatuan ia ezinezkoa da, ez bada eliteen erabakien mesedetarako (2011n zor publikoa beste edozein estatu gastuaren aurretik jartzeko aldatu zen, adibidez). 78ko erregimena, hortaz, ez da iragana; frankismoak diseinatu eta oraindik bizi dugun errealitate juridiko politikoa baizik.

 

Txileko protesta 2019an. Argazkia: Wikimedia Commons

 

Zer gertatu da Txilen? 2019-2022ko prozesu konstituziogilea

“Que el pueblo por primera vez entienda que no es desde arriba, sino que debe nacer de las raíces mismas de su propia convicción la Carta Fundamental que le dará su existencia como pueblo digno, independiente y soberano” – Salvador Allende (1972)

 

Txilen egun indarrean dagoen konstituzioa 1980koa da, alegia, Augusto Pinochet diktadorearen erregimen militarraren eta Chicago Boys-en oinordekoa. Espainiar estatuan dagoena baino berriagoa, baina garai bertsukoa. Jatorriz, hortaz, txiletarren gehiengo batentzako ilegitimoa den konstituzio bat da. Ilegitimoa izateaz gain, ordea, jendartearen bizitza duinak bermatzeko Estatuaren eskuhartzea gutxitu eta pribatizazioari ateak irekita utzi zizkion konstituzioa izan zen. Esaten ohi den bezala, hautsok ekarriko dituzte lohiak. Pinocheten diktadurapeko ereduak zerbitzu basikoen pribatizazioa zuen bihotzean: hasieran argia eta ura izan baziren pribatizatuak, ondoren hezkuntza eta osasuna etorriko ziren atzetik. Horren ondorioz, estatuak herriaren zerbitzu publikoen hornitzaile eta subsidiario izateari utziko zion, eta horien begirale huts izatera pasako zen, konstituzioan idatzia geratu zenez. “El Estado reconoce y ampara los grupos intermedios a través de los cuales se organiza y estructura la sociedad y les garantiza la adecuada autonomía para cumplir con sus propios fines” (Art. 1, apartado 3, Constitución Chilena).

Ez da zaila asmatzen, horrelako estatu eredu batek zer bilatzen duen: jendartearen eskubide publiko eta basikoak hornitzen dituztenak gainbegiratzera mugatzen da, horien aberastea herritarren bizkar egiten dela ahalbidetuz. Eredu horren bitartez nagusitzen den egitura zerbitzu basikoak eskaintzen ez dituen sistema ekonomiko bat da, esaterako, osasun zerbitzuak eta pentsio duinak albo batera uzten dituena. Oinarrizkoak diren hezkuntzarako edo osasunerako eskubideen ordez, eskubide horiek hornitzen dituztenen askatasuna pribilegiatzen ditu, eta baita horiek ordaindu ditzaketena ere.

Orduan, zergatik ez konstituzioa aldatu? Konstituzioak berak ezartzen duenez, aldaketak egiteko diputatuen eta senatarien bi heren eta hiru bosten behar dira. Konstituzioak ere pluralismo politikoa mugatzen zuen, 1989ra arte ideologia politiko batzuk debekatuak baitziren, marxismoa kasu. 2005ean, aldiz, erreforma berri bat ezarri zen, Indar Armatuek edo Auzitegi Gorenak izendatutako senatarien figurarekin amaituz.

 

2019KO IKASLE MUGIMENDUAREN ETA FEMINISMOAREN PROTESTAK

Txileren historian ikasle mugimendua protagonista izan da XX. mendean zehar, baina diktaduraren ondoren berebiziko garrantzia eskuratu du. XXI. Mendeko hezkuntzaren alorrean diktadurari jarraikiz emango diren politika neoliberalen oposizioarekiko behin eta berriz mobilizatuko da. 2011n mugarria izango da, gizarte txiletarrean potentzial demokratikoa eskuratuko duelarik, doako hezkuntza aldarrikatuz, adibidez.

Doako eta kalitatezko hezkuntza aldarrikatu zuen mugimendu horrek inflexio puntua izan bazuen, garai hauetan ere indar hartzen hasiko da ikasle mugimendu feminista. Aurreko hori ulertu behar da, hortaz, 2019ko protestak ulertzeko. Izan ere, 2019ko Urriaren 6ean garraio publikoaren sistemaren prezioak igotzeaz batera, ehundaka ikasle bildu ziren Santiagoko metroan saiheste masiboa deituriko protestak abiarazteko. Egunak aurrera joan ahala, desobedientzia ekintzak ugaritzeaz batera Karabineroen jazarpena handitzen joan zen (kereilak, atxiloketak, eta abar), Urriaren 18an eztanda egin arte. Finean, Txileko ikasleek eta mugimendu feministak aurreko belaunaldiek sortutako erregimen bati egiten ari zioten aurre, sistema ekonomiko, patriarkal eta kultural oso baten biolentzia estrukturala auzitan jartzen hasi ziren.

 

«Txileren historian ikasle mugimendua protagonista izan da XX. mendean zehar, baina diktaduraren ondoren berebiziko garrantzia eskuratu du.»

 

Mugimendu feministak, bestalde, 2019an ere indartu egingo zituen aldarrikapen eta mobilizazioak, el violador eres tú lemapean, Valparaison sortutako mugimenduarekin. Antonia Barra 21 urteko emakume gaztearen kasuak, bortxatua eta hiru aste ondoren suizidatutako zena, eztanda piztuko zuen kasua bilakatuko zen. Juezak bortxaketa akreditatu zuen arren, akusatuarentzako etxe kartzaletzea agindu zuen, kartzela prebentiboa sahiestuz. Horrek, erregimen txiletarraren zutabe zen justizia patriarkala agerian jarriko zuen.

Ikasle mugimenduaren eta mugimendu feministaren uholdeen ondorioz, diktadurak indarrez ezarritako “paktu soziala”, konstituzioan odolorez grabatua, erabat pitzatua zegoen ordurako. Ikasleek eta mugimendu feministak paktu hori berregiteko beharra azaleratu baino ez zuten egin 2019an. Garraio publikoaren garestitzearen protestak kasu partikular horretatik harago zihoazen; diktadura batek ezarritako sistema txiletar pribatizatzaile eta antidemokratikoa zen zalantzan jartzen ari zena.

 

FASE KONSTITUZIOGILEAREN HASIERA ETA 2020KO ERREFERENDUMA

Bitartean, asanblada konstituziogile baterako eskariak agertzen hasiak ziren, harik eta 2019an eztanda egin arte. Herentzia diktatoriala eta neoliberalismoa auzitan zeuden, inoiz baino gehiago. Greba orokorraren atarian, Acuerdo por la Paz Social y la Nueva Constitución osatu zen alderdi gehienen artean, aldaketa konstituzionalaren bidea zehaztuz: epemugak, arauak onartzeko arauak, horri txuri batetik abiatzea (eta ez Pinocheten konstituziotik), adostu ziren. Herri mugimenduentzako akordio itxia zen, partehartzerik gabea, eta inpugnatu egingo zuten, mugimendu feministaren rol garrantzitsuarekin. Aurrekoak prozesua ireki zuen, eta parekidea bilakatzeaz gain, jatorrizko herrialdeen partehartzea bermatu zen. Prozesua, hortaz, izaera feminista eta plurinazional batekin abiatu zen.

Prozesu horren indartzea ondorengo erreferendumean etorriko zen. Txilek 2020ean %78 batekin indarrean zegoen konstituzioari uko egin zion. Bi galdera zituen erreferendumak. Lehenengoan, “Konstituzio berri bat nahi al duzu?” baiezkoak %78,27a lortu zuen (5.885.721 bozka); ezezkoak %21,73a (1.633.932), aldiz. Bigarren galderan, “ze organo motak idatzi behar du Konstituzio berria?”, gehiengoak konbentzio konstituziogilearen alde egin zuen (%78,99ko bozkekin), bozka popularrak aukeratutako 155 herritarrez osatutakoa (2021eko maiatzean aukeratuta). Horrez gain, lehen aldiz, ezaugarri berri bat izango zuen, parekidea izatea idazketa (emakumeak gutxienez %50 izatea).

Kontuan hartu behar da, hauxe, 1989tik geroztik egondako lehen galdeketa nazionala zela. Orduan, Augusto Pinocheten diktadurapean egin zen konstituzioaren hainbat erreforma egiteko baino ez zen egin. 1990tik geroztik ez da halakorik egin berriz, 2019ko prozesua abiatu arte.

 

PARTEHARTZE HERRITARRA

Mugimendu feminista eta herritarrek izan zuten lan handienetako bat benetako partehartze zuzena bermatzeko mekanismoak sortzea izan zen. Javiera Manzik aipatu bezala, kontsulta indigenak, deliberazio egun popularrak, kabildoak… eta horietan garrantzitsuena, Iniciativas populares de Norma eta Iniciativas Indígenas de Norma Ambas. Azken finean, bi hauek ahalbidetzen zutena sinplea zen: herritar multzo batek Konbentzio Konstituzionalari jite konstituzionaleko arauak proposatzeko mekanismo arautzaile bat. Horretara ahalbidetutako webgune batekin, formulario sinple bat betez egin zitekeen: talde batek 7 arau proposatu zitzakeen, eta horiek beste arau guztien baldintza berberetan bozkatuak izateko, 4 erregiotako 15.000 sinadura baino ez ziren behar. Iniziatiba popularretik eta testua idazten ari zen 155ko taldetik 499 artikulu atera ziren lehen borradorean. Artikuluak, harmonizazio komisio batek begiratu eta ordena bat ematen zien 499 horiei, hizkuntza inklusiboa sartuz, inkonsistentziak zuzenduz.

Funtsean, testu konstituzional legitimo bat idaztea zen asmoa, 1980ko diktaduraren inposizioz idatzitakoarekin amaitzeko. Konstituzio hark ez zuen herriaren pluraltasuna onartzen, eta erabat autoritarioa zen, ondorengo erreforma partzialek erakusten duten bezala, 2005koak, adibidez. Horrez gain, jendartearen ordezkariak diren alderdiei rol minimoa ezartzen zien, horrek ekarri duen politika eta instituzioekiko atxikimendu eza areagotuz. Negoziaketa sindikalak, eskubide sozialak, greba eskubidea, auzi territoriala…

Gaur esan dezakegu 2019ko olatuak abiatutako zikloa itxi dela, Pinocheten diktaduraren konstituzioa aldatzeko saiakera ez da bururaino iritsi. Izan ere, Txileko herritarren gehiengo batek ez du azkenean prozesu luze baten ondoren proposatutako konstituzioa onartu. Hala esatea komeni da, baina egindakoa ez da gutxi izan. Baiezkoak %38,1n geratu zen bitartean, ezezkoak %61,9a lortu zuen. Inkestek jada eskuinaren garaipena iragartzen zuten, baina ez hainbesteko diferentziarekin.

 

«Mugimendu feminista eta herritarrek izan zuten lan handienetako bat benetako partehartze zuzena bermatzeko mekanismoak sortzea izan zen.»

 

JOKO ARAUAK ALDATZEAREN ZAILTASUNA

Azken finean, mugimendu sozialen eta prozesu konstituziogilearen bertuteak eta mugak begiratuz, ikasle mugimenduaren, mugimendu feministaren, indigenen eta indar politikoen arteko elkarrizketa bat eman da, lehenengoz, Txileko herritarren artean. Txiletarrei dagozkie bertan asmatutakoak eta gaizki egindakoak zerrendatu, ariketa berrartzeko baldintzak berriz sortzea eta konstituzio berri baten saiakeran berriz saiatzea. Kanpotik, begirunez baino ezin diogu halako prozesu konplexu eta sakon bati begiratu. Azken finean, Javiera Manzik aipatu bezala, “escribir una nueva Constitución es reconstruir la arquitectura institucional desde la que se organiza la democracia, la forma del Estado, la economía, la relación con el medio ambiente, los derechos sociales, el sistema de justicia, en síntesis la vida tal y como la conocemos dentro de una determinada sociedad.” (Erria aldizkaria (9. zenb.) Ez da, hortaz, txantxetako kontua.

Ondoriorik ateratzekotan, Txileko esperientziak botereari buruzko irakurketa errealista baina gogor bat uzten digula esan genezake. Edozein konstituzio edo lege multzok, indar harreman historikoek sedimentatuko biolentziak dira, ez soilik legeetan idatzita geratzen direnak, baizik eta herri baten zentzu komunaren parte bat harrapatu eta herri osoaren zentzu komun bilakatzen saiatzen diren prozesuak. Gogor sedimentatutako lege juridiko eta norma kultural horiek aldatzea prozesu historikoen baitan ulertu behar dira, ez goizetik gauerako jauzi bat bezala. Errazagoa da, Espainiar estatuan egin bezala, elite batek bideratutako prozesu bat egitea, partehartzerik gabe, kontrolpean, estatu jazarpena erabiliz disidentzia isiltzeko. Zailagoa, demokratikoa eta jendarte osoarentzako onuragarriagoa da Txilen abiatutako prozesua, ordea. Bururaino heldu ez diren arren, kontuan hartzeko esperientzia historikoa izango da, dudarik gabe.

 

Lizarrako akordioaren sinadura eguna. Argazkiak: FOKU

 

Prozesu konstituziogilearen egungo eztabaidak estatu gabeko nazioetan

“Prozesu bat da demokratizazioa, gizarte batek, autogobernuaren bidez, bere burua emantzipatzeko” – Jule Goikoetxea (2017)

 

Prozesu konstituziogileek auzi bat dute oinarri oinarrian. Boterearen legitimazio printzipioa, boterearen bizilekuaren identifikazioa da, alegia, ze lurralderi dagokion boterea aplikatzeko legitimitatea. Espainiar estatuaren kasuan, oinarrizko auzia da, konpondu gabeko auzi historikoa; Txiletar estatuaren kasuan, esan dezakegu, oinarrizko auzi bat ere badela, beste koordenada batean ulertu behar dena, halere. Ondorioa argia da: boterearen bizilekuaren identifikazioa da, finean, gizakiaren elkarbizitzarako auzi praktiko garrantzitsuenetako bat, territorioen arteko gatazkak sortzen dituena, azken mendeetan, inperialismoak, kolonialismoak eta horien kontrako askapen prozesu nazionalak hauspotu dituen auzia. Izan ere, territorioaren definizioak (nazioa, herria…) ahalbidetzen du berdintasun printzipioa: ez dago herritarrik naziorik gabe, eta ezin da egon berdintasun printzipiorik boterearen bizilekuaren identifikaziorik ez badago. Hau da, hitz gutxitan, beraz, botere ororen legitimazioaren iturria; non dago boterearen bizilekua?

 

EUSKAL HERRIKO ESPERIENTZIAZ BI HITZ

Botere konstituziogilearen ariketa batek aurrekoari erantzun behar dio. Hori da Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalaren erro historikoa, boterearen lekunearen auzia. Euskal Herriak bere botere propioa izateko eskubidea aldarrikatu du historikoki. Azken hamarkadatan, Espainiar trantsizioa eman zenean, Txibertako negoziaziotan, ondoren, XX. Mende bukaera eta XXI. mende hasiera osoan. Txibertan elkartutako abertzaleak frankismoaren prozesu dekonstituziogile baten alde egiten zuten funtsean, Madrilen hitzartutako erreformarekin haustura planteatuz, Espainiar estatuan benetako prozesu konstituziogile zabal eta demokratiko bat egingo ez zela ikusita.

Lizarra-Garaziko 1998-1999 esperientziak prozesu konstituziogile bat irekitzearen eztabaida ekarri zuen zentrora. Frankismoak diseinatutako egitura estatutarioak porrot eginda, Euskal Herriaren aitortza nazionala eta bere herritarren borondatearen errespetuan oinarritutako ziklo politiko bat irekitzen zen. Agente politiko, sindikal eta sozialak elkartuta, inflexio puntu bat izango zen. Lehen aldiz, dimentsio nazionaleko hausnarketak jartzen dira mahai gainean, prozesu konstituziogile baten formakoak, Udalbiltzaren sorrerarekin, adibidez.

 

«Prozesu konstituziogileek auzi bat dute oinarri oinarrian. Boterearen legitimazio printzipioa, boterearen bizilekuaren identifikazioa da, alegia, ze lurralderi dagokion boterea aplikatzeko legitimitatea. Hitz gutxitan, beraz, botere ororen legitimazioaren iturria; non dago boterearen bizilekua?»

 

Azken esperientzia hurbila Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrenean egindakoa Liburu zuria da, euskal lurraldeen inguruko diagnostiko bat egin (lurralde horiek kohesionatzeko aukerak, helburuak, gabeziak…) eta egitasmo bat martxan jartzea helburu. Lehenik Liburu Berdea izango zen diagnostiko partekatu hori, eta hortik abiatuta, Liburu Zuria idatziko zen, testuinguru azterketa horren baldintzei aurre egiteko egitasmo multzoa. Alegia, oinarri programatikoak edo dokumentu – gida bat. Zertarako? Galdera sinple batzuei erantzuteko: Zer izan nahi du Euskal Herriak etorkizunean? Nola antolatzen da hori? Zein ardatzen gainean?

 

PROZESU KONSTITUZIOGILEAK IREKI?

Ariketa kolektibo horiek, Liburu Zuria deiturikoetan bilduak, badituzte bere isla Eskozian eta Katalunian. Lehenean, “Scotland´s Future: Your Guide to an Independent Scotland” Eskoziako gobernuak osatua eta bigarrenean, “Llibre blanc de la Transició Nacional de Catalunya”, Kataluniako gobernuaren menpeko Consejo Asesor de la Transición Nacional erakundeak egina. Ez litzateke justua izango prozesu konstituziogile baten oinarriak ezartzen ari direla esatea, ez Euskal Herriaren kasuan, ezta Kataluniaren eta Eskoziaren kasuan ere. Baina ez dira halakoak gutxietsi behar. Prozesu konstituziogile baten aurrekariak izan baitaitezke, abiapuntuak, nahi bada. Diagnostikoa egin, kezka mahaigaineratu, soluzioak elkarrekin pentsatu, eta aurreko guztiarekin, hazia ereitea.

Prozesu konstituziogileak prozesu politikoen barruan ulertu behar dira, ordea. Nazio askapen prozesuetan, prozesu konstituziogileak diren lekuetan, beste lekuetan prozesu destituziogileak ekartzen ditu. Eta azken honek, eztabaida konplexuagotarako ateak irekitzen dizkigu. Ireki ditzagun, bada.