ERREPORTAJEAK

Urko Aiartza

Trantsiziozko Justizia

2018-09-29

Egian eta justizian oinarritutako kontratu sozial berria erakitzeko tresna

Mary Burton Hegoafrikako apartheid-aren aurkako aktibista eta Truth and Reconciliation Comission-eko (TRC) kidea. Eredu izan da beste gatazken konponbide prozesu batzuetan Egiaren Batzorde hau.

Justizia trantsizionala gerra edo gatazka egoratik bake egoerara edo diktadura egoeratik demokrazia egoerara trantsizioa egiten ari diren kasuetan garatu ohi da.


2011ko udazkenean ezker abertzaleak Konponbide Haizea Dabil agiria eman zuen argitara. Lehendabiziko aldiz bakea gure herrira ekartzen lagunduko lukeen trantsiziozko justizia baten beharra aipatzen zen. Bertan indarkeria eta zapalkuntza egoeratik bidezko bake iraunkorrerako igaroaldiaren inguruko bere hausnarketa eta posizio politikoa azaldu zuen. Irabazleen eta galtzaileen eskematik kanpo, bakea eta berradiskidetzea lortzen lagunduko lukeen justizia eredua.

Berehala altxa ziren ezker abertzalearen adierazpenaren aurkako ahotsak. Trantsiziozko justizia zer den zehazki jakin gabe ere, ahots horiek planteamendua guztiz arbuiatu zuten, horren aurrean zigorrezko justizia (hobe esanda bindikatiboa) aldarrikatuz, teorian biktimen ondoan legokeen justizia gisa azalduz. Normala da sektore batzuek trantsiziozko justizia ukatzea. Gatazkaren izatea bera ukatzen dutenak dira. Hauen logika, makurra izan arren, sinplea da: ez da gatazkarik egon, beraz ezin da bake prozesurik egon eta, ondorioz, trantsiziozko justiziak ez du zentzurik hemen, ez baita inolako eta ezertarako trantsiziorik egongo. Hauen aburuz, Espainiako Estatua gaizkile batzuen aurka aritu da, eta ari da, eta hauei dagokien bakarra zigorra da. Ahal den zigorrik latzena.


EH Bilduk aurten Martxoaren 3ko biktimei egindako omenaldia Gasteizen. Hilketaren eta poliziaren kargen arduradunak inpune jarraitzen dute oraindik, 1977ko Amnistia Legearen ondorioz besteak beste. / FOKU

Gaur egun, munduko hainbat lekutan eta gatazketan (Kolonbian, esaterako) biktimen Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriro Ez Errepikatzeko Eskubidea prozesuaren zentroan izango dituen trantsiziozko justizia ereduak garatzen ari dira.


Gainera, logika makur hori bururaino eramanez, zigor latzenek eta krudelenek soilik errepara ditzakete biktimak. Talionaren legea litzateke biktimen erreparazio bidea, mendekuan dago sendabelarra. Era berean, ordea, sektore hauek dira Espainiako Trantsizioa deitutako horretan, errejimen hartako partaideen zigorgabetasun osoa babestu eta aldarrikatu izan dutenak.

Eragile hauek aldarrikatzen duten justizia horrek Espainiako Estatuak behar duen garaileen eta garaituen behar politikoari erantzuten dio. Ez die ez biktimei, ez gizarteari, ez bakeari erreparatzen. Eskarmentua da helburua, euskaldunoi argi gera dagigun berriro ere, gure DNAn sartuta behar bada ere, zer dagoen inperioaren aurka zutituz gero.

Beste batzuk, berriz (kontra programadoreak), justizia erreparatzaileaz hitz egiten hasi ziren, nolabait biktimen protagonismoa berreskuratzea bilatzen duen eta justizia erretributibo edo zigortzaile hutsa kritikatzen duen paradigma berri hau trantsiziozko justizia delakoarekin kontrajarri nahian. Berriro ere hitzen borroka abian. Ez da borroka hutsala, ordea, hitzen esanahien atzean beti ere gertaeren ulermena baitago. Justizia erreparatzaileak biktimengan eta hauek eragin dituztenek (biktimari deituak) hauekiko duten erreparazio erantzukizunean (material zein sinbolikoan) jartzen du indarra.


2017-12-14 Arrasate. "S(u/a)minetik Bakera" ikuskizuna Iñaki Peñak gidatua, Olatz Etxabe eta Sandra Carrascoren testigantzak jaso ditu. Irudian ikuskizuna. / FOKU

Printzipioz, eta aurrerago ikusiko dugun bezala, justizia trantsizionala eta errestauratiboa ez dira inolaz ere kontrajarriak. Bigarren hau justizia trantsizional zabal baten pean edo ildoan kokatzea ezinbestekoa da, gainera. Aldiz, justizia errestauratiboaz soilik arituta, testuinguru soziopolitikoa alboratzea bilatzen da, trantsiziozko justiziaren kontzepzioa eta ulermena baztertuz, berriro ere. Biktiman/biktimarian zentratutako politika kriminal bat soilik garatzea da gakoa, eta honek berdin balio du politikoki eragindakoak diren delituentzat zein delitu arruntentzat.

Justizia errestauratiboa Kanadan sortu zen, delitu komun baten harira. Gazte batzuek gau batean txikizioak egin ostean, beraien baldintzapeko agenteak Ontarioko epaile bati prozesu errestauratzaile bat proposatu zionean sortu zen. Justizia trantsizionala alboratuz hau soilik proposatzen dutenek, gatazkaren izaera bera ukatu nahi dute, gertaera kriminalitate hutsera mugatuta. Biktimen erreparazioa ez dute mendeku hutsean ikusten, ordea.

Biktimaren erreparazioa, aldiz, batzuetan beren interes politikoen helburuekin lotzen dute. Biktimen beharren oro jakitun bihurtzen dira. Horrela, biktimak erreparatzeko beharrezkoak diren eskakizunen maila etengabe igotzen dute. Ez da nahikoa kaltea eragin duenak egindako kaltea onartzea eta kaltea jasandakoarekiko errespetua eta enpatia agertzea: bere iragana erabat gaitzetsi behar du, eta bere iragan osoari uko egin behar dio. Barkamena damuari lotuta soilik dator. Eragileak bere ekintzak gaizki egindakotzat eta bidegabetzat hartzen baditu, damua eta errua azalduz, orduan bakarrik balio du barkemena eskatzeak. Ez da aski egindakoarekiko erantzukizuna hartuz eskatzea barkamena.

Moral bat eta gertatukoaren ikuspegi politiko bat da inposatu nahi dena. Berriro ere ez da biktimaren erreparazioa soilik bilatzen, horren aitzakipean errelato baten inposaketa baizik. Esan bezala, marko diskurtsiboa desberdina da, baina gatazkaren ukazioa du horrek ere oinarri.


Zer da baina justizia trantsizionala?


2018-03-03, Gasteiz. Martxoaren 3ko biktimei lore eskeintza. / FOKU

Trantsiziozko justiziaren kontzeptua zabaltzen joan da denborarekin, eta gaur egun bere barnean biltzen ditu epaitegi berezien sorrerak, lege eta prozedura judizial bereziak, egia batzordeak, neurri administratiboak, erreparazioak, bai eta egia bilatzea, berradiskidetzea eta oroimenaren kultura garatzea helburu duten ekimen politiko, sozial zein instituzionalak ere. Gatazken konponbideak azken batean ikuspegi holistiko baten beharra erakusten du.


Justizia trantsizionala gerra edo gatazka egoeratik bake egoerara edo diktadura egoeratik demokrazia egoerara trantsizioa egiten ari diren kasuetan garatu ohi da. Ivan Orozkok horrela definitu du: “Iraganean egindako krimen politikoei eta masa-krimenei dagokienez gizarte estatalek aurreratzen dituzten kontu-emate prozesuak dira. Gerratik bakerako eta diktaduratik demokraziarako trantsizioetan berezkoak diren turbulentzia politikoko egoeretan garatzen dira”. (I. Orozco: Justicia Transicional en tiempos del deber de memoria, Bogota Temis Universidad de los Andes 2009, 9. or.).

Jorge Luis Garayk zehatzago definitu izan du: “Justizia trantsizionalaren oinarri nagusietako bat oreka bilatzea da. Orekatu egin nahi ditu demokraziaranzko edo gatazka armatuaren bukaeraranzko trantsizio prozesuan parte hartzen duten eragileen interesak (zigorraren arloko onurak nagusiki) eta biktimek erreparazio egoki eta proportzional baterako daukaten eskubidea. Hala, justizia trantsizionalaren eginkizuna justiziaren dimentsio operazionaletakoren bat malgutzea da, trantsizioa egiten laguntzeko. Horretarako abiapuntu gisa, ezinbestekotzat jotzen da biktimen unibertsoaren eta eragindako kaltearen onarpen ahalik eta zabalena egitea eta ekitatezko erreparazio integral baterantz aurrera egiteko konpromisoa hartzea”. (J. Garay: Memoria y Reparacion Elementos para una justicia transicional pro victima. Bogota Universidad Externado 2012 62-63. or.).

Kolonbiako Gorte Konstituzionalak, berriz, honakoa ere zehaztu izan du: “Justizia trantsizionalaren helburua da justiziaren eta bakearen artean sortzen diren tentsio gogorrak, biktimen eskubideak bermatzeko betebehar juridikoaren eta borroken amaiera lortu beharraren arteko tentsioak konpontzea. Horretarako, ezinbestekoa da borrokak geldiaraztea eta indarkeriara itzultzeko aukera prebenitzea (bake negatiboa) eta, aldi berean, bakea sendotzea alde guztiak barne hartuko dituzten erreforma estruktural eta politikoen bidez (bake positiboa). Justizia trantsizionalaren xedea oreka zail hori lortzea da”. Kolonbiako Gorte Konstituzionala, C-579 epaia, 2013koa.

Justizia trantsizionala, beraz, errealitate zehatz batetik abiatzen da: gatazka baten izaera aitortzen du, eta hortik abiatuta oreka bilatu nahi du, gizarteak duen bakerako eskubidearen eta gatazkaren biktimek dituzten eskubideen artean. Hori egin daiteke, baina ez inpunitatea eskainiz edo inpunitate trukeak eginez (diktaduretatik demokrazia formaletara eginiko hainbat trantsizioetan gertatu den bezala), baizik eta biktimak eta beraien erreparazioa eztabaidaren erdian mantenduz. Ez dira inolaz ere kontrajarriak.


Gaur egun, munduko hainbat lekutan eta gatazketan (Kolonbian, esaterako) biktimen Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriro Ez Errepikatzeko Eskubidea prozesuaren zentroan izango dituen trantsiziozko justizia ereduak garatzen ari dira. Trantsiziozko justizia eredu hauek hiru justizia mota hartzen dituzten beraien baitan.

Batetik, justizia erretributiboa edo punitiboa, egia argitzen lagundu nahi ez dutenei zuzendua. Horiek trantsiziozko justiziaren garapenari oztopoak jarri nahi dizkiotenei zuzenduta daude gehienetan. Adibidez, Hegoafrikako Egiaren Batzordera joateari eta beraz zekitena azaltzeari uko egin ziotenei aplikatu beharrekoa; Kolonbiako Bakerako Justizia Berezira joateari uko egiten diotenei aplikatzen zaiena edo gezurra diotenei aplikatzen zaiena da hau. Bestetik, justizia erreparatzailea edo errestauratiboa dago. Biktimen erreparazioa bilatzen duena da, baina gertatutakoaren testuinguru politikoa alboratu gabe. Azkenik, prospektiboa esaten zaion justizia ere biltzen du Kolonbiako ereduak.


Justizia prospektiboa


2016-04-29, Errenteria. Bakea eta elkarbizitzaren alde Errenteriako talde anonimo batek egindako agerraldia, Julen Mendoza alkatearekin. / FOKU

"Komunitate politikoa, garaian garaiko belaunaldien arteko batasuna ez ezik, denboran kateatzen diren belaunaldien arteko lotura ere bada. Justizia prospektiboaren ikuspegitik, garai bakoitzak eragina du ondorengoetan. Justizia prospektiboak oraingo balioak errespetatzen ditu eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien eskubideak aintzat hartuz, gatazkak konpontzea eta ez betikotzea du helburu”. (Habanako Akordioa)


Justizia prospektiboaren kontzeptua ere garrantzitsua da. Kolonbian oso kontuan eduki dute. Uruguaiko Juan Llanbias de Acevedo juristak 1949an azaldutako kontzeptu berritzailea da. Gatazka larri eta muturrekoak bizi izan dituzten gizarteetan etorkizuneko belaunaldiak ere kontuan edukitzea eta horri begira gatazka atzean uzteko gorrotoa eta samina gainditzea ere beharrezkoa dela dio, egungo belaunaldien edo aurrekoen baloreetara soilik mugatu gabe. Azken batean, etorkizuneko belaunaldien eskubideak ere kontuan hartuta. Horrek zerikusia du euskal gatazkarekin ere. Beste kasu batzuetan bezala, gure historian zehar gerrate edo gatazka garai asko garaileen dekretuen edo legeen bidez itxi izan dira, eta ez gatazka hauek errepikatzea ekidingo luketen konpromisoen bidez. Justizia prospektiboak belaunaldi berrien oinarrizko eskubideak aitortzen ditu, aurreko belaunaldiek eginikoaren erantzukizunetik belaunaldi berriak libre gelditzea eta berriro ere ez gertatzearen bermea xede izanda.


Ikuspegi horretatik trantsiziozko justiziak (biktimen zentralidadea mantenduz), etorkizuneko belaunaldiak izan behar ditu kontuan, jaio ez direnak, eta hauek duten eskubidea mendeku eta gatazkarik gabeko gizarte batean bizitzeko, gertatutakoaren memoria galdu gabe. Justizia prospektiboak, beraz, beste etorkizun bat bizitzeko eskubidea bilatuko duen akordio sozio politiko bat edukiko du kontuan, bakerako eskubidea, sintesiko eskubide gisa, giltzarri izango duena.

Justizia prospektiboak ez du gertatutakoaren tabula rasa bilatzen. Guztiz bateragarria da biktimek egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermerako duten eskubidearekin. Hau gabe ezin da eman, baina era berean, ez ba bateragarria batzuen zigor edo erretribuzio hutsarekin, horrek zapuztu egingo bailuke etorkizuneko belaunaldiek mendeku goserik gabe bizitzeko eskubidea.

Trantsiziozko justizia batek, beraz, egoera gatazkatsu batetik egoera baketsu baterako igarobidea egiten lagundu beharko luke. Hau, noski, gizarteak duen Egirako eta Bakerako eskubidearekin, eta biktima guztiek dituzten eskubideekin oreka bilatuz egin beharko litzateke.


Zigor handiagoa ez da justizia zuzenagoa


Logikoena, beraz, bi kontu horiek prozesu honen erdigunean kokatzea litzateke: bakea eta biktimen egia, eta justizia eta erreparaziorako eskubidea. Arazo nagusia, ordea, justiziarako eskubidea zigorrarekin nahasten denean sortzen da. Are gehiago zigorrerako azken hitza biktimei edo, hobe esanda, biktima batzuei eman nahi zainean.

Egia da gaur egungo gizarte mediatiko honetan hein batean korrontearen aurka joatea dela hori, gaur egun gero eta gehiago lotzen baita justizia zigorrarekin, eta badirudi zenbat eta zigor handiagoa orduan eta justizia zuzenagoa lortzen dela. Badu zer landua hor ezker abertzaleak, askotan hainbat gizarte gertaera lazgarriren aurrean horrelako jokabideak gailentzen baitira oro har gure artean ere.

Trantsiziozko justizia aplikatu ohi den gatazken konponbide prozesuetan, oro har, zigor penala nazioarteko zuzenbidearen aburuz guztiz arbuiagarriak eta lazgarriak diren kasuetarako gorde ohi da. Hala, gizateriaren aurkako krimenak, gerra krimenak edo nazioarteko giza eskubideen zuzenbidearen urraketa larriak diren kasuetarako gorde ohi dira zigorrak. Egungo korronteei jarraituz, kasu horietan soilik ez da posible amnistiarik eta, ondorioz, ezinbestean gertaera hauen egileak zigortuak izan behar dira. Horrek ez du esan nahi kasu hauetan zigorrak kartzela zigorra izan behar duenik ezinbestean. Kolonbiako kasuan, adibidez, Bakerako Justizia Bereziak, askatasun mugatua ezartzen du zigor gisa halako kasuetan, beti ere zigortuak justiziarekin kolaboratu badu egiaren argitzeko.


Ikuspegi holistikoa


2014-10-13, Donostia. Justizia Trantsizinalari buruzko II. Jardunaldia Aiete Jauregian. Argazkian ezkerretik eskuinera Marina Bidasoro, Martin Garitano eta Felipe Gomez. / FOKU

Egiari erreparatuz gero, argi dago iraganari buruzko irakurketa desberdinak daudela eta egongo direla. Ezin da ikuspegi bat inposatu. Baina egia desberdin horietatik gure herrian gertatutakoaren marko orokor bat eraiki daiteke. Egia osoa eta egia guztiak barne bilduko dituena. Izaera errestauratiboa izango duen egia.


Nabarmendu dugun moduan, trantsiziozko justiziaren kontzeptua zabaltzen joan da denborarekin, eta gaur egun bere barnean biltzen ditu epaitegi berezien sorrerak, lege eta prozedura judizial bereziak, egia batzordeak, neurri administratiboak, erreparazioak, bai eta egia bilatzea, berradiskidetzea eta oroimenaren kultura garatzea helburu duten ekimen politiko, sozial zein instituzionalak ere. Gatazken konponbideak azken batean ikuspegi holistiko baten beharra erakusten du.

Alex Borainen iritziz, bost zutabetan oinarritu beharko litzateke ikuspegi holistiko hori: erantzukizuna, egiaren berreskuratzea, erreparazioak, erreforma instituzionalak eta berradiskidetzea (Alex Boraine (2006) Transitional Justice. A holistic interpretation. Journal of International Affairs 60, 1, 17-27). Horrela, eta oro har zabalduta dagoen ikuspegiari jarraituz, badira batetik ezinbestean erantzun gabe gelditu ezin diren gertaera lazgarriak; gizateria beste aldera begira utzi ezin dutenak inolaz ere. Gerra krimenak, gizateriaren aurkakoak, genozidioa, eta nazioarteko giza eskubideen zuzenbidearen bortxa larriak lirateke horrelakoak. Horiek ezinbestean erantzukizun penala eskatzen dute. NBEak argi esana du kasu hauekiko ezinezkoa dela aministiarik edo indultu orokorrik adostea bake prozesuetan.

Egia berreskuratzeari begira Borainek biltzen ditu egia forentsea (giza eskubideen urraketa eta pertsona desagertuen ingurukoa), egia narratzailea (audientzia publikoei zuzendutako gertaeren eta esperientzien kontakizuna, biktimen aldetik eta kalte egileen aldetik), egia soziala edo elkarrizketatik ondorioztatzen dena (esperientziaren bidez eta elkarrizketen bidez eraikitzen doan egia), eta egia errestauratiboa edo sendatzailea (egia bildu jakinarazi eta errekonozitzea biktimei duintasuna berrezartzeko asmoz). Erreparazioak ere (ekonomiko zein moralak) garrantzia du, beti ere egiaren aitortzarekin badoa, egiazkoa izan dadin. Instituzio erreformek helburu lukete etorkizunean gertaerak ez errepikatzeko mekanismo edo neurriak ezartzea, besteak beste. Berradiskidetzeak bere baitan bilduko luke iraganaren aitortza, erantzukizunak onartzea eta aurrera begirako konfiantza eraikitzea.


Trantsiziozko justizia Euskal Herrian


2018-06-04, Kanbo. Jonathan Powell Arnagako Adierazpena irakurtzen ETAren desegitearen ondoren. / FOKU

Euskal Herrian garatu beharreko trantsiziozko justiziak, beraz, kontuan eduki beharko lituzke zenbait ildo. Batetik, gatazkaren biktima guztiek duten egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermerako eskubidea. Bestetik, baita Euskal Herriak eta etorkizuneko belaunaldiek bakean eta berradiskidetuta bizitzeko duten eskubidea ere. Azken horrek iraganari buruzko irakurketa adostu bat baino, etorkizuneko bizikidetzarako kontratu sozial berri bat eskatzen du. Kontratu horretan herritarron eskubide guztiak bermatuko lirateke eta herri honetako ezein ikuspegi politikok demokratikoki eta oztoporik gabe berdintasunean garatzeko eskubidea izango luke.

Egiari erreparatuz gero, argi dago iraganari buruzko irakurketa desberdinak daudela eta egongo direla. Ezin da ikuspegi bat inposatu. Baina egia desberdin horietatik gure herrian gertatutakoaren marko orokor bat eraiki daiteke. Egia osoa eta egia guztiak barne bilduko dituena. Izaera errestauratiboa izango duen egia. Maila horretan eta erreparazioari begira EH Bilduk, ezker abertzaleak zein ETAk berak egiari ekarpena diren adierazpenak egin dituzte. Erreparazioa bilatzen dutenak. Azken elkarrizketa liburuan ETAk egiari begira, gertaera batzuen inguruan hainbat zehaztasun ematen ditu. Sarri aipatzen dute biktimen elkarte batzuek ETAren 300 kasu baino gehiago daudela argitzeke. Argituta ez dagoen kontu bakarra autore materialaren ingurukoa da ordea. Gertaera horiek ETAk, ETApm-k, ETAm-k, CCAA-k edo beste baten batek eginak direla ezaguna da, zioa ere bai gehienetan, erakunde hauek beraien parte hartzea aldarrikatzerakoan azaltzen baitzuten. Ezagutzen ez dena, gehienez, autore materiala da. Horiek argitzeko eskaera justizia erretributibo edo punitiboaren eskematik egiten dutenek jakin badakite konponbiderik gabeko aldarria egiten ari direla. Bestalde, tortura kasuetan, eta Espainiako estatuko indar armatuek eginiko bestelako giza eskubideen bortxaketen kasuan, oro har egia ez da ezaguna ere. Ez dago, egileen aldetik bederen, gertatutakoaren eta beraien esku hartzearen errekonozimendurik, ez dago helburu errestauratiboa duen ekimenik oraindik.

Egiari dagokionez, gainera, egitateen ezagutza osoaz gain, gertaera horien guztien sorrerako testuinguruaren arrazoien eta bilakaeraren inguruko perspektiba edo ikusmolde oso desberdinak daude. Oro har, hiru pentsamolde nagusi laburbildu daitezke. Batetik, hemen gatazkarik egon ez dela diotenen ikuspegia. Kriminalitate soila da hemen bizi izan dena eta, beraz, hori da soilik eta nagusiki judizialki ikertu beharrekoa (ikusmolde horren aldaera erradikal batek kriminalitate horren jatorria abertzaletasunaren sorreran bertan jartzen du eta, beraz, hau ere bere modalitate guztietan borrokatu beharra dago). Bestetik, beste ikuspegi bat litzateke gatazka politikoa egon dela eta gatazkak oraindik ere irauten duela diotenen ikuspegia, baina horrek ez zuela ezinbestean gatazka armatu edo bortitzarekin loturarik. Hau da, azken hau ez zela aurrekoaren ondorio nahitaezkoa. Azkenik, euskal gatazka bortitzaren oinarria politikoa dela ulertzen dutenena, eta gatazka armatua edo bortxazkoa gatazka politikoaren ondorio gisa azaltzen dutenen ikuspegia dago. Ikuspegi ezberdin horiek gatazkaren sorreraren eta bilakaeraren inguruko irakurketa desberdinak edukitzea ere badakar noski eta, beraz, hau egiaren garapenari begira mugatzeko zailtasuna dakar horrek.

Hala ere, ez da kasu berezia Euskal Herria, eta oro har nahikoa arrunta da. Horri aurre egiteko, Kolonbiako Bake Prozesuan, adibidez, Gatazkaren eta Biktimen Batzorde Historikoa sortu zuten, eta bertan bi aldeek unibertsitateko irakasleek eta intelektualek osatutako multzo bat izendatu zuten, gatazkaren inguruko ikusmolde desberdinak biltzeko. Ariketa horrekin, azken batean, gertaeren inguruko ikusmolde desberdinak (egia desberdinak) biltzen eta egia bakar baina poliedrikoa eraikitzen saiatu ziren.

Gure herrian, beraz, bide luzea dago egiteko oraindik. Batetik, egia guztia eta egia guztiak bildu behar dira, eta urte luzeetan ezkutuan egon den egia bat argitaratzen jarraitu beharra dago. Torturaren egia hasi da azaltzen. Oraindik, hala ere, erakunde politiko eta instituzionalen torturarekiko erantzukizuna zein izan den argitu gabe dago. Guda zikinaren erantzukizun politiko instituzionalak ere argitzeke daude. Zeresanik ez ¨tirar a matar¨ politikaren ingurukoak, eta indar armatuen bestelako giza eskubide bortxaketen ingurukoak. Lehen esan bezala, talde armatuek gure herrian egindako gehiegikerien inguruko egia nahikoa ezaguna da, eta falta diren kasuak argitzea posible da, horretarako baldintzak sortuz gero.

Beraz, garrantzitsua da herriz herri eta eskualdez eskualde gatazkaren egia osoa biltzen joatea, errekonozitzea. Horrela, etorkizunean baldintzak sortu ahala, Euskal Gatazkaren Egiaren Batzordeari begirako aurrelanak eginak izateko. Herriz herri gatazkaren biktima guztiei begirako erreparazio neurriak hartzea.

Lan handia egin behar da gatazkaren inguruko ikusmolde desberdinak bildu ditzakeen marko poliedrikoa osatzeko. Zaila da, baina ez da ezinezkoa. Argi dago iraganari buruzko ikuspegi desberdinak daudela gure herrian. Logikoa da, horregatik dugu gatazka bat. Ados bageunde ez genuke izango. Hau onartu beharra dago. Gakoa ez dago iraganaren inguruko ikuspegi desberdinak izatean, hortik abiatuta gutxienik etorkizunari begira ikusmolde desberdin horiek elkar bizi ahal daitezen eredua ezartzean baizik, etorkizuneko bizikidetzari buruzko kontratu sozial berria eraikiz, berriro ez errepikatzeko berme gisa.



Azken gogoeta bat


Justizia trantsizionala garatzeko muga nagusia gure herrian, Justizia gatazkaren izatea bera ukatzen dutenen esku egotean datza. Trantsiziozko justiziaren aldeko aldarri eta lanak ezin du inolaz ere aditzera eman, behar hori lortu ezean besterik egin behar ez denik. Gatazkaren ondorioz preso edo ihesean direnekiko bidegabekeria handiena hauek etxeratzea beste egun bakar batez atzeratzea litzateke. Trantsiziozko justizia baten aldarria ez dago kontrajarrita egungo marko legalak (justizia punitibo eta salbuespenezkoak) eskaintzen dituen aukera eta zirrikitu guztiak probestearekin, eta era berean ahal den neurrian horiek higatzeko lanean jarraitzearekin.