ERREPORTAJEAK

Helena Franco Ibarzabal

Ekonomilaria

Trantsizio ekologikorako baliabide ekonomikoak. Nondik eta nola?

2022-12-20

Inoiz ez bezalako krisi baten murgilduta dago sistema kapitalista patriarkala eta, oro har, giza zibilizazioa; erpin anitzeko krisia: ekonomikoa, soziala, osasuna, zaintza,… eta egun nabarmenena: krisi ekologikoa. Zutabe nagusitzat interes indibiduala eta mozkin pribatuaren maximizazioaren helburua dituen eredu kapitalistarentzat planeta eta bere osagaiak produkzio-prozesuetan inkorporatuko diren baliabide agortezinak dira. Premisa faltsu eta desegoki horren ondorioz, industria iraultzaz geroztik garatu den sistema ekonomikoa natur baliabideen eta erregai fosilen neurri gabeko ustiapenean oinarritu da, aldi berean Lurra ekoizpen jarduera zoro horrek sortutako zabor eta hondakinen hartzaile mugagabetzat hartuz.


Argazkiak. FOKU

 

Trantsizio ekologikoa ezin da utzi merkatuaren mekanismoen eskuetan, mozkin pribatuaren epe motzeko maximizazioaren bilaketak ez baititu kontuan hartzen planetaren muga biofisikoak. Aitzitik, Lurraren eta natur baliabideen erabilera arrazionala eta neurrikoa egingo dela ziurtatzeko ezinbestekoa izango da erreferentziatzat jasangarritasuneko irizpide zientifikoak izango dituen planifikazio sistema bat. Planifikazioa eta, oro har, eskuhartze publikoa estatu mailan edo udal mailan artikulatuko litzateke, beharren eta aukeren arabera, eta beti ere kontrol demokratikoko parametro eta tresnen pean.

Gure herriaren subiranotasun mugatuak dakar giltzarri diren hainbat alorretan eragiteko eskumen nahikorik eza, adibidez: sektore ekonomiko estrategikoetan (energia, finantzak edota komunikazioak), lan-harremanen antolaketan, Gizarte Segurantzan, edota nazioarteko harremanetan. Horrekin batera gure beste ezaugarri aipagarri batzuk dira: enpresa-ehunaren gaineko kontrol eskasa, zentzugabeko azpiegitura erraldoi askoren eraikuntza, edota gorantza doazen errenta arrakalak, subiranotasun marko horren kudeaketa neoliberal eta desegoki baten emaitza.

Bistakoa da Estatu izanda, Euskal Errepublika izanda, gure politika ekonomikoa eta gainerakoak gauzatzeko bitarteko gehiago izango genituzkeela; eta horrantz jo beharko dugula ukatua gabe, egia da jadanik ere badaukagula eragiteko marjina, daukagun tresnak erabiliz, marko juridikoak uzten dizkigun zirrikituak aprobetxatuz, eta halaber marko horren garapen estadio berriak negoziatuz.
Ahaztu gabe bideak izan bai, baina hori bezain garrantzitsua dela eskumenak trantsizio ekologiko bidezko horren zerbitzura jartzeko borondate politikoa duten eragileak egotea.

Berregituratze prozesu sakon bati buruz ari gara, eragin handia izango duena gure eguneroko bizitzetan eta egungo egitura ekonomiko eta sozialetan. Horregatik oso inportantea da horren aldeko aldaketa kultural baten testuingurura gertatzea, jende gehienak begi onez edo gutxienez posizio ulerkor batetik onar ditzan larrialdi klimatikoari erantzun gisa proposatzen diren aldaketa horiek.

 

Trantsizioari araugintzatik ekinez

Gure proposamenak, sinesgarri eta gauzagarri izan behar badute, gaur egungo indar korrelazioak aintzat hartu eta sistema kapitalistaren baitatik abiatu beharko dira, nahiz eta pixkanaka proposatutako ildo eta ekimenen bitartez sistema beraren oinarriak higatzen joango garen, beste sistema berri baten sorrerarako zimenduak jarriz. Izan ere, orientabide zientifikoan oinarritutako planifikazio ekonomikoak toki gehiago irabazi ahala merkatuaren indarrei eragin ahalmena kentzen joango baikara, fase postkapitalista baterako bidean.

Proposamen hauek guztiak sistema kapitalistatik bertatik eragiteko egiten ari gara, eta hortaz, ez gara ari ekonomiaren esparru oro ukituko lituzkeen goitik beherako planifikazio zentralizatu gogor bati buruz. Aitzitik, merkatua eta ekimen pribatua existitzen jarraituko dutenez, haiei dagokienez helburua izango da beren eragite eremua parametro ekosozialekin bateragarri diren terminoetan mugatzea.

Testuinguru horretan, araugintza izango da planifikazioaren osagai nagusia, legedia eta arauak erabili beharko dira sistema ekonomikoa norabide ekologiko batean eramateko. Horrekin batera planifikazio agentziak ere tresna interesgarriak dira, sektorez sektorekako jarraipen hurbila egin eta dagozkien erabaki eta neurriak hartu ahal izateko. Araugintza mekanismoak beharko ditugu, zer, zenbat, nola edota non ekoizteko erabakien gain eragiteko (pizgarriak, mugapenak, abantailak edota debekuen bitartez egingo dena), edo prezioak arautzeko; eta baita ere lan-harremanen esparruan eragiteko (adibidez lanaldiaren murrizketak edota soldaten eta lan-baldintzen negoziaziorako esparrua zehazteko).

 

«Euskal Errepublika izanda, gure politika ekonomikoa eta gainerakoak gauzatzeko bitarteko gehiago izango genituzke»

 

Gastu publikoaren bidezko eskuhartzerekin alderatuta, araugintzak ez du aurrekontu-baliabiderik behar, ez du dirurik behar, baina bai eskumenak; eta baita ere lege aldaketak burutzeko beharrezkoak diren aldeko korrelazioak ere bai. Burujabetzan aurrera egitea eta benetako eraldakuntza ekosozialista baten aldeko gehiengo politiko eta sozial sendoak lortzea lan politikoaren ezinbesteko zutabe izango dira. Baina bistakoa da trantsizioa modu ordenatu eta sozialki justu batean egiteko araugintzaz gain fase berriak sortuko dituen beharrak eta eragingo dituen desorekak finantzatzeko baliabideak ere behar direla. Soldata eta mozkinen arteko gatazkan, langileen alderako hobekuntza batetik hasi beharko den errenta banaketa aurrekontu-politika birbanatzaile zorrotz baten bitartez indartu beharko da.

Trantsizioak sektore publikoaren gastuen igoera nabarmena ekarriko du: besteak beste produkzio-sistemaren berregituratzeko politiketan munta eta garrantzi handiko inbertsioak egin beharko dituelako (azpiegiturak, sektore publiko enpresariala) edota sustatu beharko dituelako; zerbitzu sozial publikoen eskaintza hobetu eta handitu beharko duelako; bizitza duin baterako oinarrizko errentak ziurtatu beharko dituelako, enpleguaren eremutik kanpo geratzen diren egoeretarako. Gainera, prozesuan zehar sortuko diren frikzioan aurrean (sektore eta jarduera batzuk beste batzuk baino kaltetuagoak suertatuko dira, inpaktua lurraldean ere disparekoa izango da, eta pertsonen gain ere), oso inportantea izango da konpentsazio mekanismo eraginkorrak ezartzea.

 

Aberastasunaren birbanaketa xede, fiskalitate progresiboan sakontzeko neurriak 

Gobernu eta eragile publikoek baliabideak lortzeko duten bide nagusia zerga-sistema da. Sozialki bidezkoa eta inklusiboa izan behar duen trantsizio ekologikorako ezinbestekoa da aberastasunaren errotikako birbanaketa bat, beharrezkoak izango diren gastu soziala, inbertsio produktibo eta teknologikoak, konpentsazioak, diru-laguntzak, eta abar finantzatu ahal izateko. Benetan birbanatzaile izango den fiskalitate justu eta progresibo bat diseinatu eta gauzatu beharko da, langile klasearen gaineko presio fiskala arinduz eta goiko geruzen gainekoa areagotuz.

Aberastasunaren gaineko tributazioaren ekarpen mailak zeharo handitu behar dira. Aberastasunaren kontzentrazioa etengabeko gorako joeran dagoen garai hauetatik abiatua, urrats ausartak eman behar dira fortuna handiekiko eta aberatsekiko exijentzia fiskala handitzeko, gizarte kohesioarekin zerikusia duten zioez harago, beren fortuna horien azpian egungo larrialdi ekologikora eraman gaituzten jokabide eta praktikak ere badaudelako, eta horrek erantzukizun gehigarri bat sortzen die. Zentzu horretan, ondarearen eta oinordetzen gaineko zergak gorantza doitzearekin batera, izaera finalistako zergapetze formula berriak proposa daitezke, zuzenean lotuko liratekeenak trantsizioaren kostuen finantzazioarekin.

Sozietateen gaineko zergak, alegia mozkinen gaineko tributazioak ere presentzia handiagoa behar du zerga-sisteman, egoera berrian errentagarriak diren enpresek, eta bereziki korporazio handi eta enpresa taldeek dagozkien neurriko ekarpenak egin diezaioten trantsizio prozesuari. Sektore eta enpresa batzuen eta beste batzuen aukerak eta bilakaera produktiboak hain desberdin izango diren trantsizioaren testuinguruan, enpresen arteko konpentsazio mekanismo gisa ere har daiteke zerga honen funtzioa.

 

«Legedia eta arauak erabili beharko dira sistema ekonomikoa norabide ekologiko batean eramateko»

 

Finantza-sektorea eta ondorioz nazioarteko finantza-merkatu eta fluxuak birplanteatu eta egungo hainbat osagai eta praktika mugatu edota debekatu beharko diren arren, litekeena da kapital-mugimendu askeko testuinguru batean jarraitzea hurrengo hamarkadetan ere. Horregatik alor fiskalaren ikuspegitik desiragarria litzateke zerga horiek guztien erreforma sakon eta aurrerakorrak nazioarteko harmonizazio maila esanguratsu batean gauzatzea (zerga-ihesaren aurrean borroka bateratu eta eraginkor batekin batera).

Zeharkako zergapetzei buruzko aipamen bat. Bizitzarako oinarrizko ondasunekin batera, jarduera jasangarriak diren zerbitzu edota ekoizpenei zeharkako zerga-zama arindu eta adibidez BEZ txikiagoak jarri beharko litzaieke; luxuzkoak eta inolaz ere beharrezkoak ez direnei, aldiz, tasa altuagoak ezartzen zaizkien bitartean. Errenta zergari dagokionez, tarte altuagoenetan tasa altuagoak jartzearen aukera baztertu gabe, aurrerakortasuna eta ekitatea lortzeko bidean ezinbesteko urratsa litzateke kapital-errentek duten tratamendu pribilegiatuarekin amaitu eta berriro ere kapitalaren eta lanaren errentak berdin zergapetuko dituen eredura bueltatzea.

Zergez aparte sektore publikoak, beste edozein agente moduan, baliabideak lortzeko duen beste bidea zorpetzea da, alegia finantza-sistemara jotzea. Argi dago larrialdi klimatikoari aurre egiteko politiken artean finantza-merkatuen eta jardueraren gaineko nazioarteko araugintza zorrotza ezarri eta gauzatu beharko dela; baliabideen erabilera ez-produktibo eta oinarrizko ondasun eta beharrizanen gainean espekulatzeko eskrupulurik gabeko sistemak ez duela lekurik definitzen ari garen marko berrian. Dena dela, finantza-sistemaren errotikako berregituraketa gertatu arren ere, agintari publikoek ezingo dute sektore estrategiko hori erabat utzi botere pribatuen eskutan, eta horrela inoiz baino garrantzitsuagoa izango da banku eta finantza-tresna publikoak izatea, trantsizio ekosozialaren finantzaziorako baliabideak bidezko baldintzetan eskuratu ahal izateko berme gisa.