ERREPORTAJEAK

Nora Salbotx eta Ibai Redondo

Irakasleak

Reggio Emilian eta Finlandian egin, egin zuten

2023-06-29

Frantziako Iraultzaz geroztik, hezkuntza sisteman agintarien helburua diziplinatze patriarkal kapitalista izan da, bai eta, horrekin batera, txanpon beraren ifrentzuan, kolonizazio frantziar zein espainiarra ere. Historiaren une ezberdinetan forma ezberdinak hartu ditu. Herri honen memoria kolektiboan dago estatuaren aparatua izandako eskolaren funtzio bezatzaile, kolonizatzaile eta asimilatzailea, umiliazioa eta zigor fisikoa ere erabili zituena gure kultura, hizkuntza, herria eta klasea hezurmamitzen zuten haurren gorputz txikien kontra; Hego Euskal Herrian Francoren diktadura faxistapean, eta Ipar Euskal Herrian jakobinismo errepublikanoaren diskurtsopean.


Argazkia. Unsplash / Juliette Félix

 

Gerora, tardofrankismoak Hego Euskal Herrian eskola zaharberritu behar izan zuen, legitimazio demokratiko bila, besteak beste: erreformatu, eta ez irauli, bistan denez. Lehen, bigarren zein goi mailako hezkuntza formalean jarri zuen arreta horretarako. Bi norabideko eskakizunaren ondorioz egindako erreforma zen. Batetik, kapitalak hezkuntza sistema berria behar zuen, produkzio molde berrietara egokituko zena eta, ondorioz, bere zerbitzura paratuko zena. Aldi berean, langile klasearen eskakizun hasiberriari erantzun behar zitzaion eta hezkuntza erreformak eskaini behar zuen bidea belaunaldi berrien klase promoziorako.

Klase ertain (autopertzibitu) berriaren sorrerarekin bat zetorren eredua bilatzen zuten, oinarrian zituena industria tradizionala garatzea eta turismoa sortzea, landa eremua hustea, ingurumena (batik bat kostaldeetakoa) era basatian ustiatzea, eta soldatapeko lanetan (eta are ordaindu eta aitortu gabekoetan) ari ziren gorputzak modu berrietan esplotatzea. Paradoxikoki, eskolak gizartea erreproduzitzeko (gizarteko desberdinkeria eta espainolismoa erreproduzitzeko, hain zuzen) tresna izan beharko zuen, eta, aldi berean, gehiengo soziala klase ertainaren ameskerian murgildu beharko zuen; gisa horretan, klase eta nazio menderakuntza eta ezabaketa bulkatuko zituen hezkuntza sistematik bertatik.

Euskara eta herri langilearen interesak, bistan denez, ez zeuden espainiar zein frantziar kapitalismo zaharberritu haren hezkuntza sistemarako bide orrian. Euskal abertzaletasunak eta langileriak, estaturik gabe eta instituzioen ia inolako babesik gabe, militantzia hutsean sortutako euskal hezkuntzaren aldeko langintzan aritu behar izan zuen. Alta, hezkuntzaren bueltan sorturiko haize berriek espainiar eta frantziar estatuetan ez bezalako norabidea hartu zuten Euskal Herrian.

 

«Reggio Emiliako eredu pedagogikoa sortzez eta modu holistikoan erradikala delako ekarri dugu lerro hauetara»

 

Euskal Herrian gehiegitan eta gehiegik Estokolmo sindromea dutela iruditzen zaigu. Hau da, uste dugu hedatuegi dagoela gure hezkuntza sistema, gure burujabetza bezala, hartuta duten espainiar eta frantziar estatuetako molde, arau eta aginduak onartzen dituen, eta are, eredutzat hartzen dituen pentsaera kolonizatua. Horregatik, Sorturen Plaza Hutsean kanpora begira jarri gara, Reggio Emiliara eta Finlandiara. Ez sistema horiek gurean bere horretan kopiatu daitezkeelakoan, baizik eta euskal hezkuntzagintzan bizitzen ari garen abagune historiko honetarako ekarpenak egin ditzaketelakoan.

 

Argazkia. FOKU

 

FINLANDIA: ZORU PEDAGOGIKOAREN NAZIO AKORDIOA

1970ean, Finlandian, espainiar estatuan bezalaxe, hezkuntza lege berria jarri zen indarrean. Lege horrek, Franco diktadoreak sinatutako OHOko hark ez bezalaxe, emakumeen lan munduratzea eta, oro har, feminismoaren bigarren olatuko aldarriak izan zituen oinarri. 2000. urtean, hezkuntzaren bueltako nazio akordioari, emakumeen eskubideen argudioez gain, haurraren eskubideenak ere gehitu zizkioten, eta horiek hezkuntzako testu artikulatuaren erdigunean kokatzeko eginahala egin zuten.

Ondorioz, eta asko laburtuta bada ere, honako ezaugarri hauek azpimarratuko genituzke bertako hezkuntza sisteman, gaurko Euskal Herriaren begiradatik baliagarriak izan daitezkeelakoan:

 

  • ♦ Curriculumak edo Hezkuntza Programak. Hemen bezalaxe, hiru zehaztapen maila dauzka Finlandian. Zehaztapen maila horiek parte hartzerako eta kudeaketa komunitariorako hemen ez bezalako abagunea eskaintzen dute. Izan ere, oinarrizkoa estatuak definitzen du, tokikoa udal mailan zehazten da, eta, azkenik, ikastetxeek ere eskumena eta autonomia nahikoa dute curriculuma definitzeko eta eraikitzeko, aitzineko bi mailetan emandakoekin uztartuta.
  • ♦ Eredu publiko munizipalista. Eskolen finantzaketa, maisu-maistren, irakasleen eta komunitatea osatzen dute gainerako langileen kontratazioak, ikastetxeen hornikuntza eta abar udal mailako konpetentziak dira. Eredu munizipalista erabiltzen dute eta, hortaz, publikoa izateak, maila honetan, publikoa eta munizipala izatea erran nahi du, frantziar errepublikanismotik hemen jaso dugun publikotasunaren ideiatik urruti.
  •  
  • ♦ Hezkuntzarako hizkuntza politika eredugarria. Eleaniztasunaren trataera inklusiboa egiten da bertako heziguneetan, betiere hizkuntza nazionala erdigunean dagoela. Ondorioz, ikastetxe orotan, ikasleen suomierazko hizkuntza gaitasun ona bermatzea oinarrizko baldintza erdiesteko. Gainera, hizkuntzen arteko transferentzien garrantziaren jakitun direnez, ikasle ororen etxeko hizkuntza –ez halabeharrez pasaportekoa (sic)– lantzen da eskolan, baldin eta hizkuntza horretako 3 hiztun badaude ikastetxean. Horrez gain, ezaguna da atzerriko hizkuntza globaletan ere bertako ikasleek izaten duten gaitasun maila ona.
  •  
  • ♦ Finlandia estatu hezitzailea, hezkuntza erdigunean. Hiri eta herri finlandiarretako espazio eta azpiegitura baliabideen eskaintza eredugarria da gaurko Euskal Herrian Herri Hezitzaileak sareko kideek bultzatzen dituzten oinarriak lantzeko (haurren kultura, parte hartzearen eta zaintzaren etika, espazioaren politizazioa eta praxiaren erradikaltasuna) eta ildo horretan irakurzaletasuna, jolasa eta, oro har, kulturaren demokratizazioa sustatzeko; edo, ildo berean, irakaskuntzaren-jolasaren-zaintzaren arteko mugak lausotzen laguntzeko, batik bat umeen kasuan.

 

Gauza on asko erran daitezke Finlandiako hezkuntza sistemari buruz; adibidez, berdintasunari, ekitateari eta ikasleen ongizateari ematen dioten garrantzia, suomierak hezkuntza sisteman duen zentraltasuna, eta, aldi berean, ikasleetako bakoitzaren etxeko hizkuntzari egiten zaion tokia, udal eta ikastetxe mailako autonomia altua, edota ikaskuntzaren zerbitzura paratzen diren indarra eta inbertsio altuak. Guk, hemen, horien guztien aurretik eta oinarrian dagoena azpimarratu nahiko genuke: hezkuntzaren inguruan nazio mailako oinarrizko adostasun politiko zabala dute, xextra alderdikoiez gaindikoa. Hori gabe ez legoke besterik deus.

 

«Finlandiak irakatsi digu posible dela interes nazionala eta kulturala alderdien interesen gainetik jartzea»

 


REGGIO EMILIAKO UDAL HAUR ESKOLAK: HERRI BATZAR INTERSEKZIONALA

Reggio Emiliako eredu pedagogikoa, gaur egun munduko entzutetsuenetako bat izateaz gain, sortzez eta modu holistikoan erradikala delako ekarri dugu lerro hauetara. Erroetara doa munduari eta haurrari buruzko begirada integralari jarraikiz eta, era horretan, alderdi etikoak eta estetikoak uztartuz esku
hartzen du. Baina, batik bat, bere sorrerako ibilbidean erradikala delako interesatzen zaigu gaur eta hemen, azpitik gora eraikitakoa delako, herriak eta udalak txalupa berean arraun egitearen ondorio delako, hain zuzen ere.

1945ean Villa Cellako herritarrek XXV aprile eskola sortu zuten armada naziak hango lurretatik ihesean utzitako zenbait puska saltzetik ateratako diruarekin. Herri batzarrean eztabaidatu ondoren, proposatutako proiektuen artetik herriko emakumeena nagusitu zen: auzolanean sortzea herritar ororen seme-alabentzako eskola bat. Karga politiko handiko hezkuntzaren aldeko hautu komunitario hori sinbolotzat hartu izan da geroztik, eta bere inguruko kontakizun ahaldundua eraiki du.

Akaso, hezkuntzagintza komunitarioaren errelato horrek bultzatuta etorriko zen bigarren inflexio puntu garrantzitsua, berriz ere aski lotuta egonen zena emakumeen emantzipazioaren aldeko mugimenduaren borrokarekin, kasu honetan feminismoaren bigarren olatuarekin. Joan den mendeko 70eko urteetara garamatza berriz hariak. Hego Euskal Herrian tardofrankismoa gure hezkuntzaren nondik norakoak ezartzen ari zen garaiotan, baina, garai berean, Euskal Herriaren luze-zabal osoan entseatzen ari ziren, herri ekimenez, gure herriaren premiak aseko zituzten beste nolabaiteko moldeak (ikastolak, D eredu publiko-munizipalak).

 

«Reggio Emiliako eredua bere sorrerako ibilbidean erradikala delako interesatzen zaigu gaur eta hemen, azpitik gora eraikitakoa delako, herriak eta udalak txalupa berean arraun egitearen ondorio delako»

 

Bada, Reggio Emilian bidegurutze interesgarria gertatu Reggio Emiliako eredua bere sorrerako ibilbidean erradikala delako interesatzen zaigu gaur eta hemen, azpitik gora eraikitakoa delako, herriak eta udalak txalupa berean arraun egitearen ondorio delako zen garai horretantxe, borroka feministaren eta udal ezkertiar (kasu honetan, komunista) baten arteko indarrek bat egin zutenean hezkuntzagintzaren kausaren alde. Batzarren eta herri eztabaiden bitartez erabaki zen, berriz ere, udalerriaren aurrekontuen partidarik handiena hezkuntzari eskainiko zitzaiola, eta haur eskola munizipalen sare garrantzitsua eratu zen (kuantitatiboki bai, baina batik bat kualitatiboki garrantzitsua).

Gisa horretan, umeen eta emakumeen eskubideen aldeko borrokek, eta langile klasearekin (langile klasearentzat baino areago) egindako udal politikek eta pedagogiak bat egin zuten, intersekzioetan elkarri aditzeko. Hortik abiatuta, praxi eraldatzaile eredugarria eraikitzeko gaitasun ikusgarria erakutsi zuten. Garai hartan, munduaren periferietan, zapalduen pedagogia eraikitzen ari zen deskolonizazio prozesuen karietara, eta, bitartean, Italia partisanoan, orduko tradizio marxistako askapen mugimenduen teoria pedagogikoari teilakatu egin zizkioten mugimendu feministari eta haurren kultura eta eskubideei loturiko teoriak.

Loris Malaguzzik, Reggioko pedagogoak, erraten zuen ezinbestekoa dela elkarrizketa diskurtso pedagogiko, historiko, sozial eta politikoaren artean. Ideia horrek indar handia du orain ere, gure ustez, inoiz baino handiagoa, akaso.

 

Argazkia. FOKU

 

EUSKAL HEZKUNTZAGINTZAN ERE, AURRERA BOLIE!

Geroztik, behin eta berriz aritu dira agintariak hezkuntza sistema berrasmatzen (eta etengabeko krisian sartzen), kapitalaren, mundu globalizatuaren eta pentsamendu neoliberalaren interesetara moldatzen. Horren ondorio da Reaganen eta Thatcherren administrazioetan sortutako ziaboga hura, “giza estraktibismoa” erran dakiokeen paradigma berriaren baitan murgildu zituena mundu kapitalistako hezkuntza sistemak.

Mundu mailako hezkuntza krisi programatu horren aurrean, Euskal Herrian hamarkadak dira, herri mugimenduaren bultzadaz, hezkuntza sistema propioaren bidea urratzen ari garela. Estatuen eta administrazio autonomikoen hormekin talka egiten dugu, halere, nahi baino gehiagotan. Gaur egun, begi bistakoa da Euskal Herrian inposatzen dizkiguten hezkuntza sistemak agortuta daudela, ez baitiete ikasleen eta euskal gizartearen beharrei erantzuten: hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan, diagnosi lan guztien arabera, ez dira lortzen bilatzen ditugun gaitasunak eta ezagutzak.

Azpimarratu daitezke, besteak beste, aukera berdintasunik eza, segregazioaren nagusitasuna, ikasketa prozesua euskaraz bururaino eraman ahal izateko trabak eta lege oztopoak, azterketak euskaraz egiteko debekuak, pedagogia eredu zaharkituak eta ebaluazio molde osasungaitzak, ikasleen eta, oro har, komunitatearen parte hartzerako aukera falta, lan baldintza kaskarrak, administrazio eredu zentralizatu eta mendekoak, burujabetza falta, eta zatiketa administratiboa.

Beraz, borrokak arrakalak sortzeko ere balio izan du, pitzadurak zabaltzeko inposatutako sistema horietan, bide orri eta ortzi muga berrietarako xendrak irudikatzeko, hezkuntzatik burujabetz(et)an sakontzeko bideak urratzeko. Finlandiak irakatsi digu posible dela interes nazionala eta kulturala alderdien interesen gainetik jartzea. Reggio Emiliako esperientziak ikusarazi digu udalgintza eta herri mugimendua bat eginda lan egitearen potentzialitatea. Bietarako baldintza objektibo nahikoak badira gaur eta hemen. Han, egin egin zuten.