ERREPORTAJEAK

Elena Beloki

Iratzar Fundazioko kidea

Prozesu Soberanistak Europar Batasunean: demokrazia eta gehiengo sozialak

2018-01-21

Hurrengo lerroetan prozesu burujabeei buruzko deskripzioa baino, hauen ekarpenari begiratuko diogu, mundu globalizatu honetan eta 2010etik aurrera bereziki, mugimendu independentistek gauzatu dituzten estrategiek gramatika berri bat osatu dutelako, demokrazia erdian kokatuz eta herritarren burujabetzak helburu izanik.

Manhattan-en, New York, Nazio Batuen erakundearen laugarren urteurrenean. 1945ean, autodeterminazio eskubidea jaso zen Nazio Batuen gutunean. / UN Photo

2010etik aurrera bereziki, mugimendu independentistek gauzatu dituzten estrategiek gramatika berri bat osatu dute, demokrazia erdian kokatuz eta herritarren burujabetzak helburu izanik.

 

Prozesu soberanista ezberdinak ezagutu ditugu denboran zehar. Ez dira berriak, ez Europan ezta Europar Batasunean ere. Haatik, berria dena zera da, estatu bat bitan edo gehiagotan zatitzea eta estatu berri horren kokapena Europar Batasuneko markoan, edo bestela esanda, sezesioa eta “barne zabalkundea” ekonomia integrazio egitura horretan ematea. Gai hauetan aditua den Graham Averyk, Europar Batasunean hamar prozesu soberanista inguru daudela dio, eta prozesu hauetariko bakoitzak berezko ezaugarriak, garapena eta momentum-a dituen arren, elementu komunak izan badituztela dio.

Funtsean, prozesu guzti hauek bizi duten garaiko emaitzak izan dira eta badira ere gaur egun: 90.eko hamarkadan, Sobietar Batasunaren eraispenaren ondorengo egoera ezaugarritu zuten faktoreen emaitzak Letonia, Lituania, Eslovenia, Montenegro, Kosovo... izan diren bezala, gaur egun, integrazio prozesu europarraren eraginpean kokatzen dira Katalunia, Eskozia, Euskal Herria....

Baina era berean, mugimendu independentistek sortu dituzten efektuek nazioarteko komunitate ankilosatua eta honen aktoreak, ezkerraren parte bat barne, aztoratu egin dituzte, hainbat mugitu ezinezko kontzeptuak birpentsatzera bultzatzen ari direlako, hain zuzen. Beraz, “domino efektua” gertatu da, baina nolakotasunean dago gakoa.

 

 

Paradigma aldaketa


Stalin, Roosevelt eta Churchill 1945ean Yaltan, Sobietar Batasunak antolatutako konferentzian. / Wikimedia Commons

 

Gaur gaurkoz esan daiteke Europar Batasunaren barruan abian diren prozesu independentistek soberania, demokrazia eta lurraldetasuna helburu dutela.

 

1945eko Nazio Batuen Gutunaren 1.2 artikuluak autodeterminazioari erreferentzia orokorra egiten dio, eta, batez ere, gerrate mundialaren ondoren testuinguru kolonialetan zabal aplikatua izan zen. Marko juridiko horrek XX. mendean zehar prozesu historiko askori sostengua eman zion. Izan ere, autodeterminazio eskubideak Lehen Gerlaren ondoren zehaztu ziren mugak ahalbideratzeko eta XX. mendeko 90eko hamarkada bitartean ezagutu dugun nazioarteko komunitatea marrazteko erabili zen.

Autodeterminazio eskubidea, hortaz, eskubide unibertsala bada, Sobietar Batasunaren amaieraren ondoren eta Berlingo Murruaren erorketaren ondoren, abiatu ziren prozesu soberanistek lehen etapa batetan herrien eskubide hau aldarrikatu baino, beste printzipio legitimatzaileak ikusarazi eta lehenetsi zituzten. Ildo horretan demos berrien aldarrikapen demokratikoekin batera, eta testuinguru global berrian instituzio eta abaguneen definizio berriak agertoki politikoaren zentrora pasatu ziren:demokrazia gehiago, askatasunak, ekologismoa, hizkuntza...

Esan daiteke eskari hauen aurrean Estatuak mantendu zuen gaitzespenak independentziaren eskaera lagundu zuela. Esaten ari garenaren adibide dira, esaterako, Errepublika Baltikoak: Lituania, Letonia, Estonia.

Gaur egun mundu globalizatu honetan, eta batik bat 2008az geroztik Europan dauden mugimendu independentistentzako -Katalunian, Eskozian, Irlandan, Korsikan, Flandrian, Euskal Herrian-, printzipio horiek lehentasuna lortu dute, eta XXI. mendeko erronken aurrean aktibatu duten gehiengo sozial berrien ardatz egituratzaile bilakatu dira. Esan daiteke aldarrikapen demokratikoak aldarrikapen independentistak bilakatu direla. Izan ere, Jule Goikoetxeak ondotxo gogoratzen digunez, Herri soberania gauzatzeko mekanismoek huts egiten dutenean agertzen dira soberania eskaerak.

Gauzak horrela, gaur gaurkoz esan daiteke Europar Batasunaren barruan abian diren prozesu independentistek soberania, demokrazia eta lurraldetasuna helburu dutela eta sekuentzia bertsu bati segitzen diotela: aldarrikapen demokratikoak, independentziaren aldeko hautets arrakasta, dauden instituzioen balio eta erabilpena, elkarrizketarako determinazioa erakusteko denboraren kudeaketa, etengabeko demos definitua ikustaraztea eta erreferenduma.

Botere zentralaren aldetik, ordea, Independentziaren kontrako jarrera nabarmena izanik ere, oso ezberdina da jarrera hau. Nabarmena da desberdintasuna, adibidez, tradizio liberalanglosaxoian, eta gainerako Europako tradizio liberal edo sozialistan. Lehenean aintzat hartzen da aniztasuna, eta ondorioz prestutasun handiagoa agertzen da elkarrizketarako eta akordio bilateralak hitzartzeko, Eskozia, Faroe, edo Quebecen gertatu bezala. Bigarren joeran, berriz, berdintasun kontzeptuari erreparatzen zaio gehiago, eta zailtasun handiak agertzen dira herrien aniztasuna kontuan hartzeko. Jugoslavia ohia adibide argia da, alde batetik, eta frantziar eta espainiar estatuak ezin argiagoak eta ezagunagoak, bestetik. Frantzian salbuespen gisa uler liteke Kanakiakoa (edo Kaledonia berria), baina lotuago ematen du kolonien autodeterminazio eskubide zaharrari.

Desberdintasunak desberdintasun, herrialde ezberdinetako estaturik gabeko nazio gehienek -Eskozian salbu- euren borondate demokratikoa aurrera eramateko helburuz, legalitate eta lejitimitatearen arteko eztabaida zabaldu duen aldebakartasunaren aldeko hautabidea egin dute: Eslovenia, Kosovo eta Katalunia dira horren lekuko.

Ikusten ari gara, beraz, jendarte liberaletan autodeterminazio eskubideak planteatzen dituen baldintzen eremua -aldekotasuna, subjektuaren zehaztapena- saihestuz, herritarren borondate demokratikoak bestelako bideak topatu dituela eta eskubide unibertsal hau ez dela estatus politikoaren aldaketa gauzatzeko dagoen titulu juridiko bakarra. Nazioarteko Zuzenbideak sezesioa ez badu onartzen -salbu erremedio gisa, remedial rigth-, esan behar da ez duela ere hau ukatzen, ezta bere jarduera debekatzen. Paradigma aldaketa horretan erabakitzeko eskubidea eta honetatik eratortzen diren ondorioak kokatu behar ditugu.

XXI. mendeko mundu globalizatu honetan, estaturik gabeko nazioak diseinatzen ari diren soberania estrategiek nazioa osatzen duen komunitate tradizionala gainditu dute. Gero eta herritar gehiago jabetzen ari dira euren komunitatea eta estatu zentralaren arteko harremanaren krisiaz, bai eta euren botere politikoaren galeraz. Jabetze horrek komunitatearekiko atxikimendu berriak sortu ditu , ohiko identitario mugak hautsiz eta gehiengo sozial berriak zein borondate anitzen artikulazioak gauzatuz (Eskozia, Katalunia...). Herritarren xedea bizi duinago baten aldeko erakundetze berria lortzea da, estatu berri bat osatzea eta burujabetzaren aldeko diskurtso demokratikoa du oinarrian.

 

 

Lurralde integraltasuna eta nazioarteko aitortza


Alex Salmond eta Nicola Sturgeon 2007an The National Conversation iniziatibaren aurkezpenean. / Scotish Goverment, Wikimedia Commons

 

Ikusten ari gara, beraz, jendarte liberaletan autodeterminazio eskubideak planteatzen dituen baldintzen eremua -aldebikotasuna, subjektuaren zehaztapenasaihestuz, herritarren borondate demokratikoak bestelako bideak topatu dituela eta eskubide unibertsal hau ez dela estatus politikoaren aldaketa gauzatzeko dagoen titulu juridiko bakarra.

 

Independentzia aldarrikatzen duen lurraldeak burujabetza herritarra eta instituzionala beharrezkoak ditu demokraziaren praktika gauzatzeko eta bide horretan, nazioarteko komunitatearen aitortza du helburu. Are gehiago, bizi garen mundu globalizatuan, hori gabe ez baita nazioarteko komunitatean estatu homologatua izango, nahi ala ez. Prozesua luzea da eta independentziaren aldarrikapena osatu eta gauzatzeko bide luzean zehar lantzen da. Esaten ari garenaren garrantzia azaltzeko, gertuko adibide bat izan daiteke Kataluniako gobernuaren ordezkaritzaren presentzia Bruselan. Baina era berean aipagarria da prozesu soberanistek garatzen duten paradiplomazia jarduera. XXI. mendeko faktore teknologiko, politiko eta sozialek garai berriak edo desberdinak diseinatzen ari dira eta hauetan subjektu soberanoa eta orohar herritarrak politikan eta estatu erakundetzean eragiteko bide berriak bilatzera bultzatu ditu.

Egokitzapen garai honetan, ordea, nazioarteko legeriak garai berrietara moldatzeko duen zailtasuna ikusita aurreko mendean egin zuen bezala, hainbat kontzeptu birpentsatu eta egokitu beharko lituzke. Hagako Auzitegiak bidea zabaldu ote du?

Ez dugu aurreko galderaren erantzun borobilik. Hala ere, egindako galderari ihardesteko 2010eko uztailaren 22an, Serbiak Kosovoren aldebakarreko sezesioari buruz jarritako errekurtsoaren aurrean, Nazioarteko Hagako Auzitegiak eman zuen aholku Iritzia interesgarria da oso, iritzia loteslea izan gabe ondorio politiko eta juridikoak dituelako.

Jaume Lopezek gai honi buruz dosier honetan jada mintzatu denez, soilik hiru elementuri erreparatuko diogu hemen: lurralde osotasuna, borondate demokratikoa, salbuespena edo eszepzionalitatea.

Lurralde osotasuna II. Mundu Gerraren ondorengo nazioarteko ordenaren egonkortasunaren zutoinetariko bat izan da. Printzipio hau Nazio Batuen Gutunak biltzen zuen eta estatalitate berri baten bila abiatzen ziren entitateentzako pentsatua zegoen, estaturik gabeko nazioentzat, alegia. Horrek debeku prebentibo gisa jardun zuen. Auzitegiak bere nazioarteko konpetentzia barrutia zehaztu ondoren, lurralde osotasunari buruzko interpretazio berri baterako bidea ireki du. Printzipio horren garrantzia azpimarratu eta, Hagako Auzitegiak lurralde osotasunaren irismen subjektiboa interpretatu zuen, Nazio Batuetako Gutunaren 2.4. artikulua, 1970eko Asanblada Orokorreko 2625 ebazpena eta 1975eko Europako Lankidetza eta Seguritateko Helsinkiko Konferentziaren azken akta aztertuz. Azterketak lurralde osotasunaren irismena Estatuen arteko harreman esparrura murrizten dela baieztatu zuen eta era berean zehaztu zuen printzipio horrek ez duela estatu barruko independentziaren deklaraziorik galarazten, ez eta estatu barruko demos diferentziatuaren sezesioa mugatzen ere, Kosovo Serbiar estatuaren barruko partea zelako, hain zuzen. Hagako Instituzioak Kosovoko aldarrikapena ez zuen autodeterminazio eskubidearekin lotu, eta finean, ondorioztatu zuen Kosovok ez zuela legerik urratu. Nazioarteko zuzenbideak, beraz, ez du estatu barruko independentzia aldarrikapenik galarazten, eta ondorioz, esan daiteke, Auzitegiak sezesioa debekatzen duen ideia irmoa baztertzeko bidea seinalatzen duela.

Bigarren elementua borondate demokratikoa litzateke. Epaimahaiak argi utzi zuen Kosovoko aldebakarreko sezesioa ez dela autodeterminazio eskubidean oinarritzen eta iradokitzen zuen autodeterminazio eskubidearen ondoan izan daitezkeela bestelako legitimazio bideak, egoera juridiko hauek hirugarren estatuentzako independizatu berri den estatuaren aitortza bideratzen ahal dutelarik. Arestian genioenez, Hagako Auzitegiak, nazio edo herri kontzeptuak eta era berean autodeterminazio eskubideari buruzko eztabaida ekidin edo saihestu ondoren, demos batek agertzen duen borondatea demokratikoa azpimarratzen du, borondate demokratiko hori bide demokratiko eta baketsuen naturaren garrantzian indarra jarriz, bai eta honen irismenean, are gehiago estatuak bideratu dituen formula egokitzaileen – autonomia...– agorpena ageria denean.

Iñigo Urrutia zuzenbide doktoreak dioenez, Kosovoren kasuaren salbuespenaz asko hitz egin bada ere, ebazpenean ez da horrela agertzen, aitzitik, Auzitegiaren Iritziaren 79. apartatuak Nazioarteko Zuzenbidearen aplikazio unibertsalaz ohartzen du. Horrek esan nahi du, bai Kosovorako eta bai beste gatazka sezesionistetarako aplikazio unibertsal hori indarrean dagoela. Soluzio bereziak soilik eman daitezke inplikaturiko parte guziek arau orokorretik at utzi nahi dituztenean. Baina hau ez da Kosovoren kasua, are guttiago Estatu Serbiarrarekin inolako adostasunik ez dagoelarik.

Hagako Ebazpen horrek juristen arteko eztabaida sakona sortu du mugiezinezko printzipio batzuetan -lurraldetasun osotasuna, autodeterminazio eskubidea, salbuespentasunapitzadurak sortu dituelako. Baina eztabaida egon badago, Urrutiak ondo zehazten duenez, prozesu soberanistak lortzen ari diren legitimitate demokratikoren eragina ikusita Nazioarteko Legediak kategoria juridikoak interpretatzeko paradigma gaurkotu beharrean, oinarrizko eskubideak, beraz, demokrazia jokoan delako.

 

 

Europar Batasuna: aktore edo testuingurua?


 

Europar Batasunaren diskurtso politikoan, sezesioaren gaia tabua izan da orain arte, eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere; hori ondoriozta daiteke EBren etengabeko jarrera mesfidatitik eta lerroak ixteko daukan instintuzko erreflexutik, konstituzio proiektuan gertatu den bezala, edo —bai EBren barruan, Katalunia adibidez, bai kanpoan Kosovo— sezesio auziari heltzeko saiorik txikiena ere azaltzen denean gertatzen den legez. Baina egia da ere, eta horrela azpimarratzen du Angela Bournek, EB-k bere eremutik at izan diren beste europar prozesu soberanista batzuetan zigorrak, zabalkunde baldintzapenak, edota balizko bake misioen bidez presioak eragin dituela: adibidez, Baltikoko estatuak, Jugoslavia ohia, Ukrainia edota Georgia. Beraz, sezesio prozesu ezberdinetan Europar Batasunaren eskuhartzea eman da.

2008az geroztik, ordea, abiatu diren prozesu soberanista batzuk -Katalunia, eta Eskozia bereziki- EBren eskuhartzea baino, sezesioa aldarrikatzearekin batera integrazio eremu ekonomiko horretako partaide bilakatzea eskatu dute, “barne zabalkundea” deitzen den eztabaidari hasiera emanez. Eztabaida horrek zabaltzen dituen balizko lau agertokiei -zuzenki batasunkide izatea, ad hoc batasunkide izatea, aplikazio arruntaren bidezko prozedura segitzea, edo kanpoan gelditzea- eta kokapen instituzionalari heldu gabe, planteatzen duen hausnarketa hizpide izan nahi dugu. Izan ere, hausnarketa edo gogoeta politiko horren zutoin inportante bat legalitate eta legitimitatearen arteko binomioa da. Legalitatearen izenean herritarren nahia eta dagoeneko nazioarteko instituzioek aitortu duten borondate demokratikoaren eraginari ezin baitzaio murru bat ezarri. Estaturik gabeko demosek Eskozian, Katalunian, Irlandan, Korsikan eta Euskal Herrian paradigma politiko berriak eta arkitektura berriak aurreratu dituzte, hitzez eta ekintzez. Demokraziaz ari gara, botere publikoaz ari gara: ondorioz, debate horrek paradigma politiko berriak eta arkitektura berriak behar ditu. •