ERREPORTAJEAK

Olaia Matxain Galfarsoro

Sortuko kidea

“Nuestra revolución es ser parte de la gente”

2024-11-19

Datorren azaroaren 24ean izango da Uruguaiko hauteskunde presidentzial eta parlamentarioen bigarren itzulia. Urriaren bukaeran izan zen lehen itzulia eta ezkerreko konfluentzia den Frente Amplioko zerrendaburu Yamandú Orsi izan zen bozkatuena (bozen %43’86 eskuratuta). Hamabost urteko legegintzaldi aurrerakoiaren ondoren, duela bost urte berreskuratu zuen eskuinak (Partido Nacional-ek) presidentetza.


Argazkiak. FOKU / Pepe Mujica eta Lucia Topolansky Bilboko Renfe estazioan.

 

Tabaré Vázquez zein Pepe Mujicaren gobernu aurrerakoi eta eraldatzaileen ondoren, herrialdeak izandako atzerakada ikusi ahal izan dugu Sortuk antolatutako azken bi urteotako eskala politikoetan. Gobernu eskuindarrak bost urteotan sustatutako murrizketen ondorioz, herritarrak geroz eta egoera zaurgarriagoan bizi dira. Muturreko pobrezian bizi diren herritarren kopurua ikaragarri hazi da eta Montevideoko zenbait auzo periferikotan (Cerro eta La Tejan, besteak beste) okupatutako lurretan herritarrek eraikitako etxola multzoen hedapena izugarria da. Egoera makurrean bizi dira bertan, saneamendurako sistema eta elektrizitaterik gabe.

Hori gutxi balitz, Hego Amerikan droga trafikoaren ibilbideak aldatzearen ondorioz, duela gutxira arte Uruguain ezezaguna zen delinkuentzia mota bertara ere iritsi da, kriminalitate tasa eta indarkeriaren areagotzea eraginez. Herrialde lasai bat izatetik, ziurgabetasuna areagotzen ari den zonalde geroz eta zabalagoak izatera pasa da. Laguntza sozial eta publikoak murriztuta, aurrez egoera gogorra bazen ere, are eta gogorragoa bihurtu da azken bost urteotan. Testuinguru honetan, segurtasunaren inguruko diskurtso eta politika erreakzionario asko zabaltzen ari dira herritarren artean.

Egoera zaila bizitzen ari da Uruguai momentu honetan, baina oinarri sozial, politiko eta kultural handia duen herrialdea da. Estatuaren baliabide eta egiturak indartsuak dira, eremu estrategiko asko publikoak dira eta herritarrek ez dute zalantzan jartzen hala izaten jarraitu behar duenik. Kontrara, eskuinaren agintaldian zehar zenbait baliabide pribatizatzeko arriskua egon denean, Portua kasu, publikoaren defentsa sutsua nagusitu da uruguaitarren artean.

 

«Segurtasunaren inguruko diskurtso eta politika erreakzionario asko zabaltzen ari dira herritarren artean»

 

Balio eta ikuspegi neoliberalak mendebaldeko gizartea guztiz moldatzen duen heinean, Uruguain oraingoz, badira bestelako bizitza eredu alternatibo baten zantzuak. Produktibitatea baino, harremanei eta bizitzei garrantzia ematen dion jendartea bizi da bertan. Logika hori bizitzaren eremu guztietan aplikatuz, eredu autogestionatu eta kooperatiboak indar handia du, bai lanaren eremuan, baita etxebizitzarako eskubidea bermatze bidean ere.

Guzti horri mugimendu sozial, politiko eta sindikalen indarra gehitu behar zaio. Militantzia eredu oso lurreratu eta konprometitua dago bertan, autokritikarako gaitasun handiarekin. Gobernua galdu eta azken bost urteotan emandako hausnarketa estrategikoek gaitasuna eman diote mugimendu eraldatzaileari bere burua berrikusi eta indartzeko. Zintzotasunez eta arduraz egindako prozesua.

 

«Uruguain oraingoz, badira bestelako bizitza eredu alternatibo baten zantzuak»

 

Euskal Herriak harreman estua du Uruguaiko herriarekin, historikoa da bi herrion arteko lotura. Etxean egotearen sentsazioa bizi dugu beti hara joatean, Atlantikoa gurutzatzearen urruntasunak ez gaitu arrotz sentiarazten. MPPren (Movimiento de Participación Popular) 35. urteurreneko abestiak dio, “nuestra revolución es ser parte de la gente”, eta hala izan da bertan jaso gaituzten bakoitzean, gu ere “parte de la gente” egin baikaituzte. Igande honetan, Yamandú Orsiren garaipenarekin gure Uruguai maitearen errealitate politiko, sozial eta ekonomikoa iraultzeko aukera izango dute eta nazioartean bizitzen ari garen garai ziurgabea arrakalatzeko argia eskainiko digu horrek. Alternatiba badago.

 

Arriba siempre compañeras!